ES · EU
Entzuleen erantzuna bikaina izan da 81. Donostiako Musika Hamabostaldian, eta kontzertuetarako sarrerak gehienak agortu dira

Entzuleen erantzuna bikaina izan da 81. Donostiako Musika Hamabostaldian, eta kontzertuetarako sarrerak gehienak agortu dira

28.08.2020
ikusi
berri
guztiak
>

Ikusleen jarrerari esker bermatu da segurtasuna jaialdian. 81. Musika Hamabostaldian Osasun egoeragatik hartutako neurriak betetzeko prestutasun handia izan dute.

Aurtengo edizioan 101 kontratu artistiko sortu dira, eta 495 lan kontratu ere aktibatu dira, Hamabostaldiarentzat abuztuan zehar egin duten enpresen bidez. Egitarauak 525.490 euroko gastua eragin du, eta leihatilako diru-sarrerak 112.435 eurokoak izan dira.

Euskal artista esanguratsuek parte hartu dute jaialdian, haien artean nazioartean ibilbide oparoa egiten ari diren Xabier Anduaga eta Elena Sancho-Pereg.

Kursaal Auditorioaz gain, San Telmo Museoa eta Tabakalera izan dira jaialdiko oholtza nagusiak, eta kontzertuotarako sarrera guztiak agortu dira.

Bihar, abuztuak 29, Les Musiciens du Louvre talde historizistaren eskutik amaituko da 81. Musika Hamabostaldia. Amaiera kontzertu horretan, egoitza Grenoblen duen orkestrak Mozarten bi sinfonia interpretatuko ditu, 39. sinfonia eta 41.a, “Jupiter” izenez ezagunagoa, Marc Minkowski zuzendariaren batutapean. Hala, berrogeita hamar hitzordu inguru bildu dituen Musika Hamabostaldia bukatuko da, ezohikoa eta gogoangarria, osasuna bermatzeko neurriei, eta entzule, musikari nahiz bestelako langileen prestutasunari esker aurrera egin duena, kultur ekitaldiak seguruak izan daitezkeela frogatuz.

Ohi denez, Kursaal Auditorioa izan da Musika Hamabostaldiaren gune garrantzitsuenetako bat. Era berean, aurtengoan, nabarmentzekoa izan da San Telmo Museoak eta Tabakalerak musikari eskaini dioten aterpea eta ikus-entzuleek espazio horietako kontzertu, ikuskizun eta bestelako ekitaldiekiko izan duten erantzun ona eta konfiantza.

Hala, Kursaal Auditorioan une gogoangarriak bizi izan dira, lehenik, Euskadiko Orkestraren malgutasuna eta zuzendari nahiz bakarlari ezberdinekin lan egiteko gaitasuna agerian utzi duten hiru kontzerturekin. Horietatik lehenengoan, Semyon Bychkov zuzendari errusiarrak gidatu zuen euskal orkestra (abuztuak 8), Beethovenen obraz, Obertura “Coriolano” op. 62 eta 3. Sinfonia “Heroica”, osatutako programa interpretatuz. Bychkoven izena Hamabostaldiaren edizio honetako lehen egitarauan ere bazegoen, Txekiar Orkestra Filarmonikoaren zuzendari titular bezala etortzekoa baitzen errusiarra. Lehen egitarau hura bertan beera geratu zenean, errusiar zuzendariak Hamabostaldian euskal orkestrarekin parte hartzeko konpromisoa hartu zuen, konfinamendua Euskal Herrian bertan igaro zuela baliatuz.

Xabier Anduaga tenor donostiar gaztea izan zuen protagonista orkestra aritu zen bigarren kontzertuak (abuztuak 15), Robert Treviño zuzendari titularraren batutapean. Entzuleak hunkitu zituen eta txalo zaparradak bete zuen Kursaal, oparoa izaten ari den tenorraren ahotsa entzun ondoren. Rossini, Donizetti, Lara, Sorozabal eta beste hainbat konpositoreren obrak interpretatu zituen. Hau izan da tenorrak bere jaioterrian, Donostian errezital bat eman duen lehen aldia, atzerriko taula garrantzitsuetan aritu ondoren: Théâtre des Champs Elysées, Ancona, San Petersburgoko Mikhailovsky antzokia, Madrilgo Auditorio Nazionala, Budapesteko Müpa, Buenos Airesko Colón antzokia, Musikverein Viena… eta 2019an Operalia kantu lehiaketako lehen saria irabazi ondoren.

Euskadiko Orkestrak Musika Hamabostaldian emandako azken kontzertuan (abuztuak 19), Juanjo Mena zuzendariak eta Asier Polo biolontxelistak hartu zuten parte, Haydn eta Beethovenen obrak interpretatuz. Mena eta Polo azken aldiz elkarrekin Hamabostaldian 2017an izan ziren, BBC Philharmonic-ekin jotzen.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak (abuztuak 21) hartu zuen jarraian auditorioko kontzertuen lekukoa. Kontzertu hartan Erik Nielsen aritu zen zuzendari lanetan eta Javier Perianes espainiar pianista entzutetsua izan zen kontzertuko bakarlaria, Musika Hamabostaldiarekin harreman estua duena eta errezital nahiz kontzertuz betetako agenda duena. Mozarten piano kontzertuetatik bi eta Prokofieven 1. Sinfonia “Klasikoa” interpretatu zituzten elkarrekin.

Auditorioko kontzertu handietan Grigory Sokolov pianoaren maisu errusiarra ere aritzekoa zen (abuztuak 16), baina Italian bizi den musikariak egun batzuk lehenago erabaki zuen kontzertua bertan behera uztea, italiar gobernuak Covid-19a dela eta ezarritako neurri berriengatik.

Aurtengoan Musika Hamabostaldiko egoitza nagusi bilakatu den San Telmo Museoko egitaraua izan da, esan bezala, jaialdian arrakasta eta erantzun onena izan dutenetako bat. Hain zuzen, kontzertu horietarako eskuragarri jarritako sarrera guztiak agortu dira. Museoko murruen artean, klaustroan eta elizan, ospatu dira, Inaugurazio kontzertuaz gain, ondoko zikloak ere: Antzinako Musika, Musika Garaikidea eta Ganbera Musika.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) Inauguratu zuen 81. Musika Hamabostaldia, abuztuaren 1ean. Eguraldia lagun izan ez zuen arren, entzuleak bereganatzen jakin zuten gazte orkestrako hari, haize eta perkusio atalek, Rubén Gimenok eta Rodolfo Epeldek zuzendutako kontzertuan.

Hurrengo egunean bertan hasi zen Antzinako Musika zikloa, Euskal Barrokensemble taldea taulara igotzearekin batera (abuztuak 2). Enrike Solinisek lautearen soinua aldarrikatu zuen Couperin, Bach, Haydn eta beste hainbat konpositore interpretatuz. Capilla Santa Maríak (abuztuak 3) amodioari eskainitako programa osatu zuen, Carlos Mena kontratenorraren gidaritzapean. Antonio Caldara eta biolontxeloa izan ziren, ostera, La Ritirata taldearen kontzertuko (abuztuak 4) protagonistak. Konpositorearen 350. jaiotza urteurrena ekarri zuten gogora emanaldiarekin. Azkenik, El León de Oro asturiarrek (abuztuak 9) “Margarita pretiosa” izeneko kontzertua eman zuten Museoko elizan.

Elizan ospatu zen bigarren emanaldia, kontzertua ez ezik, lekua bera eta ingurunea kontuan hartu zituen zentzumen anitzeko esperientzia izan zen. Laboratorio KLEM taldeak (abuztuak 6) inauguratu zuen, hala, Musika Garaikideko zikloa. Iñigo Ibaibarriagak zuzendutako kontzertuan kanpai hotsak eta mugimendua izan ziren nagusi. Klaustrora itzulita, Gerhard Laukoteak (abuztuak 17), Robert Gerhard konpositore kataluniarra omendu zuen bere heriotzaren 50. urteurrenean, eta Gabriel Loidi euskal konpositorearen obra berri bat ere estreinatu zuen. Beste laukote batek, Granados Laukoteak eman zion amaiera Musika Garaikideko zikloari (abuztuak 22), Domínguez, Erkoreka eta Bartók konpositoreen obraz osatutako programarekin. Granadoseko kideek ere obra bat estreinatu zuten: Pablo Sorozabal konposizio lehiaketaren irabazle izan zen Francisco Domínguezen “Tarab”. Beste urte batzuekin alderatuz, arrakasta handia izan du Musika Garaikideko zikloak, eta kontzertuotako sarrera guztiak agortu dira.

Ganbera Musika izan da San Telmoko egitaraua biribildu duen zikloa. Lehen kontzertua Locum Congregatiok (abuztuak 20) eman zuen, Beethovenen obraz osatutako programarekin. Ondotik, Elena Sancho-Pereg sopranoa, nazioarteko ibilbide esanguratsua duena, eta Paula Iragorri mezzosopranoa, donostiarrak biak, aritu ziren (abuztuak 25), “Caprichos” izeneko programa ematen, Haendel, Offenbach, Bernstein eta beste hainbat konpositoreren obrak abestuz. Natasha Tchitch biola-jotzailea eta Marta Zabaleta (abuztuak 27) pianista izan dira Ganbera Musikako zikloa eta, era berean, San Telmo Museoko egitaraua ixteko eginkizuna izan dutenak: Brahms, Hersant, Ascot, Part eta Franck-en obrekin esan diote adio museoko klaustroari.

Jaialdiko Organo Zikloa izan da, lehen begiratuan, aurreko urteetako Hamabostaldietakoekiko antzekoena, hamahiru kontzertuk osatu baitute, Gipuzkoako organo ondaren aberatsa lekuko. Abuztuaren 2tik 9ra bitartean, emakume organistak protagonista izan ditu zikloak. Horrez gain, jaialdiko Musika Aitzaki zikloan ere izan dira organo kontzertuak. Organo egitarauan maiz parte hartu duten Loreto Fdez. Imaz, Juan de la Rubia, Alize Mendizabal edo Ana Belén García organistez gain, besteak beste, ahotsek eta bestelako instrumentuek ere hartu dute parte zikloan. Hala nola Ainhoa Zubillaga eta Lucía Gómez mezzosopranoek, Garikoitz Mendizabal txistulariak, instrumentu multietnikoak jo dituen Pablo Mezzelani musikariak… Tamalez, Organo Erromantikoaren Nazioarteko Ikastaro arrakastatsua, nazioarteko eta bertako ikasleak hartu ohi dituena, eta aurten 37. aldiz ospatzekoa zena, bertan behera geratu da aurtengo edizioan.

Tabakalerako espazio ezberdinetan ospatu diren zikloak Dantza eta Haurren Hamabostaldia izan dira, Tabakalerarekin lankidetzan antolatutako egitarauekin. Musikeler ere Tabakalerako terrazetan ospatu da, Kutxa Kultur, Musikene eta Kelerrekin lankidetzan.

Dantzak hitzordu nagusi bat izan ohi du Hamabostaldian. Aurten eszenaratze sinplifikatuagoa eta dantzari kopuru mugatuagoa zuten ikuskizunak proposatu nahian, bat baizik, hiru izan dira Hamabostaldiak dantzarekin izan dituen hitzorduak, bertako artista esanguratsuak protagonista izan dituztenak. Gainera, emakumearen ahalduntzea izan dute ildo nagusi hiru ikuskizunek. Ikuskizun hauetarako ere sarrera guztiak agortu dira.

Tabakalerako patioan ospatutako lehen dantza hitzorduan Iker Murillo, Vitali Safronkine eta Haatik Dantza Konpainiak hartu zuten parte (abuztuak 5). Murillo eta Safronkinek estilo neoklasikoko bi duo eskaini zituzten, eta Haatik Dantza Konpainiak dantza garaikidea eta euskal dantzetako hainbat pauso uztartu zituen, emakumearen ahalduntze prozesu historikoa ikustaraztea xede zuen pieza dantzatuz. Lasala Dantza Konpainiak (abuztuak 12), Judith Argomaniz zuzendari eta koreografoak gidatuta, beste hiru pieza eraman zituen taula gainera, estilo garaikidekoak horiek ere. Aukeran Dantza Konpainiak (abuztuak 18) eman zuen azken dantza ikuskizuna, ohi duen bezala, euskal dantzak eta dantza garaikidea uztartuz.

Haurren Hamabostaldiari dagokionez, bi ikuskizunek bete dute oholtza: “Sagutxo tuntuna” ikuskizunak abuztuaren 8an eta “Zu haitz ez” lanak abuztuaren 22an. Lehenengoa Xostakovitx-en haurrentzako operan oinarritutako lana izan zen. Bigarrena, berriz, erabateko estreinaldia izan zen, Easo Eskolania eta Gazte Abesbatzaren eta Mafalda Saloio artistaren lankidetzatik sortua, musikaren eta naturaren arteko lotura irudikatu zuena.

Entzule berriak eta ezohiko publikoa jaialdira erakartze aldera, Musika Hamabostaldiak zenbait ekimen abiarazi zituen 2015. urtean. Testuinguru horretan sortu zen Musikeler, Keler-en eta Musikene-ren (Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegiaren) lankidetzarekin sustatutako egitasmoa. Zuzeneko musika garagardoa dastatu bitartean entzuteko aukera ematen du, giro informal eta lasaian. Aurten, ziklo horretan aritu dira, arrakasta handiz, Oreka Bostotea, Juan Laboreria baritonoa eta Zilarra Boskotea, Tabakalerako laugarren solairuan.

Donostiako txoko ezberdinetara ez ezik, Donostiatik kanpo Gipuzkoako hainbat herritara eta Arabara ere eraman du Musika Hamabostaldiak bere egitaraua. Gipuzkoako kasuan, Organo zikloko kontzertuez gain, Musika Aitzaki zikloarekin, Zumaia, Tolosa, Urretxu, Errenteria, Getaria eta Urnieta izan ditu oholtza jaialdiak. Askotarikoa izan da ziklo horretako eskaintza, eta hainbat izan dira gogora ekarritako data esanguratsuak: Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena, Errenteriaren sorreraren 700.a, Xabier Leteren heriotzaren 10. urteurrena… Hamabostaldia Araban, era berean, bost kontzertuk osatu dute: Argantzonen, Araian, Amurrion, Agurainen eta Oionen, hurrenez hurren.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical