ES · EU
Euskadiko Orkestrak bere hirugarren kontzertua emango du Musika Hamabostaldian Asier Polok eta Juanjo Menak lagunduta

Biolontxelista bilbotarra jaialdira itzuliko da 2019an Espainiako Musika Sari Nazionala irabazi ondoren.

Programa Beethoven-en 7. sinfonia-k eta haren maisu izan zen Joseph Haydn-en bi obrak osatuko dute: 44. sinfonia eta 1. biolontxelorako kontzertua.

Euskadiko Orkestrak, abuztuaren 19an, asteazkena, Musika Hamabostaldi honetan ematekoa zen hiru kontzertuetatik azkena eskainiko du. Bertako artisten aldeko apustua egin du jaialdiak aurtengoan, eta euskal orkestrak, 1982tik jaialdiaren kide leial denak protagonismo handia izan du egitarauan. Iragan abuztuaren 8an, Beethovenen obraz osatutako kontzertuaren protagonista izan zen, Semyon Bychkov zuzendari errusiarrarekin batera, eta aste bat beranduago, abuztuaren 15ean, Xabier Anduaga tenor donostiarra lagundu zuen entzuleek gogo biziz hartutako opera eta zarzuela errezitalean. Jaialdian emango duen hirugarren kontzertuan, Euskadiko Orkestra Nazioartean ospe handia duten bi musikarik lagunduta arituko da: Juanjo Mena zuzendari gasteiztarra eta Asier Polo biolontxelista bilbotarra. Haydn eta Beethovenen obraz osatutako programari egingo diote aurre, eta hitzordu sinfonikoa Kursaal Auditorioan izango da, 20:00etatik aurrera.

Asier Polok Musika Hamabostaldian parte hartu zuenean, Juanjo Menarekin batera egin zuen, hain zuzen, Donostiara BBC Orkestra Filarmonikoarekin etorri zenean, 2017ko 78. Musika Hamabostaldia inauguratzera. Aldi hartan, Polori bere ibilbidean zehar poz handienak eman dizkion obretako bat interpretatu zuen, Elgarren Biolontxelorako kontzertua. 1997an Donostian bere burua aurkeztu zuenean, obra hori bera interpretatu zuen, Espainiako Gazte Orkestra Nazionalean. Hamabostaldian eman zuen azken kontzertutik, Espainiako Kultura Sailak eman ohi duen saririk garrantzitsuena jaso du, Espainiako Musika Saria, “interprete bezala bere bikaintasuna” aitortuz. Kritika espezializatuaren hitzetan, bere belaunaldiko biolontxelista onenetako bat da, eta nazioarteko orkestra garrantzitsuenetako batzuekin lan egin du, John Axelrod, Pinchas Steinberg edo Christian Badea zuzendarien batutapean, besteak beste, eta Silvia Marcovici, Nicolás Chumachenco, Sol Gabetta, Maxim Rysanov, Isabelle van Keulen, Josep Colom, Eldar Nebolsin, Gérard Caussé, Janácek Laukotea, Casals Laukotea edo Alfredo Kraus tenorra bezalako artistekin partekatu du taula, azken honek bere ibilbideko azken urteetan, bere errezitaletan bakarlari bezala aritzera gonbidatu zuelarik.

Juanjo Menari buruz, dagoeneko esan dezakegu euskal bizitza musikalak izan duen orkestra zuzendari nazioartekoena dela. Bere garapen handiena Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin egin zuen, 1998 eta 2008 artean zuzendu zuena, orkestrak eta zuzendariak haien garapen artistikoko maila berriak erdiestea ahalbidetu zuen harreman luzean. Ondoren, Menak urrun hegan egitea erabaki zuen: 2007an Genovako Carlo Fenice Antzokira eta Bergeneko Filarmonikora, zuzendari gonbidatu nagusi bezala; eta, 2010ean, 2018. urtera arte zuzendari titular jardun duen Manchesterreko BBC Orkestra Filarmonikora. Maila garaienekoak dira gaur egun bere nazioarteko konpromisoak, eta azken denboraldian konpromisoak zituen Luzernako Orkestra Sinfonikoarekin, Chicago eta Detroiteko Orkestrekin edota Espainiako Orkestra Nazionalarekin. Mena eta Musika Hamabostaldiaren harremana 1989an hasi zen, Interprete Gazteen Zikloan klarinetista gisa jo zuenean. Ondotik hainbat alditan itzuli zen Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin, 2017ko abuztuan aipatu BBC Philharmonic-ekin etorri zen arte. 2019an jaialdiaren amaieran ere aritu zen Beethovenen pianorako kontzertuak ematen Javier Perianesekin eta Londresko Orkestra Filarmonikoarekin batera.

Programa Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrenari buruzkoa da beste behin, gaualdiaren ardatz bere 7. Sinfonia la maiorrean duena. Bere bederatzi sinfoniako zikloko ezagunenetako bat da, agian erritmoaren obsesiozko erabilera delako Zazpigarrena-ren indar bultzatzailea, Wagner obrari buruzko iruzkin ospetsua egitera eraman zuen ezaugarria: “dantzaren apoteosia da”. 1811 eta 1812 artean konposatutako 7. sinfonia-ren lehen interpretazioa Beethovenek berak zuzendu zuen 1813an, Vienan Hanauko Guduan zauritutako soldaduen alde egindako ongintzazko kontzertuan. Estreinatu zuen orkestran garaiko musikari onenetako batzuek parte hartu zuten, horien artean Sphr, Hummel eta Meyerbeer.

Beethovendar maisulanaren aurretik, Joseph Haydn konpositorearen bi sorkuntza entzun ahal izango ditugu. Beethovenen maisu izan zen Haydn eta haren material melodikoaren trataeran eragin handia izan zuen, nahiz Beethovenek eragin hori ukatu helduaroan. Haydn-i dagokionez, lehenik 44. sinfonia mi menorrean interpretatuko dute, 1772an amaitutakoa eta bere Sturm und Drang (Ekaitza eta kemena) garaiari dagokiona. Konpositoreak, izen bereko mugimendu literarioak inspiratuta, hainbat sinfonia idatzi zituen, emozioak eta subjektibotasuna arrazionaltasun klasikoaren gainetik jarriz. Trauer (Dolua) izeneko 44. sinfonia-k haserretik edo galeratik etsipenetik baino gertuago dagoen sentimendu baten heriotza erakusten du, bere izaera musikalaren aldaketa eta modulazio harmoniko bortitzen araberakoa. Hileta martxa denik zehazki esan ezin daitekeen arren, Haydn-ek sinfonia honetako mugimendu geldo hau bere hiletan jo zedin eskatu zuen.

Sinfoniaren ondotik, ziurrenik Klasizismoko biolontxelo kontzertu ospetsuenaren txanda helduko da, 1. biolontxelorako kontzertua do maiorrean, Haydn-ek 1765 inguruan konposatua Nicolaus Esterházy printzearen orkestrako biolontxelista birtuosoarentzat; hiru hamarkadatan zehar egin zuen lan harentzat. Aurreko sinfoniarekin alderatuz, obra arinagoa eta dotoreagoa da, musika Barrokoaren eragin argia duena, bereziki concerto grosso delakoarena, eta biolontxelorako idazkera iaioa eta idiomatismo handia duena.

 

BIOGRAFIAK

Euskadiko Orkestra
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sustatu eta garatuta, 1982an sortu zuten, musika elkarbanatutako ondarea zen garaian. Ondare aberats horren gordetzaile da orkestra eta aldi berean ondare hori dibulgatzeko eta sustatzeko konpromisoa du. Gaur egun, estatu mailako talde sinfoniko garrantzitsua da, gure artean erabat finkatua, 7.000 abonatu inguru dituena eta 150.000 ikusleren bataz bestekoa urtero. Horrez gain, gure garaiko orkestra da, eskakizun maila handikoa eta garai guztietako musika sinfonikoa hedatzeko konpromiso sendoa duena, baita euskal musika sortzekoa eta hedatzekoa ere. Ongi finkatutako eta egituratutako jarduera horri esker, lau kontzertu ziklotan aritzen da modu iraunkorrean, eta ganberako musikari nahiz haurrei eta familiei eskainitako beste bi ziklo ere egin ohi ditu. Politika diskografiko trinkoa ere badu, euskal konpositoreen ekoizpen sinfonikoa ardatz duena. Joan den abenduan Austria eta Alemanian bira egin zuen, eta 2020ko urtarrilean Parisko Eliseo Zelaietako Antzokian jo zuen lehen aldiz.

Asier Polo
Kritika espezializatuaren arabera, bere belaunaldiko biolontxelista onenetarikoa da estatu mailan, eta nazioarteko orkestra garrantzitsuenekin lan egin du: Philharmonia Orchestra, Orchestra Sinfonica Nazionalle della RAI, Dresdner Philharmonie, Orchestre de Paris, BBC Philharmonic, Bergen Filharmoniske Orkester, Israel Philharmonic Orchestra, Berliner Symphoniker, Orquesta Nacional de México, Orquesta Sinfónica de Sao Paulo, Louisiana Philharmonic, Orquesta Nacional de España edo Basel Symphony Orchestra, ondokoak bezalako zuzendarien batutapean: Pinchas Steinberg, Christian Badea, Rafael Frühbeck de Burgos, Claus Peter Flor, Carlos Miguel Prieto, Günther Herbig, Juanjo Mena, Antoni Wit edo Anne Manson. Musika jaialdi garrantzitsuetako gonbidatua izan da Schleswig-Holstein, Nantes, Ohrid, Biennale di Venezia, Erroma, Lisboa, Morelia (Mexiko), Granada edo Donostian. 14 lan diskografiko erregistratu ditu eta laster bi CD berri argitaratuko ditu, ONE-rekin eta J. Menarekin batera, J. Rodrigoren bi biolontxelo kontzertuekin eta Ginasteraren 2. biolontxelorako kontzertua-rekin. Francesco Rugieri biolontxeloa jotzen du, Banco Santander Fundazioak utzitakoa.

Juanjo Mena
Estatu mailako nazioarteko zuzendari ezagunenetako bat da. Gaur egun BBC Philharmonic-en Zuzendari Titularra da. Bergen Filharmoniske-ko eta Genovako Carlo Felice Antzokiko Zuzendari Nagusi gonbidatua izan da, baita Bilbao Orkestra Sinfonikoko Zuzendari Titular eta Artistikoa ere. Berlingo Orkestra Filarmonikoa, Tolosako (Frantzia) Capitolioko Orkestra, Oslo Filharmonien, Orchestre National de France, Milango Scalako Orkestra Filarmonikoa, Bayerische Rundfunk Orchester, Dresdner Philharmonie eta Danish National Symphony Orchestra zuzendu ditu, baita Espainiako orkestra nagusiak ere. Era berean, Chicago, Boston, Baltimore, Houston, Cincinnati, Pittsburgh, New York eta Los Angeleseko orkestra sinfoniko estatubatuarrak zuzendu ditu. Etorkizunari begira, Rotterdameko Orkestra Filarmonikoarekin, Suediar Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin eta NHK-ko Sinfonikoarekin (Japonia) debutatzekoa da. Gaur egun Chandos zigiluarentzat grabazio batzuk egiten ari da BBC Philharmonic-ekin. Ginastera, Albéniz, Falla, Pierné, Montsalvatge, Weber eta Turina-ri eskainitako diskoek kritika bikainak jaso dituzte kritikari espezializatuen eskutik.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical