ES · EU
EOS eta BOS lehen aldiz elkartuko dira Hamabostaldian “Te Deum” monumental bat eskaintzeko
  • 1997ko urrian, Bilboko Guggenheim Museoaren irekiera zela-eta, elkartu ziren lehen eta azken aldiz bi orkestrak.


  • 439 lagun igoko dira Kursaal Auditorioko taula gainera, eta Berliozek, 'Aita Madina'-k eta Sorozabalek konposatutako lanak eskainiko dizkigute.



Euskadiko Orkestra Sinfonikoa - Bilboko Orkestra Sinfonikoa
Donostiako Orfeoia - Iruñeko Orfeoia
Easo Eskolania - Easo Araoz Gazte
Abuztuak 31, 20:00, Kursaal Auditorioa (sarrerak agortuta)



Donostiako 77. Musika Hamabostaldiaren amaiera egundokoa izango da, eta lau euskal talde izango dira jardunaldi horretako protagonistak: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS), Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS), Donostiako Orfeoia eta Iruñeko Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Araoz Gazte haur-abesbatzekin batera. 439 lagun elkartuko dira bihar, abuztuaren 31n, egokiera honetarako moldatu behar izan den Kursaal Auditorioko eszenatokian, eta hiru lanek osatutako egitaraua aurkeztuko digute: Hector Berliozen Te Deum op. 22, Francisco de Madinaren Aita Gurea eta Pablo Sorozabalen Gernika. Musika Hamabostaldiaren baitan, EOS eta BOS elkarrekin ariko diren lehen aldia izango da. Aipatutako bi orkestra horien arteko lehen eta azken topaketa 1997ko urrian gertatu zen, Bilboko Guggenheim Museoaren irekiera zela-eta. Zuzendari lanetan Victor Pablo Perezek jardungo du, zeina Espainiako orkestra-zuzendari onenetakotzat hartzen den. Emanaldi honetan, halaber, bi bakarlarik esku hartuko dute: Christian Elsner alemaniar tenorrak eta Thomas Ospital frantses-euskaldun organista gazteak. P. Sorozabalen Gernika lanean, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen izenean ariko diren 24 txistularik esku hartuko dute, gainera.

Orain arte aipatutakoari, zera erantsi behar zaio: Donostia Europako Kultur Hiriburu den honetan, Donostia 2016rekin elkarlanean antolatu dugula kontzertu hau, “Elkarrizketak” lerroaren baitan, hain zuzen ere; alegia, dagoeneko jardunean diren inguruko kultur-eragileekin elkarlanean, Hiriburutzaren balioekin lotutako ekimenak gauzatzeko sortutako lan-ildoaren baitan.

Hector Berliozen Te Deum lanarekin emango zaio hasiera berebiziko kontzertu honi. 1848an, bere memoria ederrak idazten hasi zen garai berean, Berlioz Te Deum bat ari zen gogoan tankeratzen, Requiem-arekin harreman estua duen obra, bai bere monumentaltasunagatik, bai bere terribilità erlijiosoagatik. Izugarrizko tamaina duen lana da, soinu-arkitekturazko obra bat, zeinaren ezagutzara ezin baita heldu ez bada zuzenean entzunez, inplikaturiko soinu-masen banaketa espaziala dela medio, grabazio batek ezin du-eta behar bezala adierazi musikagileak entzulearen pertzepzioan eragin nahi izan zuen efektua. 1855ean estreinatu zenean, Berliozek 950 bat interpretatzaile izan zituen bere esanetara, eta musikari haiek Parisko Saint-Eustache Elizako bazter guztiak bete zituzten. Tenpluaren hainbat tokitan jarri zituen, haien arteko elkarrizketa sor zedin eta gizadiaren irudikapen sinbolikoa egiteko, nolabait. Te Deum lana, festa kutsuko ereserki bat da, ospakizun handietarako erabiltzen zena: koroatzeak, garaipen militarren ospakizunak, etab. Berliozek 1852an estreinatu nahi izan zuen Te Deum lana, Napoleon III.aren koroatzean eta ezkontzan; aitzitik, ezin izan zuen lan hura programatuta ikusi hiru urte igaro ziren arte, Parisko Saint-Eustache Elizako organoa inauguratu zenean, hain zuzen ere. Horrek azaltzen du, neurri batean, oratorioak aurrera egin ahala musika-tresna honek hartzen duen garrantzia. Eta bada nabarmentzea merezi duen kointzidentzia bat; izan ere, kontzertu honetan parte hartuko duen organista ezaguna, Thomas Ospital frantses-euskalduna, aipatutako Parisko Saint-Eustache Elizako bi organista ofizialetako bat izendatu zuten 2015ean.

Formatu handietara erraz egokitzen diren beste bi euskal lanek osatuko dute abuztuaren 31ko kontzertuko egitaraua:

Francisco de Madina
ren Aita Gurea 1947an estreinatu zuen, Buenos Airesko Katedralean, Lagun Onak abesbatzak, hau da, Argentinan erroak egin zituzten euskaldunek 1939an sortu zuten kantari taldeak, gaur egun ere maiz abesten duenak. Pieza labur horrek oso harrera ona eduki zuen eta berehala itzuli zen beste zenbait hizkuntzatara. Ingelesezko bertsioak xantza bereziki ona izan zuen, sarri programatu baitzen Estatu Batuetan, hainbat kontzerturen hasierako pieza gisa; 1955ean, herrialde hartara joan zen bizitzera 'Aita Madina' bera ere. Eragiten duen zirrararen sekretua, paradoxikoki, bere umiltasun teknikoan datza: norbaitek intimitatean otoitz egingo lukeen bezala egiten du otoitz abesbatzak ere, homofoniaz eta silabikoki, gorantz -nota altuetarantz- doan eta gero behera egiten duen progresio melodiko batean, eta hori guztia orkestrazio eraginkor baina apaingarririk gabeko batean bildurik. Emaitza, kritikak adierazi zuen bezala, “ikaragarria da bere soiltasunean”.

Kontzertuari, Pablo Sorozabalen Gernika-k emango dio amaiera. 1985. urtearen amaieran, hil baino hiru urte lehenago, P. Sorozabali galdetu zioten ea zer zen Gernika beretzat, eta donostiar maisuak honela erantzun zuen: “Bizitu dugun gerla doilorra ekartzen dit gogora. Oroitzen naiz neure ama zaharrarekin, familia osoarekin, umeekin, faxistengandik iheska”. Oroitzapen horiek bultzatu zuten, 1966an, Gernika: euskal hileta-martxa idaztera. Ohikoa ez den musika-tresna multzo batentzat idatzi zuen -txistuak, tronpak eta danborrak-, eta bere amari eskaini zion. Nemesio Etxanizen ezkutuko hitzak zituen lanak, baina Sorozabalek ez zituen partituran idatzi 1976. urtera arte, hots, Franco hil ondorenera arte. Handitasunaren ideia presente zegoen Sorozabalen gogoan: “Egunen batean Gernika estreinatzen badut –bi bertsio ditut, orkestra eta abesbatzekin bata, eta fanfarre eta abesbatzekin bestea–, fanfarrea 50 txistu, 16 tronpa, 12 tronpeta, 4 tinbal eta 200 ahotseko abesbatza batek osatuko dute. Eta hori guztia haran batean, aire zabalean, entzun dadila”, adierazi zuen. Musikagilea obra hau entzun gabe zendu zen. Orain arte egin diren Gernika-ren interpretazio handienetako bat ikusiko zukeen, egun, Kursaalera gerturatzerik izango balu.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical