ES · EU
Programazioaren aurrerapena: 82. Donostiako Musika Hamabostaldia (Abuztuak 1-27)
Aurtengo Musika Hamabostaldia normaltasunerantzako aurrerapausoa izango da eta Kursaal Auditorioak berean hartuko ditu horren baitan izango diren emanaldi aipagarrienetako asko:

• Berriz ere nazioarteko orkestrak etorriko dira jaialdira: Orchestre Philharmonique du Luxembourg eta Budapest Festival Orchestra.

• Galiziako Orkestra Sinfonikoa eta Espainiako Orkestra Nazionala, jaialdian sarrien aritzen direnetakoak, jaialdian izango dira berriz ere.

• Bakarlariei dagokionez, pianoa eta biolina protagonista izango dira, horien ordezkari gailenetariko batzuen eskutik: Mitsuko Uchida, Grigory Sokolov, Elisabeth Leonskaja, Stephen Hough, Yuja Wang eta Dejan Lazic pianistak; eta Anne-Sophie Mutter, Leonidas Kavakos eta Julian Rachlin biolinistak.

82. Donostiako Musika Hamabostaldia abuztuaren 1ean abiatu eta hilaren 27an amaituko da. COVID-19ak eragindako mugek baldintzatuta bada ere, aurtengo programazioa normaltasunera aurrerapauso gisa ondu da eta aurreko jaialdien tamaina berreskuratu du, hein handi batean. Donostia izango da Hamabostaldiaren erdigunea, baina 2020an pandemiaren eraginez baztertuta geratutako zenbait eszenatoki zein ekimeni helduko diegu berriz ere; hartara, jaialdia Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat herritako kultur bizitzako eragile izango da berriro ere.

Aurrerapen gisa, eszenatoki nagusian, hots, Kursaal Auditorioan izango diren emanaldi zein errezitalen ildo nagusiak aurkeztuko dizkizuegu jarraian. Programazio hori normaltasunera itzultzeko bokazioaren adierazgarria da eta, jenderarentzat eskuragarri den eskaintzari esker, aukera bikaina izango da munduko bakarlari onenetakoak, orkestra nahiz abesbatza handiak eta askotariko errepertorioa entzuteko.

Orchestre Philharmonique du Luxembourg orkestrak zabalduko du ziklo sinfonikoa (abuztuak 1 eta 2). 2018an Donostian estreinakoz jardun eta gero, orkestra gurera itzuli da, bere zuzendari titular Gustavo Gimenoren gidaritzapean, eta Yuja Wang pianista bakarlari dela, bi kontzertu emateko. 34 urterekin bere belaunaldiko musikarien abangoardian kokatuta dagoen pianista horrek lehenbiziko aldiz ariko da Hamabostaldian. Erabateko talentuagatik, moldakortasunagatik eta interpretazio molde indartsuagatik aintzatetsia, hip-hopa maite duen Yuja Wang (“Oinarrizko izate hori atsegin dut, energia basati hori”) ezaguna da, halaber, eszenaratzea asko zaintzeagatik; arinkeriatik urrun, pianistak adierazpide gisa, bere sormena bideratzeko beste modu bat bezala defendatzen du bere janzkera. Abuztuaren 1eko kontzertuan, Yuja Wangek Rachmaninoven “Pianorako 4. kontzertua” joko du eta zera esan du horren inguruan: “Kontzertu hori jotzen dudan aldi bakoitza oparia da niretzat”. Kontzertua osotuko du Dvoraken “8. Sinfonia”k “.

Bigarren kontzertuan (abuztuak 2), Liszten “Pianorako 1. kontzertua” interpretatuko du Yuja Wangek, piano errepertorioko lanik nabamenetakoa, eta horrekin batera entzungai izango dira Ligetiren “Errumaniar kontzertua” eta Beethovenen “5. Sinfonia”.

Gustavo Gimeno aurtengo Hamabostaldiko zuzendari egoiliarra izango da. Nazioarte mailan sona handien duen zuzendarietako bat da eta Luxemburgon zuzendari titular izatearekin batera, Torontoko Orkestra Sinfonikoko zuzendari artistikoa ere bada. Hirugarren aldia du Hamabostaldian eta Orchestre Philharmonique du Luxembourg delakoarekin emango dituen bi kontzertuez gain, hirugarren bat ere zuzenduko du: Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) bere udako jardunaren baitan emango duen kontzertua, alegia (abuztuaren 8a). Horiekin batera ariko da Julian Rachlin biolinaren birtuosoa; izan ere, mundu mailako orkestra garrantzitsuenekin jo ohi du Rachlinek, horien artean, LA Phil edo Boston Symphony Orchestra. Haur prodijiotzat hartua, 1988an Eurovision Young Musicians lehiaketa irabazi zuen eta konpromezu handia du dibulgazio pedagogikoarekiko. EGOrekin batera joko du biolin eta orkestrarako pieza ezagunenetariko bat: Mendelssohnen “Biolin eta orkestrarako kontzertua, op.64”; ondoren, orkestrak interpretatuko du Bizeten “Carmen” obraren zantzurik baduen Tachaikovskyren “4. Sinfonia”.

Galiziako Orkestra Sinfonikoa, 1994. urtean lehenbiziko aldiz Hamabostaldian izan zenetik jaialdiaren historiari hertsiki lotua, Kursaalera itzuliko da (abuztuak 19). Bere titular Dima Slobodeniouk zuzendari duela etorriko da, Donostiarekin gertuko harremana duen Elisabeth Leonskaja pianista lagun duela. Ibilbide itzela du Leonskajak eta garai orotako munduko pianista onenetakoa da; berriki eman diote bizitza osoko Opus Klassik saria (musika klasikoaren alemaniar sariak). Brahmsen “Pianorako 2. kontzertua” joko du eta ondoren Rachmaninoven “Lehenengo Sinfonia” entzun ahalko da.

Xacobeo 2021 erakundeak babestutako biraren barruan, galiziar orkestrak bigarren kontzertu bat emango du Hamabostaldian (abuztuak 20). Easo Abesbatzarekin batera, Brahmsek ahots mistoentzat idatzitako “Nänie op. 82” eta “Patuaren kanta op.54” aurkeztuko dituzte. Ondoren, Tchaikovskyren “Bosgarrena” joko du orkestrak.

Horren ostean, beste kontzertu sinfoniko-koral bat izango da (abuztuak 21): eszenatokian bilduko dira Euskadiko Orkestra, Víctor Pablo Pérez; Iwona Sobotka sopranoak, Airam Hernández tenorrak eta Frederic Jost baxuak osatutako bakarlari taldea eta Donostiako Orfeoia. Batetik, Poulencen “Birjina beltzaren letaniak” eta Fauréren “Arrantzaleen Meza” pieza intimistak intepretatuko dituzte, biak ala biak ahots zurientzat; eta, bestetik, Beethovenen “Kristo olibondoen mendian” erraldoia. Víctor Pablo Pérez sarritan aritzen zen Hamabostaldian Galiziako Orkestra Sinfonikoaren titular izan zen garaian; Orfeoia laurogei bat bider zuzendu du eta Euskadiko Orkestra sarritan aritu da bere zuzendaritzapean. Jaialdian bertako abesbatzekin programa sinfoniko-koral itzelak zuzendutakoa da Víctor Pablo Pérez, horien artean, Mahleren “Bigarrena” eta “Zortzigarren”, Berliozen “Te Deum” eta Sorozabalen “Gernika”.

Espainiako Orkestra Nazionala, Hamabostaldian askotan aritu izan dena, jaialdira itzuliko da (abuztuak 25), halaber, bere zuzendari titular eta artistiko David Afkhamen eskutik. 2014. urtean lankidetzan aritzeari heldu ziotenetik, euren lanak entzuleen eta kritikaren oniritzia merezi izan du. Eta horiekin batera, aurtengoan gure artean izango ditugun bakarlari gailenetako bat: Leonidas Kavakos biolinista. Munduko orkestra nagusienen denboraldietan ohiko gonbidatua, ganbera musika ere lantzen du, besteak beste, aurten Hamabosltadian izango den Yuja Wangekin duoan. Kontzertuaren egitaraua osatuko dute Tchaikovskyren “Biolinierako kontzertua op.35” lanak eta Schumannen “Lehenengo Sinfonia”k.

Ziklo Sinfonikoa itxiko du Budapest Festival Orchestra delakoak (abuztuak 27), berriz ere Ivan Fischer sortzaile eta zuzendari artistikoak zuzenduta etorriko denak. Munduko hamar orkestra onenen artean kokatu izan duten Budapesteko Jaialdiko Orkestra askotan etorri da Hamabostaldira, 2009, 2011, 2014, 2016 eta 2018 urteetan, hain zuzen ere. Donostian aritu ondoren, Luzernako Jaialdi ospetsua ere itxiko, Yuja Wangekin batera. Kursaalen aurkeztuko duen kontzertuko egitarauan XIX eta XX mendeetako musika topatuko dugu: “Le boeuf sur le toit op.58”, Ravelen “Piano eta orkestrarako kontzertua sol maiorrean”, Satieren “Gymnopédie 1.zkia” eta Kodalyren “Galantaren Dantzak”. Obra horiek interpretatzeko, orkestrak lagun izango du Dejan Lazic pianista kroatarra. Orkestra, zuzendari eta pianistak aurrez ere bat egin izan dute Musika Hamabostadian, elkarrekin itxi baitzuten 2011n 72. Musika Hamabostaldia, Liszt eta Mahler interpretatuta.

Bestalde, Auditorioan hiru errezital azpimarragarri izango dira aurten; aukera bikaina euren ibilbide luze zein apartak mundu mailan gorengo tokian kokatutako hiru interprete hauen bakarkako lana ezagutzeko: Grigory Sokolov eta Mitsuko Uchida pianistak eta Anne-Sophie Mutter biolinistak. Grigory Sokolov, pianoaren mitoa da honezkero; bere harrigarrizko teknikagatik eta interpretazio ederrengatik mirestua, Kursaalera ekarriko ditu (abuztuak 9) Chopinen “Polones”en hautaketa eta Rachmaninoven “Hamar Preludioak”. Hona hemen joan zen martxoan Bartzelonako Palau de la Música aretoan egitarau hori bera jo ostean jasotako kritiken adibidea: “giro berean intimitatea, birtuosismoa eta zintzotasuna batu zituen harribitxi segida batean [...]. Obraren azterlan zorrotza, sakondu eta aukera berriak aurkitzeko adinako ezagutza (María Sánchez, Bachtrack); “Flipatzeko modukoa. Ez dirudi gizatiarra denik, tarteka, bere hots majikoa leuntasunetik pianoa lehertzera doala ematen duen 'forte'etako indarrera aldatzen da” (Pablo Meléndez Haddad, El Periódico).

Sokoloven ondoren, horren adinkidea izatearaz gain, bera bezala, azken hamarkadatan pianoaren mundu mailako erreferente bihurtu den Mitsuko Uchida izango da jaialdian (abuztuak 22). Aurtengo jaialdiko ezin ahaztuko hitzorduetako bat izango dugu, pianista japoniarra ezbaita sarri aritzen errezital formatuan Espainiako eszenatokietan; Schuberten inguruko egitarau monografikoa interpretatuko du: “Lau Improptus D.935” eta “Sonata sol maiorrean D.894”. Mozart, Beethoven, Schubert, Chopin, Debussy eta Schoenbergen lanen interprete gisa goraipatua, Uchida ezinbestekoa da pianoaren historia garaikidea ulertzeko eta, etorkizunera begira, Borletti-Buitoni Trust fundazioarekin lan egiten du talentu berriak bultzatzeko Musika klasikoaren arloan duen garrantziaz haratago, kultura garaikidean duen eraginaren erakusle da, esaterako, Richard Avedon, estatubatuar argazkilari ospetsuarekin lankidetzan aritu izana, “Performance” liburuan jasotakoa.

Anne-Sophie Mutter-ek berrogei urte baino gehiago daramatza biolinaren gailurrean, aitortzaz betetako ibilbide emankorrari esker (horien artean, lau Grammy sari). Lehenbiziko aldiz ariko da Musika Hamabostaldian (abuztuak 26). Tradizioarekin eta musika sorkuntza garaikidearekin konpromezua hartuta (berari eskainitako 28 pieza estreinatu ditu, besteak beste, Krzysztof Penderecki, Sofia Gubaidulina edo John Williamsek eginak), aldi berean, interprete gazteen lana bultzatzen dihardu Mutterek. Donostian Beethovenen lanen aukeraketa bat joko du, 1988. urtetik lankide duen Lambert Orkis pianistak lagunduta.

 

Beste ziklo eta eszenatokiak

Kursaal Auditorioan izango diren emanaldiez gain, 82. Musika Hamabostaldiaren programazioaren ardatza dira, halaber, beste zenbait eszenatokitan izaten diren zikloak. Eszenatoki horietako batzuk klasikoak dira honezkero, Victoria Eugenia Antzokia edo San Telmo Museoa, adibidez; beste hainbat, Tabakalera, kasurako, finkatu dira jaialdiaren programazioan; eta badira aurten berriz ere programazio horretara itzuli direnak, Arantzazu eta Chillida Leku, esate baterako. Hamabostaldiaren asmoa da Chilida Leku museoa hainbat urtean eszenatoki finko bihurtzea, bertan Shostakovichen hari kuartetoen integrala aurkezteko.

Beste proposamen horien aurrerapen gisa, Organo Zikloak Gipuzkoako organo-ondare aberatsaz gozatzeko aukera emango du berriz ere; Musikari Gazteen Zikloak oihartzuna emango dio gazteenen lanari eta Musika Aitzaki zikloak bideari ekingo dio beste behin Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko zenbait herritara herri horiekin lotura estua duten musika-proposamenak eramateko. Aurrerago emango dugu programazioaren atal horien berri zehatza.

Antzinako Musika Zikloa San Telmo Museoan eta Koruko Andre Mariaren Basilikan izango da aurten eta honakoak dira ziklo horretan ariko direnak: Anacronía Ensemble talde barrokoa (abuztuak 3), Seldom Sene flauta taldea (abuztuak 6), Forma Antiqua (abuztuak 10) eta, ahotsen tadeei dagokienez, Conductus Ensemble (abuztuak 13) eta Cappella Mariana (abuztuak 16).

Eta Ganbera Musika zikloaren baitan San Telmo Museoan eskainiko diren kontzertuen artean bereziki azpimarragaria da Stephen Hough pianistak emango duena (abuztuak 18); izan ere, bizi diren britainiar pianisten artean onenetarikoa da bera. Musikaz haragoko sorkuntza artistikoari lotua, margolaria eta idazlea ere bada Hough eta, horrezaz gain, sarritan aritzen da hizlari edo The Guardian zein The Times egunkarietako zutabegile. Espiritualtasun sakonekoa, San Telmoko klaustroan emango duen kontzertua hausnarketarako eta kontenplaziorako abagune bihurtuko da, Houghek interpretatuko duen Mompouren “Musika isila” obrak lagunduta. Zikloa osatuko dutenak dira Jesús Reina eta Judith Jáureguik osatutako biolin eta piano duoa (abuztuak 5); Carmen mezzoropranoak, Frederic Jost baxuak eta Hilko Dumno pianistak osatutako trioa (abuztuak 18); Isabel Villanueva eta François Dumondek osatutako biola eta piano duoa (abuztuak 24); eta Seikilos hari kuartetoa (abuztuak 26).

82. Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan programatutako jarduera guztiak agintaritzak ezarritako segurtasun neurriak beteta egingo dira, gure ingurukoak eta gu geu zaintzea helburu harturik, betiere.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical