ES · EU
Musika Hamabostaldia Koloniako WDR Sinfonieorchester orkestraren bi kontzerturekin iritsiko da 79. edizioaren amaierara

Musika Hamabostaldia Koloniako WDR Sinfonieorchester orkestraren bi kontzerturekin iritsiko da 79. edizioaren amaierara

31.08.2018
ikusi
berri
guztiak
>

· 2010. urteaz geroztik orkestraren zuzendari titular den Jukka-Pekka Sarastek zuzenduko du kontzertua.

· Orkestra alemanak abuztuaren 31n Igor Levit pianista izango du bakarlari eta irailaren 1ean Donostiako Orfeoiarekin batera ariko da.


Musika Hamabostaldiak bi kontzertu sinfonikorekin emanago dio amaiera 79. edizioari Kursaal Auditorioan, Koloniako WDR Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Talde alemana askotan egon da jaialdian, azken aldiak 2011. eta 2015. urteetan, eta bietan  Jukka-Pekka Saraste zuzendari titularrekin aritu da. Finlandiar zuzendariak jardungo du zuzendari lanetan bi emanaldietan, hau da, abuztuaren 31n, ostirala, 20:00etan eta irailaren 1ean, larunbata, ordu berean, biak Kursaal Auditorioan. Lehenengo kontzertuan Igor Levit pianista aritu da, eta larunbatekoan, berriz, Donostiako Orfeoia eta Maximiliam Schmitt tenorra. Hori izango da, hain zuzen ere, Musika Hamabostaldiaren edizio honen amaiera, errepertorioko lan sinfoniko-koral handienarekin: Hector Berliozen "Requiem".

Koloniako WDR Orkestra Sinfonikoa 1947an sortu zen, II. Munduko Gerraren ondoren eta "kultur arteko gerra hotzaren" testuinguruan. Okupazio aliatuaren agintariek sortu zuten, NWDR irratiaren mendeko erakunde gisa (Alemania Ipar-mendebaldeko Irratia), Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoa izenarekin, eta izen hori eduki zuen 1990. urtea arte. Orkestraren lehenengo 17 urteetan ez zuen zuzendari titularrik eduki, eta zuzendari gonbidatu ugarirekin lan egin zuen. Horrek markatu zuen orkestraren nortasuna, eta Alemaniako talde malguenetakotzat hartu da, errepertorio ugaritara eta zuzendari bakoitzaren ikusipegietara egokitzeko gai. Ikuspegi zabal hori gorabehera, ordea, orkestrak ez dio musika garaikidearekin inplikatuta egoteari utzi, eta musika horren babesa da WDR irratiko orkestra gisa betetzen duen lanaren garrantzizko atala. Koloniako orkestrak, hortaz, garrantzizko zeregina bete du XX. mendearen bigarren erdialdeko zenbait musikagile alemanen karrerak bultzatzen, eta, bide horretatik, lanak agindu dizkie Hans Werner Henze, Karlheinz Stockhausen eta Bernd Alois Zimmermann musikagileei, beste askoren artean.

2010. urteaz geroztik, Jukka-Pekka Saraste da WDR Sinfonieorchester-en zuzendari titularra. Sarastek biolina ikasi zuen lehenengo, eta orkestra-zuzendaritza gero, Helsinkiko Sibelius Academian, Jorma Panula maisuarekin. Esa-Pekka Salonen-en gela berean egon zen, eta harekin batera sortu zuen, 1983an, Avanti Chamber Orchestra, musika garaikidean espezializatutako orkestra handia. Talde horren eraginez, izena handia lortu zuten nazioartean bi zuzendari gazteek. Hainbat urtez Finlandiako Irratiko Orkestran biolinista gisa jardun ondoren, 1987an Saraste zuzendari titular berria izendatu zuten, eta postu horretan egon zen 2001. urtea arte. Horrez gainera, harreman handia eduki du Eskoziako Ganbera Orkestrarekin, Toronto Orkestra Sinfonikoarekin, BBC Orkestra Sinfonikoarekin eta Osloko Filarmonikoarekin. Azken horretan zazpi urtez aritu zen zuzendari, Koloniako WDR Sinfonieorchester-en zuzendaritza hartu aurretik. Finlandiako musikari garrantzitsuenetakotzat hartua, 2000. urtean Sarastek Musikaren Sari Nazionala jaso zuen Finlandiako estatuaren eskutik.

Sarrerak. Bi kontzertuetarako sarrerak eros daitezke www.quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan. 

Abuztuaren 31
Abuztuaren 31ko kontzertuan, Igor Levit errusiarra ariko da bakarlari gisa. Igor hartzen da pianista gazte nabarmenetakotzat gaur egun. Bere lehen diskoek, Beethoven eta Bachen lanei eskainiak, oso harrera ona izan zuten kritika espezializatuaren aldetik, eta, horrela, sendotu egin zuen bere karrera, aurretik pianoko hainbat lehiaketatan irabazitako sarietan oinarritua, besteak beste Tel Aviveko Arthur Rubinstein lehiaketa. Leviten debuta izango da aurtengo hau Musika Hamabostaldian, eta Johannes Brahmsen “Pianorako 1. kontzertua” joko du, bere edertasunagatik eta izaera sinfoniko nabarmenagatik ezaguna. Brahmsek 21 urte zituela entzun zuen lehen aldiz, 1854an alegia,  Beethovenen "9. sinfonia", eta harekin liluratuta, bi pianorako sonata bat idazten hasi zen, "Pianorako 1. kontzertua" izango zena. Prozesu nekeza izan zen, eta Brahmsek behin eta berriro idatzi zuen partitura, azkenik, 1859ko urtarrilean estreinatu zen arte. Ahalegin haren guztiaren emaitza musika trinko baina distiratsua izan zen, zeinetan diskurtso bakar batean bateratzen diren orkestra eta bakarlaria, aurretik gutxitan ikusi bezala.

Ostiraleko kontzertuko bigarren lana "Udaberriaren sagarapena" izango da, Igor Stravinskik 1913an sortutako balleta, eta XX. mendeko musikan eragin handia izan zuena. Pierre Boulezek zioen Udaberriaren sagarapena «manifestu lan bat dela, Picassoren “Les demoiselles d'Avignon” lanaren norabide berean eta arrazoi beragatik». Propaganda-ekitaldi handi batekin heldu zen obra hau mundura: estreinaldian sortu zuen zalapartak, denborarekin, artistaren eta publikoaren arteko etsaitasunaren ikur bihurtuko zen, aurrerazaletasunaren eta kontserbadurismoaren artekoa. Erritu pagano primitibo baten birsorkuntzan –gazte baten sakrifizioa naturaren udaberriko eskuzabaltasuna erakartzeko–, Stravinskik urrats handia egin zuen orkestrarako musikaren idazketan, eta aukera berriak eskaini zizkien tinbreari eta erritmoari.

Kontzertua
Abuztuaren 31 ostirala, 20:00h. Kursaal Auditorioa

WDR Sinfonieorchester - Colonia
Jukka-Pekka Saraste, zuzendaria
Igor Levit, pianoa

Egitaraua:
J. Brahms: 1. pianorako kontzertua, op.15 (45’)
I. Stravinski: Udaberriaren sagaratzea (33’)

Irailaren 1a

WDR Sinfonieorchester-en bigarren kontzertua, larunbatean izango dena, senidetze berri bat izango da Donostiako Orfeoiarekin, izan ere, talde alemanak Brahmsen "Requiem alemana" gogoangarri bat eskaini zuen jaialdian izan zen aurreko aldian, 2015ean hain zuzen ere. Oraingoan hildakoen beste meza bat eskainiko dute, baina aurrekoaren guztiz bestelakoa: Hector Berliozen “Requiema”, neurri izugarriagatik nabarmentzen dena. Berlioz-ek, bere "Sinfonia fantastikoa" estreinatu ondorengo urteetan, hainbat proiektu jarri zituen abian, eremu publikoetan interprete ugari elkartzen zituztenak. Horietako bat "Requiema" izan zen, 1837an Frantziako Barne Ministerioko zuzendariak agindua, 1830eko Iraultzaren biktimen ohorez. Azkenean, ordea, bestelako testuinguru batean estreinatu zen, Aljerian hildako soldadu frantsesen ohoretan; 400 musikarik parte hartu zuten estreinaldian, eta horrenbesteko arrakasta izan zuen, ezen guztiz sendotu zuen Berliozen ospea. Musikagileak berak estimu handitan zuen lan hau: bere bizitzaren amaieran adierazi zuen bere lanen bat salbatu beharko balu "Hildakoen meza handia" salbatuko lukeela. Hamar mugimendutan banatuta, "Requiem" lanarekin izaera izugarriko musika sortu zuen Berliozek, zeinaren bitartez erakutsi nahi zuen Jainkoaren boterea eta handitasuna gizakiaren ahultasunaren eta ezintasunaren aurrean.  

Donostiako Orfeoiak askotan abestu du lan hau, ezin hobeto egokitzen baita taldearen ezaugarrietara. 2016an interpretatu zuen Donostian azkeneko aldiz, Kursaal Eszenaren denboraldian. Garrantzizkoa da Donostiako Orfeoiak amaiera-kontzertu honetan parte hartzea: Euskal Herriko abesbatza enblematikoenetako bat da, zalantzarik gabe, eta funtsezko taldea Musika Hamabostaldiaren historian, 79 edizioetatik 70etan parte hartu baitu. Esker onaren erakusgarri, 1997an, Orfeoiaren sorreraren mendeurrenean, jaialdiaren goreneko saria jaso zuen: Urrezko Domina.

Maximilian Schmitt 2005ean eta 2006an Bavariako Estatuko Operako ensemble gazteko kide izan zen, Munichen. Operarako grinaz gainera, garrantzi handia ematen die orkestra-kontzertuei; oso errepertorio zabala du, Monteverdi, Mozart edo Mendelssohn, eta maila handiko zuzendariek gonbidatu izan dute, hala nola Welser-Möst, Andrew Manze, Daniel Harding, Thomas Hengelbrock, Gavio Luisi, Leopold Hager, Ulf Schirmer, Philippe Herreweghe, Marcus Creed, Trevor Pinnock, René Jacobs eta Helmuth Rillingek, garrantzizko taldeekin jarduteko: Berlingo Akademie für Alte Musik, Concerto Köln, Baseleko Ganbera Orkestra, Bayerischer Rundfunk eta Mitteldeutscher Rundfunk Orkestra Sinfonikoak, Vienako Orkestra Sinfonikoa, Suediar Irratiko Orkestra Sinfonikoa eta Gewandhausorchester Leipzigen. Grabatutako lanen artean aipagarriak dira Haydnen “Kreazioa” (Baroque Orchestra Freiburg / René Jacobs / Harmonia mundi France), Bachen “Pasioa San Mateoren arabera” (Gewandhausorchester / Riccardo Chailly – Decca), Dvorak (Flandesko Errege Orkestra / Philippe Herreweghe) eta DVD bat Bachen “Gabonetako Oratoria” lanarekin (Akademie für Alte Musik Berlin / Peter Dijkstra).

Kontzertua
Irailaren 1 larunbata, 20:00h. Kursaal Auditorioa

WDR Sinfonieorchester - Kolonia
Donostiako Orfeoia (J.A. Sáinz Alfaro, abesbatza-zuz.)
Jukka-Pekka Saraste, zuzendaria
Maximilian Schmitt, tenorra

Egitaraua:

H. Berlioz: Requiema (Hilen meza handia) op.5 (85’)



Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical