ES · EU
Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

29.06.2020
ikusi
berri
guztiak
>
<Hurrengo Berria
  • Musika Hamabostaldiaren 81. edizioa abuztuaren 1etik 29ra egingo da, eta 45 proposamen inguru eskainiko ditu, batez ere Donostian. Hala ere, Gipuzkoako eta Arabako hainbat herritan ere izango dira musikari loturiko ekitaldiak.
  •  Hasierako programazioa guztiz berregin behar izan da, egungo egoerara egokitzeko: atzerriko orkestra eta bakarlari gehienak bertan behera gelditu dira, eta "edizio berri bat" diseinatu da, ganberakoa funtsean, eta artista nazionalak protagonista izango dituena. Nazioarteko hitzorduak Marc Minkowskiren eta Les Musiciens du Louvre taldearen, Grigory Sokolov pianistaren eta Semyon Bychkov maisuaren eskutik etorriko dira.
  • Edukiera %60ra murriztu behar izan bada ere eta osasuna babesteko neurri guztiak nahitaez bete behar izango badira ere, Hamabostaldiak ahalegin guztiak egingo ditu bere espirituari leial jarraitzeko, jaialdiko ohiko zikloei eutsiz: Kursaaleko ziklo sinfonikoa, antzinako musikarena, ganberakoa, musika garaikidekoa, organokoa, interprete gazteena eta Musika Aitzaki, dantzarako hitzorduak eta haurrentzat bereziki diseinatutako proposamenak ahaztu gabe.
  • Sarreren salmenta orokorra uztailaren 9an hasiko da (osteguna), 11:30etan. Sarrerak www.quincenamusical.eus webgunean eskuratu ahal izango dira, baita Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan ere. Hamabostaldiko lagunentzat gordetako epea ekainaren 23tik uztailaren 3ra izango da.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 81. edizioa abuztuaren 1ean hasiko da, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) San Telmo Museoko klaustroan eskainiko duen kontzertuarekin. Hain zuzen ere, hari, haize eta perkusio atalek parte hartuko dute emanaldi honetan, Ruben Gimenok eta Rodolfo Epeldek zuzendurik, eta besteak beste Reich, Dukas, Wagner eta Griegen lanak biltzen dituen egitarau bat eskainiko dute. Inaugurazio kontzertu hau, Gimenok formazioaren maisu titular bezala eskaintzen duen lehena, doakoa izango da, baina ezinbestekoa izango da bertara joateko gonbidapena jasotzea.


KURSAAL AUDITORIOA


Euskadiko Orkestrak inauguratuko du Kursaal Auditoriorako diseinatutako egitaraua, hiru kontzertu eskainiz beste hainbeste maisuren zuzendaritzapean. Hiru kontzertuetatik lehenean (abuztuak 8), Semyon Bychkov errusiarra arituko da zuzendari lanetan; Txekiako Filarmonikoaren maisu titularra da Bychkov gaur egun, eta gaur egungo orkestra zuzendari handienetakoa. Beethovenen bi obra interpretatuko dituzte, Bonn-eko maisu haundia jaio zela 250 urte betetzen diren honetan: “Coriolano” obertura eta 3. Sinfonia, “Heroikoa” izenez ezaguna eta klasizismotik erromantizismo beterako igarobidea markatzen duten obretako bat, askoren iritziz.

Bigarren emanaldian (abuztuak 15), Euskadiko Orkestrak, Xabier Anduaga tenorra izango du lagun, Rossini, Donizetti, Lara eta Sorozabal bezalako egileen obrak interpretatzeko. 2019ko Operalia Ahots Lehiaketa ospetsuaren irabazle den tenor donostiarra, 25 urte baino ez ditu, nazioarteko ibilbide garrantzitsua egiten ari da  (Pesaroko Rossini Jaialdia, Buenos Airesko Colon Antzokia…), zirrara eragiteko duen berezko erraztasunagatik bateko eta besteko publikoak bereganatuz. 2020ko urtarrilean egin zuen debuta Parisko Operan, “Sevillako bizargina”ko Almaviva kondearen paperean, eta gipuzkoar abeslariaren “potentzial ikaragarria” eta “bikaintasuna” nabarmendu zituzten kritikek ordu hartan. Kontzertua Robert Treviñok zuzenduko du, Euskadiko Orkestraren gaur egungo zuzendari titularrak.

Euskadiko Orkestraren hirugarren kontzertua, azkena, abuztuaren 19an izango da. Emanaldi horretan, Juanjo Mena arabar maisuak zuzenduko ditu Beethovenen 7. Sinfonia, zeina baita, musikagilearen beraren hitzetan, “bere lanik onenetakoa”, eta Haydnen 44. Sinfonia, “Trauer” izenez ezaguna. Egitarauko hirugarren obra, austriar musikagilearen Biolontxelo eta Orkestrarako Kontzertua izango da, eta, interpretazio horretarako, Asier Polo bilbotar biolontxelista lagun izango du orkestrak.

Kursaal Auditorioan izango den aurtengo hurrengo talde sinfonikoa Bilbao Orkestra Sinfonikoa da (abuztuak 21). Honako egitarau hau diseinatu da emanaldi horretarako: Mozarten pianorako bi kontzertu, 20.a eta 21.a, eta Prokofieven 1. sinfonia, “Klasikoa”.  Podiumean Erik Nielsen estatubatuarra izango da, BOSen gaur egungo zuzendari titularra; eta pianoan, berriz, Javier Perianes granadarra, zeinari buruz baitiote dela “gustu paregabe eta fineko pianista, soinu berotasun harrigarri batez hornitua”.

Kursaal Auditorioko eskaintza, nazioarteko bi hitzorduk osatuko dute: Grigory Sokolov errusiar pianistaren errezitaldiak (abuztuak 16), eta Marc Minkowski frantses maisuaren eta Les Musiciens du Louvre haren taldearen emanaldiak (abuztuak 29).

Sokolov, munduko agertoki ospetsuenetako irudi ezinbestekoa, ongi baino hobeto ezagutzen dute Musika Hamabostaldiaren zaleek. 2005ean izan zen lehen aldiz gurean, eta liluratuta utzi zuen publikoa, ordukoan, kontzertuaren amaieran sei bisetik gora eskainiz. Haren interpretazioei darien lirismoaz gozatzeko aukera izan genuen 2007, 2011 eta 2015ean ere. Oraingoan, Mozart eta Schumannen obrek osatutako egitarau batean erakutsi ahal izango du San Petersburgoko interpreteak bere maisutasuna.

Marc Minkowski zuzendaria eta Les Musiciens du Louvre taldea, 2007an izan ziren Hamabostaldian azkenekoz eta oraingo honetan aurtengo Auditorioko zikloari amaierakoa ematera etorriko dira. Frantziako taldeak, musika barrokoa lantzen duten Europako taldeen artean garrantzitsuenetakoa da, Mozartek idatzitako azken sinfonietatik bi interpretatuko ditu: 39.a eta 41.a, “Jupiter” izenez ezaguna.


SAN TELMO MUSEOA


San Telmo Museoa izango da aurtengo Hamabostaldiaren egoitza nagusietako bat. Abuztuaren 1eko inaugurazio kontzertuaz gainera, hamar kontzertu egingo dira hiriko museo nagusiko klaustroan eta elizan, jaialdiko ohiko hiru zikloren barruan: Antzinako Musika, Musika Garaikidea eta Ganbera Musika.

Antzinako Musika zikloari dagokionez, lau proposamen biltzen ditu. Lehenengoan, Enrike Solinís bilbotarra, gitarra barrokoaren interprete nazional onenetakoa, eta Euskal Barrokensemble haren taldea izango dira protagonistak (abuztuak 2 / Klaustroa). “Concerto per Liuto” izenburuko egitaraua interpretatuko dute, zeinetan bildu baitira Couperin, Bach eta Haydn maisu handiek lauterako idatzitako obra batzuk, besteak beste. Hurrengo egunean (abuztuak 3 / Klaustroa), “Cadenas de amor” eskainiko digu Santa Maria Kaperak, Carlos Mena arabar tenorra gidari duela; Scarlatti, Durante eta Haendelen obrekin osatu da egitaraua, besteak beste. La Ritirata taldeak –Josetxu Obregón bilbotar biolontxelista da haren zuzendari– Antonio Caldarari eskainitako egitarau monografiko bat interpretatuko du, haren jaiotzaren 350. urteurrenarekin bat etorriz (abuztuak 4 / Klaustroa). Atal honetako azken emanaldia El León de Oro taldearena izango da (abuztuak 9 / Eliza). Asturiar taldea Circuitos FestClásica 2020ko irabazleetako bat izan da, eta “Margarita pretiosa” bere egitarau polifonikoa interpretatuko du gurean, besteak beste Robledo, Esquivel eta Lusitano egile errenazentisten piezak berreskuratuta.

Hamabostaldiak gaur egungo musikaren eremuko sorkuntza lan berrienei eskaintzen dien zikloa, Musika Garaikidea zikloa alegia, hiru kontzertuz osatuta egongo da. Laboratorio KLEM (abuztuak 6 / Eliza) proiektuak “Cantos de piedra” aurkeztuko du: tradizio zaharrenetako bat, “hargintza”, eta “kanpaigintza” nahasten dituen proiektu berria. Bi “arte” horiek, eskutik helduta, ezin konta ahala entzute iratzarriko dituzte, eta lanbide horien goieneko aldiak ekarriko dituzte gogora. Gerhard Kuartetoak, bestalde, 2018ko Hamabostaldian parte hartu ondoren, teknika garaikidea zenbateraino menderatzen duen erakutsiko digu berriro ere, Gerhard eta Loidiren lanez osatutako programa bati esker (abuztuak 17 / Klaustroa). Harizko beste kuarteto batek, Granados Kuartetoak hain zuzen ere, emango dio amaiera zikloari, Pablo Sorozabal Konposizio Lehiaketa irabazi duen lanaren estreinaldiarekin (abuztuak 22 / Klaustroa). Erkoreka eta Bartoken lanek osatuko dute programa.

San Telmo Museoaren klaustroko hormen barruan Ganbera Errepertorioko hainbat proposamen entzun ahalko dira. Locum Congregatio taldeak izango du atal hau estreinatzeko ardura, Beethovenen lanez osatutako programa batekin (abuztuak 20 / Klaustroa). Haren ondoren, Elena Sancho Pereg sopranoak eta Paula Iragorri mezzosopranoak jardungo dute, German Ormazabal pianista lagun dutela. “Kapritxoak” programa eskainiko digute, Haendel, Offenbach, Bernstein, eta abarren lanen hautaketa batekin (abuztuak 25 / Klaustroa). San Telmo Museoko musika emanaldiak abuztuaren 27an amaituko dira, Natasha Tchich biolaren eta Marta Zabaleta pianistaren emanaldiarekin. Brahms, Hersant, Ascot, Part eta Franck-en lanak interpretatuko dituzte (Klaustroa).


TABAKALERA

Tabakalera izango da, Kursaal Auditorioarekin eta San Telmo Museoarekin batera, 81. Musika Hamabostaldiaren erreferentziazko egoitza. Eraikinaren Patioan izango dira edizio honetako dantza ikuskizunak, eta baita haurrentzat diseinatutako proposamenak ere. 4. solairuko terrazan, berriz, Musikeler kontzertuez gozatuko dugu, zeinetan Musikeneko ikasleak izango baitira protagonista.

Dantza ataleko emanaldiei Iker Murillo pasaitarraren saioarekin emango zaie hasiera. Harekin batera jardungo dute Vitali Safronkine dantzariak eta Haatik Dantza Konpainiak, eta hiru dantza estilo lantzen dituzten hiru koreografia interpretatuko dituzte elkarrekin. Bertan gozatuko dugu ballet neoklasikoaren ildoen garbitasunaz, dantza garaikideari lotutako gorputzaren adierazpen organikoaz eta euskal dantza tradizionaletik sortutako pauso ezagunez (abuztuak 5 / Patioa). Handik astebetera, Lasala dantza konpainia garaikideak aurkeztuko du bere proposamena, Judith Argomaniz donostiarraren zuzendaritzapean: gaur egungo hizkuntza fisikoa eta estetika sortzeko ikerketa etengabearen emaitza diren hiru koreografia dira (abuztuak 12 / Patioa). Tabakalerako Patioan jardungo duen azken konpainia Aukeran Dantza Konpainia izango da (abuztuak 18 / Patioa). Edu Muruamendiaraz zuzendari duen taldeak “Maurizia naz” ikuskizuna eskainiko du. Emakumeei omenaldia egiteko helburuarekin sortua da ikuskizuna, eta Maurizia Aldeiturriagaren irudiaz baliatuko dira horretarako, bera izan baitzen Euskal Herrian plazaz plaza panderoarekin, kantuan eta kementsu ibili zen lehenengo emakumea.

Dantza emanaldiez gainera, Tabakalerako Patioan Haurren Hamabostaldia saileko bi proposamen izango dira. “Sagutxo Tuntuna” ikuskizuna, 2 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako ikuskizuna da, eta ganbera talde batek, dantzari batek, txotxongilo batek eta narratzaile batek osatua izango da (abuztuak 8). Shostakovitxen “Sagu txiki eta kaiku baten istorioa” haurrentzako operan oinarritua, ikuskizun honek Errusiako baserri batean, animaliak lotara joan behar duten unean gertatzen den istorioa kontatzen du. “Ár bo la ré / Zu haitz ez”, ikuskizuna, bestalde, 8 eta 14 urte bitarteko haurrentzat gomendatua da, eta zuhaitzak irudikatzen ditu, abestiekin eta mugimenduan: ile harrotuta duten zuhaitzak, zuhaitz okertuak eta tenteak, haizearekin dantza egiten duten zuhaitzak. Easo Eskolaniak eta Easo Gazte Abesbatzak eszenaratuko dute sorkuntza lan berri hau. Haurren Hamabostaldian estreinatuko da, abuztuaren 22an, larunbata. Haurrentzako bi proposamen horiek, Tabakalerako “Kamaleoiak gara!” jarduera programaren barruan sartuak, euskaraz izango dira, eta doakoak; edonola ere, aurretik eman behar da izena, www.tabakalera.eu webgunean.

Musikeler: musika klasikoaren eremura ikusle berriak erakarri nahi dituen atal honetako kontzertuak Tabakalerako laugarren solairuko terrazan izango dira aurten, Kutxa Kultur Gauak programarekin bat eginez. Giro informal eta lasaian, musika zuzenean eta zerbeza “dastatzeko” aukera eskaintzen da, abuztuko hiru ostegunetan, Musikeneko ikasleak protagonista izango dituzten hiru kontzertuen bitartez: Oreka Boskotea abuztuak 6; Juan Laborería baritonoa, Javier González Sarmiento pianista laguntzaile duela, abuztuak 13, eta Zilarra Quintet, azkenik, abuztuak 20.


ORGANO ZIKLOA

Organo zikloak oso programa zabala eskainiko du aurten berriro ere, eta Gipuzkoako hainbat herritako elizak bisitatuko ditu: Zumaia, Usurbil, Deba, Tolosa, Azpeitia eta Azkoitia, besteak beste. Zikloa osatuko duten 13 kontzertuetan, izen handiko organistek jardungo dute, esate baterako Castellóko Juan de la Rubia (abuztuak 3 eta 5), eta, bertakoei dagokienez, Óscar Candendo (abuztuak 5), Loreto Fernández Imaz (abuztuak 2 eta 4), Alize Mendizabal (abuztuak 4 eta 7), Ana Belén García (abuztuak 6) eta Loreto Aramendi (abuztuak 6 eta 9).
Azpeitiko, Azkoitiko eta Donostiako Artzain Onaren elizako kontzertuetan organoa entzungo da bakarlari. Gainerako kontzertuetan, beste interprete batzuk ere jardungo dute, hala nola Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa Usurbilen eta San Bizente elizan; Garikoitz Mendizabal txistularia Zumaian, Larraitz Oiartzabal biolinista San Inazio elizan; Easo Emakumeen Abesbatza San Bizenten; Lucía Gómez mezzosopranoa Tolosa eta San Bizente elizan edo Pablo Mezzelani instrumentista multietnikoa Deban.
Organoko kontzertu guztiak doakoak izango dira, baina ezinbestekoa izango da gonbidapena jasotzea kontzertuetara sartu ahal izateko.


MUSIKA AITZAKI

Hamabostaldiaren ziklo bidaiariak Donostiako ohiko guneetatik kanpo eskainiko ditu kontzertuak berriro ere. Aurten, Gipuzkoan eta Araban barrena ibiliko da, 11 kontzerturekin.

Gipuzkoan, Zumaian hasiko du ibilbidea zikloak, Conductus Ensemble taldearekin. “Bach ispilu aurrean” izenburuko programa eskainiko du (abuztuak 6). Biharamunean, Tolosara joango da Hamabostaldia, Javier Bello-Portu musikagilearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, eta Kea Ahots Taldea arituko da horretan (abuztuak 7). Jose Maria Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena ere ospatuko da, Urretxun, German Ormazabal pianistaren, Maite Arruabarrena mezzosopranoaren eta Andoni Egaña bertsolariaren “Gu, gu, gu, gu… eta beste zenbait doinu” proposamenarekin (abuztuak 8). Errenterian, Khantoria taldeak herriaren fundazioaren 700. urteurrena ospatuko du (abuztuak 10), eta Getarian, Ander Telleria akordeoijoleak, Tetraphilla Ensemble ahots kuartetoak eta Anna Margules flautistak Juan Sebastian Elkanoren munduren inguruko lehenengo biraren 500. urteurrena ospatuko dute (abuztuak 18). Gipuzkoako ibilbidearekin amaitzeko, Musika Aitzaki zikloak Urnietara egingo du bidaia, eta han Xabier Lete omenduko da, haren heriotzaren hamar urte bete baitira (abuztuak 26). Emanaldi horretan, Antton Valverdek, Joxan Goikoetxea akordeoijoleak, Klara Mendizabal sopranoak eta Francisco Herrero biolinistak “Hor zaude nonbait” programa aurkeztuko dute.

Zumaia, Tolosa, Urretxu, Errenteria eta Getariako kontzertuak doakoak izango dira, baina derrigorrezkoa izango da gonbidapena jasotzea horietara joateko.

Musika Aitzakia zikloa Hamabostaldiak Araban antolatzen duen kontzertu zikloarekin osatuko da: Hamabostaldia Araban. Aurtengo programan bost emanaldi izango dira guztira.

Donostiako Musika Hamabostaldiak, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen duten Sozietate Anonimoak, bereziki eskertu nahi du zailtasunez beteriko edizio honetan jaso duen laguntza eta babesa honako erakunde eta enpresen eskutik: Kultura eta Kiroletako Ministerioa, EDP Fundazioa, El Diario Vasco, Banco Sabadell Fundazioa, Laboral Kutxa, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Antiguo Berri, Riberas del Urumea, Audi Menai, EITB eta Ser/San Sebastián.

Aurtengo edizioak laguntzaile izango ditu, era berean: Azkoitia, Azpeitia, Deba, Getaria, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil eta Zumaiako Udalak eta baita Donostia Kultura, Donostia Turismoa, Udal Zentro Informatikoa, Eresbil, FestClásica, Keler, Kutxa Kultur, Musikene, San Telmo Museoa eta Tabakalera.


Sarreren salmenta orokorra


Sarrera orokorren salmenta uztailaren 9an hasiko da 11:30etik aurrera
www.quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan 

Hamabostaldiaren lagunak
Hamabostaldiaren lagunentzat gordetako epea: Ekainaren 23tik uztailaren 3ra

 

 

 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical