ES · EU
Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) estreinako aldiz izango da Musika Hamabostaldiaren Kursaal Auditorioko zikloan, Julian Rachlinen eta Gustavo Gimenoren eskutik

Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) estreinako aldiz izango da Musika Hamabostaldiaren Kursaal Auditorioko zikloan, Julian Rachlinen eta Gustavo Gimenoren eskutik

06.08.2021
ikusi
berri
guztiak
>
  • Egunotan, EGOko musikariek Luxemburgoko Orkestra Filaromonikoko musikarien gidaritzapean dihardute, kontzertuan intepretatuko duten programa prestatzen.

  • Gustavo Gimenok zuzenduko du EGO, Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoaren abuztuaren 1eko eta 2ko kontzertuetan zuzendari aritu ondoren.

  • Abuztuaren 8an izango den kontzertuan Erromantizismoko errepertorioko bi obra oso ezagun interpretatuko dituzte: Txaikovskiren 4. sinfonia eta Mendelssohnen Biolinerako kontzertua. Azken horretan, Julian Rachlin ariko da bakarlari lanetan.

 

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak duela astebete Kursaaleko kontzertu handiei hasiera eman ondoren, datorren igandean, abuztuak 8, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) hartuko du lekukoa; kontzertua mugarri bihurtuko da orkestraren ibilbidean, lehenbiziko aldiz ariko baita Hamabostaldiko ziklo horretan. Urtetik urtera euskal instrumentista gazte hoberenek osatzen duten orkestrak Gustavo Gimeno izango du zuzendari gonbidatu, Julian Rachlin biolinista ospetsuak lagunduta. Atriletan programa erromantiko petoa izango dute: Mendelssohnen Biolinerako kontzertua eta Txaikovskiren 4. sinfonia. Hitzordua 19:30ean izango da, Kursaal Auditorioan.

Emanaldia orkestra abuztuaren 4tik egiten ari den prestaketa-lanaren emaitza izango da eta EGOren eta Musika Hamabostaldiak orkestrako musikari gazteei musikari gailenekin eta baita nazioarteko ospea duten orkestratako musikariekin jarduteko aukera emateko egiten duten elkarlanetik sortua da. Ildo honetan, egunotan Luxemburgoko Orkestra Filarmonikoko zenbait musikari bakarlari EGOko musikari gazteen irakarle dihardute igandeko kontzertu prestatzen. Hartara betetzen da, kontzertuez haratago ere, jaialdian aritzen diren nazioarteko orkestra garrantzitsuen arrastoa gurean geratzeko Hamabostaldiak duen helburua.

Euskal Herriko Gazte Orkestra 1997an sortu zen, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren ekimenez, bertako instrumentista gazteei orkestra-musikako prestakuntza emateko. 2020. urteaz geroztik, Rubén Gimeno valentziarra da EGOren zuzendari artistikoa; Gimenok eskarmentu handia du orkestra gazteak zuzentzen (JONDE, JONC edo JORCAM, izan ere horren zuzendari artistikoa ere bada), eta ibilbide luzea egina du estatuko eta nazioarteko orkestra askotako zuzendari laguntzaile gisa ere. Orkestrak 2020an abiatu zuen aro berriak proiektuaren birkokatzea eta jardunaren askotarikotzea eta indartzea ekarri ditu eta nazioarteko maila goreneko zuzendari eta bakarlariekin jaialdi garrantzitsuetan aritzera eramango du, kalitate estandarren maila igoz profesionaltasunerako bidean.

Musika Hamabostaldiko kontzertu honetan Gustavo Gimeno, Rubén Gimenoren anaia ariko da zuzendari gonbidatu. 1976an jaioa, perkusioa jotzen hasi zen, eta 17 urterekin Amsterdamera joan zen ikasketak amaitzeko. Handik gutxira, Amsterdameko Concertgebouwko Errege Orkestrako perkusio-jotzaile izateko oposizioa irabazi zuen. Concertgebouwko orkestran lan egiteaz gain, Gimeno orkestra-zuzendaritza ikasten hasi zen Amsterdamgo Kontserbatorioan, eta azken hamarkadetako zuzendaritza ulertzeko funtsezkoak diren bi zuzendarik beren babespean hartu zuten berehala: Mariss Jansons eta Claudio Abbado. Besteak beste, Cleveland, Chicago, Boston eta Houstoneko orkestrak, San Petersburgoko Mariinsky antzokiko orkestra edo Italiako RAI orkestra zuzendu ditu Gimenok. Duela gutxi, Torontoko Orkestra Sinfonikoaren titulartasuna ere hartu du bere gain, baina konpromisorik handiena Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoarekin du: harekin izan zen duela astebete eskas Musika Hamabostaldi honetan bertan.

Gainera, EGOk ongietorria emango dio Erromantizismoko musika kontzertu handien interpretazioan oso estimatua den bakarlari bati: Julian Rachlini. Izan ere, Julian Rachlin lituaniarrak hogei urteak bete baino lehen Saint-Saënsen Biolinerako 3. kontzertua grabatua zuen, Zubin Mehtaren zuzendaritzapean, eta Sibeliusena Lorin Maazelen zuzendaritzapean. Haren diskografian, Txaikovski, Brahms, Prokofiev eta Shostakovitxen kontzertuak ere ageri dira, besteak beste, eta horrek Rachlinek errepertorio horrekin duen gertutasunaren testigantza ematen du. Mendelssohnen Kontzertua, oraingo honetan joko duena, hamaika alditan interpretatua du mundu osoan zehar, Viena, Bratislava eta antzeko musika-gune handietan, baita Berlingo Philharmonie ospetsuan ere.

Biolinerako kontzertua mi minorrean aparteko obra da Mendelssohnen katalogoan: sei urte luze behar izan baitzituen musikari handiak lana bukatutzat emateko. Hanburgotar konpositoreak oso azkar egiten zuen lan, baina, kasu honetan, kontzertu mota berri bat asmatu nahi izan zuen, hiru hamarkada lehenagotik antzokietan nagusi zen eredutik aldentzeko, hau da, Paganinik ezarritako eredutik bereizteko, non biolinistaren apaindurazko ariketak orkestra-akonpainamendu gatzgabe bati gailentzen zitzaizkion. Mendelssohnek “malabaristen trikimailu eta ekilibrismo erakustaldi” hustzat zeuzkan lanok, eta berak erabateko beste norabide baterantz bideratu nahi izan zuen bere kontzertua. Hasteko, orkestra-sarrera baztertu eta sarbidea eman zion berehala bakarlariari. Kadentzia ere lekuz aldatu zuen, eta errekapitulazioaren aurretik ─eta ez ondoren─ kokatu. Baina bere lorpen formal nabarmenena kontzertuaren hiru mugimenduen arteko trantsizioak diseinatzea izan zen, ia ordu erdi batez egoera dramatiko desberdinak zeharkatzen dituen partitura bati batasuna eman nahian. 1845ean estreinaldia izan ondoren, Mendelssohnen Biolinerako kontzertua konposatzaileek imitatu beharreko eredu berria izan zen hurrengo hamarkadetan.

4. Sinfonia fa minorrean, op. 36 Txaikovskiren eta Antonina Miliukovaren arteko ezkontza laburra baino lehen, bitartean eta ondoren idatzia izan zen. Ezkon bizitzak hiru hilabete baino ez zuen iraun, eta konpositore errusiarraren suizidio saiakerarekin amaitu zen, Moskova ibaira bere burua bota zuelarik. Haren heriotzaren inguruko polemikarekin batera, hori da Txaikovskiren biografiaren pasarterik ezagunena, eta 4. Sinfonia ospetsuak bizipen horiek haren musikan aztarnarik utzi ote zuten arakatzeko bidea ematen du. Tchaikovskik berak Laugarren sinfoniako programa bat idatzi zion gutun batean bere mezenas Nadezhda von Mecki, eta, hartan, funtsezko papera ematen zion “patuari”. Izan ere, musikaria obsesionatuta zegoen patuaren ideiarekin, 1876an Bizeten Carmen operaren emanaldi bat ikusi zuenetik. Horregatik, sinfoniaren lehen mugimenduaren gai nagusian, metalen aurkezpenak halako izaera tragiko bat hartzen du: gure ametsetatik “bortizki esnatzen gaituen” dei bat bezalakoa da. Ideia horiek areago sendotu zituen gero Bosgarren sinfonian, obra osoa blaitzen duen “patuaren gaia” ospetsuarekin. Badaezpadako deskribapen programatiko batzuk gorabehera, Laugarren sinfoniak harrera txarra izan zuen, bai estreinaldian (1878), bai ondorengo urteetan ere, baina XX. mendean Txaikovskiren sinfoniarik ezagunenetako bat bilakatu zen, errusiarrak orkestraren kolore-ñabarduretan erakutsi zuen maisutasunari eta irudimen handiari esker.

BIOGRAFIAK

Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO)

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren ekimenez sortu zen, 1997an, eta BBK, Kutxa eta Vital fundazioen babesa izan du hasieratik. Orkestra honen xede nagusia bertako instrumentista gazteen prestakuntzarako bitarteko bat izatea da, eta gazteei orkestraren mundu profesionalean sartzen laguntzea. Helburu horrekin, hainbat musika topaketa antolatzen da urtean zehar, eta topaketa horietan, errepertorioren azterketa eta praktikaren bidez eta ospe handiko irakasleen gainbegiratupean, gazteek hainbat musika-programa lantzeko aukera izaten dute. Lana kontzertu-bira batekin amaitu ohi da. Gaur egun, 1.500 gazte baino gehiago dira proiektu honetan parte hartu dutenak. Orain arte, programan parte hartu duten irakasleak talde sinfoniko garrantzitsuetatik etorritakoak dira. Honako hauetatik, besteak beste: Wiener Philharmoniquer, London Symphony Orchestra, Münchnerrek Philharmoniker, Bavarian Radio Sympere Orchestra, Royal Philharmonic Orchestra, Gran Teatre del Liceu-ko Orkestra, George Enescu Philharmonic Orchestra, Orchestre de la Suisse Romande. Joan deneko ia hogeita bost urtean, Juanjo Mena (1997-1998), Enrique Ugarte (1999) eta Juanjo Ocón (2000–2019) izan dira orkestrako zuzendari artistikoak eta 2020tik Ruben Gimenok betetzen du eginkizun hori.

Gustavo Gimeno

Orchestre Philharmonique du Luxembourgeko (OPL) zuzendaria da 2015/16 denboraldiaz geroztik, eta Torontoko zuzendaria aurtengo denboraldiaz geroztik. Iaz kontratua berritu zuen OPLrekin, 2025era arte. 2015ean zuzendari izendatu zutenetik, hainbat formatutako kontzertuak zuzendu ditu, Europako areto ospetsuenetan. Aurtengo denboraldian, Alemanian, Espainian, Frantzian, Suedian eta Hego Amerikan gonbidatu dute zuzendari lanak egitera, eta goi mailako bakarlariekin partekatu du agertokia, hala nola Yuja Wang, Anja Harteros, Bryn Terfel eta Frank Peter Zimmermman-ekin. Azken urteotan aurrera eraman duen proiekturik interesgarrienetako bat Beethovenen pianorako kontzertuen ziklo osoa eskaintzearena izan da, Krystian Zimerman bakarlariak lagunduta, Amsterdameko Concertgebouweko orkestrarekin batera. Gustavo Gimeno Valentzian jaio zen, eta 2012an hasi zen zuzendari lanetan, Mariss Jansonsen laguntzaile gisa, bera artean Amsterdameko Royal Concertgebouweko perkusio-jotzaile zela. Era berean, esperientzia handia hartu zuen Bernard Haitink eta Claudio Abbado zuzendarien laguntzaile gisa. Bi zuzendari horiek modelatu zuten alderdi askotan haren karrera, aholkulari gisa ere jarduteaz gain.

Julian Rachlin

Biolin- eta biola-jotzaile eta orkestra zuzendaria, Julian Rachlin gure garaiko musikaririk errespetatuenetako bat da. Bere hogeita hamar urte baino gehiagoko musikari-karrera luzean, bakarlari gisa aritua da munduko orkestra eta zuzendari garrantzitsuenekin. Zuzendari lanetan, orkestra hauetako zuzendari gonbidatu nagusia da: Royal Northern Sinfonia, Turku Philharmonic Orchestra y Kristiansand Symphony Orchestra. Bera da, halaber, Palma Mallorcako Julian Rachlin & Friends Festival jaialdiaren zuzendaria. Bere ibilbidearen azken urteotako mugarri garrantzitsuenetakoen artean, aipagarriak dira Pragako Spring Festivalo egonaldi artistikoa eta Vienako Musikverein antzokiko zikloa, bere izena daramana. Zuzendari gisa, bira bat egin du Europan zehar English Chamber Orchestrarekin, eta Royal Northern Sinfoniaren zuzendari izan da Hego Amerikan eta Japonian. Julian Rachlin Lituanian jaio zen eta Vienara emigratu zuen 1978an. Vienako Filarmonikarekin aritutako bakarlari gazteena bihurtu zen orduan, eta Riccardo Mutirekin egin zuen debuta. 1704ko Stradivari “Ex Liebig” biolina jotzen du, eta 1785eko Lorenzo Storioni biola bat.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical