ES · EU
Musika Hamabostaldiak Rossiniren "Italiarra Aljerren" opera dakar berriz, hogeitasei urteren ondoren


Abuztuaren 11n eta 13an, 19:00etan, Kursaal Auditorioan


· Musika Hamabostaldiaren, Buenos Aireseko Colón Antzokiaren eta San Lorenzo de El Escorialeko Udako Jaialdiaren arteko koprodukzio bat da. 

· Eszena-zuzendari Joan Anton Rechik “Sevillako bizargina” operaren bere ekoizpen irrigarria aurkeztu zuen 2011ko Hamabostaldian eta bueltan da, bere esanetan berriz ere “algaraka barre eginaraziko” digun ekoizpen batekin.

· Errepertorio belcantistan aditu Paolo Arrivabeni musika-zuzendari dela, bakarlari ariko dira Marianna Pizzolato mezzoa, egun Rossiniren kantari nabarmenetakoa dena, Nahuel Di Pierro baxua, Santiago Ballerini tenorra edo Arantza Ezenarro donostiarra. Horiekin batera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Easo Abesbatza.    

Musika Hamabostaldiaren 79. edizioa inauguratu duen "Kreazioa" ikuskizun berritzailearen ondoren, jaialdiak opera antzeztuarekin izaten duen ohiko hitzordua etorriko da. Gioachino Rossiniren garai goiztiarrenean egindako lan ezagunenetako bat hautatu da oraingo honetan, "Italiarra Aljerren" dramma giocosoa, abuztuaren 11n eta 13an, 19:00etan, Kursaal Auditorioan.

"Italiarra Aljerren" ekoizpen berri honen eszena-zuzendari den Joan Anton Rechik dioenez, "gogotik egingo dugu barre". Musika Hamabostaldiaren, Buenos Airesko Colón Antzokiaren eta San Lorenzo de El Escorialeko Udako Jaialdiaren
arteko koprodukzio bat da; Colón Antzokian estreinatu zen ekoizpena aurreko maiatzean. Clarín egunkari argentinarrak estreinaldiari buruz adierazi zuenez "zigorra, distirak, lumak, travesti talde nahiko frikia baliatzen dira eszenaratzean, eta hori guztia errebisten erara. Rechik kaotikoa ematen du, baina badaki zer egiten duen, eta lehenengo ekitaldiaren amaierako irtenbidea bikaina izan da, inondik ere". Uztailaren amaieran San Lorenzo de El Escorialeko Udako Jaialdira heldu zenean, prentsak esan zuen: “Muntaiak hizpide du Rossiniren opera handietako bat, horren alderdirik distiratsuena azpimarratzeko 40ko hamarkada oinarri duen eszenaratzea baliatuz”. Ekoizpena ezin hobeto egokitzen da Kursaaleko morfologiara eta baliabide teknikoetara, Rechik oso modu berezian hartu baititu kontuan eszenaratzea diseinatu duenean. Joan Anton Rechi ezaguna da Musika Hamabostaldiaren publikoarentzat: “Sevillako bizargina” operaren bere ekoizpen irrigarria aurkeztu zuen 2011ko edizioan, eta hartan eszena telebista-estudio bat zen.

Paolo Arrivabeni italiarra izango da lanaren musika-zuzendaria, gaur egungo espezialista handietako bat XIX. mendeko italiar opera-zuzendaritzan eta, zehazki, bel cantoko errepertorioan, eta Rossini ere horretan sartzen da. Arrivabeni Europako koliseo nagusi guztietan aritu da, besteak beste Berlingo eta Vienako Estatuko Operetan, Parisko Bastilleko Operan, Lisboako São Carlosen, eta, bereziki, Italiako antzoki guztietan, zeinetan izaten den ohiko artista. Oso ezaguna da lirikaren euskal zaleentzat, italiar operaren hainbat titulu zuzendu baititu OLBEren denboraldietan.

Zulogunean Euskadiko Orkestra Sinfonikoa ariko da, 1982an sortu zenez geroztik etenik gabe parte hartu duena
. Orkestrarekin batera, jaialdian ohikoa den abesbatzetako batek parte hartuko du, Easo Abesbatzak, Sergio Pedrousoren zuzendaritzapean. Horiez gainera, ahots-talde orekatua arituko da; bertan elkartuko dira Marianna Pizzolato (Isabella) mezzosopranoa eta Nahuel Di Pierro (Mustafá) baxua, Santiago Ballerini (Lindoro), Juan Martín-Royo (Taddeo), Sebastià Peris (Haly) eta Alejandra Acuña (Zulma), baita Arantza Ezenarro (Elvira) donostiarra ere.

Libretoak Isabellaren gorabeherak kontatzen ditu.
Isabella italiar dama bat da, eta Lindoro bere gizongaia salbatzera doa, preso baitago Mustafa beiak aginduta; baina urperatu eta Aljeriako hondartza batean agertzen da Isabella. Bien bitartean, Mustafa, nekatuta bere emazte Elviraren eskakizunekin, Lindororekin ezkondu nahi du, eta bere ondotik eraman. Mustafak italiar emazte berri bat bilatu nahi du, oso gauza onak entzun baititu haiengatik, eta Isabellarekin maitemintzen da, guardien buruak jauregira eramaten duenean. Une horretatik aurrera, bata bestearen atzetik gertatuko dira endredoak eta gaizki ulertuak.

"Italiarra Aljerren" Venezian estreinatu zen, 1813an. Rossinik esaten zuen 18 egunetan idatzi zuela (21 urte zituela garai hartan), baina, egiaz, hilabete bakarrean idatzi zuen; edonola ere, errekorra opera bat osatzeko. Egileak dramma giocoso bat dela esaten zuen, eta Rossiniren lehenengo garaiko lan aipagarrienetako bat da, opera serioaren eta opera bufoaren konbentzioak nahasten dituen moduagatik. Ekialdeko gaiak, garai hartan modan zeudenak, eta partituraren kalitateak, obertura ahaztezinaren edo “Le femmine d'Italia” ariaren mailako pasarteekin, arrakasta handia eman zioten estreinaldiaren ondorengo urteetan, eta berehala estreinatu zen berriro ere Europan, Londresen eta baita New Yorken ere. Baina ahaztu egin zuten gero, berriro ere 1920ko hamarraldian Italian  berreskuratu zuten arte. Musika Hamabostaldian 1992an izan zen aurrez.

Hamabostaldiak bat egingo du era horretara Pesaroko musikagilearen heriotzaren 150. urteurrenari dagozkion ospakizunekin. Haren musika beti egon da presente jaialdian hasi zenetik beretik. 1940ko hamarraldiaren amaieran eta 1950eko hamarraldian, Italian Kultura Ministerioaren eta jaialdiaren arteko hitzarmen bat egon zen, eta, horren ondorioz, Rossini kantatzen zuten abeslari ospetsuak etorri ziren Donostiara, hala nola Mario del Monaco, Carlo Bergonzi, Beniamino Gigli edo Piero Cappuccilli. Hamabostaldiak italiar musikagilearengatik betidanik izan duen mirespenaren erakusgarri izan dira 1990eko Rossiniar Gala (bertan elkartu ziren Luciana Serra, Martine Dupuy, Rockwell Blake eta Simone Alaimoren mailako izarrak), eta baita milurteko berrian eszenaratu dituen Rossiniren operak ere, hala nola “Il viaggio a Reims” 2002an edo jada aipatu “Sevillako bizargina” 2011n, Joan Anton Rechi eszena-zuzendariarekin.

Sarrerak Webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Kursaaleko lehiatiletan.



Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical