ES · EU
Azucena Vieitesek egin du aurtengo Hamabostaldiko kartela
Vieitesek 83. Hamabostaldiko kartelerako aukeratu duen irudia argazki bat da edo, hobe esateko, bideo batetik hartutako irudi bat; urdina nagusi izanik, itsasoa edo ura iradokitzen ditu eta distirek, “kanpaitxoek” uda dakarkigute gogora.

Azucena Vieitesek (Hernani,1967) egin du 83. Musika Hamabostaldiko (2022ko abuztua) irudia izango den kartela. Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziaduna (1991), orain arte bere artelanak kultura bisual garaikidea aintzat hartuta burutu ditu; horretarako marrazkia edo serigrafia baliatu ditu, besteak beste. Bere proposamenen ezaugarriak dira ugaritasunaren, zatikatzearen edo errepikapenaren erabilpena, irudi absolutuarekin hausteko, eta obraren izaera iragankorra eta prozesuarekin lotutakoa.

Vieitesek 83. Hamabostaldiko kartelerako aukeratu duen irudia argazki bat da edo, hobe esateko, bideo batetik hartutako irudi bat; urdina nagusi izanik, itsasoa edo ura iradokitzen ditu eta distirek, “kanpaitxoek” uda dakarkigute gogora; ekitaldiaren testuingurua hori den aldetik, ekitaldirekin lotutako zerbait da: “atsegin dut irudia ekitaldia gertatuko den unearekin lotzea; abuztua, uda da eta gainazal batean proiektatzen den argi biziak uda hori jasotzen du”.

 

Hernaniar artistak azaltzen duenaren arabera, Hamabostaldiko kartela egiteko eskaria jaso zuenean, aukera bat baino gehiagoren inguruan hausnartu zuen eta azkenean horrelako eskariei erantzuteko erabili ohi duen teknikaren aldeko hautua egin zuen: jada egindakoaren artean bilatzea, espreski sortu beharrik gabe. Surrealismoko egiteko moldearekin zerikusia du teknika horrek, aurkitutako objektua eta ready-made delakoa (jada egindako objektua): “honezkero material asko dut gordeta: marrazkiak, serigrafiak, ebakinak, jatorrizkoak, fotokopiak, marrazki zuzenak, fotokopiatutakoak… eta karpetatan daukat dena. Horietan bilatzeari ekin eta enkargu honekin lotura izan zezaketen irudiak hautatu nituen (...). Egindakoen artean bilatzerakoan, asmoa izaten da irudian konbentzionalki agertu daitekeen hori nolabait “kortozirkuitatzea”, edukiaren eta irudiaren arteko lotura literal hori haustea, kasu honetan musikarekin, Musika Hamabostaldiarekin, musika klasikoarekin lotura (...). Zentzu horretan, hasieratik pentsatu nuen irudikapena lantzea ingurunea abiapuntu hartuta, ekitaldia, ekintza bera oinarri hartu beharrean”.

Irudiak bezala, kartelaren tipografiak ere abangoardiako mugimenduek, surrealismoak, esaterako, landutako jada egindako objektuaren ideiari erantzunten dio: “José Luis Lanzagorta diseinatzaileak proposatu zidan jaialdiko aurreko edizioetako karteletan erabilitakoen artean bilatzea. Gauzak horrela,  Ibon Aranberriren kartelera jo genuen, eta karteleko testua ebaki genuen nirean txertatzeko. Nire aburuz, emaitza oso ona da. Gainera, gustuko dut Ibonen kartelak nirean jarraipena izatea; oso ideia polita da”.

Azucena Vieitesen lana erakunde zein museo ugariren bildumatan dago: San Telmo Museoa, Reina Sofía, Gasteizko ARTIUM, Valentziako IVAM eta abar. 1994ean Erreakzioa sortu zuen beste hainbat kiderekin batera, jardun artistikoaren eta pentsaera feministaren arteko proposamenak garatzeko ekimena; eta 2020an  Berlingo 11. Biurtekoan esku hartu zuen. Bakarkako erakusketen artean, nabarmentzekoak dira obren aukeraketa bat Galería CarrerasMugica-n (Bilbo, 2021); Rehacer Break Out of Your Shell, IVAM (Valentzia, 2021); Playing Across Papers, Sala Alcalá 31 (Madril, 2020-2021); Hey Baby!, Box 27, Casal Solleric (Palma, 2018); Woollen Body, Galería CarrerasMugica (Bilbo, 2015); Tableau Vivant, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía (Madril, 2013); Fundido encadenado-Break You Nice, MUSAC (Leon, 2012) edo Oye lo que traigo, Rekalde aretoa (Bilbo, 2005).

Musikarekiko zein lotura duen galdetuta, artistak dio musika erreferentzia oso garrantzizkoa izan duela lan egiterako garaian, eta egun ere horrela dela: “lanerako oso interesagarria zaidan gune batean kokatzen nau musikak. Nolabaiteko emozioarekin lotzen nau eta irudiarekin lan egiteko garaian oso emankorra gertatzen zait hori”. Eta, aurtengo Hamabostaldiko kartelerako irudian, emozio hori, irudiaren eta soinuaren arteko bidegurutzean sor daitekeen sentsazio edo fantasia hori da Vieitesek azpimarratzen duena: “irudia lotu daiteke nolabait musikara eraman zaitzakeen begiradarekin, esperientziarekin, sentsazioarekin”.

83. edizioko kartela egiteko Hamabostaldiak luzatutako gonbidapenaren inguruan, Vieitesek zera dio: “Ilusio handiz jaso nuen. Pozarren hartu nuen, baina erantzunkizunez ere bai. Hamabostaldia ezagutzen nuen, baina edozein gipuzkoar herritarrek bezala; orain arteko kartelak ezagutzen nituen, baina ezer gehiago ez. Dena den, esan beharra dut ekimen bikaina iruditzen zaidala; ederki dago Hamabostaldia bezalako jaialdi baten kartela euskal artistei eskatzea”.

Kartel honekin, Azucena Vieitesek bat egin du Hamabostaldiaren irudi ofiziala sortu duten artistekin; horien artean, Eduardo Chillida, Vicente Ameztoy, José Luis Zumeta, Cristina Iglesias.

 

HAMABOSTALDIA KARTELETAN:

Honako hauek dira azken urteotako sortzaileak:

69 QM: Ricardo Ugarte (2008)
70 QM: Cállate la Boca (2009)
71 QM: Maider López (2010)
72 QM: Esther Ferrer (2011)
73 QM: Asier Mendizabal (2012)
74 QM: Koldobika Jauregi (2013)
75 QM: Txema G. Amiano, TGA + Asociados (2014)
76 QM: Jesús Mª Lazkano (2015)
77 QM: Elena Odriozola (2016)
78 QM: Manu Muniategiandikoetxea (2017)
79 QM: Juan Luis Goenaga (2018)
80 QM: Itziar Okariz (2019)

81 QM: Pello Irazu (2020)

82 QM:Ibon Aranberri (2021)

83 QM: Azucena Vieites (2022)

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical