ES · EU
Musika Hamabostaldiak beste urte batez harrera egingo dio  Budapest Festival Orchestrari,  Ivan Fischer-en zuzendaritzapean ariko dena

Musika Hamabostaldiak beste urte batez harrera egingo dio Budapest Festival Orchestrari, Ivan Fischer-en zuzendaritzapean ariko dena

24.08.2018
ikusi
berri
guztiak
>

· 26 igandean Liszt, Sarasate eta Brahmsen lanak interpretatuko dituzte eta bakarlari ariko dira József Csócsi Lendvai eta József Lendvay biolinistak eta Jenő Lisztes zinbal-jolea.

· 27 astelehenean, Donostiako Orfeoiak lagunduko du orkestra Mozarten “Vesperae solennes de confessore” lanean.

Azken hamarkada honetan jaialdira gehien etorri den orkestra ekarriko du Musika Hamabostaldiak bere programazioaren azken astean. Budapest Festival Orchestrak arrakasta handia eduki du Musika Hamabostaldian 2009, 2011 eta 2014 urteetan, baina bereziki garrantzitsua izan zen 2016. urtea, jaialdiaren "orkestra egoiliarra" izendatu baitzuten, eta hiru kontzertu eman zituen. Uda honetan, hungariar orkestrak garrantzizko lekua izango du Kursaal Auditorioko programazioaren barruan, eta bi kontzertu eskainiko ditu, abuztuaren 26an eta 27an. Zuzendari titular Ivan Fischer karismatikoak zuzenduko du taldea, ideia berritzaileengatik ezaguna.

Abuztuaren 26a

Lehenengo kontzertua abuztuaren 26an izango da, 20:00etatik aurrera, Kursaal Auditorioan, eta honako lan hauek osatuko dute egitaraua: Liszten "Hungariar rapsodiak", Brahmsen "1. sinfonia" eta Sarasateren “Aires gitanos”, Jozsef Lendvay (aita) eta Jozsef Lendvay (semea) biolinisten eta Jenõ Lisztes zinbal-jotzailearen parte-hartzearekin.

Bere belaunaldiko sormen handieneko musikagiletzat hartua, Ivan Fischer 1951. urtean jaio zen, eta bere familiaren baitan jaso zuen lehenengo musika-entrenamendua; bertan ikasi zituen, halaber, pianoaren, biolinaren eta biolontxeloaren oinarriak. Ondoren, Vienan graduatu zen, eta han jaso zituen orkestra-zuzendaritzaren lehenengo irakaspenak, Hans Swarowsky eta Nikolaus Harnoncourtekin. Bere errepertorioak Bach, Mozart, Brahms, Dvorák, Mahler eta Bartók-en lanak biltzen ditu bereziki, eta haien lanak «filosofia, antzerkia eta psikologia nahasketa batez lantzen ditu, Schopenhauer, Stanislavski eta Jungen irizpideen arabera», eta baita bere hitzen arabera ere. 25 urte zituela lortu zuen ospea nazioartean, BBC/Rupert Foundationen Lehiaketa irabazi zuenean, eta horri esker munduko orkestra nagusien ateak zabaldu zitzaizkion.

Budapest Festival Orchestra Fischer-ek eta Zoltan Kocsis-ek osatu zuten, 1983an, beren herrialdeko, Hungariako, interprete gazte onenei irtenbide bat eskaintzeko helburuarekin. Hasieran hiru edo lau kontzertu baino ez zituen eskaintzen urtean, baina gaur egun talde egonkorra da, Budapesteko musikaren sinbolo bihurtu dena, eta baita erreferente bat ere, Europako orkestren artean. OFB munduko hamar orkestra onenetako bat izendatu zuten “Gramophone” aldizkari ospetsuak egindako zerrenda batean. Abuztuan egiten ari den nazioarteko biraren barruan iritsiko da orkestra Donostiara, Napolin eta Londresko Royal Albert Hallen jo ondoren. Hamabostaldian jardun ondoren, Italiara itzuliko da, Stresa eta Merano hirietan amaitzeko aurtengo bira.

Donostiako lehenengo kontzertua Franz Liszten bi "Rapsodia hungariarrekin" hasiko da. Budapest Festival Orchestraren ohiko piezak dira, taldearen helburuetako bat baita hungariar musika eta bertako folklorean oinarritutako lanak bultzatzea. Lisztek osatu zituen hemeretzi rapsodieetan, hark jaioterrian, Hungarian, entzundako erritmoak eta doinuak biltzen dira, eta birtuosismo bereziarekin eraman zituen pianora; edonola ere, ez dute halakorik galtzen orkestrarako bertsio koloristetan. BFOk "Orkestrarako 1. rapsodia" interpretatuko du, pianorako hamalaugarrenaren transkribapena, eta "Orkestrarako 3. rapsodia", seigarrena sail pianistikoan. Horiekin batera, Johannes Brahmsen "Hungariar dantzak", laneko bi dantza laburrak eta oso ezagunak, interpretatuko dituzte, hungariar doinu tradizionaletan oinarrituta. Horien garrantzia bi musikari folklorikoen presentziarekin azpimarratuko da: Jozsef Lendvai Scócsi biolinista eta Jenõ Lisztes zinbal-jotzailea. Ijitoen eragina ohikoa da musika hauetan, eta horren aurrez aurre Pablo Sarasateren “Aires gitanos” espainiar eragina egongo da, biolin eta orkestrarako saio birtuosoa; Jozsef Lendvay semea izango da bakarlaria.

Orkestrak Brahmsi eman nahi izan dio protagonismoa uda honetan egiten ari den biran; kontzertuaren bigarren partea haren “1. sinfonia, do minorrean” lanari eskainiko zaio, XIX. mendearen sorkuntza-lan sinfoniko handia izanik. Brahms, Europako konpositore handienetarikotzat hartzen bazen ere, 1876. urtea arte ez zen bere lehenengo sinfonia aurkeztera ausartu, berrogeita bi urte zituela eta ziurtasunik ezaz beteriko hamalau urteren ondoren; ziurtasun gabezia hori lan hark sortutako ikusminaren ondorioz izan zen, aldez behintzat. Azkenik, uste baino askoz ere harrera hobea izan zuen lanak estreinaldian, Karlsruhe-n: Brahmasek sinfonista gisa zuen ospea sendotzeaz gainera, askoren ustez hura izan zen Beethovenen "Bederatzigarren" sinfoniaz geroztik garrantzitsuena, mende erdia bazen ere hura idatzi zela. Bere garaian ere konparatzen zuten Beethovenekin, baina "1. sinfonia" lanarekin lortu zuen Brahmsek izaera berezia, eta konplexutasun handiko forma sinfonikoa, barne-ahots gozoekin, doinu nagusi gogoangarrien ondoren. 

Kontzertua
Abuztuaren 26 astelehena, 20:00h. Kursaal Auditorioa
Budapest Festival Orchestra
Ivan Fischer,
zuzendaria
József Csócsi Lendvai (aita), József Lendvay (semea),
biolinak
Jenő Lisztes,
zinbal-a

Egitaraua:
F. Liszt: 1. eta 3. rapsodia hungariarrak (20’)
P. Sarasate: Zigeunerweisen (“buhame-aireak”) op. 20 (8’)
J. Brahms: 1. eta 11. dantza hungariarrak (5’)
                    1. Sinfonia (45’)

Abuztuaren 27a
Ivan Fischer bere zuzendari titularrekin itzuliko da hungariar orkestra. Fischer-ek, bere belaunaldiko musikari sortzaileenetakotzat hartua denak, 1983an orkestra sortu zuenetik, Europako musika-zirkuituko tandem arrakastatsuenetako bat da orkestra, eta proposamen artistiko guztiz apurtzaileak egiten ditu kontzertu sinfonikoaren alorrean. 

79. edizio honetako bigarren emanaldian, Budapesteko Jaialdiko Orkestrak jaialdiaren historian funtsezko garrantzia izan duen taldearekin jardungo du, Donostiako Orfeoiarekin hain zuzen ere. Orfeoiaren eta hamabostaldiaren arteko harremana oso estua eta emankorra izan da, izan ere, Orfeoiak Hamabostaldiaren 70 ediziotan parte hartu du eta arrakasta handia izan du zuzendari guztiekin: Juan Gorostidi, Antxon Aiestaran eta José Antonio Sáinz Alfaro, gaur egungo zuzendaria. Horrez gainera, aurtengoa ez da Donostiako Orfeoiak eta Budapesteko Jaialdiko Orkestrak bat egiten duten lehenengo aldia. Hungariar taldea Donostian egon zen azken aldian (2016. urtea) Mahlerren "3. sinfonia" interpretatu zuten elkarrekin; edizio hartako mugarritzat hartzen da emanaldi hura. Oraingo honetan Klasizismoaren garaiko musika hautatu du, zehazki  Wolfgang Amadeus Mozarten  “Vesperae solennes de confessore”. Orkestra eta abesbatzarekin batera lau bakarlari bikain arituko dira:  Christina Landshamer sopranoa,  Olivia Vermeulen mezzosopranoa, Konstantin Wolff baritonoa eta Xabier Anduaga donostiar tenorra. Azken horrek 2014an egin zuen Hamabostaldian debuta, eta orduz geroztik garrantzizko ibilbidea egin du nazioartean.  

"Vesperae solennes de confessore” da Mozartek Salzburgoko aldian osatu zuen azken lana,  1780ko udaberrian seguru asko. Horixe da Mozartek osatutako bigarren bezpera saila, hau da, arratsaldearen azken orduko elizkizunetan kantatzeko musika. "Solennes" adjektiboa orkestra baten erabilerari dagokio, edonola ere, lan honetan Mozartek ez zuen biolarik erabili, eta horrek arindu egiten du orkestrazioa eta izaera distiratsuagoa ematen dio. "Confessore" hitzak, berriz, santu zehaztugabe bati egiten dio erreferentzia; zenbait espezialistek Ruperto santua, Salzburgoko patroia, izan litekeela diote. Bezpera osatzen duten sei mugimenduek oso ondo erakusten dute Mozartek korurako idazketan lortu zuen maisutasuna, eta abesbatzak du, hain zuzen ere, paper nagusia, ia lan osoak irauten duen bitartean kantatzen baitu.    

Kontzertuaren bigarren partean, Ivan Fischer eta Budapesteko Jaialdiko Orkestrak, Christina Landshamer sopranoarekin batera, Gustav Mahlerren “4. sinfonia sol maiorrean” sinfonia interpretatuko dute; horixe da musikagile bohemiarrak idatzi zituen hamar sinfonien artean ezagunenetako bat. 1901ean estreinatua, aurrekoak baino egitura klasikoagoko sinfonia da, tematika poetikoarekin eta gertaera autobiografiko batek markatutako kutsu pesimistarekin. Mahler Alpeetako aintzira batera erretiratzen zen udan musika idaztera, eta ibilaldi batean galdu egin zen, sakan batetik erori eta eguzkiak erreta eta ubeldurez beteta amaitu zuen. Gertaera arriskutsu haren oihartzunak biltzen ditu sinfonia honek. "Basoa da, orain, bere izugarrikeria eta misterioekin, musika osatzen ari dena nire partez, dagoeneko ez naiz musikagilea, eramailea baizik ...", idatzi zuen Mahlerrek. Lanak, hiru mugimenduen bitartez, bide bat osatzen du, mehatxutik hasi eta salbaziora bitartekoa, esperientziatik lañotasunera eta lurrekotik jainkotiarrera. Laugarren mugimendua da azken helburua, “Das himmlische Leben”, Mahlerren abesti kuttunenetako bat, "Gaztaroaren adar magikoa" bildumatik hartua, xalotasun zoragarriz Zeruan zain ditugun plazerrak azaltzen dituena.

Kontzertua
Abuztuaren 27 astelehena, 20:00etan. Kursaal Auditorioa
Budapest Festival Orchestra
Orfeón Donostiarra (J.A. Sáinz Alfaro, abesbatza zuzendaria)
Ivan Fischer, zuzendaria
Christina Landshamer, sopranoa
Olivia Vermeulen, mezzosopranoa
Xabier Anduaga, tenorra
Konstantin Wolff, baritonoa


Egitaraua:

W.A. Mozart: Vesperae solennes de confessore KV 339 (26’)
G. Mahler: 4. Sinfonia (55’)

Info+

 

 

 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical