ES · EU
Deutsche Kammerphilharmonie Bremen lehen aldiz arituko da Hamabostaldian, Kursaalen emango duen kontzertuarekin

Deutsche Kammerphilharmonie Bremen lehen aldiz arituko da Hamabostaldian, Kursaalen emango duen kontzertuarekin

26.08.2019
ikusi
berri
guztiak
>

Omer Meir Wellber-ek gidatuko du orkestra, abuztuaren 27an eskainiko duen emanaldian.


Hilary Hahn biolinista bakarlari bezala arituko da Bach-en biolinerako bi kontzertutan.



Orchestre de Paris eta Euskadiko Orkestrak emandako kontzertuen ondoren, Deutsche Kammerphilharmonie Bremen-ek hartuko du lekukoa 80. Musika Hamabostaldiko ziklo sinfonikoan. Abuztuaren 27an izango da hitzordua. Izen handiko orkestra Donostiako jaialdian arituko den lehen aldia izango da, nahiz dagoeneko 2001ean Donostian izan zen, Kursaal Eszenaren egitarauan. Ganberako orkestra alemaniarra Omer Meir Wellber gazte israeldarrak zuzenduko du, egungo orkestra zuzendari boteretsuenetako bat den izarrak. Haiekin batera etorriko da gaur egungo biolinista ezagunenetariko bat: Hilary Hahn musikariak bere ibilbidean eragin gehien izan duen Johann Sebastian Bach konpositorearen obrak joko ditu. Kontzertua 20:00etan hasiko da, Kursaal Auditorioan.


Deutsche Kammerphilharmonie Bremen aro ezberdinetatik igaro den ganbera taldea dugu, eta hainbat hiri alemaniarri lotuta egon da. 1980. urtean, Junge Deutsche Philharmonie sortu zuten, musika ikaslez osatutako orkestra. Iparraldeko Frisiako irla bateko herri txiki batean finkatu zen, Wyk auf Föhr-en. Orkestra kooperatiba moduan eratu eta laster lortu zuen ospea. Lau urte beranduago, Gidon Kremer-ek Lockenhaus-ko jaialdira gonbidatu zuen, munduko musika jaialdi bikainenetarikora. 1987an Deutsche Kammerphilharmonie izena jarri zioten orkestrari eta Frankfurt-en finkatu zuten. Hala ere, 1992. urtean topatu zuen bere behin betiko egoitza Bremenen, eta gaur egungo izena eman zioten orkestrari. Jirí Belohlávek txekiar zuzendari handiak aro berri haren hasieretan orkestrarekin lan egin zuen, baina Thoman Hengelbrock izan zen bere lehen zuzendari artistikoa eta orkestra nazioartekotu zuena. Beranduago, Daniel Harding eta Paavo Järvi-k hartu zuten orkestraren ardura, azken honek, gaur egun arte. Zuzendari estoniarrak taldearekin izandako harreman luzea Bremengo Ospearen Aretoko brontzezko estatua batekin aitortu zioten. Bitxikeria bat aipatzearren, ikasle talde hartako lau musikarik egun oraindik orkestran lanean dihardute.


37 urteko Omer Meir Wellber zuzendariaren ibilbidea oparoa izaten ari da azken garaiotan. 2018/2019 denboraldian Dresdeko Operaren zuzendari gonbidatu nagusia izan da, eta 2019ko irailean BBC Philharmonic-en agintea hartuko du, Juanjo Mena euskal zuzendaria ordezkatuz. Gainera, 2020ko urtarriletik aurrera, Palermoko Teatro Massimoko musika zuzendari bihurtuko da, eta 2009tik Israel bere jaioterriko Raanako Orkestra Sinfonikoko zuzendari artistiko nagusia da. Daniel Barenboimen laguntzaile izanda trebatu zen, Berlingo Estatu Operan eta Milango Teatro alla Scalan. Han operaren sekretuak ikasi zituen eta askotan lan egiten du genero horretan. Zuzendari izateaz gain, konpositorea ere bada Wellber, eta obra katalogo berezia du. Bere lanen artean da, esaterako, “Mandolinarako kontzertua”.


Hilary Hahn estatubatuarra nazioarteko bakarlari ezagunenetariko bat da. Haur prodijioa izan zen: hiru urterekin hasi zen biolina ikasten eta bederatzirekin eman zuen bere lehen errezitala. Nazioarteko debuta hamabost urterekin egin zuen, Beethovenen “Biolinerako kontzertua” joaz Lorin Maazel eta Bavariako Irratiaren Orkestran. Urte bat geroago, 1996an, Sony Classical zigiluarekin kontratua sinatu zuen, eta beste bat 2003an, Deutsche Grammophon-ekin. Hahn ez da disko asko grabatu izanagatik ezagun, baina bere disko berri bakoitza gertaera garrantzitsutzat hartua izaten da eta hiru Grammy sari irabazi ditu dagoeneko. Bere alderdi musikalaz gain, Hahn “influencer” esaguratsua ere bada. 225.000 jarraitzaile ditu instagramen. Joan den abuztuaren 11n sare sozialetan egindako proiektu handi bat bukatu zuen, #100daysofpractice izenekoa. Proiektu hartan erakutsi zuen zein den lehen mailako biolinista bakarlari baten eguneroko jarduna.


Deutsche Kammerphilharmonie Bremenek Johann Sebastian Bach konpositorearen musikarekin ekingo dio emanaldiari. Biolinerako bi kontzertu joko dituzte lehen zatian. Leopoldo printzearen gortean, Anhalt-Cöthen-en lan egin zuenean sortu zituen lanok (1717tik 1723ra butartean). Han, programako oharrak idatzi dituen Arkaitz Mendozaren arabera, “Bach-ek orkestra baliotsua zeukan, eta Joseph Spiess lehen biolin bikaina. Harentzako konposatu omen zituen, bere “Brandemburgoko Kontzertuak” ezagunez gain, guganaino heldu diren bere hiru “Biolinerako Kontzertuak”, dotorezia handiko obrak”. Donostian entzun ahal izango ditugun bi obrek Bach-ek Europako musika korronteei buruz zekien guztia agerian uzten dute, nahiz konpositorea ez zen sekula Alemaniatik atera. Hala, “BWV 1041 kontzertua” italiar eran antolatutako obra da, azkar-geldo-azkar hiru mugimentu dituena. BWV 1042 mota honetako maisulanetako bat da. Obra biak konpositore alemaniarrak hautatutako koral batzuek lotuko dituzte.


Kontzertuaren bigarren zatia Franz Schubert-en “4. sinfonia, Tragikoa” obrari eskainiko diote. 1816an konposatu zuen, soilik 19 urte zituela. Schubert oso konpositore goiztiarra “Erlkönig” edo “Gretchen am Spinnrade” lieder ezagunak. Schuberten beste sorkuntza batzuekin gertatu bezala, “4. sinfonia” ez zen askorik nabarmendu eta ez zen bera hil eta hogei urte igaro arte estreinatu. Konpositoreak berak jarri zion “Tragikoa” ezizena obrak duen atmosferagatik, minorren idatzi zuen lehen sinfonia izan baitzen. Era berean, bere sinfonia ezezagunenetariko bat da. Ziurrenik, idatzi zuenean oraindik Schuberten hizkuntza sinfonikoa garatze bidean zen eta ageria da sinfonia honetan Mozart eta Haydn-en sinfonia klasikoen eragina.





BIOGRAFIAK


Omer Meir Wellber

2018/19 denboraldian, Dresdengo Semper Oper-en zuzendari nagusia izan da. Azken denboraldietan orkestra hauek zuzendu ditu, besteak beste: Londresko Filarmonikoa, Leipzigeko Gewandhaus Orchestra, Pittsburgheko Sinfonikoa, Turingo RAIko Orkestra, Zuricheko Tonhalle. Gonbidatu ohi dute zuzendari gisa jardutera, Bavarian State Opera, Veneziako Fenice eta Israelgo Operan. Datorren denboralditik aurrera, BBCko Filarmonikoaren zuzendari nagusia izango da, eta 2020. urteaz geroztik, Palermoko Massimo Antzokiko zuzendari musikala. 2008 eta 2010 urteen bitartean Daniel Baremboimen laguntzaile izan da Berlingo Unter den Linden Operan eta Milango Scalan. 2010-2014 urteetan, Valentziako Palau de les Arts-eko musika zuzendaria izan zen. 2007an Israelgo Filarmonikoan egin zuen debuta, eta 2016an zuzendari izan zen Dresdengo Jaialdiko orkestraren egoitzan. Omer Meir Wellber-en ustez, gizarte garapenerako baliabidea da musika, eta oso aktiboa da bere herrialdean gizarteratzearen eta hezkuntzaren eremuetan. Musika-hezkuntzan espezializatua den Raanana Symphonette Orchestraren zuzendari izan da. Aurtengo irailean argitaratuko du lehenengo eleberria, Berlin Verlag argitaletxearekin.

die Deutsche Kammerphilharmonie Bremen

Deutsche Kammerphilharmonie Bremen mundu osoko entzuleak liluratu ditu bere estilo bereziari eta energia musikalari esker. Paavo Järvi estoniar zuzendaria du zuzendari artistikoa 2004. urteaz geroztik. Beethoven Proiektuak, 6 urtean zehar osatua, zuzendariaren eta orkestraren arteko harremana sendotu zuen, eta oso kritika onak jaso zituen. Ondoren, Schumannen lan sinfonikoan jarri zuen arreta orkestrak, arrakasta handiarekin, eta azken urteetan Johannes Brahmsen lanean. Hain zuzen ere, Brahmsen 2. Sinfoniarekin jaso zuen Opus Klassik saria 2018an, eta, ondoren, musikagile horren beraren gainerako sinfoniak grabatu ditu. Amaiera gisa, 2018ko apirilaren 10ean haren Requiem Alemana jo zuen, Bremengo katedralean, lanaren lehen interpretazioaren 150. urteurrenean.

Hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, Echo Klassik eta Diapason D’Or, eta German Record Critics Association-en Meritu Bereziaren Ziurtagiria jaso zuen lehenengo orkestra izan zen. Lan hezitzailea egiten du Bremen East Comprehensive School-en, eta horren ondorioz, Echo Klassik sarien Berrikuntza Sozial Onenaren saria eman diote. Orkestra gonbidatua da Hanburgoko Elbphilharmonie-n eta Festival Kissinger Sommer-eko orkestra nagusia.



Hilary Hahn

Hirutan irabazi du Grammy saria, eta bere birtuosismoagatik eta musikaltasunagatik da ezaguna. Oso errepertorio zabala du. Ikuspegi guztiz dinamikoa du, eta bere esperientzia musikalak komunitate zabal batekin partekatzeko konpromiso sendoa. Horrek bultzatuta, #100DaysOfPractice Instagrameko proiektua sortu du: bere buruari ehun egunetan biolina jotzen grabatutako bideoak erakusten ditu. Azken denboraldian, artista egoiliarra izan da Radio Franceren Orchestre Philharmonique orkestran, eta Sibelius interpretatu du Austrian, Alemanian, Frantzian eta Espainian. Bach alboan izan du ikasten hasi zenetik. Hamar urte zituela, Filadelfiako Curtis Institute of Music-en onartu zuten, Jascha Brodsky-rekin ikasteko. Askotan jotzen du Bach-en musika, doan, era askotako tailerretan: ehuntzea, yoga, dantza, arteko ikasleentzat eta guraso eta haur txikientzat tailerrak. “Mini-kontzertu” horiek Vienan, Seattlen, Lyonen eta Filadelfian egindako egoitzetan eskaini ditu. Ezaguna da jarraitzaileekin konektatzeko duen gaitasuna; elkarrizketak egiten ditu YouTuben (youtube.com/hilaryhahnvideos) eta oso aktiboa da Twitter-en eta Instagramen. Bere webgunean, “errepideko postalak” bidaltzen dizkie jarraitzaileei, eta artikuluak argitaratzen ditu komunikabide nagusietan.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical