ES · EU
Talentu berriak protagonista dituzten lau kontzertu Musika Hamabostaldiko Interprete Gazteen Zikloan  abuztuaren 16 astelehenetik aurrera

Talentu berriak protagonista dituzten lau kontzertu Musika Hamabostaldiko Interprete Gazteen Zikloan abuztuaren 16 astelehenetik aurrera

13.08.2021
ikusi
berri
guztiak
>
  • Musikeler gauak ere, Kutxa Kultur Gauen baitan, Tabakaleran garagardo bat edanaz zuzeneko musikaz gozatzeko bi hitzorduetan, musikari gazteak entzuteko aukera izango da.

Musika Hamabostaldiaren helburuetako bat talentu handiko musikari gazteei ikusgarritasuna eta profesionalizazioaren bidean laguntza ematea izan da beti. Duela hamarkada batetik hona, helburu hori indartuz joan da Musikenerekin ─Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiarekin─ izandako lankidetza estuari esker; izan ere, Musikeneko ikasleek jaialdiko kontzertuetan parte hartzen edo laguntzen dute. Baina jaialdiak talentu berriari eskaintzen dizkion espazioen artean garrantzitsuena Interprete Gazteen Zikloa da, aurtengoan abuztuaren 16tik 19ra bitartean egingo dena. Lau kontzertu izango dira guztira, Zikloaren ohiko egoitzan, Miramar Jauregian, alegia. Kontzertu guztiak 19:30ean hasiko dira eta 5 euroko prezio bakarra izango dute. Ziklo horrek bezalaxe, Kutxa Kultur Gauak programaren baitan abuztuaren 21 eta 22an (20:00etan) Tabakalerako 4, solairuko terrazan izango diren Musikeler gauak ere erakusleiho bikaina dira Musikeneko ikasleen talentu eta lanarentzat.

Interprete Gazteen Zikloa abuztuaren 16an hasiko da, astelehenean, Laia Barberá harpalariaren bakarkako emanaldiarekin. Harparako propio prestatutako dozena erdi moldaketa eta pieza joko ditu Barberák, garai zabala hartzen dutenak, Barrokotik hasi ─Domenico Scarlattiren K466 eta K113 sonatak─ eta XX. mendera arte: Gabriel Fauréren Impromptu op. 86, Enric Granadosen Danza oriental, Jesús Guridiren Viejo zortzico, Nino Rotaren Sarabande et toccata eta Marcel Grandjanyren Rhapsodie.

Abuztuaren 17an, Trío Sostenutoren txanda izango da: Ana Sagastizabal sopranoak, Aitor Aburto klarinetistak eta Pedro G. A. Aguinagalderomalde pianistak osatzen duten hirukoteak “Udaberri aireak” izeneko saioa aurkeztuko du, urtaro hori liedaren mundu poetikoaren bidez biltzen duena. Mozart, Spohr, Schubert eta Richard Strauss musikagile austriar-alemaniarren udaberriko kantak joko dituzte, eta baita Joseph Horovitz (1926) britainiar musikagilearen Klarinete eta pianorako Sonatinaere; pieza bukolikoa horren azken mugimenduan jazz erroa antzematen da.

Abuztuaren 18an, asteazkenean, Quintoniks boskotea izango da protagonista, Lucia Lanuza eta Alvar Tife biolinistek, Andrea Lamoca biola-jotzaileak, Nicolas Concheiro biolontxelistak eta Alberto Abengozar pianistak osatzen dute boskotea, alegia. Bi ganbera-lan erromantiko handi interpretatuko dituzte: Schumannen Op.44 kinteto joria, 1842an konposatua eta haren ganbera-lan perfektu eta eragingarrienetakotzat hartzen dena, handik aurrera kintetorako idazkeran izan zuen inpaktuagatik, eta Johannes Brahmsen Op.34 kinteto bikaina, hasieran soka boskote baterako idatzia, ondoren bi pianotarako sonata gisa berridatzia, eta, azkenik, pianorako kinteto gisa zabaldu zena. Prozesu horretan, Brahmsek elementu harmoniko nahiko aurreratuak aplikatu zizkion partiturari, eta hori dela eta oso pieza nabarmena da haren ganbera-musikako ekoizpenaren barruan.

Interprete Gazteen Zikloko azken kontzertua abuztuaren 19an izango da, eta Raúl Pérez saxofoi-jotzaileak emango du, Leonardo Moyano pianistak lagunduta. Saxofoirako errepertorio klasikoko obra ezagunen errepasoa egingo dute, eta, bidenabar, keinu batzuk egingo dizkiote jazzari. Schumannen Hiru erromantza erromantikoaz gain, XX. mendeko lau pieza interpretatuko dituzte: Fernande Decrucken Sonata do diesean, Darius Milhauden Scaramouche, Alfred Desenclosen Prelude, cadence et finale, eta joan den urtean hil zitzaigun Pedro Iturralde nafar saxofoi-jotzaile handiaren Pequeña Czarda ezaguna.

Abuztuaren 21 eta 22ko asteburuan, eta zazpigarren urtez jarraian, Musikelerren bi gau-emanaldi egingo dira, musika klasikoaren esparrura publiko berria erakartzea helburu dutenak. Ohikoa den bezala, Musikeneren baitan sortutako bi talde izango dira protagonista, Kutxa Kultur Gauak programaren baitan Tabakalerako 4. solairuko terrazan aire librean ariko direnak, garagardoa dastatuz musika zuzenean dastatzea proposatzen duen giro lasaian. Biak 20:00etan hasiko dira. Abuztuaren 21, larunbatarekin, Quinteto Iyoko Gershwin, Piazzolla, Monk eta Bernsteinen obrak interpretatuko ditu; metal boskote hori osatzen dutenak dira Juan Carlos Gualda eta Álvaro García (tronpetak), Antón Caneda (tronpa), Juan Cancer (tronboia) eta Óscar Cuartero (tronboi baxua). Eta abuztuaren 22an, igandearekin, TriQ, Guillermo Elizaga, Iker Iriondo eta Markel Pérez de Irurak osatutako perkusionista hirukoteak Seourne, Zivkovic, Aperghis, Ford, Treviño, Kalakan eta Tribeqa-ren lanak biltzen dituen programa alai eta harrigarria aurkeztuko du. Horietarako sarrerak 3 €ko (aldez aurretik) eta 5 €ko (leihatilan) salneurria dute eta prezioak edari bat hartzen du barne.

 

BIOGRAFIAK

Laia Barberá – Abuztuak 16, 19:30 - Miramar Jauregia

Hogeita bat urteko harpista katalan hau zazpi urterekin hasi zen musika ikasten. Bartzelonako kontserbatorioan jarraitu zituen gero ikasketak, eta ohorezko aipamena lortu zuen harpa eta ganbera-musikaren espezialitatean. 2017an, ESMUCen sartu zen. 2019an Donostiara etorri zen, Musikenen ikastera, eta aurten interpretazioko goi-mailako titulua lortu du, C. Icart, J. Marcou eta B. Sardinen eskutik. Duela gutxi 2020ko Igartza Musika Beka irabazi du. 2010etik 2017ra, saritua izan da hainbat lehiaketatan: 2013an, adibidez, hari pultsatuen interprete onenaren saria jaso zuen, eta 2017an, Banakako Talentuaren 1. saria, BBVA lehiaketako Gazteen kategoriaren barruan.

Gaur egun, JONDE eta JONC orkestra gazteen kide titularra da, eta ordezko kidea Gustav Mahler Academy nazioarteko orkestran. Hainbat orkestra profesionaletan jo du, hala nola Kataluniako Ganbera Orkestran, San Cugateko Ganbera Orkestran, Santa Cecília Orkestran eta Sant Cugateko Orkestra Sinfonikoan. Gainera, operan ere aritua da arpista gisa, eta, aurretik, Errege Antzokian egin du lan, Santa Cecília Orkestrarekin, eta Alemaniako Gaztedi Musikalen Junge Oper Schloss Weikersheim jaialdian.

 

Trío Sostenuto – Abuztuak 17, 19:30 - Miramar Jauregia

Trío Sostenuto ganbera-musika taldea 2020an sortu zen eta berau osatzen dutenak dira Aitor Aburto Iracizabal (klarinetea), Ana Sagastizabal Santolaria (sopranoa) eta Pedro G. Andino Aguinagalderomalde (pianoa). Elkarrengandik hain ezberdinak diren tinbreen konbinazio horrek soinu eta adierazpide berriak esploratzeko aukera ematen dio taldeari. Oso gutxiren esku dagoen gauza bat lortzen dute horrela: entzuleari hunkidurazko une, testura, kolore... ugari ekartzea gogora. Bere errepertorioan askotariko lanak biltzen dituzte, gutiz intimista eta ganbera-girokoetatik hasi eta operaren alderdirik irekienera bitartekoak.

Talde gaztea izan arren, Trío Sostenuto hirukoteko kideek eskarmentu handia dute bai ganbera-musikan, bai orkestran edo bakarlari kontzertuetan. Nazioko eta nazioarteko lehiaketetan sariak jasotakoak dira, eta nazioarteko musikari handienetako batzuekin arituak dira bai jotzen, bai ikasten.

Quintoniks – Abuztuak 18, 19:30 - Miramar Jauregia

Nicolás Concheiro (biolontxeloa), Andrea Lamoca (biola), Maria Bernal (biolina), Alvar Tife (biolina) eta Alberto Abengózarrek (pianoa) osatzen dute 2019an Musikeneren babesean sortutako talde hau. Sortu ere Schumannen Quinteto op. 44 obra interpretatzeko borondatearekin sortu zen, taldeko kideak miretsita baitzeuden obra horrekin lehenagotik ere. Taldekide bakoitzak bere irakaslea dauka Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, baina guztiak Gabriel Loidiren asteroko klaseetan batzen dira, eta Brouwer hirukotearen masterclass batean parte hartu zuten. Musikenen emandako kontzertuez gain, Vital Fundazioaren Astearte Musikaletan aritu izan dira.

 

Raúl Pérez / Leonardo Moyano – Abuztuak 19, 19:30 - Miramar Jauregian

Raúl Pérez: 1996an jaio zen, Briviescan (Burgos). Briviescako Musika Eskolan hasi zituen ikasketak, I. Peñarandarekin, eta Burgosko Kontserbatorio Profesionalean ikasi zuen gero, M. Palancares eta P. Pardorekin. 2017an, Musikenen sartu zen, eta gaur egun M.A. Lorente eta T. Bartelemyrekin ikasten du. A. Bornkamp, C. Delangle, V. David, J. Rautiola, C. Wirth, D. Gauthier, V. Lequang, N. Arsenijevic eta beste zenbaiten masterclasseak jaso ditu. Briviescako Udal Bandako eta Big Burebandeko kide da. Oreka Reed Quintet, Lauburu eta Asahi saxofoi laukoteetako eta Pimienta Negra Brass Band taldeetako kidea ere bada. Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin (BOS), Burgosko Banda Militarrarekin eta Burgosko Big Bandekin ibilia da lanean. Hori dela eta, Kursaal Auditorioan, Euskalduna Jauregian, Burgosko Antzoki Handian, Palau de Valencian, Madrilgo Teatros Del Canal antzokietan eta Donostiako Musika Hamabostaldia, Kutxa Fundazioa eta Bilboko Gaztedi Musikalak jaialdietan aritutakoa da, besteak beste.

 

 

MUSIKELER

Quinteto Iyoko – Abuztuak 21, 20:00 – Kutxa Kultur Gauak Terraza (Tabakalera)

Metalen boskote hau Musikeneko ikasleek osatua da, Vicent Boix Sanzen babespean. Taldea 2018ko irailean sortu zen Ganbera Musika irakasgaiaren inguruan, baina lehenengo entzunaldietatik eta azterketetatik taldekideak konturatu ziren merezi zuela talde horrekin lan egitea, eta proiektua profesionalizatzea erabaki zuten. 2019an, hainbat kontzertutan parte hartu zuten, besteak beste, Chillida Lekuren inaugurazioan (Hernani), Barakaldoko Musika-Música jaialdian, eta Bilboko Aste Nagusian, Inkarnazio elizan. Duela gutxi, Musikeneko orkestra-taldeentzako bakarlarien lehiaketa irabazi dute, eta, beraz, bakarlari gisa jotzeko aukera izango dute aurtengo urrian bertan, ikastetxeko Banda Sinfonikoarekin.

 

TriQ – Abuztuak 22, 20:00 – Kutxa Kultur Gauak Terraza (Tabakalera)

Guillermo Elizagak, Iker Iriondok eta Markel Pérez de Irurak osatzen duten hirukotea 2021ean sortu zen, Musikeneko perkusio taldearen ekimenez, Euskal Herrian zehar kontzertuak emateko asmoarekin. Aurretik, hirukoteak hainbat aldiz jo du Musikeneko auditorioan, eta kontzertuak eman ditu Gasteizen, Bilbon eta Iruñean.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical