ES · EU
Programazioaren aurrerapena

Programazioaren aurrerapena

21.04.2017
ikusi
berri
guztiak
>
<Lehengo Berria

Nazioarteko hiru orkestrek debuta egingo dute aurtengo Musika Hamabostaldian: BBC Philharmonic, Orchestre Philharmonique du Luxembourg  eta Cincinnati Symphony Orchestra.

Schubert-en “Stabat Mater”, Haydn-en “Nelson” Meza, Liadov-en “Aintzira Sorgindua”, Xostakovitx-en “1. Sinfonia”, Mozart-en “Figaroren Ezteiak”, Bernstein-en “On The Waterfront”, Copland-en “Lincoln Portrait” eta John Adams-en “Short Ride in a Fast Machine” obrek osatuko dute, jaialdiaren historian lehen aldiz entzungai izango diren lanen zerrenda.

Gurera datozen maisuen artean espainiar orkestra zuzendari entzutetsuenetako bi izango ditugu aurtengo edizioan, Juanjo Mena eta Gustavo Gimeno, biak ala biak ere nazioarteko agertokietan arrakasta itzela lortu dutenak.

Opera antzeztua berreskuratuko du jaialdiak aurtengoan, hain justu, Hamabostaldiaren historian lehen aldiz taularatuko den titulu batekin,  Mozarten “Figaroren Ezteiak” ezagunarekin. Beethoven-en “Fidelio” izango da operari lotuta eskainiko den bigarren izenburua, kontzertu-bertsioan, BBC Philarmonic eta Donostiako Orfeoiaren eskutik.

Donostiako 78. Musika Hamabostaldia abuztuaren 1ean hasi eta 30era bitarte luzatuko da. 30 egunotan eta 11 zikloren baitan, 70 proposamen inguru hartuko ditu jaialdiaren programak, eta Donostian ez ezik, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Iparraldeko herri zenbaitetan gauzatuko da.   

Kursaal Auditoriorako diseinatu den programa BBC Philarmonic-en bi kontzerturekin zabalduko da. 2011az geroztik bere zuzendari titularra den Juanjo Menaren gidaritzapean ariko da orkestra britainiarra (abuztuak 3 eta 4). Azken hilabeteotan aitormena jaso du gasteiztarrak nazioartean egindako ibilbide oparoagatik -Musikaren Sari Nazionala eta Donostiako Orfeoia-UPV/EHU Saria, besteen artean- , eta aitormen horrek Berlingo nahiz New Yorkeko Filarmonikak estreinakoz zuzentzera eraman du Mena. Edonola ere, Menak konpromezu sendoa du BBC Philarmonic-ekin, hain justu Hamabostaldian lehen aldiz parte hartuko duen orkestra britainiar handienetakoarekin. Hala, abuztuaren 3ko programan Berliozen “Sinfonia fantastikoa” interpretatuko du, eta jarraian Elgarren “Biolontxelorako Kontzertua”, Asier Polo bakarlariaren partehartzearekin. Hurrengo egunean Donostiako Orfeoia izango du bidelagun orkestra britainiarrak “Fidelio” operaren eszenarik gabeko moldaketa eskaintzeko. Londreseko Proms-ak eta Musika Hamabostaldia elkarlanean ariko dira Beethovenek idatzitako opera bakarraren kontzertu-bertsio honetan.

Iazko edizioan izandako arrakastaren ondotik, Balthasar-Neumann-Abesbatza eta Bakarlariak & Balthasar-Neumann-Ensemblek Kursaaleko bigarren hitzordu sinfonikoa sinatuko dute aurten. Hamabostaldiko publikoak bigarrenez entzun ahal izango ditu bi taldeak (abuztuak 19) Thomas Hengelbrock maisu alemaniarraren esanetara. Programak Schubert-en bi lan eskainiko ditu. Batetik, “Stabat Mater”, zeina lehen aldiz interpretatuko den jaialdian, eta bestetik, musikagile horren Sinfonia “Osatugabea”, bi mugimendu besterik ez dituelako izen hori daraman obra. Beethoven-en obra handietako batek, bere “Meza Do”-n lanak itxiko du programa.

Hain zuzen ere, beste meza bat bilakatuko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Andra Mari Abesbatzaren egitarauaren protagonista (abuztuak 21): Haydn-en “Nelson”, musikagile austriarraren lan sinfoniko-koral handienetakoa, orain arte jaialdian interpretatu gabea. Antzinako musikan aditua den Paul Goodwin-en batutapean ariko da orkestra, eta bere osotasunean eskainiko den barrokoaren pieza bitxi batekin emango dio itxiera emanaldiari, hots, Haendel-en “Musika Urtarra”-rekin.

Asian Youth Orchestrak hartuko du EOSen lekukoa Kursaal Auditorioan. Asiako musikari gazte gailenak biltzen dituen orkestra lehen aldiz aurkeztuko da aurtengo Musika Hamabostaldian (abuztuak 23), musikari gazteekin trebatu den James Judd zuzendari britainiarraren aginduetara. Programa erakargarria landuko dute: Mahler-en 1. Sinfonia, “Titan” deritzona, beti ikusgarria, eta Xostakovitx-en “Biolinerako 1. Kontzertua”, Vadim Repin bakarlari errusiarraren luxuzko agerraldiarekin.

BBC Philarmonic eta Asian Youth Orchestrarekin batera, Orcheste Philarmonique du Luxembourg izango da aurtengo edizioan estreinakoz ariko den beste orkestretako bat. Bi egitarau ezberdin dakartza taldeak: Lehenengo saioak, (abuztuak 25) XIX. eta XX. mendeko musika errusiarrari eskainiak, jaialdian artean interpretatu ez diren obra bi entzuteko parada emango digu, Liadoven “Aintzira sorgindua” eta Xostakovitx-en 1. Sinfonia. Bigarren emanaldian (abuztuak 26) Donostiako Orfeoia izango du lagun Verdiren “Messa da Requiem” entzutetsuari ekiteko. Bi kontzertuetan 2015/16 ekitaldiaz geroztik bere zuzendari titularra den Gustavo Gimeno-ren batutapean jardungo du orkestrak. Juanjo Mena eta Pablo Heras-Casado bezala, nazioarteko agertokietan arrakasta lortzen ari den espainiar zuzendarien belaunaldi berriaren protagonistetako bat da Gimeno balentziarra. Zuzendari bilakatu den perkusionistak puntako hainbat izenen babesa jaso du gainera bere ibilbidean, hala nola, Mariss Jansonsek eta Claudio Abbadok bere esku utzi zuten Amsterdameko Concertgebow eta Luzernako Orkestren zuzendaritza, hurrenez hurren. Egun, aipatu Concertgebow orkestraz gain, Chicagoko eta Bostoneko Sinfonikoak, Cleveland-eko Orkestra eta Munich-eko Filarmonikoa zuzentzen ditu.

Egitarau sinfonikoari itxiera emango dioten azken bi emanaldiak AEBko talde batek sinatuko ditu, Cincinnati Symphony Orchestrak. Ospakizunerako aitzakia izango da Hamabostaldiarentzat, izan ere, 1996an jaso baizuen azkenekoz amerikar kontinentetik heldutako orkestra baten bisitaldia, Cleveland-eko Orkestrarena, alegia. Oraingoan, eta Louis Langrée zuzendari titularraren esanetara, Cincinnati Symphony Orchestrak 78. Musika Hamabostaldiari agur esango dio kutsu amerikarra darion egitarauarekin. Lehen agerraldirako (abuztuak 29) Bernstein, Copland eta Txaikovski-ren lanak prestatu ditu eta bigarrenerako (abuztuak 30), berriz, John Adamsen musika minimalista zein Dvorák-en 9. Sinfonia, “Mundu Berriarena”, eskainiko ditu. Halaber, Bruchen Biolin eta Orkestrarako 1. kontzertua interpretatuko du orkestra amerikarrak Renaud Capuçon biolinista frantsesarekin batera.

Musika Hamabostaldiak opera antzeztuarekin izan ohi duen hitzordua berreskuratu du 78. ediziorako eta W.A. Mozarten sorkuntzarik interesgarrienetakoa, eta gaur arte jaialdian interpretatu gabekoa dakar: “Figaroren Ezteiak” (abuztuak 13 eta 15). Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Easo Abesbatza ariko dira Yi-Chen Lin Taiwaneko zuzendari gaztearen batutapean. Hain justu, Hamabostaldian emakume bat zuzendari gisa jardungo den lehen aldia izango da hau. Spoleto Antzokiaren (Italia) ekoizpenak ondorengo abeslariak bilduko ditu, besteak beste, Lucas Meachem (Kontea), Carmela Remigio (Almaviva Kontesa), Simón Orfila (Figaro) edota Londresen finkatutako Clara Mouriz (Cherubino) donostiarra.

Azkenik, Kursaal Auditorioan urtero egiten den dantza-saioan, Víctor Ullateren Balleta eta haren “Carmen” ikuskariaz gozatu ahal izango dugu. Ullateren hitzetan, muntaia berri honek Bizeten musikak hilezkor bilakatu duen ijitoaren irudi garaikidea aurkezten du, “bere mamia bilatze aldera, pertsonaia topiko eta klixeetatik biluzten”. Hain zuzen ere, Ullateren “Carmen”ek abiatuko du Kursaal Auditorioko zikloa abuztuaren 1ean, eta bigarren saio bat eskainiko dute biharamunean (abuztuak 2).

 

Victoria Eugenia Antzokiari dagokionez, bestelako hiru proposamen bilduko ditu.

Yuja Wang pianista txinatar ospetsu eta mediatikoa, -30 urterekin aski ezagunak dira bere teknika, sentsibilitatea eta birtuosismoa- eta Leonidas Kavakos miresgarria, egungo biolinista handienetakoa, Victoria Eugeniako lehen hitzorduaren protagonista bihurtuko dira (abuztuak 8), Janacek, Schubert edota Debussy-ren obraz osatutako egitarauarekin.

Bigarren proposamena Soqquadro Italianok sinatuko du, musika esparru italiar modernoan kokatzen den sormen handiko talde berezi eta berritzaileak. “Stabat Mater-Vivaldi Project” izenburupean, musika, kantua eta dantza uztartuko ditu “Opera Totale” baten tankerako ikuskaria gorpuzteko (abuztuak 22).

Victoria Eugeniako hirugarren eta azken kontzertua, Steven Isserlis biolontxelista britainiarraren eskutik iritsiko da (abuztuak 28). Iaz Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin bat eginik aritu bazen ere, aurten, Hamabostaldian egingo duen bigarren agerraldian, bakarlari gisa aurkeztuko zaigu, Hamabostaldiko publikoa Bach, Mendelssohn, edota Debussy-ren partituretara gerturatuz. Horrez gain, artistak maisu-eskola eskainiko die Musikeneko (Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegia) ikasleei.

 

Sail Paraleloak

Musika Hamabostaldiaren 78. edizioak, halaber, ohiko sail paraleloak eskainiko ditu: Antzinako Musika, Musika Garaikidea, Organoa, Interprete Gazteak, Hamabostaldi Ibiltaria eta Haurren Eguna. Datozen asteetan emango dira sail hauen egitarauaren xehetasunak.

Ondorengo helbidean kontsulta daiteke Musika Hamabostaldiaren 78. edizioaren sail eta atal jada itxien programa xehea: www.quincenamusical.eus

Abonu eta Sarreren Salmenta

Astearte honetan, apirilak 25, bukatzen da Hamabostaldiko Lagunek beren

abonuak eta sarrerak erreserbatzeko epea.

Ekainaren 1ean hasiko da sarreren salmenta orokorra, www.quincenamusical.eus webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan. 

 

 

 

 

 

 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Avda. de Zurriola 1
20002 San Sebastián

Tel.: 943 003 170
Fax: 943 003 175

© Quincena Musical