ES · EU
Proposamen berritzaileenak hartuko ditu, bihar hasita, Musikagileak Musika Garaikideko Zikloak
  • Kursaaleko Erabilera Anitzeko Aretoetan egingo den zikloak bost kontzertu hartuko ditu abuztuaren 21etik 30era


  • Jagoba Astiazaran eta Gabriel Loidi musikari donostiarrek idatzitako bi obra estreinatuko dira aurtengo zikloan



Igande honetan hasita, abuztuak 21, abangoardiaren azken joeretan murgilduta dabiltzan musikagile eta interpreteek euren tokia izango dute Musika Hamabostaldian. Musikagileak, Euskal Herriko Musikagileen Elkartearekin (1997an sortu zen, musika-sorkuntza eta sortzaileak berak zaintzeko helburuarekin) elkarlanean atondu den ziklo hau Kursaaleko erabilera anitzeko aretoetan gauzatuko da. Emanaldi guztiak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira.

Aurten, Musikagileak Musika Garaikideko Zikloak, gerraondoko abangoardiaren ondarea berreskuratuko du, eta ondorengo belaunaldien musikarekin kontrastatuko. Tamara Stefanovichek (abuztuak 22) eta Cuarteto Bretón laukoteak (abuztuak 30) Boulez, Stockhausen, Reich eta Crumben lanak eskainiko dituzte; egile horiek soinu-mundu guztiz berriak asmatu zituzten 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetan. Ensemble NeoArs Sonora taldeak (abuztuak 26) laurogeietan eta laurogeita hamarretan gertatu zen Modernismoaren eta Posmodernismoaren arteko eztabaida dialektikoan murgilduta egon ziren egileen musika proposatuko digu. Miquel Bernatek (abuztuak 29) eta Moscow Contemporary Music Ensemble taldeak (abuztuak 21), bestalde, konpositore gazteak aurkeztuko dizkigute, esaterako, Raphaël Cendo, Alexei Sysoev edota Jagoba Astiazaran

Ohizkoa denez, Hamabostaldiak musika- proposamen berritzaileenei eskaintzen dien ziklo honek erabateko hainbat estreinaldi hartuko ditu, bi, hain justu, Jagoba Astiazaran eta Gabriel Loidi musikari donostiarrek sinatutako lanen estreinaldiak. Lehenegoa, Jagoba Astiazaranen “…Como la mar” lanaren estreinaldia, abuztuaren 29ko kontzertuan egingo da Miquel Bernat eta Espacio Sinkro musika elektronikoko taldearen eskutik. Gabriel Loidik idatzitako “Cuarteto nº 4” partitura berriz, Cuarteto Bretón laukoteak emango du estreinekoz, egun bat beranduago, abuztuaren 30ean.

Urtero legez, Musikagileak Musika Garaikideko Zikloak sorkuntza-lan urratzaileenak ezagutzeko abagune ezinobea eskainiko du ondorengo talde eta interpreten eskutik:

MOSCOW CONTEMPORARY MUSIC ENSEMBLE – abuztuak 21, 20:00

Victoria Korshunova eta Mikhail Dubov pianistek, Ivan Bushuev flautistak, Oleg Tantsov klarinetistak, Vladislav Pesin biolinistak eta Ilya Rubinshtein biolontxelistak osatzen duten taldea izango da zikloari hasiera emango diona. Interpretatuko duten programak Alexei Syosev, Georgy Dorokhov, Alexander Khubeev, Dimitri Kourliandski eta Olga Raeva bezalako musikari errusiarren lanak izango ditu oinarri baina, lan hauek, Gabriel Erkorekaren “Ametsak” edota Maria Eugenia Luc-ek  “Eta hostoz hosto” bezalako euskal konposagileen obrekin harremanetan egongo dira.

1990. urtean sortu zenetik, Moscow Contemporary Music Ensemble (MCME) formazioak XX eta XXI.mendeetako musika sustatzea izan du helburu nagusi, eta hau horrela, errepertorio horretan espezializatuak diren musikariek osatzen dute taldea. Formazioaren jarduera-eremuaren baitan dago hezkuntza ere, konposizioko ikasle gazteen lana irmo sustatzen duelarik. MCMEk, denboraldi bakoitzean, 70 kontzertu baino gehiago eskaintzen ditu errusiako hainbat hirietan eta beste hainbat herrialdeetan, hala nola, Italia, Japonia, Erresuma Batua, Frantzia edo Estatu Batuak. 2013an, Golden Mask saria jaso zuen taldeak.


TAMARA STEFANOVICH – abuztuak 22, 20:00

Tamara Stefanovich pianista mundu osoan da ospetsua bere interprezioengatik eta kritika espezializatuak ere askotan nabarmendu izan du bere lana. Horrez gain bera da Pierre Boulez-en ondarea ondoen ezagutzen duen artista eta, hau horrela, abuztuaren 22an eskainiko duen kontzertuaren bigarren zatia, oso-osorik, urte hasieran zendu zen konposagile frantsesari eskainitakoa izango da. Hamarkada luzeetan barna Boulez musika garaikidearen izen nagusia izan da musikagile bezala eta baita zuzendari, teoriko eta zabaltzaile bezala ere. Stefanovich-ek Boulez-en “Sonata nº 2” obra interpretatuko du; pianorako errepertorio modernoan zutarritzat hartzen den partitura hain zuzen.

Kontzertuaren lehenengo zatian, Yugoslavia ohian jaiotako pianistak, beste bi musikari garaikide handiren obrak, Olivier Messiaen eta Karlheinz Stockhausen-ak eskainiko ditu.


ENSEMBLE NEOARS SONORA – abuztuak 26, 20:00

Taldea 2008an sortu zen, musika garaikidearen interpretazioan eta konposizioan bere kideek duten esperientziatik abiatuta eta, hain justu, eremu horiek bultzatzea eta eremu horietan bikaintasuna sustatzea du helburu nagusia. Juan Carlos Chornet (flauta), David Calvo (klarinetea), Eugenio Pérez (tronpa), Noelia Arco (perkusioa), Antonio Jesús Cruz (pianoa), Atsuko Neiirishi (biolina) y Kathleen Balfe (biolontxeloa)-k osatzen dute taldea. Musika garaikidearen alorreko jaialdi eta ziklo garrantzitsuenetan parte hartzen du: Santarderko Nazioarteko Jaialdian, El Escorial-eko Udako Jaialdian, CNDMen Series 20/21 zikloan, BBVA Fundazioaren Musika Garaikideko Kontzertu Zikloan. Eta barretan esate baterako.

Abuztuaren 26an eskainiko duten kontzertuan programa eklektiko eta orotarikoa eskainiko dute, Kaija Saariaho, Isabel Urrutia, Gabriel Erkoreka, Alfredo Aracil, George Crumb eta José Rio-Pareja-ren lanak oinarri hartuta.


MIQUEL BERNAT & ESPACIO SINKRO – abuztuak 29, 20:00

Abuztuaren 29ko astelehenez, Miquel Bernat perkusionistak ikuskizun multidisziplinarra aurkeztuko du Espacio Sinkro musika elektronikoko taldearekin batera. Musika, gestualitatea eta alderdi bisuala uztartuz, José Manuel López López, Matthew Shlomowitz, Raphaël Cendo eta Mark Applebaum-en obrak eskiniko dituzte, Miquel Bernat berak eta Horacio Vaggionek elkarrekin  idatzitako konposizio batekin batera. Gainera, kontzerturen bigarren zatian, Joseba Astiazaran musikari donostiarrak idatzitako “…Como la mar” partitura estreinatuko dute.

Miquel Bernat nazioarteko dinamizatzaile handienetako bat da, eta lan handia egin du perkusioaren zabalkundean eta azken honi baliabide artistiko gisa sendotasuna emateko zereginean. Bere lanean – zuzendari, irakasle, musikagile edo interpretatzaile gisa -, era askotako musika lantzen du: eruditua, experimentala, elektronikoa, herri-musika… hainbat eremu artistikoarekin interakzioan.
Espazio Sinkro disziplinarteko  talde bat da, eta sokuntza garaikideko hainbat proiektu musikaletan parte hartzen du, teknologia berrien alorrean bereziki. Musika garaikideko errepertorio berriaren sorkuntzan eta zabalkundean aritzen da, eta orobat lantzen ditu musika elektroakustikoa, experimentala, inprobisazioa, multimedia-instalazioak, musika-pedagogia, etb.


CUARTETO BRETÓN – abuztuak 30, 20:00

Anne Marie North (biolina), Antonio Cárdenas (biolina), Iván Martín (biola) eta John Stokes (biolontxeloa)-k osatzen duten Cuarteto Bretón laukoteak itxiko du aurtengo Musikagileak, Musika Garaikideko Zikloa. Abuztuaren 30ean eskainiko duten kontzerturako atondu duten programak George Crumb eta Steve Reich-en lanak hartzen ditu, eta baita Gabriel Loidi musikari donostiarrak idatzitako “Cuarteto Nª 4” lanaren erabateko estreinaldia ere.

Laukote hau 2003.urtean hasi zen osatzen, ganbera-musikako hainbat taldetan esperientzia luzea zuten lau musikarik bat egin zutenean jabeturik Espainiako musikagileen laukoteak ezagutzera emateko premia zegoela, generoa sortu zenetik sorkuntza berrienetara. Oso errepertorio zabala du gainera taldeak. Garrantzi handiko areto eta jaialdietan eskaini ohi ditu kontzertuak, hala nola, Madrilgo Musika Auditorio Nazionalean, Reina Sofía Auditorioan, El Escorial-eko Udako Zikloan, Teatros del Canal-en….


Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical