82. Donostiako Musika Hamabostaldiaren amaieraren atarian, Musika Aitzaki, jaialdiko ziklo ibiltaria Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumera helduko da. Abuztuaren 26an, ostegunarekin, 19:30ean, Antton Valverdek Gaua. Ausentziaren itzala diskoa aurkeztuko du, diskoaren grabazioan bertan parte hartu zuten Francisco Herrero biolinistak eta Iván Carmona biolontxelo-jotzaileak lagunduta. Iazko Musika Hamabostaldian Xabier Leteri egin zitzaion Hor zaude nonbait omenaldian oholtzako kide izan zuen Joxan Goikoetxea akordeoilaria ere arituko da kontzertuan. Era berean, Harkaitz Cano idazleak ere hartuko du parte osteguneko saioan.
Hain zuzen, Harkaitz Cano eta Arkaitz Mendozaren Malgu da gaua disko-liburuak (Etxepare institutua, 2014) inspiratu zituen diskoko hiru kantu berrienak, itxialdi garaian konposatutakoak. Gainontzekoak egile klasiko zein berrien testuetan oinarritutakoak dira, aurretiaz konposatutakoak: besteak beste, Xabier Lete, Lauaxeta, Anjel Lertxundi eta Elisa Rueda. Izenburu iradokigarri horrekin, Gaua. Ausentziaren itzala, kantu berrien bilduma aurkezten digu Antton Valverdek; lan intimista da, apainduratan urria eta fin-fina, presarik gabe gozatzeko modukoa.
Donostian jaio zen 1943an Antton Valverde. Gaztetan musika klasikoko ikasketak egin zituen eta 60ko hamarkadan abeslari eta konpositore ibilbidea hasi zuen, betiere bere enpresari jardunarekin uztartuta. Artea-enpresa dualtasunak hainbat diziplinetako artistak ezagutzea ahalbidetu zion eta musikari, pintore, idazle, eskultorez… osatutako familia giroaren eragin handia jaso zuen. Euskal poeta nagusiak, joan den mendekoak nahiz garaikideak, musikatzeko gustu eta estilo bereziari esker hainbat disko grabatu ditu gitarraz eta gehienbat pianoaz lagunduta. 1960ko hamarkadatik hona hainbat diskotan parte hartu du, bakarka nahiz beste musikari edo idazleez inguratuta, hala nola Xabier Lete, Julen Lekuona eta Anjel Lertxundirekin. 2020an kaleratu du bere bakarkako azkena, Gaua. Ausentziaren itzala.
Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia
Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián
Tel.: 943 003 170
© Quincena Musical