ES · EU
Zabalik da jada Musika Hamabostaldiko Organo Erromantikoaren XXXVI. Nazioarteko Ikastarorako aurrematrikula

Zabalik da jada Musika Hamabostaldiko Organo Erromantikoaren XXXVI. Nazioarteko Ikastarorako aurrematrikula

12.02.2019
ikusi
berri
guztiak
>
<Hurrengo Berria

Organo Erromantikoaren XXXVI. Nazioarteko Ikastarorako aurrematrikula zabaldu du dagoeneko 80. Musika Hamabostaldiak. Irakaslea Daniel Roth organista frantsesa izango da.

Musika Hamabostaldiak “Gipuzkoako organo ondare aberatsa ezagutzera ematen du, ziklo honen bidez” dio Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariak. Esteban Elizondo zikloaren koordinatzailearen iritziz, mundu osoko organo-jotzaileek ziklo honetan parte hartzeko arrazoietako bat zera da: Gipuzkoako elizetako organo erromantikoetako asko beren jatorrizko egoeran daudela. “Hemen topatzen dute organistek bilatzen duten jatorrizko soinu hori”.

Ikastaroa abuztuaren 5etik 9ra bitartean egingo da, aipatutako bi egunak barne, Donostiako San Bizente Elizako Cavaillé-Coll organoan (1868). Gipuzkoako beste organo erromantiko batzuetan ere emango dira eskolak eta ikasleek ikastaro bukaerako kontzertua eskainiko dute San Bizente elizan, abuztuaren 9an, 20:00etan.

Ikastaroan parte hartu nahi duten ikasle aktiboek programan proposatutako obretatik bi prestatu beharko dituzte ikastarorako.

Ikastaroaren zenbatekoa 140 eurokoa da ikasle aktiboentzat (gehienez 15 ikasle) eta 106 eurokoa entzuleentzat.

Mulhousen jaio zen Daniel Roth, eta bertako kontserbatorioan organoa ikasi zuen. Parisko kontserbatorioan jarraitu zituen bere ikasketak eta bost sari irabazi zituen han zela. 1971an Chartres-eko lehiaketa irabazi zuen. Hamairu urtetan zehar Parisko Sacre Coeur basilikako organista izan zen, eta 1985. urtetik Parisko St. Sulpice-koa. Marseilla, Estrasburgo, Frankfurt eta Saarbrücken hirietako kontserbatorioetan irakasle izan da, baita Washington D.C.-ko Unibertsitate Katolikokoa ere. Mundu osoan eskaini ditu errezitaldiak eta Philips, Emi, Erato eta Arion zigiluentzako diskoak grabatu ditu. Era berean, izen handiko organo konpositorea da.

On-line izen ematea: www.quincenamusical.eus/eu/prestakuntza/

Informazio gehiago:
943 00 31 70
cursoquincena@donostia.eus

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical