ES · EU
London Philharmonic Orchestraren bi kontzerturekin emango dio amaiera Musika Hamabostaldiak bere 80. edizioari

Londresko Orkestra Filarmonikoak bi kontzertu emango ditu Kursaalen, abuztuaren 30ean eta 31n. Juanjo Menak zuzenduko ditu.

Beethovenen pianorako bost kontzertuak eskainiko dituzte, Javier Perianes pianista bakarlariarekin.


80. Musika Hamabostaldia bere amaierara helduko da asteburu honetan, Kursaal Auditorioan izango diren bi kontzertu sinfonikorekin. London Philharmonic britainiar orkestra handiak itxiko du jaialdia, 2004an ere Musika Hamabostaldian egon ondoren. Oraingoan, egungo euskal zuzendari nazioartekoena den Juanjo Mena-rekin etorriko da Londresko orkestra. Javier Perianes pianista espainiar entzutetsua arituko da haiekin. Bi kontzertuetan zehar, lehena abuztuaren 30ean, ostirala, eta bigarrena 31n, larunbata, 20:00etan, Ludwig van Beethovenek konposatutako bost piano kontzertuak joko dituzte, osorik.

Londresko Royal Festival Hall antzokian du egoitza London Philharmonic Orchestra-k (LPO). Britainiar hiriburuko areto karismatikoenetako bat da, baita Europako aktiboenetarikoa ere, orkestra eta bakarlari onenentzako ezinbesteko agertokia izan baita, 1951n zabaldu zutenetik. Egitarau zabal horren parte da LPO, 1992tik Royal Festival Hall-eko egoiliarra denetik. 1932an sortu zuen orkestra Thomas Beecham-ek, eta hainbat zuzendari ezagun izan ditu ordutik: Sir Georg Solti, Kurt Masur edo Bernard Haitink, besteak beste. Gaur egun, Vladimir Jurowski da bere arduradun nagusia, eta orkestrarekin Donostian izana da (2008, 2011 eta 2015), Kursaal Eszenaren egitarauan. Orkestraren zuzendari gonbidatu nagusiak ere lotura du Euskal Herriarekin: Andrés Orozco-Estrada-k Euskadiko Orkestrarekin lan egin zuen 2007 eta 2013 artean. Errepertorio klasiko-erromantikoa eta XX. eta XXI. mendeetako musika jotzeaz gain, soinu-bandetan parte hartzeagatik ere bada ezagun LPO. “Lawrence of Arabia” bezain partitura ezagunak grabatu dituzte, baita “Eraztunen jauna”-ko trilogia ere. Juajo Mena-k London Philharmonic-ekin egiten duen lana gasteiztarrak bizitza musikal britainiarrarekin duen harreman estuaren adibide argia da. Ez da alferrikakoa harreman hori, Manchester hiriko BBC Philharmonic Orchestraren zuzendaria izan baitzen Mena, eta orkestra harekin etorri zen Musika Hamabostaldira azken aldiz, 2017an. Jaialdiarekiko harremana, ordea, askoz ere lehenagokoa da. 1989an, Musika Hamabostaldia bere 50. urteurrena ospatzen ari zela, Mena lehen aldiz aritu zen orduan sortu berria zen Interpretatzaile Gazteen Zikloan. Hainbat urte geroago, Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendari bezala etorri zen Hamabostaldira, behin baino gehiagotan, Wagnerren “Herbeeretar alderraia” edo Benjamin Brittenen “Gerrako Requiema” interpretatuz. Ibilbide bikain baten hasierak izan ziren horiek, eta azken urteotan, Berlingo edo New Yorkeko orkestra filarmonikoak zuzentzera heldu da, baita Chicago, Cleveland edo Bostongo sinfonikoak ere.

Kontzertu beethovendar hauek gauzatuko dituen hirugarren kidea Javier Perianes da, zalantzarik gabe, egungo artista espainiar esanguratsuenetako bat. Bere jaioterrian, Huelvan ikasketak hasi ondoren, Sevillan jarraitu zuen ikasten Ana Guijarro-rekin lehenik, eta Josep Colom-ekin ondoren. Azken hau Espainiako piano maisu handietako bat da eta gaur bertan, abuztuak 29, ganberako errezitaldia eskainiko du San Telmon. Kritikak beti goratu du Perianesen soinu pianistikoaren bikaintasuna eta kontzertu serie ospetsuetan parte hartu du mundu osoan: hala nola, New Yorkeko Carnegie Hall-en, Amsterdamgo Concertgebouw-n edo dagoeneko aipatu dugun Londresko Royal Festival Hall antzokian. Baremboim, Mehta, Tilson Thomas, Harding edo Yuri Termirkanov-en tamainako zuzendariekin lan egin du. Azken horrekin etorri zen, hain zuzen, Perianes Musika Hamabostaldira azken aldiz, 2015ean, Maurice Ravel-en “Kontzertua Sol-en” interpretatuz.

Beethovenen pianorako bost kontzertuetan kontzertu generoaren bilakaera ikus dezakegu, baita bakarlariaren eta orkestraren artekoa ere. Programako oharrak idatzi dituen Mari Jose Canok baieztatzen duenez, “eskola alemaniarra izan zen lehena organoari eta klabeari kontzeturako instrumentu bakarlarien izaera ematen. Pianofortearekin eta pianoarekin antzera gertatu zen, eta garrantzi handia hartu zuten instrumentu bakarlari bezala”. Gaualdietako lehenean, ostirala, 30, zikloaren erdialdeko kontzertuak entzun ahal izango digugu, hau da, 2..a, 3.a eta 4.a. Izatez, “2. kontzertua” izan zen Beethovenek konposatu zuen lehena; gazte zela idatzi zuen eta Haydn maisuaren eragin handia izateaz gain, Klasizismoaren kanonen arabera idatzita dago. “3. kontzertua” bi urte beranduago estreinatu zuen, 1803an, eta bakarlariaren eta orkestraren arteko orekan bilakaera handia erakusten du, lehen aldiz elkarrekiko berdinak baitira bi hauek. Beethovenek bere bizitzako barealdi bakarretako batean idatzitako “4. kontzertua” larritasun handia erakusten duen obra da, etorkizunera begira dagoena. Canoren hitzetan, “bakarlariaren eta orkestraren zatiak hoberen lotzen dituen kontzertua da, eta aberastasun harmoniko eta orkestral handia erakusten du; melodiaz beteta dago eta lirikoa eta dramatikoa da”.

Larunbateko gaualdia zikloa irekitzen eta ixten duten kontzertuek, 1.ak eta 5.ak osatuko dute. Antolaketa honen bidez, Beethoven eragin klasikoetatik zenbat urrundu zen eta XIX. mendean nola murgildu zen ikusi ahal izango dugu. Hain zuzen, XIX. mendean igaro zen pianoa instrumentuen errege izatera. Aipatu bezala, “1. kontzertua” ez da konposatu zuen lehena: gazte espirituak betetako “Allegro con brío” batekin hasten da, “Largo” lirikoak jarraitzen dio bakarlariaren protagonismoarekin, eta amaieran “Rondó” dinamikoa egiten du”. “5. kontzertua” beste izen batekin ere ezagun da: “Enperadorea”. Zikloko ospetsuena da ziurrenik, musika izugarria eta hedakorra baitauka. Beethovenek oso garai txarra igarotzen ari zenean idatzi zuen, 1809an napoleondar tropek Viena hiria hartu zutenean. Canok dioenez, “konpositorea pianoaren soinua eta orkestraren indarra batzen ahalegintzen da, elkarrekin ahalik modu eraginkorrenean lan egin dezaten. Hori orekari dagokionez oso ondo pentsatutako partituraren bidez lortzen du, nahiz eta, orkestra dagoeneko hemeretzigarren mendeko dimentsioa hartzen hasten den”.


Juanjo Mena

Nazioarteko zirkuituan ospe handienetakoa duen zuzendaria da. Gaur egun BBCko Filarmonikoaren zuzendari titularra da. Bergen Filharmoniske Orkester eta Genovako Carlo Felice Antzokiko Zuzendari Gonbidatu Nagusia izan da, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra eta artistikoa. Orkestra garrantzitsuak zuzendu ditu: Berlingo Filarmonikoa, Toulouseko Capitolioko Orkestra, Oslo Filharmonien, Orchestre National de France, Milango Scalako Filarmonikoa, Bayerische Rundfunk Orchester, Dresdner Philharmonie eta Danish National Symphony Orchestra, baita espainiar orkestra nagusiak ere. Estatu Batuetako orkestrak ere zuzendu ditu: Chicago, Boston, Baltimore, Houston, Cincinnati, Pittsburgh, New York eta Los Ángelesko sinfonikoak, besteak beste. Laster betetzeko dituen konpromisoen artean daude Rotterdameko Orkestra Filarmonikoarekin, Suediako Irratiko Sinfonikoarekin eta NHKko Sinfonikoarekin (Japonia) egingo duen debuta. Grabazio sail bat ari da orain egiten BBC Philharmonic-ekin Chandos disko-etxearentzat. Ginastera, Albéniz, Falla, Pierné, Montsalvatge, Weber eta Turinari eskainitako diskoek harrera ezin hobea izan dute kritika espezializatuarekin aldetik.



London Philharmonic Orchestra


London Philharmonic Orchestra nazioarteko orkestra ospetsuenetako bat da. Sir Thomas Beecham-ek sortu zuen 1932an, eta harrezkero maisu handiek zuzendu dute, nola diren Sir Adrian Boult, Bernard Haitink, Sir Georg Solti, Klaus Tennstedt eta Kurt Masur. 2007. urteaz gero Vladimir Jurowski da orkestraren zuzendari titularra. Inauguratu zenetik (1951) jotzen du Royal Festival Hallen, eta 1992az gero bertako orkestra egoiliarra da. Egonaldiak egiten ditu Brighton eta Eastbournen ere, eta Erresuma Batu osoan jardun ohi du erregulartasunez. Nazioarteko itzuliak orkestraren jardueraren parte garrantzitsua dira, eta 2018/19 denboraldian Hego Korean, Taiwanen, Txinan, Belgikan, Frantzian, Alemanian, Herbehereetan, Espainian, Grezian, Suitzan eta Estatu Batuetan egon da. Orkestrak saioak eskaini ohi ditu telebistatik eta irratitik, eta soinu-bandak grabatu ditu film askotarako, hala, besteak beste, Oscar sari bat irabazi zuen “Eraztunen Jauna” filmerako. 2005ean zuzeneko grabazioak, estudiokoak eta artxibokoak hasi zen kaleratzen bere disko-etxe propioarekin. Sare sozialek areago zabaldu dute orkestra nazioarteko publikora, iTunes, YouTube eta podcastetako grabazioekin.

 

Javier Perianes


Javier Perianesen nazioarteko karrerak mundu osoko kontzertu-areto nagusietara eraman du, eta orkestra nagusiekin jotzera. Zuzendari handienekin aritu da: Barenboim, Dutoit, Maazel, Mehta, Dudamel, Oramo, Temirkanov, Jurowski eta Harding, eta, era berean, jaialdi garrantzitsuetan egon da, nola diren BBC Proms, Luzerna, Prague Spring, Donostia, Granada, Vail, Blossom eta Ravinia. The Telegraph aldizkariak “gustu akasgabe eta fineko pianista, soinu-berotasun harrigarri batez hornitua” zela esanez deskribatu zuen, eta Musikako 2012ko Sari Nazionala eta International Classical Music Awards (ICMA) erakundearen ‘2019. Urteko Artista’ izendapena eskuratu zituen. 2018/19 denboraldian, saioak eskaini ditu ondoko orkestra hauekin, besteak beste: Gewandhausorchester Leipzig, Los Angeles Philharmonic, Cleveland, Orpheus, Konzerthausorchester Berlin, London Philharmonic, Toronto, St. Louis, San Francisco eta Milwaukeeko sinfonikoak, Orchestre de Paris, BBC Scottish eta Filarmoniko Txekiarra, eta itzuliak egin ditu Europa, Estatu Batuak, Australia eta Zeelanda Berrian barna. Javier Perianes Harmonia Mundi disko-etxearen artista esklusiboa da. Bere azken diskoan Claude Debussy omendu nahi izan du haren heriotzaren mendeurrenean, eta, hala, “Preludioak” izenekoen lehen liburua eta “Estanpak” deitua grabatu ditu.

 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical