ES · EU
Balthasar-Neumann taldea lehen aldiz ariko da bere bi formazioekin -abesbatzarekin eta ensemblearekin- Musika Hamabostaldiko publikoaren aurrean

Balthasar-Neumann taldea lehen aldiz ariko da bere bi formazioekin -abesbatzarekin eta ensemblearekin- Musika Hamabostaldiko publikoaren aurrean

23.08.2016
ikusi
berri
guztiak
>

Thomas Hengelbrock orkestra-zuzendari alemaniarraren esanetara jardungo dira, eta, eskainiko duten egitarauan, bi maisulan uztartuko dituzte: Beethovenen 'Pastorala' eta Haydnen 'Harmoniaren Meza'.


Balthasar-Neumann-Abesbatza eta Bakarlariak & Balthasar-Neumann-Ensemble Abuztuak 24, 20:00, Kursaal Auditorioa


Donostiako Musika Hamabostaldiko publikoak, abuztuaren 24an, asteazkenean, estreinakoz entzun ahal izango ditu Balthasar-Neumman-Abesbatza eta Bakarlariak & Balthasar-Neumann-Ensembleko kideak, lehenengo aldiz bisitatuko baitu, taldeak, Donostiako jaialdia. Thomas Hengelbrock zuzendari alemaniarraren esanetara ariko dira, zeina bi formazio hauen sortzailea ere baden.

Hengelbrockek 1991n sortu zuen Balthasar-Neumann-Chor abesbatza, eta lau urte geroago Ensemblea, Johann Balthasar Neumann alemaniar arkitekto barrokoarengan inspiraturik (Rokokoaren maisua izan zen hura). Nazioartean arrakasta handia lortzen ari diren taldeak dira, eta kontzertu-programetan zein opera-proiektuetan parte hartu ohi dute. 2011n, Gramophone britainiar aldizkariak, Balthasar-Neumann-Chor munduko abestalde onenetakoa zela argitaratu zuen, bere musika-kalitate altuagatik eta erakusten duen moldakortasun artistikoagatik. Taldeko abeslari bakoitza, bakarlari gisa zein talde osoarekin abesteko dago trebatuta, eta, era horretan, malgutasun handia eta oso errepertorio zabala dute. Esperientzia handiko orkestra-zuzendaria izanik, Thomas Hengelbrock lanen interpretazio historizistaren aldekoa da, eta jarduteko modu hori bultzatzen du bere taldeetan. Hau da, musika-interpretazioak historikoki dokumentaturiko oinarria du, eta, hori dela-eta, egiazko tresnak erabili eta kontzertu-areto bakoitzera egokitutako obrak aurkezten ditu taldeak, lehen-lehen Barrokotik hasita, XX. mendeko musikara arte.

Abuztuaren 24an, asteazkenean, Balthasar-Neumman-Abesbatza eta Bakarlariak & Balthasar-Neumann-Ensembleko kideek, Klasizismoko bi lan interpretatuko dituzte Kursaal Auditorioan: Ludwig van Beethovenen 6. Sinfonia fa maiorrean op. 68, ‘Pastorala’ izenaz ezaguna, eta Joseph Haydnen Meza si bemol maiorrean Hob. XXII: 14 edo ‘Harmoniaren Meza’ izenekoa.

Beethovenen 6. Sinfonia 1808an estreinatu zen Vienan. 'Bonneko gorra' deitzen ziotenari, beti kritikatu izan zioten bere Seigarren Sinfonia; batzuetan bigarren mailakotzat jotzen zutelako gainerakoen aldean, edo handinahikoa izatea leporatuz, naturaren alderdiak deskribatu nahi izateagatik. Lanaren partituran, “Sinfonia Pastorala, edo landaldeko bizitzaren oroitzapena” esapidea ageri da, eta bost mugimenduz osatua dago. Musikagilearen beraren hitzetan, “sentimenduen adierazpena” zen, ororen gainetik, lan hura. Edonola ere, aipatutako lanean hautematen da konpositore alemaniarrak naturarekiko sentitzen zuen maitasun sakona, izan ere, landa eremuko bost eszenak osatzen dute partitura (eszena bakoitzari mugimendu bat eskainiz), eta ekaitz izugarri bat ere sartu zuen eszena horien artean. Estreinatu zen garaian oso harrera beroa izan ez bazuen ere, gaur egun, Beethovenen Seigarren Sinfonia funtsezko lana da errepertorio sinfonikoari dagokionez. Bitxikeria gisa, zera erantsiko dugu: hauxe izan zela Walt Disneyk Fantasia (1940) izenburuko animaziozko film ospetsuaren soinu-bandarako hautatu zuen partituretako bat, eta horrek, ezbairik gabe, handitu baino ez zuela egin lanaren ospea.

Joseph Haydn
austriar musikagileak meza ugari idatzi zituen; zentzu horretan, egile emankorra izan zen, inondik ere: gisa horretako hamalau partitura idatzi zituen bere ibilbide luzean, eta abuztuaren 24ko emanaldian, sail horretako azkena taularatuko da, hain zuzen ere. Haydnek 1802an idatzi zuen Meza si bemol maiorrean Hob. XXII: 14, eta musikagilearen azken lan handia izan zela esan ohi da. Bere bizitzaren azken txanpan egon arren, ‘Harmoniemesse’ honekin, musika berritzeko gauza izan zen; batetik, lehenago konposaturikoen aldean modu ezohikoan erabili zituelako haize-instrumentuak, eta, bestetik, hiru azpimugimendutan banatu zituelako Mezaren Gloria eta Credo-a. Mezak, bestalde, ohiko sei zatiak ditu: Kyrie, Gloria, Credo, Sanctus, Benedictus eta Agnus Dei. 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical