ES · EU
Espainiako Orkestra Nazionala eta Leonidas Kavakos gaur asteazkena Kursaalen ariko dira
  • David Afkham zuzendariak gidatuko du Madrilen egoitza duen orkestraren emanaldia.

  • Leonidas Kavakos biolinista Tchaikovskyren Biolinerako kontzertua interpretatuko duen bakarlaria izango da.

 

Galiziako Orkestra Sinfonikoaren eta Euskadiko Orkestraren joan den asteko emanaldien ondoren, gaur, abuztuaren 25ean, asteazkenarekin, 19:30ean, Espainiako Orkestra Nazionalak hartuko du lekukoa Musika Hamabostaldiaren Kursaal Auditorioko kontzertu handien zikloan. Egoitza Madrilen duen orkestra 2019tik zuzendari titularra den David Afkhamek gidatuko du, eta haiekin batera Leonidas Kavakos biolinista greziarra ariko da, Tchaikovsky eta Schumann konpositoreen obrek osatutako programarekin.

Espainiako Orkestra Nazionala 1937an sortu zuten, Espainiako Guda Zibilean, eta berriz ere aurkeztu zuten 1942an. Ordutik etengabe kontzertuak ematen aritu da, Madrilen -1988tik Musika Auditorio Nazionala du egoitza- denboraldi zabala eskainiz. Bere historian zehar, Espainiako Orkestra Nazionalak XX. mendeko zuzendari espainiar garrantzitsuenak izan ditu zuzendari titular gisa: Bartolomé Pérez Casas, Ataúlfo Argenta, Rafael Frühbeck de Burgos –taldea aldi gehienetan gidatu duena- , Antoni Ros-Marbà, Jesús López Cobos eta Josep Pons. Haiekin batera, orkestra hainbat alditan izan da Musika Hamabostaldian. Jaialdira lehen aldiz 1940ko hamarkadan etorri zen; 1947an, esaterako, eta Ataúlfo Argentak zuzenduta, Beethovenen “Bederatzigarrena” eskaini zuten 180 abeslarik osatutako Donostiako Orfeoiarekin batera. Jaialdian azken aldiz 2008ko udan izan ziren, Donostiako Orfeoiarekin aldi hartan ere, eta Brahmsen “Requiem alemaniarra” interpretatu zuten.

Gaur egun David Afkahm Espainiako Orkestra Nazionaleko zuzendari titularra eta artistikoa da. 1983an Friburgon jaioa, zuzentzeko duen talentua Bernard Haitink Fundazioaren Talentu Gazteen saria irabazi zuenean eman zen ezagutzera. Horrek Haitinken laguntzaile izateko aukera eman zion Chicagoko Sinfonikoarekin, Concertgebouw Orkestrarekin eta Londresko Orkestra Sinfonikoarekin. Beranduago beste sari garrantzitsu batzuk ere irabazi zituen, besteak beste Donatella Flick Londresen edo Salzburgoko Festibaleko Zuzendari Gazteak. Afkham askorentzat azken urteetako zuzendari alemaniar onenetako bat da, eta azken aldi honetan Bostoneko Orkestra Sinfonikoarekin lan egin du Tanglewood jaialdian, Chicagoko Sinfonikoarekin, Munich eta Rotterdameko filarmonikoekin (Korea eta Txinan bira eginda), baita Santa Ceciliako Orkestra Nazionalarekin, Frantziako Nazionalaren, Danimarkako Nazionalarekin, Frankfurteko Irrati Orkestra Sinfonikoarekin eta Bambergeko Sinfonikoarekin ere.

Leonidas Kavakos Atenasen jaio eta hezi zuten familia musikal batean, eta 21 urte zituenerako munduko biolin lehiaketa garrantzitsuenak irabazi zituen: Sibelius 1985ean, Paganini 1988an eta Naumburg urte berean. Baina bere nazioarteko ospea 3 urte beranduago heldu zitzaion, historian lehen aldiz Sibeliusen “Biolinerako kontzertua” bertsio originalean grabatu zuenean. Grabazio harekin Gramophone Saria irabazi zuen 1991n eta mundu osoan interpretatu ahal izan zuen, bira luze batean. Donostian, hain zuzen, 1999an jo zuen lehen aldiz, eta Sibeliusen kontzertu hori interpretatu zuen Euskadiko Orkestraren denboraldian. Hasierako arrakasta horren ondoren, Kavakos munduko orkestra onenen ohiko gonbidatu bilakatu zen. DECCA zigiluaren artista esklusiboa da eta 1724ko “Abergavenny” Stradivarius biolina jotzen du, nahiz hainbat biolin modernoren jabe ere baden.

Kontzertua irekiko duen Piotr Ilich Tchaikovskyren Biolinerako kontzertua re maiorrean, Philliph Huscherren hitzetan “zorigaiztoko ezkontza batetik jaio zen gauza onena” izan zen (konpositore errusiarrak soilik hiru hilabete eman zituen Antonina Milyukovarekin ezkonduta). 1878an, Clarensen (Suitza) zegoela, Iosif Kotekek bisitatu zuen. Kotekek eramandako partituren artean Laloren Sinfonia espainiarra zegoen eta hark Tchaikovsky liluratu zuen, “errutina kontu handiz saihesten baitu, foma berriak bilatzen baititu eta musikaren edertasuna lehenesten baitu ezarritako tradizioen gainetik, alemaniarrek egin ohi duten bezala”. Modelo hori gogoan, Tchaikovskyk idazten ari zen pianorako sonata abandonatu zuen eta bete-betean sartu zen Biolinerako kontzertua konposatzen.

Tchaikovksyk oso azkar bukatu zuen kontzertua eta Leopold Auer birtuoso handiari bidali zion. Estreinaldirako data ere adostu zuten, hurrengo urteko martxoaren 22a. Baina hilabete batzuk beranduago Auerrek proiektua utzi zuen pieza “jotzeko ezinezkoa” zela esanez. Azkenean, estreinaldia Adolf Brodskyk egin zuen Vienako Filarmonikoarekin eta Hans Richterrekin batera. Oso gaizki jo zuten ordea, eta horrek eraman zuen Hanslick bere iruzkin entzutetsua botatzera: “belarrian min ematen duen musika” dela esan zuen. Ondoko interpretazioetan, ostera, obrak entzuleak xarmatu zituen Erromantizismoko biolinerako kontzertu gogokoena bihurtu arte: Tchaikovskyren sortzeko presa hark gertuko musika espontaneoa izan zuen emaitza, konpositorearen melodiak sortzeko gaitasuna egitura formal berezi baten gainean jarriz.

Espainiako Orkestra Naziolaren kontzertua Robert Schumannen 1. Sinfoniarekin amaituko da. Konpositorearen lehen orkestra obra osoa izan zen, 1841ean idatzia. Ordea, baina ezohiko heldutasuna transmititzen du. Pentsamendu musikal hau, azken batean, bazegoen jada inplizituki bere pianorako obra batzuetan, Estudio sinfonikoak, op.13 edo 2. pianorako sonata trinkoa obretan esaterako, 1834 eta 1835ean idatzitakoak.

Badira bi elementu berezko izaera ematen diotenak 1. Sinfonia honi. Lehenengoa kantuaren eragina da, sinfonia honetan baliatzen dituen melodia ia guztiak baitira oso “kantagarriak”; bigarrena Schuberten itzala da. 1838an Schumannek 8. Sinfonia, ‘Handia’ delakoaren eskuizkribua jaso zuen Schuberten anaiaren, Ferdinanden eskutik. Pasioz ikasi zuen eta materialak bere estreinaldirako prestatu zituen –zeina Mendelssohnek zuzendu zuen, kontzertuan entzungo dugunaren estreinaldia ere zuzendu zuena-. Prozesu osoan zehar, Schumann Schuberten musikan murgilduta ibili zen, eta bere 1. Sinfoniaren zirrikituetan ikus daiteke hori.

 

BIOGRAFIAK

Espainiako Orkestra Nazionala
1937an fundatu zuten, Espainiako Guda Zibilean zehar, eta 1942an eman zitzaion berriz bultzada. Ordutik etenik gabe aritu da kontzertuak ematen, Madrilen denboraldi zabala ospatuz -1988tik Auditorio Nazionalean du egoitza-, jaialdi espainiarretan parte hartzen du eta Espainian birak egiteaz gain, Europa, Amerika eta Asian ere aritzen da. Laurogei urte baino gehiagoko historiarekin, Espainiako Orkestra eta Koru Nazionala garai berri bat bizitzen ari da 2019an David Afkham zuzendari titular eta artistiko izendatu zutenetik, eta Félix Palomero zuzendari teknikoa denetik. Garai berri honetan oinarrizko irizpidea dira bikaintasun artistikoa, modernizazioa eta ikuspegi irekia. Afkham maisuaren aurretik ONEko podiuma Pérez Casas, Ataúlfo Argenta, Rafael Frühbeck de Burgos –taldea aldi gehienetan zuzendu duena–, Antoni Ros-Marbà, Aldo Ceccato, Jesús López Cobos eta Josep Ponsek bete dute. Era berean, orkestrak XX. mendearen bigarren erdiko bakarlari bokal eta instrumental entzutetsuenekin kolaboratu du. Espainiako Orkestra eta Koru Nazionala Kultura eta Kirol Ministerioko Arte Ezenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalaren (INAEM) menpe dago.

David Afkham
Friburgon (Alemania) jaio zen 1983an eta sei urterekin hasi zen pianoa eta biolina ikasten. Hamabostekin bere jaioterriko Musika Unibertsitatean sartu zen bere piano, teoria musikal eta zuzendaritza ikasketak jarraitzeko, Weimarreko Musika Eskolan luzatu zituenak. «Talentu Gazteen Bernard Haitink» beka jasotzen lehena izan zen eta zuzendari hau lagundu du hainbat proiektutan. Gustav Mahler Jugendorchester-en zuzendari laguntzailea izan da 2009 eta 2012 artean eta hainbat proiektutan parte hartu du zuzendari gonbidatu bezala Londresko Orkestra Sinfonikoan, Londresko Philarmonia Orkestran, Amsterdameko Concertgebouw Orkestran, Berlingo Deutsche Symphonie-Orchesterren, Dresdeko Staatskapellen, Frantziako Orkestra Nazionalean, eta abar. David Afkham Espainiako Orkestra eta Koru Nazionaleko zuzendari titularra da 2019tik, 2014tik erakunde honetako zuzendari nagusi izan ondoren. Urteotan zehar anbizio handiko programak aurkeztu ditu: Schönbergen Gurrelieder, Mahlerren 6. sinfonia, Brucknerren 9. Sinfonia, Berliozen Sinfonia fantastikoa, Brahmsen Requiem, Haydnen Kreazioa, baita emanaldi erdi-ezenaratuak ere Holandar alderraia, Elektra, Pasioa San Mateoren arabera, Bizar Urdinen gaztelua eta Tristan eta Isolda.

Leonidas Kavakos
Leonidas Kavakos mundu osoan ezaguna da ezohikoa den kalitatea duen biolinista eta artista izateagatik, bere teknika paregabeagatik, bere maisutasun liluragarriagatik eta musikaltasun ederragatik, baita bere interpretazioaren osotasunagatik ere. Munduko orkestra eta zuzendari onenekin lan egiten du eta errezitalak ematen ditu areto eta jaialdi nagusietan. Bere bizitzako mentore garrantzitsuenak Stelios Kafantaris, Josef Gingold eta Ferenc Rados izan dira, eta haiekin egiten du lan gaur egun ere. 21 urterekin dagoeneko hiru lehiaketa garrantzitsu irabazi zituen: 1985eko Sibelius lehiaketa, eta 1988an Paganini eta Naumburg Lehiaketak. Arrakasta honek Sibeliusen Biolinerako kontzertua grabatzera eraman zuen, piezaren historiako lehen grabazioa, eta 1991. urteko Gramophone Concerto of the Year saria irabazi zuen hala. Azken urteetan, Kavakosek zuzendari ibilbidea sendotu du eta Londresko Orkestra Sinfonikoa, New Yorkeko Filarmonikoa, Houstoneko Sinfonikoa, Dallaseko Sinfonikoa, Gürzenich Orkestra, Budapesteko Festibaleko Orkestra eta beste hainbat gidatu ditu. Atenasen jaio eta hazi zen familia musikal batean. Kavakosek urtero biolin eta ganbera musika eskola magistral bat antolatzen du Atenasen, mundu osoko biolinista eta taldeak erakartzen dituena. 1734ko ‘Willemotte’ Stradivarius biolina jotzen du eta F. Leonhard, S.P. Greiner, E. Haahti eta D. Baguék egindako biolin modernoak dauzka. Sony Classics zigiluaren artista esklusiboa da Kavakos.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical