ES · EU
Galiziako Orkestra Sinfonikoa Musika Hamabostaldira itzuliko da abuztuaren 19an eta 20an emango dituen bi kontzerturekin

Galiziako Orkestra Sinfonikoa Musika Hamabostaldira itzuliko da abuztuaren 19an eta 20an emango dituen bi kontzerturekin

19.08.2021
ikusi
berri
guztiak
>
  • Galiziako Orkestra Sinfonikoa Dima Slobodeniouk zuzendari titularrak berak gidatuko du. Elisabeth Leonskaja pianistak eta Easo Ahots Mistoen Abesbatzak ere hartuko dute parte, lehenbiziko kontzertuan eta bigarrengoan, hurrenez hurren.

  • Brahmsen eta Rachmaninoven musika izango du lehen eguneko programak, bigarren gaualdiak, aldiz, Brahms eta Tchaikovskyren obrak izango ditu.

  • Bi kontzertuak 19:30ean hasiko dira, Kursaal Auditorioan.

 

Musika Hamabostaldiko kontzertu handiak gaur osteguna, hilak 19, itzuliko dira Kursaal Auditoriora. Hamabostaldiaren txanpa hobnetako orkestra handietatik lehenengoa Galiziako Orkestra Sinfonikoa izango da, emanaldi bikoitzarekin: abuztuaren 19an eta 20an emango ditu kontzertuak Dima Slobodeniouk zuzendari titularrak gidatuta. Horietatik lehenengoan, OSG Elisabeth Leonskaja pianista errusiar entzutetsuak lagunduko du, eta, ostiraleko emanaldian, bertako abesbatza handietako bat ariko da orkestrarekin batera, Easo Ahots Mistoen Abesbatza. Bi hitzorduak Kursaal Auditorioan izango dira eta 19:30ean hasiko dira.

Galiziako Orkestra Sifonikoa Penintsulako orkestra sendoenetakotzat jotzen dute 1992an sortu zenetik eta zortzi alditan aritu da dagoeneko jaialdian, guztietan Víctor Pablo Pérezek gidatuta. Víctor Pablorekin beti izan du harreman estua Musika Hamabostaldiak -eta aurten ere hartuko du parte jaialdian, Euskadiko Orkestra eta Donostiako Orfeoia zuzenduz, abuztuaren 21ean-. OSG 2005ean izan zen jaialdian azken aldiz, Mahlerren Mila musikarien sinfonia gogoangarriarekin; orkestra bere kide gazteekin indartuta etorri zen orduan, Galiziako Gazte Orkestra Sinfonikoarekin. 2008 eta 2013an ere etorri zen talde galiziarra, Ainhoa Arteta soprano tolosarra laguntzera.

Oraingoan, orkestra 2013tik bere zuzendari titular denarekin etorriko da jaialdira, Dima Slobodeniouk zuzendariarekin. Moskutarra Lahtiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari ere bada, baita hango Sibelius festibalaren zuzendari artistikoa ere. Bere Galiziako lanaz gain -OSG nazioartean etorkizun handieneko orkestra bilakatu du eta egun 120.000 harpidedun ditu Youtuben-, Slobodenioukek Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin, Leipzigeko Gewandhausorchester, Symphonieorchester des Bayerischen Rundfunks edo London Symphony Orchestrarekin lan egin du, beste askoren artean. Maiz zuzendu du, era berean, ospe handia eman dion musika errusiar eta eskandinaviarra.

Hain zuzen ere, Slobodenioukek zapore errusiar handia emango dio OSGren lehen emanaldiari, Rachmaninoven 1. sinfonia interpretatuz, baita Brahmsen Pianorako 2. kontzertua ere, Elisabeth Leonskaja eskola pianistiko errusiarreko ordezkari handiarekin. Leonskajak harreman handia du Donostiarekin, azken urteotan denboraldi luzeak igaro baititu bertan eta hainbat musika proiektutan hartu baitu parte hemen. Baina ez da ahaztu behar bere belaunaldiko pianista ospetsuenetako bat dela eta bakarlari bezala aritu dela munduko orkestra garrantzitsu guztiekin, New Yorkeko eta Los Angeleseko Filarmonikoekin, Clevelandeko Orkestrarekin, London Symphony Orchestra, etab.

Leonskajak interpretatuko duen Pianorako 2. kontzertua 1878 eta 1881 artean konposatu Brahmsek berrogei urte inguru zituenean. Pianorako 1. kontzertuarekin gertatzen den bezala, bere izaera sinfoniko sendoa da obraren ezaugarri behinena, pianoa orkestraren ehundurako osagai gisa hartzen duena. Ostera, eta lehenengoarekin alderatuz, bigarren kontzertuak ganberako musikarantz jotzen du batzuetan, bigarren mailako trama proposatuz tamaina handiko sorkuntza honek transmititzen duen drama konplexuan. Leonskajak bikain ezagutzen ditu kontzertu horren barrunbeak, 90 hamarkadaren hasieran grabatu baitzuen Leipzigeko Gewandhausorchester eta Kurt Masur-ekin, eta ordutik sarritan interpretatu du.

OSGren lehen emanaldiko programa Sergei Rachmaninoven 1. sinfoniak osatuko du. 1895ean idatzi zuen konpositoreak, 22 urte soilik zituela. Anbizio handiko konposizioa da, heldutasunean garatuko zuen musikako alderdirik konplexuenak aurreratzen dituena. Mundu osoko orkestren errepertorioetan leku bat egin diote konposizio honi, errusiarrak egindako pianorako kontzertu askoz ere ezagunagoekin batera. 1. sinfonia bere estreinaldi katastrofikoagatik ere bada ezaguna, 1897an San Petersburgon Alexander Glazunov-ek erabat hordituta zela zuzendu baitzuen. Sinfoniari emandako erantzun negatiboak Rachmaninovi depresioa eragin zion, eta ezin izan zuen nota bakar bat idatzi hurrengo lau urteetan.

Bigarren gaualdian, hilaren 20koan, Easo Ahots Mistoen Abesbatza batuko zaio OSGri koru eta orkestrak interpretatzeko Johannes Brahmsek idatzitako bi altxorri aurre egiteko: “Nänie” eta “Patuaren kanta”. Hamabostaldiak harreman luzea izan du Easo Koruek osatzen duten familia handiarekin; urtero hartzen dute jaialdian. Duela egun batzuk, Easo Abesbatzako haurren atalak Hirira ikuskizuna estreinatu zuen, Hindemithen musikan oinarrituta eta Musika Hamabostaldiaren eskutik ekoitzia. Oraingoan, Easoko ahots helduen txanda izango da, aurreko edizioetan jaialdiak taularatu dituen operetako zati koralez arduratu direnena -L'italiana in Algeri 2018an eta Madame Butterfly 2019an-. Brahmsen bi sorkuntza sinfoniko-koraletako bakoitzak 15 minutuko iraupena du eta intentsitate emozional handia: Easo Ahots Mistoen Abesbatza beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera emango dute.

Brahmsen ostean, Galiziako Orkestra Sinfonikoak bere jaialdiko parte-hartzea bukatuko du Piotr Ilich Tchaikovsky konpositorearen sorkuntza ezagunenetako batekin, 5. sinfonia mi minorrean. Patuaren ideia, bere Laugarrenean ere garrantzitsua zena, indar handiagoarekin azaltzen da berriz sinfonia honetan. Konposizio prozesuaren gogortasunagatik, errusiarrak aitortu zuen bere “burmuin sorgortutik zukutu” behar zuela. Leon Plantingak azaltzen duenez, arazoa zen Tchaikovsky “etengabe borrokatzen zuela kontserbatorioan ikasi zituen tradizio formalen aurkako eskakizun eta programa ezkutu batekin lotutako bere progresio emozional eta adierazkorrerako zaletasunaren artean”. Tentsio horretatik, eta folklore eslaviarrarekiko nahiz balletaren hizkuntzarekiko zuen gertutasunetik, XIX. mendearen azken hondarreko sinfonia original eta gogoangarrienetako bat jaio zen, 1988an estreinatua, San Petersburgon, konpositorearen beraren gidaritzapean.

 

BIOGRAFIAK

Galiziako Orkestra Sinfonikoa (OSG)
Espainian etorkizun handiena duten orkestren artean dago eta nazioarteko marka ere bada, bost kontinenteetako jarraitzaileak dituena bere Youtube kanalean, ehun eta hogei mila jarraitzaile baino gehiagorekin. OSG Pesaroko Rossini festibaleko egoiliarra izan da, eta hainbat bira egin ditu Alemanian eta Austrian. 2007an Hego Amerikan bira egin zuen, 2009an Vienako Musikvereinen parte hartu zuen eta 2016an Arabiar Emirerrietan aritu zen. OSGk nazioarteko artistekin egin du lan, besteak beste, Dudamel, Maazel, Eschenbach, Marriner, Koopman, López Cobos, Harding, Vänskä, Zedda, Jurowski, Rozdestvenski, Pollini, Anne-Sophie Mutter, Zimerman, Sokolov, Pires, Leonskaja, eta Deutsche Gramophon, Sony, EMI, DECCA, Koch, Bis, Naïve, BMG eta Arts zigiluentzat grabatu du. OSG Grammy sarietan izendatu zuten 2007an eta Classical:Next Innovation Award sarian 2015ean.


Easo Ahots Mistoen Abesbatza
2006an sortu zen Easo Ahots Mistoen Abesbatza Easo Emakume Koruaren eta ahots baxuen Easo Koruaren baturatik. Bi taldeen ibilbide sendo eta luzeagatik, biak elkartu izanak errepertorio sinfoniko-korala, ganberakoa edo koru mistorako pentsatutako errepertorio operistikoa lantzea ahalbidetzen die. Beren lehen agerraldia egin zutenetik Mozarten Bahiketa harenean obran, Musika Hamabostaldian, koruak maiz hartu du parte jaialdiko ekoizpen operistikoetan: P. I. Tchaikovskyren Iolanta, Mozarten Txirula Magikoa eta Figaroren ezteiak, Pucciniren Traviata, Tosca eta Madama Butterfly, eta Usandizagaren Mendi-Mendiyan operatan, hain zuzen. Tolosan (Frantzia) Tchaikovskyren Eugene Onegin operan ere parte hartu du, eta 2010eko denboraldian Parisko Pleyel Aretoan. Era berean, Madrilgo Zarzuelako Antzokiak ekoitzitako hainbat zarzuelatan ere hartu du parte.

Mariinskiko Orkestrarekin, Tolosako (Frantzia) Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin, Euskadiko Orkestrarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin edo Balearretako Orkestrarekin lan egin du, baita Valery Gergiev, Tugan Sokhiev, Leopold Hager, Günter Neuhold, Pietro Rizzo, M. A. Gómez Martínez, Antoni Ros-Marbà, Yi-Chen Lin edo Giuseppe Finzi-ren mailako zuzendariekin ere, besteak beste.


Dima Slobodeniouk
Bere lidergo artistikoagatik goratua, Dima Slobodeniouk Galiziako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da 2013tik, eta Lahti-ko Orkestra Sinfonikoaren zuzendaria izateaz gain, 2016ko izendapenetik hango Sibelius Festibaleko zuzendari artistiko ere bada. Berlingo Orkestra Filarmonikoa, Leipzigeko Gewandhausorchester, Symphonieorchester des Bayerischen Rundfunks, Berlingo Rundfunk-Sinfonieorchester, Vienako ORF Radio-Symphonieorchester, Londresko Orkestra Filarmonikoa, Irrati Finlandiarraren Orkestra Sinfonikoa, Rotterdameko Orkestra Filarmonikoa, eta antzeko beste hainbat orkestrarekin ere egin du lan.

Aurreko denboraldian izan zituen konpromisoen artean dira Stockholmeko Filarmonikoarekin eta Pittsburgeko Orkestra Sinfonikoarekin egindako debutak. Era berean, Bostoneko Orkestra Sinfonikoa zuzendu du Stravinskiren “Suzko Txoria”-rekin, Minnesotako Orkestra, Frankfurteko Orkestra Sinfonikoa, Berlingo Rundfunk-Sinfonieorchester, Vienako Radio-Symphonieorchester Scriabin-en “Prometeo”-rekin eta Stravinskiren “Salmoen Sinfonia”-rekin eta ORFeko Abesbatzarekin.


Elisabeth Leonskaja
Hainbat hamarkadatan zehar izan da Elisabeth Leonskaja gure garaiko pianista entzutetsuenetakoa. Garai sobietarreko musikari errusiarren pausoak jarraitu ditu, Oistrakh, Richter eta Gilels musikariek bezala, haiek ez baitzioten sekula uko egin beren musika interpretatzeko moduari garai politiko zailenetan ere. Tbilisin jaio zen, Georgian, eta hamaika urterekin eman zituen lehen kontzertuak. Oraindik Kontserbatorioko ikasle zela Enescu, Marguerite Long eta Reina Isabel lehiaketa ospetsuetan sariak irabazi zituen. Bere garapen musikalean modu erabakigarrian izan zuen eragina Richter-ekin izandako lankidetza profesionalak.

Munduko orkestra garrantzitsu guztiekin aritu da bakarlari: New Yorkeko Filarmonikoa, Los Angelesekoa, Clevelandeko Orkestra, Philharmonia Orchestra, London Symphony Orchestra, Royal Philharmonic Orchestra, BBC Symphony Orchestra… Colin Davis, Christoph von Dohnanyi, Kurt Sanderling, Maris Jansons, Yuri Temirkanov, Jiří Bělohlávek, Iván Fischer eta beste askoren zuzendaritzapean. Bakarlari bezala agenda gainezka izanik ere, ganberako musikak beti izan du leku garrantzitsua bere lanean, eta maiz aritzen da Artemis Quartet, Borodin Quartet eta Emerson Quartet taldeekin.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical