ES · EU
Orchestre de Paris Kursaalen arituko da asteartean, Antoine Tamestit biola-jotzailearekin batera

Orchestre de Paris Kursaalen arituko da asteartean, Antoine Tamestit biola-jotzailearekin batera

19.08.2019
ikusi
berri
guztiak
>

Orkestra frantsesa bere zuzendari titularrarekin etorriko da, Daniel Harding-ekin


Ludwing van Beethoven eta Hector Berlioz konpositoreen obraz osatutako programa eskainiko dute



Mahler Chamber Orchestrak abuztu hasieran eskainitako kontzertuen ondoren, Musika Hamabostaldiko kontzertu sinfonikoek aurrera jarraituko dute, asteartean Parisko orkestrak eskainiko duen emanaldiarekin. Jaialdiaren 80. edizioan joko duen nazioarteko orkestra entzutetsuetako bat da, baita Frantziako talde sinfoniko garrantzitsuenetarikoa ere. Duela 7 urte igaro zen azken aldiz Donostiatik, 2012. urtean Hamabostaldian jo baitzuen. Oraingoan, Daniel Harding zuzendariarekin etorriko dira eta bi kontzertu eskainiko dituzte, abuztuaren 20an eta 21ean, Kursaal Auditorioan, 20:00etatik aurrera.


Gaur egungo izena 1967an jarri bazioten ere, Orchestre de Paris 1828an sortu zuten Parisko Kontserbatorioko 81 ikaslek eta ikasle ohik, Kontserbatorioko Kontzertuen Elkartean aritu ahal izateko. Parisko Kontserbatorioko Orkestra izena zuen talde hura Beethovenen musika aldezten lehenengoetarikoa izan zen Frantzian, eta arrakasta handia izan zuen XIX. mendean zehar. Lehen aro hartan, orkestrarekin batera aritu ziren Frédéric Chopin, Clara Schumann, Camille Saint-Saëns eta Felix Mendelssohn bezalako musikari entzutetsuak. Frantziako musika berria ere bultzatu zuten, Debussy-ren “Pelleas eta Mélisande” opera bezalako artelan garrantzitsuak estreinatuz.


Frantzia bizitzen ari zen istilu sozialak zirela eta, 1967an orkestra desegin egin zuten, eta urte bat beranduago berriz ere sortu zuten, egungo Orchestre de Paris izenarekin. Bigarren aroko lehen zuzendaria Charles Munch beteranoa izan zen, dagoeneko orkestraren zuzendari izandakoa lehen aroan, 1918 eta 1938 urteen artean. Orkestrak laster berreskuratu zuen lehenago izandako izen handia, eta Herbert von Karajan, Sir Georg Solti edota Daniel Barenboim izan ziren haren zuzendari titular nabarmenetako batzuk. 1986an Pierre Boulezekin kolaboratzen hasi ziren: hala, azken hamarkadan musika garaikide gehien estreinatu duen orkestra frantsesetako bat dugu egun Orchestre de Paris. 2015etik Jean Nouvel arkitektoak diseinatutako Philharmonie de Paris abangoardistako orkestra egoiliarra da.


Donostian egingo duen emanaldian, Daniel Harding-ek zuzenduko du orkestra. 2015-2016 denboralditik zuzendari titularra da. Zuzendari britainiarra goiztiartasun musikalaren eredu da, 17 urte soilik zituelarik ekin baitzion bere nazioarteko ibilbideari, Simon Rattle-k bere laguntzaile izateko kontratatu zuenean, Birmingham hiriko orkestran. Hortik gutxira, Cambridgeko Unibertsitatean ikasten ari zela, Claudio Abbadok laguntzaile izendatu zuen Berlingo Orkestra Filarmonikoan. Hain zuzen, 21 urte soilik zituela zuzendu zuen orkestra hori. Ordutik, Harding-en ibilbidea maila gorenenean mantendu da, Vienako Filarmonikoan, Amsterdamgo Royal Concertgebouw edo Bavariako Irratiko Sinfonikoan lan egin du. Mozarten musikari aurre egiteko duen moduagatik eredutzat hartua da gaur egun, eta opera zuzendari bezala ere ezaguna da. Salzburgoko Festibalean, Londresko Royal Opera House-n, Milango Scalan edota Aix-en-Provenceko Festibalean aritua da.


Kontzertuko beste protagonista Antoine Tamestit izango da, egungo biola-jotzaile handietako bat. Parisen jaioak Parisko Kontserbatorioan egin zituen ikastetak. Tamestit 2000ko hamarkadan egin zen ezagun, tarte laburrean ondoko nazioarteko lehiaketetan lehen sariak eskuratu ondoren: Maurice Vieux, Primrose, Young Concert Artists eta Munich International Music Competition. BBCk fitxatu zuen orduan bere “New Generation Artists” bezala. Horrek bere nazioarteko ibilbidea asko bultzatu zuen. Tamestiten errepertorioa zabala da: Barrokotik musika garaikideraino doa eta soinu aberats eta sakona du. Bachtrack aldizkariaren arabera, “musikaltasun naturala du, eta bat-bateko komunikazio gaitasuna”.


Ludwig van Beethovenen musika izango da astearteko kontzertuko lehen zatiko protagonista. “6. sinfonia” interpretatuko dute, “Pastorala” izenez ezaguna dena. Natura egia eta zoriontasun iturri delako ideia rousseautiarraren aldekoa zen Beethoven. Hori dela eta, sorkuntza karismatiko honetan gizakiaren subjektibotasunetik behatu nahi izan zuen natura konpositoreak. Musikak gizakiaren eta naturaren arteko harremana deskriba zezan nahi izan zuen, eta entzuleari musikarekiko “bere egoera bilatzen” utzi nahi izan zion.


1808ko abenduaren 22ko gaualdi entzutetsuan estreinatu zuen obra, gau berean estreinatu zituelarik Beethovenek “Bosgarren sinfonia” eta “Fantasia Korala”. Beethovenek “Soinu-pintura” gisa izendatutako bost mugimenduk osatzen dute obra. Honakoak dira mugimenduen izenak: “Sentimendu pozgarrien iratzartzea landara heltzean”, “Eszena errekastoan”, “Landagizonen bilkura pozgarria”, “Tximista eta ekaitza” eta “Ekaitzaren ondorengo poztasuna eta esker oneko sentimenduak”. “Pastorala” Beethovenen sorkuntza lan anbiguoenetariko bat da, erabat zabalik baitago askotariko interpretazio eta iritzitara. Bere bost mugimenduko egitura edota programa literario ezohikoan baino, anbiguotasun horretan datza bere benetako iraultza eta ondoko sinfonia programatikoetan izan zuen eragina, Berlioz edo Spohr autoreen lanetan, esaterako, edo aurrerago, poema sinfonikoetan.


Kontzertuaren bigarren zatia, hain zuzen, Berliozi eskainiko dio orkestrak, eta bere obra ezagunenetariko bat joko dute: “Harold Italian”. Berliozek 1831 eta 1832 artean Italian zegoela idatzi zuen, Niccolè Paganini birtuosoak hala eskatuta. Hark obra bikain eta erromantiko bat idatzi zezan nahi zuen, erosi berria zuen Stradivarius biolarekin jotzeko. Berliozek, ordea, ez zuen bakarlariaren bikaintasuna erakutsiko zuen kontzertu tradizionala idatzi. “Biola nagusirako lau zatiko sinfonia” proposatu zuen eta izaera poetiko eta lasaia eman zion apur bat lehenago 1830ean idatzi zuen “Sinfonia Fantastikoa” obra bortitzarekin alderatuz. Izugarri gustatu zitzaion irakurketa baten inguruan osatu zuen partitura berria: Lord Byron-en “Childe Harold-en erromesaldia”. Biola bakarlaria “ameslari malenkoniatsu” bihurtu nahi izan zuen, Byronen pertsonaiaren antzera. Poema horren zati handi bat Italian kokatutzen du idazleak, eta Berliozek orkestrari fideltasun narratibo handiz transmititu zion kapitulu hori. Paganini ez zen ordea Berliozen lanarekin pozik geratu, ez eta biolari eman zion tratamenduarekin ere, hark biolak protagonismo osoa izan zezan nahi baitzuen, ez orkestrarekin elkarbanatua. Ez zuen 1834ko azaroaren 23an Parisko Kontserbatorioan ospatutako estreinaldian parte hartu nahi izan. Bere ordez, Chrétieb Uhran biola-jotzaileak interpretatu zuen, Orchestre de Paris-en aurrekaria izandako Kontserbatorioko Kontzertuen Elkarteko Orkestrarekin.





Biografiak


Orchestre de Paris


Parisko Kontserbatorioko Kontzertu Elkartearen oinordeko (1828an sortua), Parisko Orkestrak 1967ko azaroan eskaini zuen lehenengo kontzertua, C. Munch-en zuzendaritzapean. Orduz geroztik, Herbert von Karajan, Sir Georg Solti, Daniel Barenboim, Semyon Bychkov, Christoph von Dohnányi, Christoph Eschenbach, Paavo Järvi eta Daniel Harding izan dira orkestraren zuzendari. Hainbatean aldatu ondoren egoitza, 2015. urteaz geroztik Parisko Philhamonie-ko orkestra egoiliarra da. 2019ko urtarrilean, etapa berri bat hasi du orkestrak, munduko ardatz kultural garrantzitsu horren funtsezko atal bihurtu eta sail berezi bat hartu baitu Jean Nouvelek diseinatutako eraikinean. Ehunka kontzertu eskaintzen ditu denboraldiro, bai Parisko Philharmonien bai nazioarteko biretan. Frantziako musika-tradizioari lotuta lan egiten du, eta garrantzizko zeregina betetzen du XIX. eta XX. mendeetako errepertorioen zerbitzura eta sorkuntza garaikidearen mesedetan. 1968an lehenengo bira egin zuenetik, lotura pribilegiatuak ezarri ditu Europako hiriburu musikalekin eta Japonia, Korea eta Txinako publikoarekin.



Daniel Harding


Oxforden jaioa, Simon Rattleren laguntzaile gisa hasi zuen bere karrera, City of Birmingham Symphony Orchestra-rekin. 1994. urtean egin zuen harekin debuta. Ondoren, Claudio Abbadoren laguntzaile izan zen, Berlingo Filarmonikoan, eta 1996an egin zuen debuta azken horrekin. Suediako Irratiko Sinfonikoaren eta Parisko Orkestraren zuzendari musikala da, eta Mahler Chamber Orchestraren bizitza osorako zuzendari saritua. Horrez gainera, Anima Mundi Festivalen zuzendari artistikoa ere bada. Ohiko gonbidatua da, besteak beste, orkestra hauetara: Vienako Filarmonikoa, Royal Concertgebouw, Berlingo Filarmonikoa, Bavariar Irratiko Sinfonikoa eta Milango Scalako Filarmonikoa. Zuzendu dituen lanen artean aipagarriak dira: “Falstaff”, “Ariadne auf Naxos”, “Don Giovanni”, “Figaroren Ezteiak”, “Bahiketa serrailoan”, “Così fan tutte”, “La Traviata”… hainbat denboralditan, esaterako, Salzburgoko Jaialdian, Londresko Royal Opera Housen, Municheko Operan, Wiener Festwoch-en, Milango Scalan eta Aix-en-Provenceko Jaialdian. 2002an Frantziako gobernuak Arteen eta Letren Ordenako Zaldun izendatu zuen, eta 2017an Arteen eta Letren Ofizial. 2012. urteaz geroztik, Suediako Musika Errege Akademiako kide da. Hegazkin-pilotu gaitua ere bada.



Antoine Tamestit


Gaur egungo biola-jole ospetsuenetako bat da, bakarlari, errezital-emaile nahiz kamerako musikari gisa. Parisen jaio zen 1979an, eta bertako unibertsitatean egin zituen ikasketak, baita Yaleko Unibertsitatean ere. Sari asko jaso ditu eta maisu handiekin trebatu da, besteren artean Jean Sulem, Jesse Levine edota Tabea Zimmermann-ekin. Bakarlari gisa, orkestrarik handienekin aritu da, nola diren Txekiar Filarmonikoa, Zuricheko Tonhalle, Koloniako WDR, BBCko Sinfonikoa, Philharmonia Orchestra, Scottish Chamber Orchestra, etab., eta zuzendari bikainekin: Gardiner, Gergiev, Muti, Harding, Pappano, Janowski eta Welser-Möst-ekin besteak beste. Kamerako musikari gisa, jarduna da, besteren artean, Nicholas Angelich, Leonidas Kavakos, Gautier Capucon, Emmanuel Ax, Anne Sofie von Otter eta Martin Fröstekin. Errepertorio zabala du, musika barrokotik musika garaikideraino doana, eta mundu osoko zenbait estreinaldi egin ditu, T. Escaich, B. Mantovani, O. Neuwirth eta G. Tamestiten obrekin. Nobuko Imai-rekin batera, Japoniako Viola Space Festival-en zuzendarikidea da. Irakaslea izan da Koloniako Hochschüle für Musik-en eta Parisko Kontserbatorioan, eta erregulartasunez eskaintzen ditu masterclasseak. 1672ko Stradivarius bat jotzen du, Habisreutinger Foundation-ek utzitakoa.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical