ES · EU
Musika Hamabostaldiaren Musika Garaikideko Zikloak  proposamen berritzaileenak eskainiko ditu

· Bost kontzertuk osatuko dute zikloa. Lehenengo lau kontzertuak Kursaaleko Areto Balioaniztunetan izango dira, eta azkena, berriz, Musikeneko Auditorioan.

· Mario Ruiz, Raquel García-Tomás eta Mikel Urquiza musikagileek idatzitako hiru lan estreinatuko dira.


Abuztuaren 19az geroztik, igandea, sorkuntza berriko musika izango da protagonista Musika Hamabostaldiaren Musika Garaikideko Zikloan, horixe baita jaialdiak ikus-entzule kezkatsuenei eta joera berritzaileenetan diharduten musikagile eta interpreteei eskaintzen dien topalekua. Bost proposamen izango ditu guztira zikloak, iaz baino bat gehiago, eta abuztuaren 19an, 21ean, 25ean, 28an eta 30ean izango dira, hurrenez hurren. Lehenengo lauak zikloaren ohiko agertokian izango dira, hau da, Kursaaleko Areto Balioaniztunetan, eta azkena, berriz, Musikeneko Auditorioan izango da; iaz eskaini zen bertan lehenengo aldiz ziklo honetako kontzertu bat. 

Musika Hamabostaldiaren aurtengo programazioa egituratzen duen "Mitoa eta Tradizioa" gaiari lotuta, Musika Garaikideko Zikloak zubiak zabalduko ditu iraganaren eta etorkizunaren artean, hau da, XX. mendeko modernismo musikalaren eta hotsaren bitartez beste adierazpide batzuk bilatzen dituzten egileen sorkuntza-lanen artean. Musika berria hainbat erabateko estreinaldirekin sendotuko da: Mario Ruiz, Mikel Urquiza eta Raquel García Tomás musikagileek izenpetutako hiru partitura berrirekin, hain zuzen ere. 

Mario Ruizen “Aus del Dämmerung” abuztuaren 19ko Gerhard Kuartetoaren kontzertuaren barruan entzungo da lehen aldiz; horixe izan da, hain justu, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Pablo Sorozábal Konposizio Lehiaketaren azken edizioan irabazi duen partitura. Abuztuaren 21ean, Cosmos Quartet eta Noelia Rodilesek emango duten kontzertuan, beste bi lan estreinatuko dira: “Così mostraste a lei i vivi ardori miei”, Raquel García-Tomás sortzaile katalanarena; eta “Cinco sólidos perfectos y una mariposa”, pianorako kintetoa, Musika Hamabostaldiak  Mikel Urquiza bilbotar musikagile gazteari agindua. 

Estreinaldi horiez gainera, zikloak hainbat aukera eskainiko ditu originaltasun handiko konbinazio instrumentaletara hurbiltzeko, hala nola Ensemble C Barré taldearena, hari pultsatuko eta elektronikako tresnez osatua; europar konposizioaren azken joerak ezagutzeko, United Instruments of Lucilin-en eskutik; eta Atlantikoaren bi itsasertzen arteko harreman musikalei behatzeko (Estatu Batuak eta Espainia), Música Práctica talderen emanaldian. 

Informazio +

 

 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical