ES · EU
Ballet Flamenco de Andalucía konpainiak “Naturalmente Flamenco” ikuskizuna aurkeztuko du Victoria Eugenian

Rubén Olmo eta Úrsula López koreografoek flamenkoaren sustraiak omendu nahi izan dituzte.


Seguiriyetatik, farruca eta alegríatara doazen flamenco paloekin osatuko dute ikuskizuna.



Joan den astean Víctor Ullate Ballet konpainiak Kursaalen emandako ikuskizunaren ondoren, gaur, abuztuak 26, astelehena, beste dantza hitzordu handi bat hartuko du Musika Hamabostaldiak: Ballet Flamenco de Andalucía, Espainiako flamenko konpainia entzutetsuenetako bat. “Naturalmente Flamenco” ikuskizuna aurkeztuko dute, Andaluziako dantza mota honen sustrai puruenetara eta historiara garamatzan emanaldia. Rubén Olmo eta Úrsula López-ek sortu dituzten koreografiak Victoria Eugenia Antzokian ikusi ahal izango ditugu, 20:00etatik aurrera.


Ballet Flamenco de Andalucía Andaluziako Juntaren dantza konpainia instituzionala da. 2010ean Unescok Gizateriaren Kultura Ondare ez-material izendatu zuen flamenkoa babesteko politikak sustatzen ditu konpainiak. Ballet Flamenco de Andalucía da flamenkoa bultzatu eta zabaltzeko Andaluziako Juntak duen neurrietako bat. Lehen mailako sortzaile eta interpretatzaileentzako agora bat da, eta artista andaluziarren garapen profesionala eta parte-hartzea sustatzen du. 1994tik du Andaluziako Juntak bere dantza konpainia, garai hartan Compañía Andaluza de Danza izena zuena. Espainiako eta munduko agertoki ezberdinetara eraman du flamenkoa koreografo handienen zuzendaritzapean. Horrez gain, talentu harrobi agorrezina da eta dantzaren munduko izen garrantzitsuak atera dira handik: Israel Galván, Isabel Bayón, Rafael Campallo, Belén Maya, Fernando Romero, Mercedes Ruiz, María José Franco, Juan José Jaén ‘El Junco’, Patricia Guerrero eta Rafaela Carrasco, besteak beste.


Musika Hamabostaldian egingo duen emanaldian, bere lanik berriena aurkeztuko du Ballet Flamenco de Andalucíak: “Naturalmente Flamenco”. Honela deskribatzen dute sortzaileek: “gizateriaren ondare den arte hau azaltzeko modu zintzo eta autentikoa da” eta “Ballet Flamenco de Andalucía osatzen dutenen ezagutza batzearen emaitza da. Flamenkoarekiko pasio handia duten profesionalak dira horiek guztiak eta asko dute esateko arte honen inguruan”. Rubén Olmok kolaboratu du koreografian —Ballet Flamenco de Andalucíaren zuzendari ohia da eta Dantzaren Sari Nazionala jasotakoa—, Úrsula López —konpainiako dantzari errepikatzailea— aritu da arte koordinazio lanetan eta gainerako kideek ekarpen aktiboak egin dituzte. Horrek guztiak eraginda, argi agertzen da ikuskizunean Ballet Flamenco de Andalucíaren etengabeko formazio prozesua.


Errepertorio flamenkoko hainbat palo azaltzen dira “Naturalmente flamenco” laneko zazpi zatietan. “Tuétanos” izeneko lehen zatia konpainia osoak dantzatuko dituen romance, buleria eta jaleoek osatuko dute. “En soledad” izeneko bigarrena Borja Cortés dantzariak interpretatuko duen farruca bat da. “Piel y arena” izeneko zatian tientoak dantzatuko dituzte eta “Raíz” zatian seguiriya egingo dute. “Dulce caña” deituriko bosgarren zatia cañaren erritmoan oinarrituta dago, eta Úrsula Lópezek interpretatuko duen “Alegría de Córdoba” soloa alegrienetan. “Ayer y mañana” ikuskizunaren amaiera Morón de la Fronterako (Sevilla) folkloreari eskainiko diote.



Biografiak


Ballet Flamenco de Andalucía


Andaluziako Juntaren dantza konpainia erkidego horren ordezkaria da, eta mundu osoko eszenatokietara eramaten du horko arte berezia. Lorpen handiak izan ditu konpainia gisa, eta sari eta aipamen ugari jaso ditu bere ibilbide luzean: Koreografiako Sari Nazionala, Max Sariak eta hainbat Giraldillo sari Flamenkoaren biurtekoan. Konpainia publikoa denez, aukerak ematen dizkie sortzaileei, eta dantzaren eta musikaren alorreko talentu berriak bilatzen ditu. Flamenkoaren historiako izen handien sorleku izan da, eta aipagarria da Mario Maya, José Antonio Ruiz, María Pagés eta Cristina Hoyosek utzi duten arrastoa, eta baita konpainiatik igaro diren koreografoek utzitakoa ere: Manolo Marín, Eva Yerbabuena, Fernando Romero, Isabel Bayón, Javier Latorre, Rafael Campallo, Javier Barón, Manolete, Antonio Gades, Alejandro Granados, Rubén Olmo eta Rafaela Carrasco. Horiei guztiei eta Andaluziako Ballet Flamenkoa osatzen duten langile artistiko, tekniko eta ekoizpenekoei esker, urrunago iritsi dira Andaluziako erkidegoa eta flamenkoa, mila funtzio inguru eskainita, bost kontinenteetan.



Úrsula López


Montillan (Kordoba) jaio zen 1976. urtean, eta espainiar dantzan eta dantza klasikoan graduatu zen. Sevillan ikasi zuen flamenkoa, Manolete eta Manolo Marín irakasleekin. 1996an, Dantzako Andaluziar Konpainian sartu zen (gaur egun Andaluziako Ballet Flamenkoa), eta bakarlari gisa jardun zuen bertako ikuskizun guztietan. Flamenkoko jaialdi nazional eta nazioarteko nagusietan parte hartu du bere konpainiarekin, eta maila handiko artistekin jardun du lankidetzan: R. Campallo, Dorantes, J. Ruibal, A. Marín. Aipatzekoa da Espainiako Ballet Nazionalaren artista gonbidatua izan dela, José Antonio Ruizen zuzendaritzapean.






Rubén Olmo


Espainiar dantzan eta dantza klasikoan lizentziaduna Sevillako Kontserbatorioan, gailentzen hasia den koreografo eta zuzendaria da. Ibilbide zabala egin du dantzari gisa, eta sari ugari jaso ditu, hala nola Pilar López saria interprete onenari, Giraldillo saria koreografia onenari “Tranquilo alboroto” (2010) lanagatik, eta Giraldillo saria zuzendaritza onenari “Bailando una vida” (2016) lanagatik. Dantzako Sari Nazionala izan zen 2015ean, interpretazioaren modalitatean. Dantzako Andaluziar Zentroan aritu da irakasle, eta hainbat lankidetza egin ditu Víctor Ullate balletean, Errege Antzokian eta beste hainbatean. Espainiako Ballet Nazionalaren zuzendari izendatuko dute 2019ko irailean.

 

 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical