ES · EU
80. Musika Hamabostaldiko haurrentzako egitarauko protagonista “Acróbata y Arlequín: El circo imaginario de Picasso y la música” izango da, Picassoren zirkuaren unibertsoak inspiratutako ikuskizuna

80. Musika Hamabostaldiko haurrentzako egitarauko protagonista “Acróbata y Arlequín: El circo imaginario de Picasso y la música” izango da, Picassoren zirkuaren unibertsoak inspiratutako ikuskizuna

17.08.2019
ikusi
berri
guztiak
>


  • Victoria Eugenia Antzokian taularatuko dute abuztuaren 19an, 19:00etan, “Acróbata y Arlequín: El circo imaginario de Picasso y la música” ikuskizuna. Antzerkia eta musika uztartzen dituen proiektuak Pablo Picassoren zirkuaren unibertsoa du inspirazio iturri, baita Erik Satie eta Francis Poulenc lehen abangoardietako konpositoreen musika ere.

  • Peer Gynt-ekin ametsetan” ikuskizunaren bidez, Eduard Grieg konpositore entzutetsua ezagutuko dugu, Tom Johnsonen musikaren alderdi dibertigarri eta zentzugabeenetako batzuekin batera.

  • Haurren Hamabostaldiko egitaraua “Hitzak” eta “Circus” tailerrek osatu dute. Lehenengoan aurtengo jaialdiaren kartelaren egilea den Itziar Okarizen sorkuntza unibertsoa ezagutuko dugu. “Circus”, berriz, “Acróbata y Arlequín” ikuskizunari buruzko tailerra da. Tailer biak Maushaus arkitekturari buruzko ideia laborategiko lagunek prestatu dituzte.

  • Gainera, Hamabostaldian haurrentzako beste hainbat ekintza burutzen ari dira, Donostian nahiz Gipuzkoako hainbat herritan.



Musika Hamabostaldiak abuztuaren 19an ospatuko du Haurren Hamabostaldiko hitzordu nagusia: “Acróbata y Arlequín: El circo imaginario de Picasso y la música” Victoria Eugenia Antzokian taularatuko dute. Pablo Picassok bere bizitza osoan zehar sentitu zuen zirkuarenganako erakarpenak inspiratu du La Maquiné konpainiaren ekoizpena. Erik Satie eta Francis Poulenc konpositoreen obrekin batera, pianoak, kantu lirikoak, aktoreek, txotxongiloek, itzalek eta proiekzioek operaren mundura gerturatuko gaituzte. Hurrengo egunean, abuztuak 20, “Peer Gynt-ekin ametsetan” ikuskizunarekin gozatu ahal izango dugu. Haren bidez, Eduard Grieg konpositorearen obra ezagutuko dugu, baita Tom Johnson-en musikaren alderdi dibertigarri eta absurdoenak agerian jarri ere. Musika garaikidea entzungo dugu Peer Gynt-ek inspiratutako ipuin batek lagunduta. Jaialdiak haurren artean musikarekiko zaletasuna sustatzen duten beste jarduera batzuk ere eskainiko ditu. Gipuzkoako Batzar Nagusien babesarekin gauzatzen da Haurren Hamabostaldia.



Acróbata y Arlequín: El circo imaginario de Picasso y la música” - Victoria Eugenia Antzokia, abuztuak 19, 19:00


Abuztuaren 19an, 19:00etan, Haurren Hamabostaldiko hitzordu nagusia hasiko da, Victoria Eugenia Antzokian. Agertokian, zirkuko pertsonaiez gain, Pablo izeneko mutikoa ikusiko dugu. Bera ez da gizon indartsua bezain gihartsua, ezta lehoi hezitzailea bezain ausarta ere, baina eginahalak egingo ditu zirkuko artista bilakatzeko. Laster konturatuko da bere gaitasunik handiena bere bihotzean datzala.


Emanaldiak Picassoren zirkuaren unibertsoa du inspirazio iturri, artistak bere garai arrosean (1904-1907) jorratu zuen gaia, baita Picassoren garaikide izan ziren Erik Satie eta Francis Poulenc konpositoreak ere. Kontrastez beteriko unibertsoa sortzen da horiek elkartuta. Egiten duten musika bokalaren tratamenduagatik, opera lehen aldiz entzuten duenarentzat erabat aproposak dira konpositore biak.


Ikuskizuna Joaquín Casanova eta Elisa Ramosek zuzenduko dute, La Maquiné konpainiaren fundatzaileek, zeinak, besteak beste, arte eszenikoen MAX saria jaso zuen haiek ekoitzitako ikuskizun batekin. Granadako José López-Montes musikari eta konpositorearenak dira moldaketak eta egokitzapen musikalak.


Funtzioaren aurretik, 17:00etan, “Circus” tailerra egingo du Maushaus arkitektura laborategiak. Haren bidez, ikuskizunaren hainbat alderdi ezagutu ahal izango dituzte haurrek. Musikaren eta eszenografiaren munduan murgilduko gara, zirku karparen arkitektura efimeroaren bidez eta zirkuko protagonisten bidez.


Peer Gynt-ekin ametsetan”


Abuztuaren 20an, etxeko txikienek Eduard Grieg konpositore entzutetsuaren musikarekin gozatu ahal izango dute. Ikuskizunak, gainera, Tom Johnson konpositorearen musikaren alderdi dibertigarri eta absurduenak ezagutzeko aukera emango digu. Musika garaikidea entzungo dugu Peer Gynt-ek inspiratutako ipuin batek lagunduta. Hain zuzen, Carmen Santojak inspirazio iturri izan duen klasiko hau izango da kontzertu honetako ardatza, oraindik ere grina handia pizten duena. Proposamen honetan, istorio originaleko pertsonaien portaera batzuk zalantzan jarriko dituzte, haur nahiz helduen artean hausnarketa bultzatzeko.


Istorio honetako pertsonaiek hilabete lotan ematea erabaki dute. Horrela, uda osoa itzarririk igaro ahal izango dute, eta nahi duten guztia egiteko astia izango dute. Egunaren argitan, ordea, ezinezkoa da lo hartzea, eta istorio dibertigarriak asmatu behar izango dituzte beren helburua lortzeko. Tom Johnsonen Lotarako istorioak obraren piezetako batzuk entzun ahal izango ditugu, heldu nahiz txikiei berdin gozaraziko dieten istorio labur eta absurdoak.


Belen Otxotorenaren ekoizpenean, Francesca Crocolino eta Silvia Sucunza entzungo ditugu pianoa lau eskutara jotzen, eta Patrizia Eneritz izango da istorioaren narratzailea.



Sarrerak


Acróbata y Arlequín: El circo imaginario de Picasso y la música” eta “Peer Gynt-ekin ametsetan” ikuskizunen sarrerek 8 euroko prezioa dute, 3 eurokoa 12 urtetik beherakoentzat. Salgai www.quincenamusical.eus webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Kursaaleko leihatiletan.





Gainera...

Hamabostaldia, abuztuan zehar, haurrentzako beste tailer bat eskaintzen aritu da: “Hitzak”. Tailer horretan, etxeko txikienek aurtengo Hamabostaldiaren kartelaren egilea den Itziar Okarizen sorkuntza unibertsoa ezagutu ahal izan dute. Era berean, Kantu Kontari izeneko saioak ere eskaini dira, ipuinak eta musika uztartzen dituzten formatu txikiko ikuskizunak. Oraindik ere eskainiko dira Kantu Kontari saio batzuk Kursaalean eta Gipuzkoako hainbat herritan, hala nola Irunen, Getarian eta Mutrikun. Ekitaldi hauei buruzko informazio gehiago www.quincenamusical.eus webgunean.




Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical