ES · EU
Donostiako Musika Hamabostaldiak normaltasunerako itzuleraren alde egingo du apustu bere 82. edizioan

Donostiako Musika Hamabostaldiak normaltasunerako itzuleraren alde egingo du apustu bere 82. edizioan

28.06.2021
ikusi
berri
guztiak
>
<Hurrengo Berria
  • 2020ko edizio murriztuaren ondoren, Musika Hamabostaldiak aurtengo udan jaialdiaren bereizgarri den anbizio handiko egitarau zabala berreskuratuko du, bere ohiko ziklo guztiei helduz eta guztira 75 kontzertu eskainiz hilabete osoan zehar, Donostian nahiz Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat herritan.

  • Nabarmentzekoa da Orchestre Philharmonique du Luxembourg edo Budapest Festival Orchestra bezalako nazioarteko orkestren itzulera, beste talde batzuen parte-hartzearekin batera: Espainiako Orkestra Nazionala, Galiziako Orkestra Sinfonikoa edo Euskadiko Orkestra.

  • Mundu mailako bakarlari entzutetsuenetako batzuk igaroko dira jaialditik, besteak beste, Yuja Wang, Grigory Sokolov, Elisabeth Leonskaja, Stephen Hough eta Mitsuko Uchida pianistak, baita Anne-Sophie Mutter, Leonidas Kavakos eta Julian Rachlin biolinistak ere.

  • Iazko edizioan jaialditik kanpo utzi behar izan ziren hitzordu sinfoniko-koralak ere berreskuratuko dira Donostiako Orfeoiarekin eta Easo Abesbatzarekin.

  • Dantzak leku berezia izango du egitarauan, Espainiako Dantza Sari Nazionala jaso duten bertako bi dantzarirekin: Lucía Lacarra eta Iratxe Ansa.

  • Edizioan erabateko bost estreinaldi izango dira, horien artean Hamabostaldiaren ekoizpen propioa den “Hirira”, Easo Eskolaniako eta Easo Gazte Abesbatzako haurrek oholtzara eramango duten haurrentzako opera.

  • Sarreren salmenta ekainaren 29an jarriko da abian, 11:30etik aurrera. www.musikahamabostaldia.eus webgunean eskuratu ahal izango dira, baita Kursaal nahiz Victoria Eugenia Antzokietako leihatiletan ere.

Egitarau murritzagora egokitu behar izan zen 2020ko edizioaren ondoren, 2021eko Musika Hamabostaldiak jaialdiak berezkoa duen anbizio handiko egitaraua berreskuratuko du, bere ohiko bidera itzuliz. Hala, 82. Musika Hamabostaldiak, abuztuaren 1ean hasi eta abuztuaren 27an amaituko denak bere ikuskizun eta mota guztietako ekintzen egitaraua (75 guztira) biderkatuko du, orkestra handi eta nazioarteko bakarlariei berriz ere harrera eginez, eta jarduera sinfoniko-korala berreskuratuz, jaialdi donostiarraren genero bereizgarria dena eta aurreko edizioan presentzia txikia izan zuena.

Hamabostaldiaren edizio honek, era berean, bere dantza egitaraua sendotzeko apustua egin du, iaz ikusleen aldetik babes handia jaso ondoren. Organo Zikloak, Antzinako Musika Zikloak eta Musika Garaikideko Zikloak ere beren ohiko oholtza eta dinamikak berreskuratuko dituzte, eta jaialdiak berriz ere egingo du apustu ekoizpen propioaren alde, haur ikuskizun handi baten erabateko estreinaldiarekin eta berariaz organo eta musika garaikideko zikloetarako sortutako lau obra berrirekin.

 

KONTZERTU HANDIAK KURSAALEN

Kursaal Auditorioan egingo dira edizio honetako ikuskizun handi gehienak, jaialdiaren hasieratik bertatik, Orchestre Philharmonique du Luxembourgen emanaldi bikoitzarekin, abuztuaren 1ean eta 2an. Luxenburgotar orkestra, Gustavo Gimeno zuzendari valentziarra gidari duela, Yuja Wang pianistak lagunduko du, egungo nazioarteko musika klasikoko izar ukaezina, zeinak Musika Hamabostaldian debutatuko duen oraingoan. Wang bere belaunaldiko pianista bikainenetakotzat jotzen dute, eta Donostian bere izaera moldakorra erakutsiko du elkarren artean biziki ezberdinak diren bi kontzerturi helduz: Liszt konpositorearen birtuosismo ikaragarriko 1. kontzertua, eta askoz ere klasikoagoa den Mozarten 20. kontzertua. Orchestre Philharmonique du Luxembourgek Dvořák konpositorearen Zortzigarrena eta Beethovenen Bosgarrena sinfonia ezagunak ere interpretatuko ditu.

Bi inaugurazio kontzertuen ondotik, Gustavo Gimenok egun batzuk gehiago igaroko ditu hirian, jaialdiko hurrengo hitzordu sinfonikoa prestatzeko. 2020tik Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) zuzendari titular ere badena, musikari gazteon gidari izango da Kursaalen abuztuaren 8an, Tchaikovskyren 4. sinfoniak eta Mendelssoh konpositorearen Biolinerako kontzertu ezagunak osatuko duten programarekin eta Julian Rachlin lehen mailako biolinista lituaniarrarekin.

Hurrengo egunean, abuztuak 9, Grigory Sokolov Hamabostaldira itzuliko da, iaz kultuzko artistak bere emanaldia azken unean bertan behera utzi behar izan baitzuen. Hainbatetan aritu da Hamabostaldian pianista errusiarra, eta bere errezitaldi guztiak bizi izan dituzte entzuleek gertakari gogoangarri bezala. Oraingoan bere instrumentuaren historian ezinbestekoak diren bi pianista-konpositoreri buruzko, Chopin eta Rachmaninov, programa hautatu du.

Aste Nagusiko geldialdiaren ondoren, Kursaalak bere egitarau sinfonikoarekin jarraituko du abuztuaren 19an eta 20an Galiziako Orkestra Sinfonikoaren bi kontzerturekin. Penintsulako orkestra egonkorrenetarikoa izan da 1992an sortu zenetik, eta maiz aritu da jaialdian Víctor Pablo Pérez zuzendariarekin izan duen harreman luzean zehar. Oraingoan 2013tik bere titular berria denarekin batera etorriko da, Dima Slobodeniouk moskutarrarekin. Galiziako Orkestraren lehen emanaldiari zapore errusiar sendoa emango dio, Rachmaninoven 1. sinfoniaren eta Brahms konpositorearen 2. pianorako kontzertuaren interpretazioekin, azken hori eskola pianistiko errusiarraren ordezkari handietako baten ondoan, Elisabeth Leonskaja. Bigarren gaualdian, abuztuaren 20koan, Galiziako Orkestrari Easo Ahots Mistoen Abesbatza batuko zaio Brahms konpositorearen abesbatza eta orkestrarako bi harribitxi interpretatzeko, Nänie eta Patuaren kanta, ondotik errepertorio errusiarreko beste sorkuntza-lan handi bati bidea emanez: Tchaikovskyren 5. Sinfonia.

Musika sinfoniko-koralak berriz ere entzun izango da egun bat beranduago, abuztuaren 21ean, oraingoan etxeko bi talderen eskutik, Euskadiko Orkestra eta Donostiako Orfeoia. Euren atriletan koroaren protagonismo handia duen programa sendoa izango dute: Poulenc konpositorearen Letaniak Ama Birjina beltzari, Fauréren Arrantzaleen Meza eta Beethovenek konposatu zuen oratorio bakarra, Kristo Olibondoen Mendian. Kontzertua Víctor Pablo Pérez zuzendariak gidatuko du.

Kursaalak ez ditu soilik talde handien kontzertuak hartuko, abuztuaren 22an eta 26an bere akustika ezin hobea bi bakarlari ospetsuri eskainiko baitie. Abuztuaren 22an Mitsuko Uchida igoko da oholtzara, edizio honetan ikusmira handiena sortuko duen debutarekin, pianista japoniarrak ez baitu maiz jo inguruotan. Pianoaren elezahar biziak Schubert aukeratu du, haren Lau impromptu D.935 eta Sonata D.894.

Abuztuaren 26ko errezitaldiak Musika Hamabostaldira lehen aldiz etorriko den beste bakarlari bikain bat izango du protagonista. Anne-Sophie Mutter biolinista, 13 urterekin Karajan eta Berlingo Filarmonikarekin debutatu zuena eta azken hamarkadetako ibilbide oparoenetariko bat egin duena. Lagun izan ohi duen Lambert Orkis pianistarekin Mozart, Beethoven eta Franck konpositoreen sonatei egingo die aurre.

Bi errezitaldi horien artean, abuztuaren 25ean, errepertorio sinfonikoarekin eta biolinerako musika onenarekin gozatzeko aukera berri bat izango dute entzuleek, Espainiako Orkestra Nazionalak eta Leonidas Kavakos biolinistak publikoaren kontzertu kutunetako bat interpretatuko dute, Tchaikovskyren Biolinerako kontzertua. Auditorio Nazionalean egoitza duen Orkestra madrildarrak Schumann konpositorearen 1. sinfonia ere joko du, David Afkham zuzendari titularrarekin batera.

Kursaaleko kontzertu handien zikloa abuztuaren 27an amaituko da, Hamabostaldiari estu lotuta dagoen Budapest Festival Orchestrarekin. 2016. urtean jaialdiaren “orkestra egoiliarra” izatera ere heldu zen. Haren fundatzaileak berak, Ivan Fischer apartak eta nekaezinak zuzenduko du orkestra hungariarra: askotarikoa eta irudimentsua den programa ekarriko du berriz, tartean Ravelek konposatutako obretatik sustrai euskaldunenak dituen Kontzertua Solen interpretatuko duelarik Dejan Lazic pianistak.

 

DANTZA VICTORIA EUGENIAN ETA TABAKALERAN

Uda honetan dantza izango da Musika Hamabostaldiaren ardatzetako bat. Bi gune eskainiko dizkio dantza egitarauari: Victoria Eugenia antzokitik dantzari ospetsuak igaroko dira eta Tabakaleran jaialdiak eszenaratze txikiagoko eta esperimentalagoko proposamenen aldeko apustua egingo du. Edonola ere, bi kasuetan bertako talentuak izango dira protagonista.

Lucía Lacarra izango da Victoria Eugeniako lehen ikuskizuneko izarra, abuztuaren 17an. Matthew Golding bikote artistikoarekin batera, Lacarrak Fordlandia aurkeztuko du, zinea, dantza eszenikoa, argia eta musika uztartzen dituen erabateko arte obra, harremanei buruzko azterketa bat proposatzen duena, bizi-itxialdia hartuta abiapuntutzat. Astebete beranduago, abuztuaren 23an, nazioarteko ibilbidea duen beste euskal dantzari baten txanda helduko da, Iratxe Ansarena, hain zuzen. Igor Bacovich dantzariak lagunduta etorriko da. Elkarrizketa Ilunak ikuskizuna eszenaratuko dute, komunikazioa gatazka, maitasun edota jakin-min sentimenduen bidez behatzen duena.

Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroak, bere aldetik, ikuspegi ezberdinak dituzten lau euskal konpainiaren proposamenak bilduko ditu. Igor & Moreno, Neri(h)ari Konpainia, Kanpai eta Matxalen Bilbao Danza izango dira Tabakalera Dantzan izeneko ziklo berriko protagonistak, abuztuaren 6tik 13ra bitartean. Ikuskizun bakoitzaren aurretik artistekin solasaldiak ere egingo dira.

 

HAURRENTZAKO APUSTUA

82. Musika Hamabostaldiak haurrentzako errepertorioa handitzeko apustua egingo du Hirira ikuskizunarekin. Jaialdiaren ekoizpen propio hau abuztuaren 10ean, Victoria Eugenia Antzokian estreinatuko da. Hirira Easo Eskoaniako eta Easo Gazte Abesbatzako neska-mutilek sortutako opera da hau, Paul Hindemith konpositorearen musika atze-oihal duena. Alegiazko hiri baten zirrikituak erakusten ditu eta publikoa gonbidatzen du bizileku ditugun lekuak birpentsatzera eta beste errealitate batzuk asmatzera.

 

ZIKLOEN ITZULERA

Azken edizioan osasun egoerari egokitzeko egin behar izan ziren doikuntzen artean garrantzitsuenetakoa Musika Hamabostaldiaren zikloen berregituraketa izan zen. Uda honetan, ostera, tradiziozko ziklo guztiak itzuliko dira jaialdian dagokien lekura, entzuleen askotariko interesak asetzeko.

Abiatzen lehena Organo Zikloa izango da, azken urteetan Hamabostaldiko ziklo garrantzitsuenetako bat bilakatu dena, egitarau ezin zabalagoarekin, Donostia, Ataun, Usurbil, Zumaia, Azpeitia, Azkoitia, Tolosa eta Debako elizetan. Aurtengoan aipagarria da 15 kontzertuotan arituko diren nazioarteko organisten kopurua, herrialde eta tradizio organistiko ezberdinetakoak guztiak: Craig Williams, Giulia Biagetti, Liudmila Matsyura, Giampaolo di Rosa, Thomas Ospital, Franz Danksagmüller, Stefan Kagl edo Jan Vermeire, besteak beste. Thierry Escaich zikloko proposamen originalenetako baten protagonista izango da, F.W. Murnau zinegilearen “Sunrise” (1927) film mutuaren soinu banda interpretatuko baitu. Azpimarragarria da, era berean, organorako idatzitako obren erabateko bi estreinaldi ere izango direla zikloan, Alicia Díaz de la Fuente eta Stefan Kagl konpsitoreek idatzitakoak. Organo Zikloko egitarauak jaialdiaren lehen zatian izango ditu bere hitzorduak, abuztuaren 1etik 8ra bitartean. Aldi berean, 38. Organo Erromantikoko Nazioarteko Ikastaroa ere gauzatuko da, mundu osotik etorritako ikasleekin, Thomas Ospital organistak zuzenduta.

Energiaz beterik itzuliko den beste ziklo karismatiko bat Antzinako Musika Zikloa izango da, abuztuaren 3tik 16ra. San Telmo Museoan eta Koruko Andre Mariaren Basilikan bost proposamen aurkeztuko ditu XV. eta XVIII. mendeetako altxor musikalekin. Johann Sebastian Bach konpositoreak protagonismo berezia izango du Seldom Sene eta Conductus Ensemble taldeek eskainiko dizkioten kontzertu monografikoei esker. Forma Antiqva eta Cappella Marianak Berpizkundeko espainiar musika emango dute. Eta Anacronía Ensemble taldeak “¿Haydn abarrocado?” izeneko proposamen originala aurkeztuko du.

Musika Garaikideko Zikloan biltzen dira Musika Hamabostaldiko proposamen ausartenak. Uda honetan hiru izango dira, abuztuaren 4an hasita, Trío Zukan egungo espainiar musika garaikideko talde berri entzutetsuarekin. Zuriñe Gerenabarrenari Musika Hamabostaldiak enkargatutako lana estreinatuko dute. Abuztuaren 7an Seldom Seneren txanda izango da. Antzinako Musika Zikloan ere arituko den flauta laukoteak erabat ezberdina den proposamena ekarriko du, Félix Ibarrondoren erabateko estreinaldi batekin. Abuztuaren 11n amaituko da Musika Garaikideko zikloa XX. mendeko obra modernista paradigmatiko baten interpretazioarekin: L’oiseau bleu taldeak Olivier Messiaen konpositorearen Denboraren amaierarako laukotea interpretatuko du.

Ganbera Musika Zikloa beste behin San Telmon ospatuko da, abuztuaren 6 eta 26aren artean, eta bere bost proposamenetan ganbera errepertorioaren zirrikitu guztietara helduko da, musika bokaletik hasi eta bakarlarien errezitaldietaraino nahiz hari laukoteraino. Izen esanguratsuak arituko dira zikloan: Judith Jáuregui pianista eta Jesús Reina biolinista (abuztuak 5), Carmen Artaza eta Frederic Jost abeslariak (abuztuak 12), Isabel Villanueva biolista (abuztuak 24) edo Cuarteto Seikilos (abuztuak 26). Zikloko une magikoenetako bat abuztuaren 18an bizi ahal izango dute entzuleek, Frederic Mompou konpositorearen Música Callada interpretatuko baitu Stephen Hough pianista britainiar handiak.

Azkenik, Interprete Gazteen Zikloak, urtero Musikenerekin lankidetzan antolatzen denak aukera emango die beste behin bakarlari eta ganbera talde gazteei haien talentua erakusteko. Laia Barberá harpista, Trío Sosenuto, Quintoniks boskotea eta Raúl Pérez saxofonista arituko dira zikloko lau kontzertuetan, abuztuaren 16 eta 19 artean.

 

DONOSTIATIK KANPO ERE

Musika Hamabostaldiak bere egoitza nagusia Donostian izanik ere, azken urteetan jaialdiak pauso handiak eman ditu Donostiatik kanpo ere hainbat lekutara musika eramateko. Helburu hori erdiesteko tresna nagusia Musika Aitzaki da, aurten 15 kontzertu eramango dituena Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat herritara. Ziklo ibiltari honetako proposamenen artean esanguratsuak dira Getarian Juan Sebastian Elkanori egingo zaion omenaldia, abuztuaren 4an; Tetraphilla Ensemble taldearen emanaldia Ignatius 500 ospakizunetan, abuztuaren 19an, Loiolako Santutegian; baita Antton Valverde eta Harkaitz Canoren arteko lankidetza musikal-poetikoa Hondarribiako Itsas Etxean, abuztuaren 26an. Aurten gainera jaialdiak Arabarekin duen harremana sendotuko du, zazpi kontzerturekin, Hamabostaldia Araban ekimenaren bidez.

Hamabostaldiak ez dio hutsik egingo gainera Arantzazun izan ohi duen hitzorduari. Oñatiko santutegian abuztuaren 20an musika klasikoaren eta folkaren arteko fusioa entzun ahal izango da, Celtic Beethoven izenarekin. Beethovenen musikaren berrinterpretazioa gauzatuko dute hainbat musikarik Carlos Núñez gaiteroa gidari dutela. Chillida-Leku jaialdiko egoitzen zerrendara itzuliko da, Espainiako hari laukote garrantzitsuenetakoa den Cuarteto Gerhard taldearekin, Dmitri Shostakovich konpositorearen musikari buruzko ganbera gaualdi batekin.

Azkenik, Musikelerren proposamenak ere ez dira falta izango aurtengo Hamabostaldian, musika giro informalean gozatzeko aukera ematen dutenak, Tabakalerako Kutxa Kultur Gauak terrazan.

 

82. Musika Hamabostaldia osatzen duten zikloen eta atalen egitarau zehatza: www.musikahamabostaldia.eus

Sarreren salmenta orokorra Sarreren salmenta orokorra ekainaren 29an hasiko da, asteartea 11:30etik aurrera www.musikahamabostaldia.eus eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilen bidez.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical