ES · EU
Budapest Festival Orchestra izango da 82. Musika Hamabostaldiko amaiera kontzertua emango duena

Budapest Festival Orchestra izango da 82. Musika Hamabostaldiko amaiera kontzertua emango duena

27.08.2021
ikusi
berri
guztiak
>
<Hurrengo Berria
  • Ivan Fischer zuzendariaren batutapean, talde hungariarrak Milhaud, Ravel, Satie eta Kodaly konpositoreen obrak interpretatuko ditu.

  • Dejan Lazic pianista kroaziarrak lagunduko du, Musika Hamabostaldian debutatuko duena Maurice Ravelen Kontzertua solen obrarekin.

  • Itxiera kontzertu honetan Fundación Banco Sabadell erakundea lankide du Hamabostaldiak.

 

82 Musika Hamabostaldia ostiral honetan helduko da bere ibilbidearen amaierara. Amaiera kontzertua egitarauko hitzordu garrantzitsuenetako bat izan ohi da, eta oraingoan Hamabostaldiak azken urteetan jaialdia aldi gehienetan bisitatu duen nazioarteko orkestraren esku utzi nahi izan du kontzertua: Budapest Festival Orchestraren eskuetan. Orkestra sortu zuen Ivan Fischer zuzendariak berak gidatuta, talde hungariarrak bereizgarri zaion proposamen bat ekarriko digu: askotariko programa irudimentsua, Ravelek konposatu zituen lanetatik sustrai euskaldunenak dituenaren protagonismoarekin. Hain zuzen, Kontzertua solen, Dejan Lazic pianistak interpretatuko du. Hitzordua Kursaal Auditorioan izango da, bihar abuztuaren 27an, ostiralarekin, 19:30ean, Fundación Banco Sabadell lankide dela.

Bere belaunaldiko musikarietatik, sortzeko gaitasun handiena dutenen artean da Ivan Fischer, 1951an jaioa. Etxean bertan jaso zuen lehen musika trebakuntza, pianoa, biolina eta biolontxeloa ikasiz. Ondoren Vienan graduatu zen orkestra zuzendaritzan, Hans Swarowsky eta Nikolaus Harnoncourten eskutik. Bere errepertorioa gehienbat Bach, Mozart, Brahms, Dvorák, Mahler eta Bartóken lanek osatzen dute. “Schopenhauer, Stanislavski eta Jungen irizpideen arabera, filosofia, antzerki eta filosofia nahasketik” interpretatzen ditu, bere hitzetan. BBC/Rupert Foundation 25 urte zituela irabazi zuenean egin zen ospetsu eta munduko orkestra garrantzitsuenekin lan egiteko aukera eman zion horrek.

Budapest Festival Orchestra Fischerrek berak eta Zoltan Kocsisek sortu zuten 1983an, Hungariako interprete gazte onenei aukera profesional bat emateko asmoz. Hasieran hiruzpalau kontzertu ematen zituzten urtero, baina gaur egun Budapesteko ikur musikal bihurtu den talde egonkorra da, orkestra europarren artean eredugarria. OFB, hain zuzen, munduko hamar orkestra onenetakoa izendatu zuten Gramophone aldizkari entzutetsuak egindako ranking batean. BFO Musika Hamabostaldiko gaualdi handi askotako protagonista izan da. 2009, 2011 eta 2014an jaialdian izateaz gain, 2016an jaialdiko “orkestra egoiliar” izendatu zuen eta hiru kontzertu eman zituen edizio hartan. 2018ko udan orkestra hungariarra jaialdira itzuli zen bi kontzertu ematera, haietako bat Donostiako Orfeoiarekin. Oraingoan orkestra Donostiara Hungarian bira txiki bat egin ondoren helduko da, eta ondotik, irailaren 11 eta 12an Europako jaialdi garrantzitsuenetako baten amaiera kontzertuan arituko da, Luzernako Festibalean.

Bira honetan BFOk Dejan Lazicekin bidaiatzen du. Bere belaunaldiko pianista kroaziar garrantzitsuena da, eta bere nazioarteko ibilbide oparoak Europa, Estatu Batuak, Hego Amerika, Asia eta Australiako oholtza garrantzitsuenetara eraman du, Atlanta, Seattle eta Indianapoliseko orkestrekin, Hagako Egoitza eta Seul, Hong Kong eta Rotterdameko filarmonikoekin. Dejan Lazic konpositorea ere bada, piano eta ganberako musika idatzi ohi du gehienbat. Bere obren artean aipagarria da “Harietarako laukotea, op.9”, Mstislav Rostropovichentzat idatzi zuena bere 70. urtebetetzean.

Musika frantsesak pisu handia izango du Budapest Festival Orchestrak eskainiko duen programaren lehen zatian. Parisko Les Six taldeko kide izandako Milhauden Le boeuf sur le toit (Idia teilatu gainean) interpretatzen hasiko dira. Konpositorearen hitzetan “melodia hegoamerikarrei buruz egindako sinfonia zinematografikoa da”. Milhaud Brasilen egon zeneko oroitzapenetatik jaio zen. Han tango, maxixe, samba, eta fado portugaldarrak bildu zituen partitura honetan. Milgaudek “Charlie Chaplinen filme baterako musika egokia” zela esan zuen, eta bukatu berritan, Jean Cocteau Les Six taldeko alma materrak , dramatizatzea erabaki zuen: Estatu Batuetako Lege Lehorrean girotutako pantomima sortu zuen. Pantomima horretako “Le boeuf sur le tout” tabernatik boxeolari bat, ipotx bat, modako dama bat, gizonez jantzitako emakume ilegorri bat, apustulari bat… igarotzen dira.

Tematika frantsesarekin jarraituko dute kontzertua, Maurice Ravelen obra entzutetsuenetakoa den Kontzertua solen lanarekin. 1932ko urtarrilean estreinatu zen arren, 1910. hamarkadako lehen urteetan dago partituraren jatorria, Ravelek Zazpiak-Bat izena eman nahi zion eta euskal kantu herrikoiak biltzen zituen piano kontzertu batean. Obra galdu egin zen konpositoreak zirriborroak Parisen ahaztu zituelako Frantziako hegoaldera joan zenean Lehen Mundu Gerra hasi berritan. Han garatzen hasitako ideia batzuk Kontzertua solen lanerako berreskuratu zituen, eta agerikoa da, esaterako, lehen mugimenduan bertan, txistu eta danbolinerako musikaren aztarna. 1928ko biran Ravelek entzundako jazza da kontzertu honetako beste eraginetako bat. Bere obrako ekoizpenaren poesia eta exotismotik urrunduta, lan honek zantzu biografikoak ditu.

Debussyk eta Poulencek orkestrarako moldatutako Erik Satieren pianorako bi pieza laburren ondoren (Gymnopédie nº 1 eta Gnossienne nº 3), Budapest Festival Orchestrak Hungariako konpositore esanguratsuenetakoa denarekin bukatuko du bere emanaldia. Zoltan Kodaly folklore hungariarrean aditua zen eta testuinguru klasikoan material herrikoiak erabiltzeko modua berritu zuen. Galantako dantzak poema sinfonikoa Budapesteko Elkarte Filarmonikoaren 80. urteurrenari eskaini zion. Verbunkos erromanien dantza tipikoetan inspiratuta dago obra. Konpositoreak haur zela entzun zituen udak igarotzen zituen herrian: Galanta, gaur egun Eslobakian.

 

BIOGRAFIAK

Budapest Festival Orchestra
Ivan Fischer eta Zoltan Kocsisek sortu zuten 1983an, “Hungariako musikari gazteenetatik onenekin”, Londresko The Times egunkariak zehaztu bezala. Bere sorrerako helburua orkestrak urtero ematen zituen hiruzpalau kontzertuak Hungariako bizitza musikaleko gertakizun esanguratsuak izan zitezen lortzea zen, baita Budapest nazioartean izen handiko orkestra sinfoniko bilakatzea ere. Gaur egun, taldea ez da soilik Budapest hiriko bizitza musikaleko oinarrizko atal, munduko musika zentro garrantzitsuenek maiz gonbidatua eta miretsia ere bada: Salzburgo, Viena, Luzerna, Zurich, New York, Los Angeles, Paris, Erroma, Amsterdam edo Buenos Aires. Nazioarteko hainbat izen handi aritu da orkestrarekin, besteak beste: Sir G. Solti (orkestraren ohorezko zuzendari gonbidatu izan zen hil arte), Y. Menuhin, K. Sanderling, C. Dutoit, G. Kremer, A. Schiff, H. Holliger, M. Argerich, K. Te Kanawa eta R. Lupu. Hungaroton, Quintana, Teldec, Decca, Ponty eta Berlin Classics zigiluentzat grabatu ondoren, Philips Classics zigiluarekin esklusibotasuna sinatu zuen orkestrak 1996an. BFOren egonkortasun ekonomikoa hungariar gobernuak eta Budapesteko Udalak bermatzen dute.

Ivan Fischer
Budapest Festival Orchestraren sortzaile eta musika zuzendaria da, baita Berlingo Konzerthaus eta Konzerthausorchesterren ohorezko zuzendari ere. Konposizioan ere oso aktiboa da, eta bere obrak AEB, Holanda, Belgika, Hungaria, Alemania eta Austrian interpretatu dituzte. Berlingo Orkestra Filarmonikoak 10 aldi baino gehiagotan jo du Fischerren batutapean, eta urtero bi astez Amsterdameko Concertgebouw Orchestrarekin lan egiten du. Era berean, AEBko orkestra sinfoniko garrantzitsuenek maiz gonbidatzen dute, New York Philharmonic eta Clevelandeko Orkestrak, besteak beste. Musika zuzendari bezala, Kenteko Opera eta Lyoneko Opera Nazionala gidatu ditu eta Washingtoneko National Symphony Orchestraren zuzendari nagusi ere izan da. Bere grabazioetako askok nazioarteko sari entzutetsuak jaso dituzte. Ivan Fischerrek pianoa, biolina, biolontxeloa eta konposizioa ikasi zituen, Viena eta Salzburgon zuzendari ikasketak egiten jarraitu baino lehen, H. Swarowsky eta N. Harnoncourtekin. Hungarian Mahler Societyren sortzailea eta British Kodaly Academyren patronoa da. Hungariako Errepublikako Urrezko Domina eta Munduko Ekonomia Foroko Crystal Award eskuratu ditu. Errepublika Frantsesak Arte eta Zientzien Zaldun izendatu zuen.

Dejan Lazic
Zagreben jaio zen 1977an. Dejan Lazic pianista eta konpositore austriarra da. Hainbat orkestrarekin egin du lan: Budapest Festival Orchestra, Rotterdameko Filarmonikoa, Philharmonia Orchestra, Birmingham Hiria Sinfonikoa, Bambergerreko Sinfonikoa, Irrati Suediarreko Orkestra, Orkestra Daniar Nazionala, Helsinkiko Filarmonikoa, Australiano Ganbera Orkestra eta NHK Orkestra Sinfonikoa. Era berean, hainbat zuzendarirekin aritu da: Ivan Fischer, Vladimir Ashkenazy, Giovanni Antonini, Kirill Petrenko, Robert Spano eta John Storgårds. Bere bakarkako ibilbideaz gain, ganberako musikari ere bada Lazic. Berriki Herbehereetako Ganbera Orkestrako Artista Egoiliarra izan da, eta kontzertuak eman ditu Amsterdameko Concertgebouwn, Londresko Queen Elizabeth Hallen, Munich Prizregententheaterren, Washingtoneko Kennedy Centerren, eta baita Montral, Tokio, Beijing eta Istanbulen ere. Channel Classics zigiluarentzat grabatzen du eta orain arte dozena bat grabazio kaleratu ditu Scarlatti / Bartók eta Schumann / Brahms konpositoreen obrekin, bere “Liaisons” sailaren barnean.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical