ES · EU
Egitarauaren aurrerapena Donostiako 79. Musika Hamabostaldia

Egitarauaren aurrerapena Donostiako 79. Musika Hamabostaldia

23.04.2018
ikusi
berri
guztiak
>

Egitarauaren aurrerapena (Abuztuak 2 - irailak 1)

 

  • Orkestra-zuzendaritzaren eta teklatuaren punta-puntako izenak

Musika Hamabostaldiaren 79. edizioan aparteko izen sorta bat izango da, ospe frogatua duten artistak direlarik guztiak ere. Christian Zacharias, Yannick Nézet-Séguin, Ivan Fischer eta Yukka-Pekka Saraste maisuak, esaterako, beren aurreko bisitaldietan arrakasta handia lortu ondoren itzuliko dira jaialdira. Gaur egungo opera-zuzendari nabarmenetako bat den Paolo Arrivabeni, berriz, aurrenekoz ariko da Hamabostaldian.
Pianisten artean, izen guztiz desberdinak daude, baina aho betez txalotu izan direnak dira denak, besteak beste: Yefim Bronfman, Igor Levit, Alexandre Tharaud eta Labéque ahizpak.

 

  • Nazioarteko talde handiak

NDR Hanburgoko Philharmonie, Rotterdams Philharmonisch Orkest, Budapest Festival Orchestra eta Koloniako WDR Sinfonieorchester dira aurten Kursaal Auditorioa bisitatuko duten orkestra handietako batzuk.

  • Euskal musikari eskainitako omenaldia “Amoria” ikuskarian

Katia eta Marielle Labèque pianisten proiektu berriak Errenazimentutik gure egunak arte doazen euskal musikagileen obrak biltzen ditu. “Amoria” aurtengo Hamabostaldian estreinatuko da, Parisen amaituko den birari ekin aurretik hain zuzen, eta estreinaldi horretan parte hartuko dute, besteren artean, Carlos Mena kontratenorrak, Easo Eskolaniak eta Hegiak taldeak.

  • Opera antzeztuarekiko hitzordua

Gioachino Rossiniren heriotzaren 150. urteurrena betetzen den honetan, “Italiarra Aljerren” obraren eskutik etorriko da aurten opera antzeztuarekiko usadiozko hitzordua. Hauxe da italiar musikagilearen titulu adierazgarrienetako bat, eta Donostiako Musika hamabostaldiaren, Buenos Airesko Colón antzokiaren eta San Lorenzo del Escorial Jaialdiaren ekoizpen berri batean emango da.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 79. edizioa abuztuaren 2an hasi, eta irailaren 1ean bukatuko da. 31 egunotan, jaialdiak 70 proposamen inguru eskainiko ditu; 11 ziklo izango dira guztira, eta Donostian nahiz Gipuzkoako beste lekuetan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean garatuko dira.

 Programa

Kursaal Auditoriorako diseinatu den programa “Kreazioa” obraren inguruko La Fura dels Baus-en ikuskariraekin hasiko da. Zortzi urte eta gero itzuliko da talde hau Donostiara eta aipatu ikuskariaren bi funtzio eskainiko ditu (abuztuak 2 eta 3). Ikuskaria Joseph Haydn musikagilearen izen bereko obran oinarritzen da, non austriar musikagileak munduaren kreazioa kontatzen duen, Hasiera edo Salmoen Liburua bezalako testuetan oinarrituta. La Furaren bertsioak planetaren jaiotza hori (makrokosmosa) giza gorputzarekin eta DNArekin l(mikrokosmosa) lotuko du. Horretarako, konpainia katalanak eszenografia minimalista baliatuko du, zenbait pantaila zuriz, ur-tanga batez eta helioz beteriko globo zuri handi-handiz osatua. Musikari dagokionez, eta José Ramón Encinar maisuaren zuzendaritzapean, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Haydn dels Baus Abesbatza, Alicia Amo sopranoa, Gustavo Peña tenorra eta Thomas Tatzl baritonoa arituko dira.

Astebete geroago (abuztuak 11 eta 13) jaialdiaren opera antzeztuarekiko usadiozko hitzordua hartuko du Kursaal Auditorioak. Gioachino Rossini musikagilearen heriotzaren 150. urteurrenean, haren titulu adierazgarrienetako bat eskainiko du 79. Musika Hamabostaldiak, “Italiarra Aljerren”. Duela 25 urte pasa eman zen azkenekoz Donostian opera komiko hau, eta oraingo honetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo Abesbatzak interpretatuko dute, Paolo Arrivabeni maisuak zuzendurik. Isabellaren rol nagusia, Marianna Pizzolato italiar mezzosopranoak abestuko du. Haren ondoan arituko dira ondorengo abeslariak ere: Luca Pisaroni (Mustafa), Francisco Brito (Lindoro), Joan Martín-Royo (Taddeo) eta Arantza Ezenarro donostiar sopranoa (Elvira).

Donostiako Musika Hamabostaldiaren, Buenos Airesko Colón antzokiaren eta San Lorenzo del Escorial Jaialdiaren produkzio berria, maiatzaren 4an estreinatuko da Buenos Airesko antzokian, eta Joan Antón Rechi eszena-zuzendariaren begirada berezia agertuko du, zeinak Aljeriako kostaldean hondoratzen den Isabella neskatxa italiarraren historia 40ko hamarkadan kokatzeko apustua egiten duen.

Edizio honetako atal sinfonikoa Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batekin hasiko da (abuztuak 18). Christian Zacharias maisuaren gidaritzapean jardungo da orkestra aurrenekoz. Bere azken bisitalditik sei urte bete direnean, alemaniar artista bere eginkizun bikoitzean, pianista eta zuzendari gisa, itzuliko da Hamabostaldira. Programa klasikoa da, eta bi obra guztiz desberdin aurkeztuko ditu: Joseph Haydnen “49.Sinfonia, La Passione”, eta oso gutxitan aditzen den “Requiema do minorrean”, Michael Haydn haren anaia gazteak konposatua. Obra hori interpretatzeko, Andra Mari Abesbatzak eta hainbat bakarlarik, haien artean Elena Sancho eta Clara Mouriz donostiarrek, lagunduko diote orkestrari. Bi obra horien erdian, Haydn eta Haydnen artean, Mozartik hunkigarriena entzun ahal izango da haren “24. pianorako kontzertua”rekin. Obra honek Zachariasen piano-arte sakon eta beti pertsonalaz beste behin gozatzeko aukera eskainiko digu.

Hanburgoko NDR Philharmonie izango da Kursaal Auditorioko ziklo sinfonikora helduko den hurrengo orkestra (abuztuak 22). Formazioa 1986an izan zen azkenekoz Donostian. Saio honetarako diseinatu den egitarauan Johannes Brahmsen “2. Sinfonia” dago alde batetik, zeinean musikari alemaniarrak naturak sortzen zizkion emozioak islatzen zituen. Bestetik, Gustav Mahlerrek egokituriko herri-abesti alemaniarren sorta hautatu bat. Errepertorio honetako interprete handienetako bat den Christian Gerhaher baritonoak abestuko ditu azken horiek. Zuzendaria Krzystof Urbanski izango da, Estatu Batuetako Indianapolisko Orkestra Sinfonikoaren egungo zuzendari titularra, eta Hanburgoko NDR Philharmonieren zuzendari gonbidatu nagusia. Maisu poloniarra musika klasikoko zuzendari gazte aipagarrienetako bat da eta Berlin, Munich eta New Yorkeko orkestra filarmonikoak edo London Symphony bezalako ospe handiko formazioak zuzendu ditu bere ibilbidean.

Beste batuta gazte batek, urte gutxian XXI. mendeko orkestra-zuzendari goraipatuenetako eta ospetsuenetako bat izatera iritsi den Yannick Nézet-Séguinek Rotterdams Philharmonisch Orkest zuzenduko du, aurten 100 urte betetzen dituen talde holandarraren zuzendari titular gisa egiten ari den agurreko itzuliaren baitan (abuztuak 24). Musikaldira egingo duen hirugarren bisitaldi honetan, gaur egun Philhadelphiako orkestra eta New Yorkeko Opera Metropolitan-a zuzentzen dituen kanadar maisuak, Wolfgang Amadeus Mozarten aire klasizistekin hasten den egitaraua aurkeztuko du, haren “35. Sinfonia, Haffner” ondo ezaguna eskainiz. Franz Liszten eta haren “Pianorako 2. kontzertua” obraren unibertso erromantikoan ere barneratuko da; eta Piotr Ilitx Txaikovskiren “4. Sinfonia” beti zailarekin bukatuko du saioa.
Teklatuan, Liszten kontzertuko bakarlari gisa, azken berrogeita hamar urteotako pianoaren maisu ospetsuenetako bat ariko da, Yefim Bronfman. Estatu mailan ezezaguna den arren,  errusiar pianista ohikoa da mundu osoko areto eta orkestra hoberenetan, eta ohiz kanpoko talentua du, ahalmen liriko guztiz komunikatibo batekin bateratzen duena. Ezaugarri horiek direla-eta, Liszten partitura lirikoen interprete ezinhobea da Bronfman, eta hain zuzen ere  Liszten lan batekin egingo du debuta Hamabostaldian.

Kursaal Auditorioko hurrengo bi hitzordu sinfonikoetan Budapest Festival Orchestra izango da protagonista, eta, Hamabostaldira egin dituen aurreko bisitaldietan bezala (2009, 2011, 2014 eta 2016an), Ivan Fischer maisuaren gidaritzapean arituko da. Lehen hitzorduan (abuztuak 26) bere herrialdeko musikan sustraitutako musika eskainiko du orkestrak, hau da, musika hungariarra. Errepertorioa osatuz, obra hauek eskainiko dira: Franz Liszten “1. eta 3. hungariar rapsodiak”, Pablo Sarasate nafarraren “Ijito-aireak”, eta Johannes Brahmsem “1 eta 11. hungariar dantzak”. Azken konpositore horren “Lehen Sinfonia” eskainiko da programa borobildu eta bukatzeko.
Bere bigarren saioan (abuztuak 27), hungariar taldeak Donostiako Orfeoia izango du ondoan, eta Wolfgang Amadeus Mozarten “Vesperae solemne de confessore” interpretatuko dute elkarlanean, austriar musikagileak bere sorterriko, Salzburgoko, katedralerako idatzi zuen obra liturgiko ederra. Saioa bukatzeko, beste austriar musikagile handienetako bat, Gustav Mahler, eta haren sinfonia ospetsuenetako bat, laugarrena.

Programa bikoitza eskainiko du orobat Koloniako WDR Sinfonieorchester taldeak bere zuzendari titularrak, Yukka-Pekka Saraste-k, zuzenduta. Lehen eguneko egitarauan (abuztuak 31) XX. mendeko obra nagusietako bat eta musikaren historia osoko berritzaileenetako bat eskainiko du: Igor Stravinskiren “Udaberriaren sagaratzea”. Obra hori 1913an estreinatu zen, eta interpretatzeko oso orkestra zabala behar da, gaitasuna izango duena, gainera, obraren eskakizun erritmiko eta instrumental berriei erantzuteko. Lan honekin kontrastean, kontzertuaren lehen zatian Johannes Brahmsen “Pianorako 1. kontzertua” obra erromantiko goiztiarra entzungo da, 1854an konposatua, musikagileak 21 urte besterik ez zituenean. Bakarlari gisa, gaur egungo pianoaren beste izen handi bat arituko da: Igor Levit, alemaniar herritartasuna hartutako errusiarra, zeina Liszten musikaren interprete suharra baita, eta, jakina, baita Brahmsen obrarena ere, eta azken horrekin ariko da aurrenekoz Hamabostaldian.
Bigarren egunean (irailak 1), orkestrak Hector Berliozen “Requiem” lazgarria interpretatuko du, zeinari musikagile frantsesak berak “Hilen meza handia” izen dramatikoa ipini baitzion. Hauxe da musikaren historiako konposizio monumental eta hunkigarrienetako bat, non Berliozek, orkestrazioaren maisua baitzen, bere ezaugarririk hoberenak agertzen baititu, kontrastez eta argi-ilunez beteriko obra batean. Orkestrarekin batera arituko dira Andrew Staples tenor bakarlaria Sanctusen, eta Donostiako Orfeoia.

 “Amoria” obraren estreinaldiarekin osatuko da aurten Kursaal Auditorioko eskaintza. Katia eta Marielle Labéque Baionako pianista-bikotearen proiektu berria da hau, euskal musika omentzeko gorpuztua (abuztuak 29). Xede horrekin hautatu den errepertorioak euskal musikagileen obrak biltzen ditu, Joanes Antxietarengandik hasita (1462-1523), Alberto Iglesiasenganaino. XVIII. mendeko abesti tradizionalak alde batera utzi gabe, Pablo Sarasate, Maurice Ravel, Jesús Guridi, Aita Donostia eta abarren obrak interpretatuko dira.

 “Euskal musikaren ondare-aberastasunari egindako begirada xehea da; sarritan eskuizkribuetan eta partituretan isil-isilik, eta, beste askotan, abesti tradizionalen kasuan esaterako, euskal herritarren ariman gordeta dagoen musika horri (…). Labèque ahizpek omenaldi hunkigarri bat egin nahi izan diote, interpretazio harrigarri eta liluragarrien bitartez”, halaxe azaltzen du proiektua bertan parte hartzen duen Carlos Mena kontratenorrak. Bertsio horien interpretaziorako, Katia eta Marielle Labèquerekin batera arituko da “Amoria” proiektuan Hegiak taldea, Thierry Biscary eta Eñaut Elorrieta euskal abeslariek, Ander Zulaika perkusionistak, eta Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartaren birtuosoek osatzen dutena. Kolaboratzaileen artean, Carlos Mena kontratenorra, Elena Martínez de Murguía violagambista eta Easo Eskolania taldeko hogei bat haur ere arituko dira kontzertu honetan.

 

Victoria Eugenia Antzokiak, bestalde, hiru proposamen desberdin eskainiko ditu.

Lehen kontzertuan (abuztuak 6) Alexandre Tharaud pianista paristarra izango da protagonista, zeina uneotako interprete originalenetakotzat hartzen baita. Pianista frantsesak bere errepertorio zabala agertuko du, musikaren ia bi mende hartzen dituen programa batekin, hasi François Couperinen klabezinerako pieza samurretatik, eta mitologia grekoari ageriko erreferentzia egiten dioten Claude Debussy eta Erik Satieren obretaraino, besteren artean.

Bigarren proposamena musikaren bi izen handiren eskutik dator, nola diren Jordi Savall violagambista eta Carlos Nuñez gaita-jole eta flautista (abuztuak 20). Bi musikari hauek elkarrekin arituak dira lehendik ere, zuzenean nahiz grabazioetan, eta orain berriz ere elkartu dira “Elkarrizketa zeltikoak” obran; proiektu bikaina da, atzoko eta gaurko tradizio zeltikoetara eramango gaituena, Irlanda, Eskozia, Euskadi, Galizia eta abarretako musika tradizionalaren bitartez.

Hervé Koubi Dantza Konpainiak eskainiko du Victoria Eugenia Antzokiko hirrugarren eta azken hitzordua (abuztuak 28). Aljeriar jatorriko koreografo frantsesak eta haren konpainiak “Les Nuits Barbares” ikuskaria eskainiko digute, herri barbaro ahaztuak omenduz. Agertokiaren gainean, hip hop eta kapoeiraren kulturarekin nahastuko dira Mozarten eta Fauréren Requiemen zatiak eta Afrikako musika tradizionala. Koubik zuzendutako dantzariek, beren dantza sentsual eta horditzailearekin, gau barbaroen lainoak jasoko dituzte, kultura partekatu baten lehen argiak ezagutarazteko.

 

Ziklo paraleloak

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 79. edizioak, era berean, bere ohiko ziklo paraleloak eskainiko ditu: Antzinako Musika, Musika Garaikidea, Organoa, Interprete Gazteak, Hamabostaldia Aitzaki eta Haurren Hamabostaldia. Datozen asteetan emango da ziklo horien egitarauaren berri.

Donostiako 79. Musika Hamabostaldiaren egitarau eta dagoeneko osatuak dauden atalen egitarau xehea hemen kontsultatu ahal izango da: www.quincenamusical.eus

 

Abonuen eta sarreren salmenta

Hamabostaldiaren Lagunek abonuak eta sarrerak erreserbatzeko duten epea astearte honetan, apirilak 24, amaituko da. Sarreren salmenta orokorra maiatzaren 31n hasiko da www.quincenamusical.eus weborrian eta Kursaal eta Victoria Eugenia Antzokiaren leihatiletan.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical