ES · EU
“La Casa Flotante” -kontaketa, txotxongiloak, keinu bidezko antzerkia eta proiekzioak uztartzen dituen ikuskizuna- izango da Haurren Eguneko osagai nagusia

“La Casa Flotante” -kontaketa, txotxongiloak, keinu bidezko antzerkia eta proiekzioak uztartzen dituen ikuskizuna- izango da Haurren Eguneko osagai nagusia

29.08.2016
ikusi
berri
guztiak
>
  • Victoria Eugenia Antzokiak hartuko du emanaldia, iluntzeko 19:00etan hasita


  • Aurten, nobedade gisa, haurrei zuzendutako jarduerek abuztuaren 31n izango dute jarraipena

 

Bihar, abuztuak 30, asteartea, Haurren Eguna ospatuko dugu, Musika Hamabostaldiak etxeko txikienentzat prestatu duen egun handia. “La Casa Flotante” ikuskizuna izango da Haurren Eguneko osagai nagusia. Noeren Ontziaren mitoaren egokitzapen garaikide honek, narrazioa, txotxongiloak, keinu bidezko antzerkia eta proiekzioak uztartzen ditu, eta La Maquiné konpainiak taularatuko du Victoria Eugenia Antzokian. Urtero legez, etxeko txikienen artean musikarekiko zaletasuna sustatu asmoz, jaialdiak zenbait proposamen eskainiko ditu.

“Musika bai!” - Okendo Plaza, 17:00
Aurtengo “Musika bai!” musika-udalekuetan (abuztuak 16-30) parte hartu duten haurrek eta gazteek eskainiko duten emanaldia da honakoa. Aipatutako udaleku musikalak 3 eta 15 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta daude, eta gazte horiek musikarako duten zaletasuna piztea, bultzatzea eta lantzea da Xabier Lizaso Piano Studio-k, Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean, antolatzen dituen udaleku hauen helburu nagusia. Udalekuetan egiten dituzten jardueren artean dago Okendo Plazan eskainiko duten ikuskizuna.

“La Casa Flotante” - Victoria Eugenia Antzokia, 19:00

“La Casa Flotante” Noeren Ontziaren mitoaren egokitzapen garaikidea da, narrazioaren, txotxongiloen, keinu bidezko antzerkiaren eta proiekzioen bidez kontatua. Lau urtetik gorako haurrei zuzendutako lana da, eta Bartzelonako Gran Teatre del Liceu-ren, Granadako Nazioarteko Musika eta Dantza Jaialdiaren eta La Maquiné-ren arteko elkarlanetik sortua. Abentura eta fantasia bateratzen dituen musika-ikuskizun honek, Xavier Montsalvatge eta Claude Debussyren konposizioak hartzen ditu oinarri gisa.

SINOPSIA: Noe neskatxa bat da, inoiz euria ikusi ez duen neskatxa bat, eta ostadarra ikustea du amets. Noek, egun batean, arrain bat salbatuko du amu batetik, eta hark, bere esker ona adierazteko, dena urez estaliko duen uraldi izugarri bat izango dela jakinaraziko dio. Noek itsasontzi bat egingo du bere etxearekin, eta animalia guztiei dei egingo die, arriskutik ihes egiteko; zenbatzen dituenean, ordea, batzuk falta direla konturatuko da: arkakusoa, elefantea, kangurua… Noek haien bila joatea erabakiko du, eta horrela abiatuko da abentura musikal eder hau.

Emanaldiaren aurretik, 17:00etan, Victoria Eugenia Antzokiko Foyer-ean, “La Casa Flotante” ikuskizunerako sarrera eskuratzen duten haurrek, “Noeren Ontzia” izeneko tailerrean parte hartzeko aukera izango dute, aurretik izena emanez gero (sarrerak agortuta). Maushaus arkitektura-tailerrak taxututako proposamena da “Noeren Ontzia”, 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendua. Tailer honen bidez, eszenografiaren eta bolumenaren mundura hurbilduko dira haurrak; material ezberdinak erabiliz -kartoizko biribilkiak, nagusiki-, ontzi bat eraikiko dute. Ondoren, 'ur gaineko etxe' berezi honetan bizitzeko prest dauden animalia bilakatzera jolastuko dira haurrak. Tailerraren emaitza izango den instalazioak, agertoki-photocall bat bailitzan funtzionatuko du, gainera.


Eta gainera...
Haurrei zuzendutako jarduerek abuztuaren 31n, asteazkenean, izango dute jarraipena. Gaztetxoentzat pentsatutako bi tailer antolatu dira.

“Sagu txiki, sagu maite...” - Kursaal Auditorioko Foyer-a, 11:30 (sarrerak agortuta)

Elena Odriozola ilustratzaileak, aurtengo edizioko kartelaren egileak, 7 urtetik gorako haurrei zuzendutako “Sagu txiki, sagu maite...” tailerra gidatuko du. Tanpoien teknika erabiliz, eta irudimenari bide emanez, 77. Musika Hamabostaldia iragartzeko baliatu dugun kartelaren bertsio ezberdinak egingo dituzte parte-hartzaileek.     

“Joklabs” - Tabakalera, 11:30 (sarrerak agortuta)

Guztiz bestelako proposamena da Tabakaleran, egun eta ordu berean, egingo dena, baina hau ere haurrentzako (5-12 urte) erakargarria izatea espero da. Neska-mutilek, elektronika zer den eta nola funtzionatzen duen ikasi ondoren, hainbat musika-tresna eraiki eta euren musika-lanak osatu ahal izango dituzte.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical