ES · EU
Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoak Kursaal Auditorioan eskainiko duen asteburuko hitzordu bikoitzean, Beethovenen lanek pisu berezia izango dute
  • Philippe Herreweghe maisu belgikarrak, musikaren interpretazioan mugimendu historizistaren ordezkari nagusietako batek, zuzenduko du Donostiako jaialdian ohikoa bilakatu den taldea


  • Aurkeztuko duen lehen egitarauan (abuztuak 27) -zeinak Beethovenen Bederatzigarrena duen ardatz-, orkestra alemaniarrak Andra Mari Abesbatza izango du lagun. Taldeak eskainiko duen bigarren kontzertuan, aldiz (abuztuak 28), Steven Isserlisen biolontxeloa gailenduko da  

Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoa & Andra Mari Abesbatza
Abuztuak 27, 20:00, Kursaal Auditorioa


1929an sortua, Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoa Alemaniako hirugarren irrati-orkestra zaharrena da. Oso errepertorio zabala hartzen du, Barrokotik hasi eta abangoardia garaikideetaraino, eta ohiko gonbidatua da, besteak beste, Londresko Proms-etan edo Amsterdameko Concertgebouw-n; era berean, hiri ugaritako aretoetan jardun du, nola diren Viena, Salzburgo, Paris, Budapest eta Praga. Donostiako Musika Hamabostaldiaren jarraitzaileek ere ondo ezagutzen dute, 80ko hamarraldiaz geroztik, ohikoa baita taldearen parte-hartzea jaialdian. Oraingo honetan, ondoz ondoko bi kontzertu eskainiko ditu, Philippe Herreweghe zuzendari belgikarraren aginduetara. Ez da maisua Donostiara datorren lehen aldia, aurretik ere beste talde batzuk zuzentzen aritu baita jaialdian. Aipatutako maisua, Collegium Vocale Gent abesbatzaren sortzailea delako da, batez ere, ezaguna. Gogoan izango duzue, abuztuaren 23an, Budapest Festival Orchestra-rekin batera jardun zuela abesbatzak jaialdian. Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoak Andra Mari Abesbatza izango du lagun lehenengo kontzertu horretan; funtsezko abesbatza da, Andra Mari, jaialdiaren historian, edizio ugaritan parte hartu baitu. Errenteriako abesbatzak 50 urte bete ditu aurten, eta ezin zuen Hamabostaldian hutsik egin. Zuzendari lanetan, Andoni Sierra ariko da, oso maitatua jaialdiaren zaleen artean, hainbat alor musikaletan egiten duen lanagatik. Ilse Eerens sopranoak, Marie-Claude Chappuis mezzosopranoak, Robin Tritschler tenorrak eta Thomas E. Bauer baritonoak osatuko dute bakarlarien zerrenda. Elkarrekin, Ludwig van Beethovenen Koriolano Obertura op. 62 eta 9. Sinfonia re minorrean op. 125 'Korala' interpretatuko dituzte.

Ludwig van Beethovenen Koriolano Obertura op. 62.arekin ekingo zaio abuztuaren 27ko hitzorduari. Obertura hau azkenean Collinen tragedia batentzat idatzi bazuen ere, Beethovenek ezagutzen zuen Koriolano erromatar jeneralaren historia –deserritu zutelarik, bere jaioterriaren kontrako eraso bat gidatu zuen, amaren erreguek baizik eten ez zutena–, bai Shakespeareren dramatik, bai Plutarkoren Bizi paraleloak obratik. Harrotasunaren eta maitasunaren arteko gatazka da hemen gaia, Erromantizismoko obretan garrantzi handikoa dena. Do minorreko konposizio indartsu batekin irudikatuko du Beethovenek Koriolanok Erroma inbaditu nahi duen partea; eta amaren erregua, berriz, semeak ez dezan halakorik egin, mi bemol maiorreko kontraste-konposizio liriko baten bidez iradokiko du. Obraren bukaeran pizzicato bat dago, heroiaren amaierako suizidioa adierazi nahi duena. Hala, obertura hau ezin hartu bada ere programatikotzat, iragarrita ikusten dira hemen XIX. mendean aurrerago landuko ziren poema sinfoniko famatuak.

Beethovenen 9. Sinfonia re minorrean op. 125 'Korala' ezin falta zitekeen aurtengo jaialdian. Donostiak, 2016 honetan Europako kultur hiriburu denak, musikagile alemaniarraren lan gorena entzuteko aukera eskaintzen die hiritarrei, zeinetan oinarritzen den Europar Batasunaren ereserkia. Musikaren historiako lan adierazgarrienetako bat da, eta erreferentzia eztabaidaezina izan da atzetik etorri diren sinfoniei begira. 'Korala' izenez ezaguna den hau, Vienan interpretatu zen lehenengo aldiz, 1824an, eta konpositore alemaniarrak osoki idatzitako azken sinfonia izan zen. Bederatzigarren honetan, Beethovenek, Schillerren Alaitasunari Oda egokituz, anaitasun unibertsalari eskainitako ereserkia taxutu zuen.


Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoa
Abuztuak 28, 20:00, Kursaal Auditorioa


Abuztuaren 28an eskainiko duen kontzertuan, Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoak, Ludwig van Beethoven, Joseph Haydn eta Johannes Brahmsen lanak eskainiko ditu. Philippe Herrewegheren zuzendaritzapean ariko da berriz ere, eta Alemaniako taldeak solista ezagun batekin jardungo du: Steven Isserlis britainiarrarekin. Isserlis, Gramophone-n Hall of Fame zerrendako bi biolontxelo-jotzaileetako bat da, hain zuzen ere. 

Kontzertuari hasiera emateko, Ludwig van Beethovenen Etxearen sagaratzea lana taularatuko dute musikariek. Obertura bat da, eta nabarmena da bertan Haendelen eragina, musikagile alemaniarrak izugarri miresten baitzuen hura. 1822an idatzi zuen Beethovenek, Vienako kontzertu-areto baten berrirekiera ekitaldirako.

Joseph Haydnen Biolontxelorako 1. Kontzertua do maiorrean, Hob. VII B1 galduta egon zen mende luze batez; gaur egun, ordea, partitura saihestezina da biolontxelo-jotzaileen errepertorioan. 1961ean berreskuratu zen, eta bere garaiko ezaugarri estilistikoak ezin hobeto erakusten dituen lana da; Barrokoaren ukituak ditu, eta zenbait adituk lanaren izaera rokokoa nabarmentzen dute. Bizitasuna eta erresistentzia eskatzen zaizkio, interpretatzaileari, partitura hau jotzeko, eta zenbait pasartetan, baita estilo landua ere. Steven Isserlis britainiar biolontxelo-jotzailea arduratuko da obra honi bizia emateaz. Izen handia duen musikaria da, eta abuztuaren 23an eta 24an Edinburgoko Nazioarteko Jaialdian parte hartu ondoren etorriko da Donostiara. Horrez gain, Isserlis ezaguna da irakaskuntzari eta musika klasikoaren zabalkundeari egindako ekarpenengatik.

Johannes Brahmsen 1. Sinfonia do minorrean op. 68 lanarekin emango zaio amaiera kontzertuari. Lan distiratsua da, oso ongi landua, baina musikagile alemaniarrak zalantza askorekin idatzi zuen, bai baitzekien bere aurrekoa zen Beethovenen eragina nabarmena izango zela partituran, eta horrek kezka eragiten zion. Horregatik, beharbada, lana estreinatu eta denbora gutxira, ‘Beethovenen Hamargarrena' izengoitia jarri zioten. Edonola ere, eta argi eta garbi antzematen bazaio ere aurrekoaren herentzia, berezko arrastoa duen lana da. Are gehiago, aditu askoren ustez, Brahmsek aurrekari zuzenenen Klasizismoan sustraitu bazituen ere bere lanak, izaera guztiz berezia eman zien bere konposizioei, eta bertan ernatu zuen aro erromantikoaren muina.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical