ES · EU
Musika Hamabostaldiak Bilbao Orkestra eta Javier Perianes hartuko ditu musika sinfonikoarekin duen hitzordu berrian

Musika Hamabostaldiak Bilbao Orkestra eta Javier Perianes hartuko ditu musika sinfonikoarekin duen hitzordu berrian

18.08.2020
ikusi
berri
guztiak
>

Bilbao Orkestra bere zuzendari titularrak gidatuko du, Erik Nielsen estatubatuarrak.

BOS-ek, gainera, Musika Hamabostaldian jo zuen lehen aldiaren 80. urteurrena ospatzen du.

Mozarten piano kontzertu ospetsuenetako bi aurkeztuko dituzte, 20.a eta 21.a, Prokofieven 1. sinfonia “Klasikoa” delakoarekin batera.

81. Musika Hamabostaldiko musika sinfonikoko zikloak aurrera jarraitzen du Kursaal Auditorioan. Euskadiko Orkestrak berriki emandako hiru kontzertuen ondoren, beste euskal talde garrantzitsu bat izango da oraingoan gonbidatua, Bilbao Orkestra, bere zuzendari titularra den Erik Nielsenek lagunduta eta munduko pianista espainiar ezagunenetarikoa den Javier Perianesekin. Elkarrekin Wolfgang Amadeus Mozart eta Sergei Prokofieven obraz osatutako programa interpretatuko dute. Hitzordua ostiral honetan izango da, abuztuak 21, 20:00etan, Kursaalen.

Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Musika Hamabostaldiaren historian hainbestetan parte hartu duena, jaialdira itzuliko da 2016an Euskadiko Orkestrarekin Hector Berliozen “Te Deum” erraldoia interpretatu ondoren, eta 2018ko jaialdia inauguratu zuen La Fura dels Baus-en “La Creación” ikuskizunean parte hartu ostean. Gainera, 80 urte bete dira aurten BOS-ek Jesús Arámbarrik gidatuta Musika Hamabostaldian eman zuen lehen kontzertutik. 1920an sortutako talde bilbotarra bizkaiko hiriburuko bandera-ontzia da, eta Euskaldunako fosoaren arduradun izan da ABAOren hainbat emanalditan, bere kontzertuez eta ekintza pedagogikoez gain. Euskalduna Jauregian du egoitza eta bere denboraldian zehar euskal musika eta XX. eta XXI. mendeetako errepertorioa duen programazioa garatzen du.

Erik Nielsen da Bilbao Orkestraren zuzendari titularra 2015eko irailetik, eta 2016-17ko denboralditik musika zuzendari ere bada Basileako Antzokian. Musikari berezia da, zuzendari izateaz gain, oboe eta harpa interprete iaioa ere bada eta, New Yorkeko Juilliard School izenekoan ikasitakoa. Alemaniara joan zen ondoren, bertako hizkuntzan eta lengoaia musikalean trebatzeko, Berlingo Orkestra Filarmonikoan harpa laguntzaile aritu zelarik. Hortik Frankfurteko operara igaro zen, eta antzokiko Kapellmeister bezala jardun zuen, operan esperientzia garatuz. Ibilbide honi esker, orkestraren barrunbeak ongi ezagutzen dituen zuzendaria da, eta bere bertsioek beti dute harrera ona Bilbao Orkestran nahiz munduko beste hainbat orkestratan, bere sendotasun eta musikalitateagatik.

Kontzertuko hirugarren partaidea Javier Perianes izango da, zalantzarik gabe egungo artista espainiar garrantzitsuenetako bat. Huelva bere jaioterrian ikasketak hasi ondoren, Sevillan jarraitu zuen ikasten Ana Guijarro-rekin eta beranduago Joseph Colom-ekin, Espainiako piano maisu handietako bat. Perianesen soinu pianistikoaren bikaintasuna laudatu izan du beti kritikak, eta mundu osoko kontzertu sail entzutetsuetan jo du, New Yorkeko Carnegie Hall, Amstedamgo Concertgebouw edo Londresko Royal Festival Hall-en, besteak beste. Barenboim, Mehta, Tilson Thomas, Harding edo Yuri Temirkanov zuzendariekin lan egin du. San Petersburgoko Orkestra Filarmoniko zuzendaria den azken honekin, hain zuzen, 2015eko Musika Hamabostaldian jo zuen Perianesek, Maurice Ravel-en Kontzertua Solen interpretatuz. Iazko udan jaialdira egin zuen azken bisitan, Beethovenen bost piano kontzertuak jo zituen jarraian ospatu ziren bi gaualditan London Philharmonic Orchestrarekin eta Juanjo Mena euskal zuzendariarekin batera.

Oraingoan, Perianesek Wolfgang Amadeus Mozartek konposatutako 27 piano kontzertuetatik ziurrenik ospetsuenak diren bi kontzertuekiko duen ikuspegia aurkeztuko du. Lehenik, 20. piano kontzertua, KV 466, minorrean idatzi zituen bi kontzertuetatik lehena. Re minorrean idatzia da, gainera, Mozartentzat esanahi berezia zuen tonalitatea, harekin heriotzarekin zerikusia duten konposizio gogoangarrienak idatzi baitzituen, Don Giovanni opera edo Requiem ospetsua, besteak beste, abuztuaren 29an Musika Hamabostaldia itxiko duena Les Musiciens du Louvre taldearen eskutik. 20. pianorako kontzertua 1785ean konposatu zuen, Vienan Mozarten ospea maila gorenean zegoen unean. Arrakasta handia izan zuen estreinatu berritan eta Mozartek berak interpretatu zuen bakarlariaren zatia, orkestra teklatutik zuzenduz. XIX. mendean Mozarten pianorako kontzertuetako asko interpretatzeari utzi zitzaion arren, 20. kontzertua interpretatzen jarraitu zuten, bere pathos ia erromantikoari esker, Hummel, Beethoven, Clara Schumann, Johannes Brahms eta Ferruccio Busoni pianisten errepertorioetan jarraitu zuen eta maiz jotzeaz gain, kadentziak idatzi zituzten obrarentzat.

Ia hilabete beranduago, Mozartek 21. pianorako kontzertua do maiorrean idatzi zuen, “Elvira Madigan” izenez ezaguna, izen hori duen 1967ko filmean haren bigarren mugimendua azaltzen delako. 20. kontzertu ilunarekin alderatuz, 21.a aurrekoaren antidoto komikoa da, martxa baten antzekoa den hasieratik bertatik opera bufo baten antzeko egoera ezartzen duena, tarteka agertzen diren melodia cantabileen segidagatik. Haizezko instrumentuen erabilera ere oso nabarmena da kontzertu honetan, baina “Andante” bigarren mugimenduko melodia ahaztezin eta malenkoniatsua da sorkuntza mozartiarreko orrialde ospetsu bilakatu duena.

Bi piano kontzertuen artean, Bilbao Orkestrak eta Erik Nielsenek Sergei Prokofiev konpositore errusiarraren gaztaroko obra bat joko dute. 1. sinfonia, “Klasikoa” Prokofiev-en erronka pertsonal batetik jaio zen, 25 urte zituenean: pianoa, bere instrumentua erabili gabe konposatzen ikastea. Ariketa horretarako eredu erraz samarra hartu zuen, Joseph Haydn-en sinfoniena, nahiz ezin izan zuen ekidin XX. mende hasierako musikaren ezaugarri batzuk partituran islatzea. Omenaldietatik harago, ideia melodikoen grazia eta xarma, eta ironiaz eta umorez betetako tratamendua dira Prokofieven sinfonia hau gehien programatutako sorkuntza bilakatu dutenak.

Bilbao Orkestra Sinfonikoa
Bilbao Orkestra Sinfonikoak 1922ko martxoaren 8an eman zuen bere lehen kontzertua Arriaga Antzokian, Armand Marsick-en batutapean. Armand Marsick, Vladimir Golschmann, Jesús Arámbarri, José Limantour, Antoine de Babier, Rafael Frühbeck, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcántara, Juanjo Mena, Günter Neuhold eta 2015etik Erik Nielsen izan dira bere zuzendari titularrak. Euskaldunako denboraldiaz gain, Bilbon ganbera musika denboraldiak ematen ditu eta Bizkaian lan pedagógico garrantzitsua egiten du. Euskal erakudeen artean, maizen ABAOrekin egiten du lan. Bere viertan San Petersburgon, Frantzian eta birritan Japonian izan da. Bere 90. urteurrenean zuzenean grabatu zituen Thorofon-entzat, Schönberg-en Gurrelieder-ak, Günter Neuhold zuzendariaren gidaritzapean. Naxos zigiluarekin euskal musika bilduma bat grabatu du, baita CD bat ere Kiyoshi Shomura gitarrista japoniarrarekin eta Juanjo Mena zuzendariarekin ere. Bere zaleen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesari esker garatzen du BOSek bere jarduera.

Erik Nielsen
Erik Nielsen-ek Filadelfiako Curtis Musika Institutuan Isasi zuen zuzendaritza, eta oboe eta harpa espezializazio bikoitzarekin graduatu zen New Yorkeko Juilliard School-en. Berlingo Orkestra Filarmonikoko Akademiako kide izen zen harpista bezala. 2009ko irailean Estatu Batuetako Solti Fundazioak ematen dituen beketako zuzendaritza saria jaso zuen. Opera errepertorio zabala interpretatu du, Frankfurteko Operan, Englis Nacional Operan, Boston Lyric Operan, New Yorkeko Metropolitan Operan, Erromako Operan, Dredeko Semper Oper-en, Hedeland-eko Opera jaialdian, Berlingo Deerik nielsenutsche Oper-en, Sao Carloseko Antzoki Nazionalean, Malmoko Opera Antzokian, Zuricheko Opera Antzokian, Bregenz Jaialdian, Parisko Eliseo Zelaietako Antzokian, ABAOn, Hungariako Opera Nazionalean eta Galeseko Opera Nazionalean. Orkestrei dagokienez, New World Symphony, Genevako Ganbera Orkestra, Frankfurt eta Stuttgarteko Iratí orkestrak, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Lisboako Orkestra Sinfoniko Portugaldarra, Estrasburgoko Filarmonikoa, Luxemburgoko Filarmonikoa, Hego Westfaliako Filarmonikoa, Modern Ensemblea eta Erresuma Batuko Northern Sinfonia zuzendu ditu, besteak beste.

Javier Perianes
Javier Perianes munduko kontzertu areto ospetsuenetan eta orkestra nagusiekin aritu da bere nazioarteko ibilbidean, Barenboim, Dutoit, Maazel, Mehta, Dudamel, Oramo, Temirkanov, Jurowski eta Harding zuzendariekin, eta BBC Proms, Lucerne, Prague Spring, San Sebastián, Granada, Vail, Blossom eta Ravinia jaialdietan. The Telegraph egunkariak “gustu bikain eta findua duen pianista da, aparteko ozentasuna duena”, eta 2012an Espainiako Musika Sari Nazionalaren Saria jasotzeaz gain, “2019. urteko artista” izendapena jaso zuen Internacional Classical music Awards (ICMA) sarietan. Bere 2018/19 denboraldian Gewandhausorchester Leipzig, Los Angeles Philharmonic, Cleveland, Orpheus, Konzerthausorchester Berlin, London Philharmonic, Toronto, St. Louis, San Francisco eta Milwaukee-ko sinfonikoak, Orchestre de Paris, BBC Scottish eta Txekiar Filarmonikoarekin aritu da, birak Europan, Estatu Batuetan, Australian eta Zelanda Berrian egiteaz gain. Javier Perianes Harmonia Mundiko artista esklusiboa da. Bere azken lanean Claude Debussy omendu zuen, bere heriotzaren mendeurrenean, bere lehen liburuko “Preludioak” eta “Estanpak” grabatuz. Javier Perianes bere nazioarteko ibilbidean.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical