ES · EU
Donostiako 78. Musika Hamabostaldia (Abuztuak 1-30)

Edizio honetan nazioarteko hiru orkestra izango dira aurrenekoz jaialdian: BBC Philharmonic, Orchestre Philharmonique du Luxembourg eta Cincinnati Symphony Orchestra. 

78. edizio honek opera-hitzordu bikoitza proposatzen du: Mozarten "Figaroren ezteiak", bertsio antzeztuan, eta Beethovenen "Fidelio", kontzertuko bertsioan. 

Aipagarria da Juanjo Menaren eta Gustavo Gimenoren presentzia; bi orkestra-zuzendari gazte dira, nazioarteko agertoki nagusietan arrakasta handiak eskuratzen ari direnak. 

Lucía Lacarrak "Carmen" interpretatuko du, Víctor Ullate Balletek Kursaal Auditorioan eskainiko dituen bi saioetatik lehenean (abuztuak 1). 

Ziklo berri bat izango da 78. Musika Hamabostaldian: "Ostegun Musikalak San Telmon". Ganberako musikako proposamenak eskainiko dira atal berri honetan, donostiar museo enblematikoarekiko elkarlanean. 

Jaialdiak aurrera darrai haurrei eskainitako programazioa aberastuz. Hala, aurten usadiozko Haurren Eguna ospatuko da, eta Gipuzkoako hainbat herritara ere helduko da “Kantu Kontari” ipuin musikalen esperientzia, baita txikienentzako tailerrak ere. 

Abonuen berrikuntzaren aldia bukatzen denean, publiko zabalarentzako sarrera-salmentari helduko dio Donostiako Musika Hamabostaldiak. Datorren ostegunean ekainak 1 hasiko da salmenta (11:30), eta bai Interneten, www.musikahamabostaldia.eus, bai Kursaaleko leihatiletan eta Victoria Eugenia Antzokian erosi ahal izango dira sarrerak. 

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 78. edizioa abuztuaren 1ean hasi, eta hilabete bereko 30ean bukatuko da. 30 egunotan, jaialdiak 94 hitzordu jasoko ditu; guztira 12 ziklo izango dira, gehienbat Donostian garatuko direnak, baina Gipuzkoako beste lekuetan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean ere izango da hainbat proposamen.

Kursaal Auditorioa 

BBC Philharmonic orkestrak inauguratuko du Kursaal Auditoriorako diseinaturiko programa sinfonikoa, abuztuaren 3an eta 4an. Aurreneko aldiz jardungo du orkestra honek jaialdian, eta bere zuzendari titularrarekin arituko da, Juanjo Mena gasteiztarrarekin, zeina etengabe ari baita arrakastak eskuratzen nazioarteko hainbat agertokitan. Abuztuaren 3an Berliozen "Sinfonia fantastiko" ezaguna eta Elgarren "Biolontxelorako kontzertua" eskainiko dituzte, eta Asier Polo izango da bakarlaria. Hurrengo egunean, Donostiako Orfeoiarekin arituko da orkestra, eta "Fidelio" interpretatuko dute, Beethovenek konposaturiko opera bakarra. Aipatu BBC Philharmonic-ek eta Orfeoiak uztailaren 21ean eskainiko dutela programa bera Londreseko Proms-etan. Hitzordu hau abesbatza donostiarraren lehen aldia izango da Royal Albert Hall-en. 

Joan den Hamabostaldian harrera ezin hobea izan ondoren publikoaren nahiz kritikaren aldetik, aurten berriz datoz Kursaalera Baltasar-Neumann-Abesbatza eta Bakarlariak eta Baltasar-Neumann-Ensemble (abuztuak 19), ostera ere bere sortzailearen agintepean, Thomas Hengelbrock maisu alemana. Schuberten bi obra interpretatuko dituzte: "Stabat Mater", aurreneko aldiz programatzen den obra, eta musikagile beraren Sinfonia "amaigabea", Beethovenen obra handietako batekin batera, haren Meza Don. Hain zuzen ere beste meza bat, Haydnen "Nelson", musikagile austriarraren obra sinfoniko-koral handienetako bat dena, izango da ardatza Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Andra Mari Abesbatzak eskainiko duten kontzertuan, antzinako musikan espezialista den Paul Goodwin britainiarraren gidaritzapean (abuztuak 21). Jaialdiaren historian inoiz interpretatu ez den meza honekin batera, Barrokoko bitxi bat ere eskainiko da, hain zuzen ere Haendelen "Ur-musika".

Ia hogei urte pasatu dira Hamabostaldira aurrenekoz etorri zenetik (1998), eta aurten itzuliko da Asian Youth Orchestra (abuztuak 23), asiar kontinenteko musikari gazte aipagarrienak biltzen dituen taldea. Bere zuzendari nagusiak gidatuko du AYO, James Judd britainiarrak, eta  Mahlerren Lehen Sinfonia beti ikuskagarria interpretatuko dute, "Titan". Horrez gainera, luxuzko bakarlari bat izango da, Vadim Repin, eta Shostakovitxen “Biolinerako 1. Kontzertua” interpretatuko du. 

BBC Philharmonic orkestrarekin batera, Orchestre Philharmonique du Luxembourg izango da 78. edizio honetan debuta egingo duen beste orkestretako bat. Gustavo Gimeno zuzendariaren gidaritzapean arituko da taldea. Gimeno da, Juanjo Menarekin batera, nazioartean gailentzen ari diren espainiar batuta berrietako bat. Oso errepertorio desberdineko kontzertu banatan erakutsiko du orkestrak bere bikaintasuna. Lehen eguneko programa (abuztuak 25) XIX eta XX. mendeetako errusiar musikari eskainiko zaio, eta hurrengo egunean (abuztuak 26) Donostiako Orfeoiarekin arituko dira,  eta  Verdiren "Messa da Requiem" guztiz ezaguna interpretatuko dute, Hamabostaldiaren historian gehien interpretatu den obretako bat, eta Orfeoiaren kuttuna. 

Kursaal Auditorioko ziklo sinfonikoa itxiko duen kontzertuak oso tankera amerikarra izango du.  20 urte pasa igaro direlarik orkestra amerikarren presentziarik gabe, Cincinnati Symphony Orchestra taldeak (abuztuak 29 eta 30) debuta egingo du Hamabostaldian, eta   aldi berean amaiera distiratsua emango dio 78. edizioari, Estatu Batuetako konposizioaren izen handienetakoen obrak eskainiz: Leonard Bernstein, Aaron Copland eta John Adamsenak, besteak beste. Louis Langrée egungo zuzendari titularraren gidaritzapean arituko da orkestra, eta Txaikovski, Dvorak eta Bruchen obrekin osatuko ditu programak. Azken egile horren “Biolin eta orkestrarako 1. kontzertua” berreskuratuko du hain zuzen ere, eta Renaud Capuçon biolinista frantses beti dotoreak parte hartuko du saio horretan.

Beste alde batetik, 78. edizioak opera antzeztua berreskuratuko du, W. A. Mozarten obra nagusietako batekin: "Figaroren ezteiak" (abuztuak 13 eta 15). Hitzordu garrantzitsua izango da inondik ere, bi motiborengatik: aurreneko aldia da Mozarten titulu famatu hau jaialdian aurkezten dena, eta berebat da aurreneko aldia emakume batek Hamabostaldian zuzentzen duena. Yi-Chen Lin zuzendari taiwandar gaztea arduratuko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Easo Abesbatza gidatzeaz. Aipatzekoa da, halaber, Spoletoko Antzokiko (Italia) ekoizpen honetan mundu mailako arte zuzendaritzaren esparruko izen entzutetsuenetako bik diseinatu dutela eszenografia: Dante Ferrettik eta Francesca Lo Schiavok. Martin Scorseseren ohiko lankideak dira eta hainbat sari eta izendapen lortu dituzte, besteak beste, hiru Oscar sari eta bost izendapen eta Britainiar Zinemagintza eta Telebistako Akademiak ematen dituen lau Bafta sari eta hiru izendapen. 

Azkenik, Kursaal Auditorioko dantzarekiko ohiko saioan, Víctor Ullateren Balleta izango da protagonista, "Carmen" balletaren azken ekoizpenean (abuztuak 1 eta 2). Lucía Lacarra dantzari zumaiarrak gauzatuko du "Carmen" berria konpainiak eskainiko dituen bi saioetako lehenean (abuztuak 1). Bigarren egunean, aldiz, Marlen Fuertesek dantzatuko du “Carmen”. Ullateren beraren hitzetan, Bizeten musikak betikoturiko irudi garaikide bat aurkezten du bertsio berri honek, “topikoak eta betiko leloak kenduz pertsonaiari, barne-muinera jotzeko”.  

Victoria Eugenia Antzokia

30 urte besterik izan ez arren, munduko pianista txalotuenetako bat bihurtu da Yuja Wang, bere sentikortasuna eta birtuosismoa direla-eta. Abuztuaren 8an, zikloko hiru kontzertuetako lehenaren protagonista izango da, Leonidas Kavakos biolinista bikainarekin batera. Janacek, Schubert, Debussy eta Beethovenen obrak interpretatuko dituzte.

Soqquadro Italiano izango da Victoria Eugeniaren bigarren hitzordua, "Stabat Mater-Vivaldi Project" saioarekin; ikuskari bitxia eta berritzailea da, musika, kantua eta dantza bateratzen baititu, nolabaiteko "Opera totale" bat osatuz (abuztuak 22).  

Steven Isserlis biolontxelista britainiar bikain eta oparoak itxiko du zikloa, Bach, Mendelssohn, Schumann, Debussy eta Adès-en obrak biltzen dituen errezital bat eskainiz (abuztuak 28).  

Organo Zikloa  

Organo Zikloak, berriz ere, guztiz egitarau zabala eskainiko du, eta Gipuzkoako hainbat herritan kokaturiko elizak bisitatuko ditu, nola diren Ataun, Usurbil, Deba, Tolosa, Azpeitia eta Azkoitia. Emango dituen 12 kontzertuen artean, aipagarria da nazioarteko ospea duten organisten presentzia: Yves Rechsteiner (abuztuak 6, Usurbil), Hans Ole Thers (abuztuak 8, Donostia) edota Mario Ciferri (abuztuak 10, Azkoitia). Bestalde, ziklo honetan hiru obra estreinatuko dira, José María Sánchez-Verdú, Carles Guinovart eta Fernando Gonzalorenak.  

Antzinako Musika Zikloa

Santa Teresa Komentuan emango da Antzinako Musika Zikloa, eta bost emanaldi eskainiko dira guztira. Zikloa Insieme Strumentale di Roma taldearen kontzertuarekin hasiko da (abuztuak 7), eta “Bach Venezian” izeneko kontzertu bat aurkeztuko du, hiruko sonataren Urrezko Aroari eskainia, Bach, Dall’Abaco, Albinoni eta Vivaldiren obrekin. Hurrengo egunean Vozes del Ayre (abuztuak 8) arituko da, Eduardo López Banzok zuzenduriko taldea, eta Claudio Monteverdiri egindako kontzertu-omenaldi bat proposatzen du haren jaiotzaren 450. urteurrenean. Bachen espezialista nagusietako batek, Pierre Hantaï klabezinistak (abuztuak 9) eta euskal abestalde-panoramako abesbatza nagusietako batek, Kea Ahots Taldeak (abuztuak 10), izenpetuko dituzte Santa Teresa Komentuko hurrengo bi emanaldiak. Concerto 1700 (abuztuak 11) taldearen saioarekin osatuko da zikloa. XVIII. mendeko errepertorio espainiarreko ahaztutako zenbait obra berreskuratuko ditu talde honek, “Entre cándidos bellos accidentes” saioarekin. 

Ostegun Musikalak San Telmon 

Hamabostaldiaren 78. edizioak ziklo berri bat aurkeztuko du aurten, hiriko museo nagusietako batekin elkarlanean. Hiru ostegunetan, eta "Ostegun Musikalak San Telmon" izenpean, azken bi mendeotako ganberako errepertorioko hainbat proposamenen agertokia bihurtuko dira museo honetako klaustroko hormak. The Brahms Project taldeak estreinatuko du atal hau, abuztuaren 10ean, eta ondoren etorriko dira Cuarteto Akilone (abuztuak 17) eta Miren Urbieta-Vega (abuztuak 24).  

Musika Garaikideko Zikloa

Aspalditik da Musika Garaikideko Zikloa gaur egungo panorama musikaleko sorkari berrienei zabaldutako atea. Lau kontzertuk osatuko dute ziklo hau, eta abuztuaren 18an hasiko da Musikeneren Auditorioan, Sonido Extremo taldearen emanaldiarekin. Talde honek "Glosario de tiempos" aurkeztuko du, denboratasunaren eta soinu-diskurtsoaren arteko erlazioari buruzko egitaraua. Ondoren Iruñeko Ganbera Abesbatza etorriko da (abuztuak 20)  “Exilios” obrarekin. Saio hau Abesbatzarekin lotutako konpositoreei eskainia da; eta Ricardo Descalzok, gero (abuztuak 24), “Speaking Objects” aurkeztuko du, mundu osoko konpositore gazteen soinu-ikerketari dagokion errepertorioari buruzkoa. Sigma Project taldeak (abuztuak 27) itxiko du zikloa, Alberto Posadasen hiru koartetoko ziklo bat, “Poética del Laberinto” izenekoa, Europan estreinatuz. 

Haurren Hamabostaldia 

Zintzo bete nahian haurren publikoari zuzendutako eskaintza, Musika Hamabostaldiak beste pauso bat egingo du honako 78 edizio honetan, babes handiagoa emanez aurreko edizioan abian jarri zituen ekimenei. Halaxe gertatzen da “Kantu Kontari” saioan: formato txikiko ikuskaria da, ipuin-kontalari bat eta haren laguntza musikala direla protagonista, iaz abuztuko hilabetean Kursaal Auditorioko Foyerean egin zena. 

Aurtengo edizioan, Kursaaleko saioak mantentzeaz gainera, ibiltaria bihurtuko da “Kantu Kontari”, Haurren Hamabostaldi Ibiltaria eratuz, eta, hala, Zumaia (abuztuak 4), Getaria (abuztuak 17), Mutriku (abuztuak 24) eta Irun (abuztuak 25) bisitatuko ditu. 

Horrez gainera, abuztuaren 21ean ospatuko da ohiko Haurren Eguna; musika, kontakizuna eta txotxongiloak bateratuko dituen “Pedro eta Otsoa” obra (Victoria Eugenia Antzokia) izango da ikuskari nagusia, eta berebat jardungo dute hartan “Musika bai!” udalekuetan parte hartzen duten haurrek (Okendo Plaza). Era berean, zabaldu egingo dira txikienei gidaturiko tailerrak. 

Interprete Gazteen Zikloa

Hamabostaldiak balio berriei eskaintzen dien atal hau aukera ezin hobea da zuzenean egiaztatu ahal izateko Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak egiten duen lana.  Ziklo hau osatzen duten sei kontzertuen protagonistek lotura estua dute aipatu berri den prestakuntza-zentro horrekin. Honako hauek dira: Amets Hirukotea (abuztuak 21), Antoine Flores saxo-jolea eta Alejandro Gwynn pianista (abuztuak 22), Laura García klarinetista (abuztuak 23),  Lur Kuartetoa (abuztuak 24), Claire Moncharmont (abuztuak 25) harpa-jolea eta Larun Hirukotea (abuztuak 26). Emanaldi guztiak Miramar Jauregian eta lehen aldiz Musikeneko Auditorioan eskainiko dira. 

Musika Aitzaki  

Hamabostaldiaren ziklo bidaiariak, hauxe da-eta, izan, bidaiaria, berriz ere Donostiako mugak gaindituko ditu aurten, eta Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko lekuetara joango da. Musika Aitzakik 14 kontzertu eskainiko ditu, urteroko ohiko txangoa egiteaz gainera. 78 edizio honetan Ibilbide Ignaziarra estreinatuko du, Loiola (Azpeitia) eta Aizpurutxo (Azkoitia) bitarteko bidea eginez, datorren abuztuaren 26an.  

Gipuzkoar lurretan hainbat saio eskainiko dira, jadanik Musika Aitzakiren ohiko egoitza bihurtu diren tokietan, nola diren Zumaia, Getaria eta Hondarribiako kostaldeko herriak, beren eliza ezagunekin eta paradorearekin, hurrenez hurren. Azken horretan hain zuzen ere, Karlos V.a Paradorean, errezital bat eskainiko du José Hernández Pastor kontratenorrak (abuztuak 16), Claudio Monteverdi musikagileari eskainitako omenaldi gisa (1567-1643), haren jaiotzaren 450. urteurrenean. Era berean, Hondarribian egingo da ziklo honetako saio berezienetako bat: “Artxipielagoa” (abuztuak 23), hainbat alorretako artistak elkartzen dituen saioa, nola diren kantua, bertsolaritza eta txistua. Leireko Monasterioa da (Nafarroa) ziklo honetan gero eta ohikoagoa den beste espazio bat. Bertan eskainiko da soprano eta organorako kontzertu bat, Marta Mathéu sopranoarekin eta Juan de la Rubia organistarekin (abuztuak 12).

Arantzazuko Santutegia (Oñati) da, inondik ere, Musika Aitzaki saileko egoitza nagusia. Oraingo honetan “Carmina Burana” bikaina aditu ahal izango da Arantzazun, eta Landarbaso Abesbatza izango da saioaren protagonista (abuztuak 18). Errenteriako abestaldeak, hain zuzen ere, kontzertu bera eskainiko du egun batzuk lehenago (abuztuak 13) Hamabostaldiaren Iparraldeko gertaleku nagusietako batean: Senpere, non berebat aditu ahal izango den La Remembrança taldea (abuztuak 5). 

Aipatu behar da Iparraldeak presentzia handiagoa izango duela aurten 78. edizioko Musika Aitzakin; izan ere, Senperera joateaz gainera, aurreneko aldiz, jaialdia Baionara joango baita Cincinnati Symphony Orchestraren musikariek osaturiko sesteto baten egitauarekin (abuztuak 28), Lapurdiko hiribiruko Sinagogan.

Musika Aitzaki osatzeko, jaialdiak arabar lurretan egiten dituen kontzertuen zikloa aipatu behar da, Hamabostaldia Araban izenpean. Arabako Eltziego (abuztuak 3), Gaubea (abuztuak 6), Artziniega (abuztuak 12) eta Kanpezu (abuztuak 12) herrietan eskainiko dira kontzertu hauek. 

Mugetan

Aurten ere eskainiko du Hamabostaldiak Mugetan, joan den urtean publiko berriak musika klasikoaren alorrera erakartzeko helburuarekin sortu zen atala. Publikoak harrera ezin hobea egin zion ideia honi, eta, hala, zikloa osatzen duten ekimenak errepikatuko dira aurten:

 #SOLasean: pertsona talde bat, Hamabostaldiak gonbidaturik, aurreneko aldiz doa musika klasikoko kontzertu batera Kursaal Auditoriora, eta ondoren beren esperientzia azaltzen dute. Argibide gehiago: 943 003 170 / quincenamusical@donostia.eus

Musikeler: Hamabostaldiak musika zuzenean eta garagardoa dastatzera gonbidatzen zaitu Ramón Mª Lili kalean dagoen espazioan, oraingo honetan Musikeneko bi talderen musika entzunez: Euria Hirukotea (abuztuak 24) eta Soinua Soinuen (abuztuak 25). 

Inaugurazio Eguna

Abuztuaren 1ean hasiko da Musika Hamabostaldiaren aurtengo edizioa, hiriko hainbat tokitan eskainiko diren kontzertu- eta ikuskari-sorta zabal batekin. Egun honetan 13 saio eskainiko dira guztira, era guztietako publikoentzat, musika instrumentala, ahozkoa eta dantza ere izango baitira, haurrei zuzendutako tailer batez gainera. Berebat izango dira Inaugurazio Egunean, Hamabostaldi Solidarioa izenpean, zaharrentzako egoitzetan eskaini ohi diren kontzertuak.

Sarreren salmenta orokorra

Ostegunean hasiko da, ekainak 1, sarreren salmenta orokorra 11:30etatik aurrera

bi bidetatik: www.musikahamabostaldia.eus eta Kursaal eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan.

 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical