ES · EU
“Hirira”,  Musika Hamabostaldiaren ekoizpen berria haurrentzako zein familiarteko publikoarentzat
  • Haurren opera honen erabateko estreinaldia izango da bihar asteartea, abuztuaren 10ean Victoria Eugenia Antzokian.

  • Proiektua Easo Abesbatzako haurrek garatu dute, Gorka Mirandaren zuzendaritza zein koordinaziopean eta Mafalda Saloioren zuzendaritza artistiko zein eszenikoaren pean.

 

Bihar asteartea (abuztuak 10) Victoria Eugenia Antzokiko eszenatokira iritsiko da Hirira haurren opera, harrentzako eta familiarteko publikoarentzako Musika Hamabostaldiak ekoitzitako ikuskizun berria. Muntaia berri honek 2018ko Hamabostaldian estreinatutako Itsasotik eskolara ikuskizunaren ildo beretik, Hirira opera ere Musika Hamabostaldiak, haur zein familientzako ikuskizunak ekoizteko ez ezik, erabat arlo orotan haurrek garatutakoak diren ikuskizunak ekoizteko asmotik sortua da; alor artistikoaz gain, gizarte, kultur eta jasagarritasun gaiak aintzat hartzen dituzten ikuskizunak, alegia. Helburua da haurrek haurrentzako egindako musika ikuskizunak sustatzea, erakargarri zaizkienak eta artearekin eta partaide direneko gizartean funtsezkoak diren gaiekin lotzen dituztenak.

Baldintza horiek oinarri hartuta, Hirira haurren begiradatik sortutako ikuskizuna da, aurreiritzirik gabe hiriari modu aktibo zein kreatiboan so egiten diona; horrexegatik balio handikoa da espazio publikoen sorkuntza eta eraldaketarako herritarren partaidetza prozesuetan: Hartara, non bizi garen pentsatzeko gonbidapena da Hirira, beste errealitateak marraztu eta geure mapa propioak sortzeko gonbidapena.

Gorkak Miranda zuzendu eta koordinatuta eta Mafalda Saloioren ideia eta zuzendaritza artistiko zein eszenikoa aintzat hartuta, Easo Abesbatzako haurrek P. Hindemithen Wir bauen eine Stadt (Eraiki dezagun hiri bat) partituraren gainean lan egin dute. Hindemithek 1930. urtean konposatu zuen obra hori, haur eta gazteek haurrentzako eta gazteentzako berregin eta interpretatua izateko. Musika horrekin modu askean garatzen den balizko hiri baten nondik norakoak jasotzen dituen opera sortu dute. Proiektuaren musika zuzendaritza David de Oliveiraren ardura da eta Josu Elberdinek moldatu duen musika intepretatuko dutenak dira David de Oliveira bera (pianoa), Juan Miguel Amador (klarinetea), Nerea Quincoces (perkusioa) eta Marianne Brandstettner (biolina). Jatorrizko testuen egile Robert Seitzen planteamendua abiapuntutzat hartuta sortu du Marta Garcíak testu berria, obran zehar euren hiria, guztiona, eraikitzen duten haurrek garatutako ideiak zein irudiak jasotzen dituena. Haurren parte-hartzea funtsezkoa eta erabakiorra izan da operaren sorkuntza-prozesu osoan zehar eta arlo guztietan (eszenografia, musika, testuak, dramaturgia, jantziak...) eta hiri idealarekiko duten ikuspuntua, balioak eta ideiak dira proiektua gauzatzeko erabili direnak.

Sorkuntza eszenikoaren prozesua bi hilabetean zehar egindako entseguetan burutu dute Easo Eskolania eta Easo Gazte abesbatzatako 8 eta 16 urte bitarteko 35 haur eta gazteek. Keinua, irudia, objektuak eta taldekako mugimendua izan dira eszenak sortzeko oinarrizko elementuak. Horrela, lan artistiko zein pedagokikoaren bidez (bapatekotasuna lantzeko teknikak, clown teknika, objektuen erabilera, jolasak eta abar), kantua poetikarekin zein bizitzarekin lotutako antzezpen mugimenduarekin uztartzeko esperientzian oinarritutako sorkuntza prozesua burutu dute kantariek. Ikuskizunaren zenbait atalen koreografia prestatzeko Marina Eskisabel dantzaria izan dute lankide.

Halaber, eszenografia osatzen duten elementuak eraikitzeko Enrique Sancho Pereg eta EHUko Goi Mailako Arkitektura Eskola Teknikoko Fab Lab (Fabrikazio Digitaleko Tailerra) lankide izan ditugu; videomapping bidez proiketatutako iruditeriaren diseinua Jaime de los Ríos-ek egin du eta ikuskizunaren argiztapenaz David Alkorta arduratu da.

Hirira operako jantziak kontzeptualizatu eta sortzeko ezinbestekoa izan da Kutxa Kultur-en lankidetza. Berriz ere gazteenen partaidetzari lehentasuna emanez, Kutxa Kultur-en Gaztedi eta #izanezberdin programen baitan antolatutako bi tailerretan haur eta gazteek jaztearen inguruan hausnartu zuten: nola jazten garen, zergatik eta nola jantziko lirateken euren hiri idealean. Ondoren, topaketa horietatik eratorritako ondorioak jantzi bihurtu ziren Nahia Salaberria, Fanny Alonso, Ainara Antxia eta Clara Virgili diseinatzaileek, proiektu honekiko erabateko inpllikazioa agertuz, egindako lan nabarmenari esker; izan ere, Kutxa Kultur Moda programaren baitan egiten duten lanak erakusten digu bertako talentuaren adierazgarri direla moda diseinuaren arloan.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical