ES · EU
Anne-Sophie Mutter biolinistak Musika Hamabostaldian debutatuko du Mozart, Beethoven eta Franck konpositoreei eskainitako errezitalarekin

Anne-Sophie Mutter biolinistak Musika Hamabostaldian debutatuko du Mozart, Beethoven eta Franck konpositoreei eskainitako errezitalarekin

26.08.2021
ikusi
berri
guztiak
>
  • Biolinista alemaniarraren errezitala gaur, abuztuaren 26, ostegunarekin izango da Kursaal Auditorioan.

  • Mutter 1988tik harekin jotzen aritu den Lambert Orkis pianistak lagunduko du.

 

82 Musika Hamabostaldia abuztuaren 27ko amaierara gerturatzen ari da. Piano bakarlari handiak izan dira edizio honetako protagonista, baina nazioartean izen handia duten biolinistek ere izan dute beren lekua, Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin abuztuaren 8an aritu zen Julian Rachlinekin, eta Espainiako Orkestra Nazionalarekin bart aritu den Leonidas Kavakosekin. Jaialdia bere amaierara heldu aitzin, azken hamarkadetako biolinista handienetako baten txanda izango da: Anne-Sophie Mutterrek Musika Hamabostaldian debutatuko du, bere ibilbide osoan zehar kide izan duen Lambert Orkis pianistarekin. Errezitala Kursaal Auditorioan izango da, gaur, abuztuaren 26an, ostegunarekin, 19:30ean, eta Mozart, Beethoven eta Franck konpositoreen obrak interpretatuko dituzte.

Anne-Sophie Mutter Rheinfeldenen (Baden) jaio zen, Oihan Beltzean, baina bere familia Suitza, Montecarlo eta Munichen ere bizi izan zen. Sei urterekin irabazi zuen lehen lehiaketa, biolin eskolak hartzen soilik urtebete lehenago hasi ondoren. Berea, izan ere, goiztiartasun musikal liluragarria da. “Adin horretatik banekin ez nuela biolinista baizik beste ezer izan nahi”, esan zuen urteak igarotakoan. Mutter bere nazioarteko bakarlari ibilbidean murgildu zen 1976an Luzernako Festibalean, eta urte bat beranduago Salzburgon debutatu zuen. 14 urte baizik ez zituen Herbert von Karajan zuzendari austriarrak munduari aurkeztu zionean “Menuhin gaztearen ondoko prodijio musikal handiena” bezala. Urtebete geroago bere orkestrarekin jo zuen, Berlingo Filarmonikoarekin, eta bere lehen grabazioa egin zuen. Mutter berak onartzen duenez, Karajan bere bizitza musikaleko eragin handietako bat izan zen, Paul Sacher orkestra zuzendari suitzarrarekin eta bere Aida Stucki maistrarekin batera. Azken horrek, dioenez, “arrazoitzen” eta bere interpretazioa defendatzen erakutsi zion.

Debut horietatik, gure garaiko biolin birtuoso handienetako bat bihurtu zen Mutter, eta Europako, Estatu Batuetako eta Asiako musika zentro nagusietan aritu da. Errepertorio kanonikoko obra garrantzitsuenak interpretatzeaz gain, Mutterrek ahalegin handia egin du bere publikoari errepertorio berritzaileak aurkezten. Zentzu horretan, musika garaikidearekin duen konpromisoagatik, Unsuk Chin Henri Dutilleux, Sofia Gubaidulina, Witold Lutoslawski, Krzysztof Penderecki, André Previn, Wolfgang Rihm, Jörg Widmann eta John Williamsen obrak estreinatu ditu. Errepertorio garaikidean egindako esplorazio hori biolinistak honela deskribatu du: “herrialde arrotz batera bidaiatzea bezalakoa da, nekagarria baina erabat gogobetegarria” eta “biolinarentzat azken mendea izan da askotarikoena eta zirraragarriena”.

Mutterren lana ez da bakarkako errezitaletara eta orkestra handiekin ematen dituen kontzertuetara mugatzen. Ganberako musikaren defendatzaile sutsua da, eta etengabe sustatzeaz gain, beste interprete entzutetsuekin nahiz beren ibilbidean bultzatu ohi dituen talentu gazteekin interpretatzen du. Gainera, eta bere ospe handia baliatuz, Mutterrek hainbat ongintza eta karitate proiektu bultzatu ditu.

Mutter Lambert Orkisek lagunduta ariko da Donostian. Bere pianista fidela izan da 1988tik eta harekin, bira askoren artean, Beethovenen biolinerako sonatei 1998an eskainitakoa egin zuen. Bira horrek Deutsche Grammophon zigilurako grabazio bat ekarri zuen, Grammy batekin saritutakoa. Mutterrez gain, Orkis honakoekin aritu da lankidetzan: Lynn Harrell, Anner Bylsma eta Han-Na Chang biolontxelo-jotzaileekin, Julian Rachlin biolinistarekin, Steven Dann biola-jotzailearekin, eta bereziki Mstislav Rostropovich legendazko biolontxelistarekin, zeinarekin duoa osatu zuen hamaika urte baino gehiagotan zehar.

Mutter eta Orkis Wolfgang Amadeus Mozartekin hasiko dira, maiz elkarrekin jotzen duten Biolinerako sonata mi minorrean K304 obrarekin. Mozartek bere amarekin 1777an hasi zuen urte eta erdiko biran idatzi zuen. Salzburgotik abiatuta, Mannheimera, Parisera era Munichera joan ziren 1779 hasierara arte. Bira horretako momentu tragikoena Mozarten amaren heriotza izan zen, 1778an, Parisen. Mozartek bidaia horretan biolinerako zazpi sonata idatzi zituen, baina pentsatzekoa da hau izan zela amaren heriotzagatik idatzi zuena, beste sonaten aldean musika malenkoniatsuena duena delako, hutsune sentimendu sakon batek betetakoa.

Jarraian, Ludwig van Beethovenen Biolinerako 5. sonata, Udaberria interpretatuko du duoak, 1801ean bukatutakoa eta bere mezenas bati eskainitakoa, Moritz von Fries Kondea bankariari. Beethoven urte bat lehenago hasi zen idazten, 1800eko udaberrian mendian denboraldi bat igaro ondoren, Brunsvick familiaren etxean. Han familiako alabetako batekin maitemindu zen, Josefinarekin, ziurrenik bere “Hilezkor maitea” izandakoa. “Udaberria” izengoitia Beethovenek jarri ez zion arren, sonata bere egikera landuagatik eta natura gogora ekartzeagatik nabarmentzen da, alaitasunaren eta malenkoniaren arteko sentimenduagatik. Kreutzer Sonata delakoarekin batera biolinerako sonata ziklo ezagunena bihurtu da horregatik.

Gaualdiaren amaiera César Francken Biolinerako sonata bikainarekin helduko da. Bere aberastasun harmonikoarengatik eta egitura zikliko iraultzailearengatik biolin eta pianorako sonata garrantzitsuenetako bat da, baita XIX. mende amaierako ganbera obra bikainenetakoa ere. Franckek 1886an idatzi zuen, garaiko biolinista onenetako baten ezkontza opari bezala. Eugène Ysaÿe zen biolinista hori, eta sonata ezagun bilakatzen lagundu zuen bere ibilbide osoan zehar etengabe bere biretan interpretatuz. Biolinerako zati ezin ederragoaz gain, nabarmentzekoa da pianorako zati mamitsu eta konplexua. Horiei aurre egitea erronka handia izan ohi da obra interpretatu ohi duten duoentzat.

 

BIOGRAFIAK

Anne-Sophie Mutter
Lau Grammy sari irabazi dituen musikariak konpromiso sendoa du konpositore tradizionalak interpretatzen, baina baita musikaren etorkizunarekin ere. 28 obra estreinatu ditu: Unsuk Chin, Sebastian Currier, Henri Dutilleux, Sofia Gubaidulina, Witold Lutoslawski, Norbert Moret, Krzysztof Penderecki, Sir André Previn, Wolfgang Rihm, Jörg Widmann eta John Williams konpositoreek idatzi dute beretzat. Gainera, etorkizuneko elite musikala babesten du eta ongintzazko hainbat proiektutan hartzen du parte. Minbiziaren kontrako “Deutsche Krebshilfe” alemaniarrak irabazi asmorik gabeko erakundearen lehendakari aukeratu du 2021ean. 1997ko udazkenean Anne-Sophie Mutter e.V. Fundazioko Lagunen Elkartea sortu zuen, eta hari 2008an Anne-Sophie Mutter Fundazioa batu zitzaion. Ongintzazko bi erakunde hauek bekadunak laguntzen ditu, haien banakako beharretara egokituz. 2011tik sarritan partekatzen du protagonismoa oholtza gainean “Mutter’s Virtuosi” bekadun taldearekin. Bere grabazioengatik lau Grammy irabazi ditu, bederatzi Echo Classic Awards, German Recording Award bat, Record Academy Prize, Grand Prix du Disque eta International Phono Award. Biolinista Merituaren Ordena Handi alemaniarrarekin saritu dute, Legioaren Ohorezko Domina frantsesarekin, Merituaren Ordena bavariarrarekin eta Austriako Errepublikari eskainitako zerbitzuengatik Ohorezko Dominarekin, besteak beste.

Lambert Orkis
Lambert Orkisek ganberako musikari bezala, musika garaikidearen interprete bezala eta antzinako instrumentuak jotzen dituen musikari bezala aitorpena jaso du nazioartean. Anne-Sophie Mutterrekin errezitalak eman ditu 1988tik, eta Mstislav Rostropovich biolontxelistarekin aritu da hamaika urte baino gehiagotan zehar. Bere ibilbide nabarmenean zehar Lynn Harrell, Anner Bylsma eta Han-Na Chang biolontxelistekin kolaboratu du, baita Julian Rachlin eta Steven Dann biolinistekin ere. Vertavo, Emerson, American, Mendelssohn, Curtis eta Manchester hari laukoteekin emanaldiak egin ditu. Bakarlari bezala Mstislav Rostropovich, Leonard Slatkin, Rafael Frühbeck de Burgos, Günther Herbig, Kenneth Slowik, John Mauceri, Robert Kapilow, Leon Fleisher eta Christopher Kendall zuzendariekin jo du. Hainbat Grammytan izendatu dute, bere diskografia zabaleko garai klasiko, erromantiko eta modernoko obra ezberdinengatik. Anne-Sophie Mutterrekin maiz grabatu du Deutsche Grammophon zigiluarentzat, ganberako musika interpretazioari Grammya jasoz, Beethovenen piano eta biolinerako sonaten grabazioagatik, baita 2006ko Choc de l’année saria ere. Brahms, Schumann eta Chopin/Franchomme konpositoreen obrak ere grabatu ditu Anner Bylsma biolontxelista holandarrarekin, eta Steven Dann biola-jotzailearekin ATMA Classique zigiluaren disko batean azaltzen da Brahmsen obrak jotzen. Bridge Records zigiluan Orkisek bakarkako diskoak kaleratu ditu, berarentzat George Crumb, Richard Wernick eta James Primosch konpositoreek idatzitako obrekin.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical