ES · EU
Ibon Aranberrik egin du aurtengo Hamabostaldiaren kartela

Ibon Aranberri da (Itziar,1969) 82.Musika Hamabostaldiaren (2021ko abuztua) irudi izango den kartelaren egilea. Tradizio formalistaren eta kontzeptualismoaren artean trebatutakoa da, eta 2007an Kasselgo Documentan parte hartu zuenetik, nazioartean proiekzio handienetakoa duen euskal artista dela esan daiteke. Artistikoki bere abiapuntua eskulturan egonagatik ere, Aranberrik formatu ugari lantzen ditu, besteak beste, argazkigintza, zinema eta elkarlaneko obrak.

Aranberrik Hamabostaldirako egin duen kartelean luthier baten txantiloiak ageri dira; neurri, kolore eta material ezberdinetako txantiloi mordoxka bat, burdin-hariz lotuta daudenak, eta zehaztu gabeko tokiren batetik zintzilikatu dituztenak. Atzekaldean zuria eta zimurtsua den pareta hautematen da.

“Hogei bat urtez hari-instrumentu barrokoak egiteko erabili diren txantiloiak dira –dio egileak berak-Hari-instrumentu baten hutsunea soinuaren iturburua da eta haur horrela, metaforikoki bada ere, txantiloi bakoitzak sonoritate bat irudikatzen du. Baina aldi berean, txantiloi horietako bakoitzak irudikatzen duen soinuaren errepikapena iradokitzen du, eredu bera instrumentu bat baino gehiago egiteko erabiltzen bait da. Zentzu honetan kartelak badu nolabaiteko erritmo bat, instrumentura eta azken batean musikara garamatzan errepikapen bat. Alde batetik osotasuna irudikatzen du, baina era berean partikularra da, intimoa”.

Artista itziartarrak azaltzen duenez, Hamabostaldiko kartela artista gisa egiteko jaso zuen enkarguak zailtasun bat ekarri zion hasiera-hasieratik, izan ere bere hizkuntza bisuala ez bait da hain erraz moldatzen kartel baten sorkuntza-lanera. Ondorioz, Aranberrik hartu zuen lehen erabakia desplazamendu bat sortzekoa izan zen: bere lantokia luthier baten tailerrera lekualdatu zuen eta bere artista posizioa fikzionalizatu egin zuen, bere tokian beste lagun bat, luthierra, jarriz: “luthierrak materialtasuna irudikatzen du; soinua eta materiala den horren artean kokatzen eta lan egiten duen egilea da (…). Baina kartela materiala den horretan oinarritzen bada, luthierrak bere eguneroko lanean erabiltzen dituen txantiloietan hain zuzen, non dago nere ekarpena? Non dago artistaren sinadura? Nere ikusmoldetik sinadura hori keinuan dago; eskala, distantzia, irudia eta atzealdearen arteko erlazioa erabakitzeko ariketan, eta baita irudiak lagun duen testua testu hutsa den ala imajinaren zati den erabakitzeko hausnarketan ere. Ariketa guzti hauek gatazka bat izan dira neretzat baina, gatazka hori produktiboa izan da, zalantzariki gabe”.

Ibon Aranberriren obrak estatuko arte garaikideko museorik entzutetsuenetan daude ikusgai: Bilboko Guggenheim-en, Reina Sofia Museoan, Gasteizko ARTIUMen edota Bartzelonako MACBAn, besteak beste. Berriki (2020ko azaroan), Bilboko Arte Ederretako Museoak “Zulo beltzen geometria” izeneko obra eskuratu du; bertan, artista gipuzkoarrak, 2003an historiaurreko euskal kobazulo batean egindako interbentzioa berreskuratzen du.

Aranberriren esanetan, pandemiak denbora erlazio berri bat ekarri digu, eta gure atentzio-moduak beste era batetara kudeatzera eraman gaitu: “nire kasuan, gauzei bestela jaramon egiteko modu horrek, emaitzaren zorroztasun haundiago bat lortzen lagundu dit baina, aldi berean, geografia konkretu batean lan egitera eraman nau, inguruan dauden eta eskura ditudan bitartekoak erabiltzera (…). XX.mende hasieran soinua materialitatetik lantzeko joera bat izan zen; tramankuluak eraikitzen ziren eta haiekin saiakuntzak egiten ziren soinua sortzeko. Eta ez da borondatez egindako zerbait izan baina, osagai haiek present izan dira hemen, lan honetan. Kartelak badu nolabaiteko erritmo bat, errepikapen bat, instrumenturako bidea zabaltzen diguna”.

82. DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIAREN KARTELA

Ibon Aranberri, sortzailea
Ander Arroitajauregi, luthierra
José Luis López Zubiria, argazkia
José Luis Lanzagorta, tipografia 

Kartel honekin Ibon Aranberri Hamabostaldiaren irudi ofiziala sortu duten artisten zerrenda luzeari erasten zaio, non, besteak beste, izen hauek baitaude: Eduardo Chillida, Vicente Ameztoy, José Luis Zumeta, Cristina Iglesias…

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical