ES · EU
Ganbera-musikak San Telmo Museoaren klaustroa beteko du Locum Congregatio, Elena Sancho Pereg / Paula Iragorri eta Natasha Tchich / Marta Zabaleta artisten emanaldiekin

Ganbera-musikak San Telmo Museoaren klaustroa beteko du Locum Congregatio, Elena Sancho Pereg / Paula Iragorri eta Natasha Tchich / Marta Zabaleta artisten emanaldiekin

19.08.2020
ikusi
berri
guztiak
>

Sarrerak jada agortu dira hiru kontzertu horietarako.

Ganbera-musikak leku propioa dauka Musika Hamabostaldian. Aurreko ediziotako arrakastaren ostean, San Telmo Museoaren klaustroak laugarren urtez hartuko ditu ganbera errepertorioko obrak, jaialdiak aspalditik biribildu nahi zuen ziklo propioa finkatuz. 2017. urtean egin zuen apustua Musika Hamabostaldiak ganbera-musikari eskainitako zikloa aurkeztuz; hartara, San Telmo Museoko klaustroa, bere akustika bikainari esker, formatu txikiko musika hauekin gozatzeko gune paregabea bilakatu zen. Ganberako programek urtetik urtera jasotzen duten harrera beroak agerian jartzen du errepertorio mota horienganako entzuleen zaletasuna. Aurten, sarrera guztiak agortu dira zikloak hartuko dituen hiru kontzertuetarako.

Locum Congregatio. Abuztuak 20, 20:30.
Beethoven-en jaiotzaren 250. urteurrena ospatzen den honetan, Bonn-eko jenioa protagonista duen programarekin zabalduko du zikloa Locum Congregatiok. Locum Congregatio Europako musika-gune desberdinetatik barreiatutako musikari belaunaldi baten proiektua da eta elkartasuneko esperientzia bakar eta errepikaezinak sortzea du xede. Beethovenen izaera urratzaile zein finduak talde honen filosofia laburbiltzen du. Hortaz, musikagile honen jaiotzaren ospakizunaren harira sortzen da Locum Congregatio taldea, Josep Colomé eta Víctor de la Rosaren gidaritzapean; nola eta Beethovenen emanaldi nagusienetakoa islatuz, hots, bere Lehen Sinfonia op.21-en estreinaldia eta Septimino op.20 goraipatua taularatuz. Azken hau obra iraultzailetzat hartu ohi da, bere instrumentu multzoagatik nahiz klarineteari eskaintzen dion leku nabarmenagatik, izan ere, musika-tresna kasik ezezaguna baizen garai hartan.

Elena Sancho Pereg / Paula Iragorri. Abuztuak 25, 20:30.
Elena Sancho Pereg sopranoak eta Paula Iragorri mezzosopranoak sinatzen dute zikloko hurrengo hitzordua, erabateko ahots proposamen batekin. German Ormazabal pianista lagun dutela, “Caprichos” izenburua daraman programak jasotzen dituen musika kutixiak eskainiko dituzte, non Haendel, Offenbach eta Saint-Saëns-en lanak izango baitiren entzungai. Halaber, Leonard Bernstein-ek 1956. urtean idatzitako “Candide” operetaren kanta zenbait interpretatuko dituzte. Voltairek duela 200 urte idatzi zuen izen bereko obra oinarri duen lana Broadway-eko Martin Beck Theater-en estreinatu zen 1956. urteko abenduaren 1ean, eta soilik 73 aldiz taularatu zuten. Donostian, Madrilen eta Londresen trebatu ondoren, Elena Sancho Pereg munduko eszenatoki askotan jardun da eta rol ugari interpretatu ditu opera desberdinetan. 2014-2015ean Deutsche Oper am Rhein-en parte hartzera gonbidatuta, 2020-2021. denboraldira arte luzatuko du bere egonaldia. Bestalde, Paula Iragorri mezzo donostiarrak ikasketak burutu ditu Donostian, Madrilen eta Alemanian, hainbat biratan hartu du parte oratorioak abesten eta paper desberdinak landu ditu opera askotan.

Natasha Tchich / Marta Zabaleta. Abuztuak 27, 20:30.
San Telmo Museoaren klaustroak ganbera errepertorioko azken doinuak hartuko ditu heldu den abuztuaren 27an, Natasha Tchich biola eta Marta Zabaleta pianistaren emanaldiarekin. Brahms, Hersant, Ascot, Part eta Franck-en partiturak biltzen dituen programa aurkeztuko dute. Jatorri belga zuen egile frantziar horren (César Franck) Biolina eta pianorako sonata la minorren obra entzuteko beta izango da, oraingoan biolarekin interpretatzeko moldatuta; Tchitch-ek teknika instrumentala nola menderatzen duen erakusteko aukera paregabea izango du, inondik ere, baita bere sentiberatasuna eta moldakortasuna adierazteko ere. Jatorri errusiarra duen artista Musikeneko irakasle da eta Marta Zabaletaren lankidea; bi artistek eszenatokia partekatuko dute oraingoan ziklo honi agur esateko. Marta Zabaleta donostiarra sona handiko pianista da, nazioarte mailan sarritan saritu dute eta hainbatetan hartu du parte Musika Hamabostaldian.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical