ES · EU
13 hitzorduz atondutako Inaugurazio Egunarekin abiatuko da Musika Hamabostaldiaren 78. edizioa

13 hitzorduz atondutako Inaugurazio Egunarekin abiatuko da Musika Hamabostaldiaren 78. edizioa

28.07.2017
ikusi
berri
guztiak
>

Datorren asteartean, abuztuak 1, Musika Hamabostaldiak ohiko Inaugurazio Egunarekin abiaraziko du bere 78. edizioa. Donostiako hainbat txokotan, adin guztientzako ikuskizun mordoa eskainiz hasi ohi da, urtero, Musika Hamabostaldia. Aurten, tankera desberdineko 13 proposamenek osatuko dute Inaugurazio Eguna, eta, hauek bitarteko, jaialdiaren lehen hotsak Gros, Zentroa, Antiguo, Amara, Parte Zaharra eta Intxaurrondora hedatuko ditu.

 

Haurrentzako eskaintza aberasteko asmo irmoari jarraiki, Hamabostaldiak pauso bat eman du aurten, eta haurrentzako tailer bat eskainiko du estreinakoz Inaugurazio Egunaren baitan. Maushaus-ek prestaturiko “Tanjentziak” tailerrean, 78. Musika Hamabostaldiko kartela egin duen Manu Muniategiandikoetxea artistaren unibertsora gerturatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Tailerra Kursaal Auditorioko Foyer-ean gauzatuko da eta parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea (943 00 3170).

 

Halaber, Hamabostaldia musikari gazteen ikasketak sustatzeko konpromezua sendotzen darrai, Inaugurazio Egunaren egitarauaren zati handi bat bakarlari nahiz talde gazteei eskainiz. Hala, Musikenen trebatutako bi taldek beteko dituzte lau hitzordu: Quinteto Messing metalen taldea Gipuzkoako Plazan eta Urdaneta kalean ariko da, Albéniz, Wagner edota Gershwin barne hartzen dituen errepertorio eklektikoarekin. Quinteto Arimaren saioan, berriz, doinu kubatarrak eta tangoa nagusituko dira. Besteen artean, Paquito D’Rivera eta Félix Darío Morganen obrak interpretatuko dituzte Katalunia Plazan eta Miramar Jauregian. Orobat, Musika Hamabostaldiaren eta Austriako Kultur Foruaren elkarlanari esker, Inaugurazio Egunak beste talde gazte baten esku-hartzea izango du, hots, Trío Alba, pianoak, biolinak eta biolontxeloak osatzen duena. Udaletxeko Batzar Aretoak hartuko du emanaldia. Horrez gain, San Telmo Museoak barne hartzen duen Kantu Errezitaldia Hamabostaldiak musikaren kimu berriei eskaintzen dien babesaren beste adibide bat da. Zazpigarren urtez ospatuko da aurten, eta betiko legez, Ahots Teknikari Buruzko Ikastaroan parte hartu duten ikasleek eskainiko dute errezitaldia. Ikastaroa, Ana Luisa Chova eta Carles Budók zuzenduta, atzo hasi zen eta abuztuaren 1era arte luzatuko da, eta hain zuzen ere aipatu errezitaldia izango da ikastaroaren amaierako ekitaldia. 

 

Kup Taldeak eta Easo Scholak beteko dute abesbatzen ohiko lekua Inaugurazio Egunaren baitan. Lehenengoa Bartzelonatik itzuli berri da Abesbatzen Munduko Sinposiumean jardun ostean, izan ere, talde tolosarra mundu mailan hautatutako 24 abesbatzetako bat izan baita. Inaugurazio Egunerako XVI. mendetik XXI.era doan musika koralaren ibilbide bat proposatuko digu Zorroaga Elizan. Eta bestalde, Easo Scholak aurten 25. urteurrena ospatzen du eta bere kontzertuaren ardatz izango du Luis Iruarrizagaren “Missa Paschalis”, San Bizente Elizan, hain justu.

 

Horrez gain, urtero ohi bezala, gaixorik edo animo beharrean dauden pertsonak ere gogoan izango ditu jaialdiak bere lehen konpasetan eta, hau horrela, inaugurazio eguneko hainbat kontzertu zahar-etxe desberdinetan ospatuko ditu Hamabostaldi Solidarioa izenburupean: Sanitas Miramon eta Villa Sacramento Egoitzek Paula Iragorri mezzosopranoak eta Amaia Zipitria pianistak osatutako duoaren saioa hartuko dute. Cáritas-eko Aterpean, berriz, Intermezzo Coros a la Cartaren errezitaldia entzuteko parada izango da, opera, zarzuela eta euskal gaiez osatutako errepertorio zabalarekin.

 

Beste behin ere, aurreko ediziotan jasotako arrakastaren ondotik, dantzarentzat tarterik ere izango da aurtengo Inaugurazio Egunean. Batetik, Paseo Berriko Oteizaren eskultura “Rodchenko” ikuskariaren agertoki bilakatuko da. Kresala Dantza Taldeak mamitu duen sorkuntza koreografiko berri honek Alexander Rodchenko artista errusiarrean arnas hartzen duen eta XX. mendeko errusiar abangoardietan ezagunak diren hainbat ismo artistiko biltzen ditu. Eta bestetik, Víctor Ullate Balletak zabalduko du Kursaal Auditorioko programazioa “Carmen” lanarekin (abuztuak 1 eta 2). Bizeten klasikoari begiratu berri bat dakar, eta bere lehen saioan Lucía Lacarra dantzaria izango du protagonista.

 

INAUGURAZIO EGUNEKO PROGRAMA

 

 

“Tanjentziak”

Maushaus-ek prestatutako tailerra

Kursaal Auditorioko Foyer-a (11:30)

Izen ematea: 943 00 31 70

 

Trío Alba

Udaletxeko Batzar Aretoa (12:00)

 

Quinteto Messing

Gipuzkoako Plaza (12:00)

Urdaneta kalea-oinezkoen alderdia (17:30)

 

Quinteto Arima

Katalunia Plaza (12:00)

Miramar Jauregia-atzeko alderdia (18:00)

 

Kup Taldea

Zorroaga Eliza (19:00)

 

“Rodchenko”, Kresala Dantza Taldea

Oteizaren eskultura-Paseo Berria (19:00)

 

Easo Schola

San Bizente Eliza (20:00)

 

Kantu Errezitaldia

San Telmo Museoa (20:30)

 

Hamabostaldi Solidarioa

Paula Iragorri eta Amaia Zipitria

Sanitas Miramon Zahar-Etxea (11:30)

Villa Sacramento Zahar-Etxea (17:00)

Intermezzo Coros a la Carta

Cáritas-eko Aterpea-Etxerik gabeko pertsonak artatzeko zentrua (19:00)

 



Oharra: Ikuskari guztiak doakoak dira “Tanjentziak” tailerra ezik (2 euro). 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical