ES · EU
Musika Hamabostaldia eta San Telmo Museoa lankidetzan ariko dira aurten ere eta museoan izango da jaialdiko ganbera-musikako zikloa

Musika Hamabostaldia eta San Telmo Museoa lankidetzan ariko dira aurten ere eta museoan izango da jaialdiko ganbera-musikako zikloa

08.08.2018
ikusi
berri
guztiak
>

"Ostegun Musikalak San Telmon" izenburuarekin, hiru kontzertuk osatuko dute zikloa, donostiar museoko "Artea eta mitoa. Pradoko jainkoak" erakusketarekin lotuta
 
Aurreko urteko udan izandako arrakastaren ondoren, Musika Hamabostaldiak eta San Telmo Museoak "Ostegun Musikalak San Telmon" antolatu dute aurten berriro ere. Lankidetza horri esker, ganberaren errepertorioko hainbat bitxirekin gozatzeko aukera izango da, aipatu museoaren klaustroan. Aurreko edizioan bezala, hiru kontzertuk osatuko dute zikloa, abuztuko hiru ostegunetan, 9an, 16an eta 23an.Agurtzane Garayk, San Telmo Museoko jardueren eta proiektuen arduradunak, eta Patrick Alfayak, Donostiako Musika Hamabostaldiaren zuzendariak, zikloaren berri eman dute gaur goizean, prentsaurrean.

Ganbera-musikari ziklo berezi bat eskaintzeko premiatik sortu zen ekimen hau. Musika Hamabostaldiaren ustez, premiazkoa zen zikloari testuinguru bat eta gune bat bilatzea, egonkortasuna eta jarraitasuna emateko. Era horretara, jaialdiak urrats bat aurrera egin zuen norabide horretan, eta osorik ganbera-musikari eskainitako ziklo baten aldeko apustua egin zuen. San Telmo Museoaren klaustroa, akustika bikainarekin, eremu ezin hobea da formatu txikiko musika horien ñabardura guztiez gozatzeko.

Aurten, gainera, ahalegin berezia egin da zikloaren programazioa San Telmon erakusgai dagoen “Artea eta mitoa. Prodoko jainkoak” erakusketaren gaiarekin lotzeko. Erakusketa horretan, Zurbarán, Ribera, Rubens eta Houasseren mailako artisten lanak daude ikusgai. Horrela, hiru kontzertuetan zehar obra handiak entzun ahal izango dira, sortu zituztenean mitologia inspirazio-iturri izan zituzten musikagile handiek idatziak, hala nola Gluck, Haydn, Turina edo Ravel.

Beste hainbat ekimen Musika Hamabostaldia + San Telmo Museoa lankidetzaren baitan. "Ostegun Musikalak San Telmon" zikloko hiru kontzertuak hartzeaz gain, donostiar museoko behin-behineko erakusketarekin lotutako “Mitoa eta Tradizioa” gaiak aurtengo Musika Hamabostaldiko beste kontzertu ugari hartzen ditu eta, bi erakundeen arteko lankidetzari esker, abuztuan “Artea eta mitoa. Pradoko jainkoak” erakusketarako sarrera doan izango da Hamabostaldiaren “Mitoa eta Tradizioa” zikloko kontzerturen batera sarrera erakusten duen bisitariak. Baina Hamabostaldiaren eta San Telmo Museoaren arteko lankidetza haratago doa: museoan aurkeztu da aurtengo kartela, bertan izan dira Inaugurazio Eguneko kontzertu bat, haurrentzako tailer bat,… eta hemen izango dira, halaber, haurrentzako emanaldi bat (hilaren 21ean), San Telmo Gaua (25ean) edo baita musikaz lagundutako bisita gidatuak ere. Halaber, Museoko zein Hamabostaldiko lagunek eurentzako berariaz sortutako ekimenez gozatzeko aukera izango dute.

Lankidetzan antolatutako jarduera horien artean, azpimarragarria da antzinako musikaren interprete eta aditu Jordi Savall protagonista izango duen eta publikoari zabalik izango den solasaldia. Abuztuaren 20 astelehenean izango da, 11:00etan, San Telmo Museoan. Musika historikoaren inguruan aritzen den kontzertista, pedagogo, ikerlari eta hainbat proiekturen sortzaileak bi kontzertu emango ditu Musika Hamabostaldiaren programazioan, bata abuztuaren 19an Senperen eta bestea 20an bertan Victoria Eugenia Antzokian, biak “Mitoa eta Tradizioa” gaiarekin lotuta.

Sarrerak.
Abuztuaren 9ko eta 23ko kontzertuetarako sarrerak www.quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan eros daitezke. Abuztuaren 16ko kontzerturako sarrerak, aldiz, agortuta daude.

The Brahms Project, abuztuak 9, 20:30ean

Iaz ziklo honetan debuta egin ondoren, The Brahms Project taldea "Ostegun Musikalak San Telmon" jarduerara itzuliko da, germaniar musikari eskainitako egitarau batekin. Christoph Willibald Gluck-en “Orfeo eta Euridize” XVIII. mendeko opera mitologiko handiaren pasarte batekin emango zaio hasiera. Ondoren, Erromantizismoko ganbera-errepertorioko bi maisulan interpretatuko dira: Johannes Brahmsen "Piano eta harirako 1. kuartetoa sol minorrean" eta Franz Schuberten "Piano eta harrirako boskotea la maiorrean". Azken boskote hori, "Amuarraina" ezizenaz da ezaguna, izen bereko liedaren pasarteak hartu zituelako Schubertek hura osatzeko; garai guztietako ganbera-musikako lan ezagunenetako bat da.

The Brahms Project taldean Espainiako bost interprete aipagarri elkartzen dira. Bakarlari gisa egiten duten lanaz gainera, ganbera-musika dute beren jarduera artistikoaren alderdi garrantzitsuenetako bat. Son Josep Colomé (biolina), Joaquín Riquelme (biola), David Apellániz (biolontxeloa), Uxía Martínez (kontrabaxua) eta Enrique Bagaría (pianoa), taldearen izenak iradokitzen duen bezala, Erromantizismo aleman handira hurbiltzen dira, The Brahms Project taldearen bitartez.

Lina Tur Bonet eta Judith Jáuregui, abuztuak 16, 20:30ean

Bigarren ostegun musikalean, gaur egungo bi espainiar bakarlari aipagarrienetakoak elkartu dira. Lina Tur Bonet Ibizako biolinista moldakorra izen handiko talde historizistetako concertinoa izan da (hala nola Il Complesso Barocco, Concerto Köln eta Clemenc Consort), hainbat talde sortu ditu, MUSIca AlcheMIca esate baterako, eta horrekin batera, karrera sendoa garatu du, nazioartean, bakarlari eta ganberako musikari gisa. Bere errepertorioaren ezaugarri bereziena da 400 urte baino gehiago hartzen dituela, lehenengo Barrokotik hasi eta musika garaikideraino. Errezital honetan, Hamabostaldian oso maitatua den pianista batekin bat egingo du bere talentuak, Judith Jáuregui donostiarrarekin, hain zuzen ere. Judith oso gaztea bada ere, hamar urte darama Espainiako eta Europako pianoaren esparruaren lehen ilaran. 2018an Londresko Southbank Centre-n egin du debuta eta itzuli berria da Txinan egindako bira batetik; errezital hau, beraz, aukera ezin hobea izango da bere jaioterriko entzuleekin elkartzeko.

Programan, Tur Bonetek eta Jáureguik XIX. menditik XX. menderako tournéea bizi izan zuten musikagileen lan frantsesen eta espainiarren bilduma osatuko dute. Era horretara, Enrique Granadosen "Sonata biolin eta pianorako" edo Manuel de Fallaren "Espainiar herri suitea" entzungo dira, baina baita Claude Debussyren "Biolin eta pianorako sonata" edo Maurice Ravelen "Biolin eta pianorako 2. sonata" ere. Horrez gainera, eta San Telmoko erakusketako gaiari loturik, Joaquín Turinaren "Andaluziako musak" eta Glucken "Orfeo eta Euridize" lanen pasarteak eskainiko dira.

Clara Mouriz eta Joseph Middleton, abuztuak 23, 20:30ean
Zikloari amaiera emango dion errezitalean Clara Mouriz donostiar soprano gaztea izango da protagonista. Erresuma Batuan du bizilekua, BBCren Belaunaldi Berrietako artista izan da, eta ‘Wigmore Hall-Independent Opera’ saria jaso du; bestalde, britainiar orkestra nagusiekin jardun du eta bitan parte hartu du Londresko Proms ospetsuetan. Bere karreraren une berezian dago, Espainiako eta Europako orkestra handienek eskatu diote solista gisa kantatzeko, eta oso aktiboa da, halaber, operaren eremuan; iaz, hain zuzen ere, Mozarten "Figaroren Ezteiak" operako Cherubino pertsonaia kantatu zuen Musika Hamabostaldian. San Telmo museoan Joseph Middleton pianistarekin batera jardungo du. Middleton pianista laguntzaile ezagunenetakoa da gaur egun, eta beste askoren artean, Thomas Allen, Felicity Lott, Ann Murray eta Christopher Maltman artistekin jardun du.

Bikoteak hautatutako programan arreta berezia jarriko zaio mitologiaren gaiari, honako abesti-ziklo hauekin: Joseph Haydnen "Ariadne auf Naxos", Maurice Ravelen “Schéhérazade” edo Claude Debussyren "Les chansons de Bilitis", kutsu erotikokoa. Era berean, hainbat herrialde eta garaitako ahots-errepertorioan ere egingo dira sartu-irtenak, Purcell eta Britten britainiarren, Franz Schubert austriarraren eta Xavier Montsalvatgeren lanekin.


Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical