ES · EU
Les Musiciens du Louvre orkestrak eta Marc Minkowski zuzendariak Mozartekin emango diote amaiera 81. Donostiako Musika Hamabostaldiari

Antzinako instrumentuak interpretatzen espezializatutako talde frantsesa Grenobletik Donostiara etorriko da.

Mozarten azken trilogiako sinfonietatik bi interpretatuko dituzte: 39. sinfonia mi bemol maiorrean eta 41. sinfonia do maiorrean, “Jupiter” ospetsua.

Lau astetan zehar 45 ikuskizun ospatu ondoren, Donostian eta Gipuzkoa nahiz Arabako hainbat herritan, abuztuaren 29ko larunbatean Musika Hamabostaldia bere amaierara helduko da, egungo egoera kontuan hartuta biziki aipagarria den proposamen batekin. Les Musiciens du Louvre da konfinamenduaren ondoren Euskal Herrian arituko den atzerriko lehen orkestra, eta bere etorrerak aurtengo Musika Hamabostaldiari amaiera emango dio, hain zuzen, bertako talentuaren aldeko apustua egin nahi izan den edizioan. Euskal Herriko eta Espainiako musikariei eman die sostengua Hamabostaldiak, sektorea bizitzen ari den une zailotan. Grenobletik etorritako Les Musiciens du Louvre, orkestraren sortzailea den Marc Minkowskik gidatuko du eta osorik Mozarti eskainitako programa emango dute. 20:00etan hasiko da emanaldia, Kursaal Auditorioan.

Fagota ikasi ondoren, Marc Minkowski oraindik oso gazte zela hasi zen zuzendari lanetan, Charles Bruck-en tutoretzapean, Hancock-eko (Maine) Pierre Monteux Eskolan. 1982an, hemeretzi urte zituela, Les Musiciens du Louvre sortu zuen, musika barrokoa berrindartzeko asmoz. Taldearekin egiten duen lanaz gain, Minkowskik opera zuzendari bezala ere garatu du bere ibilbidea. Esaterako, Platée, Idomeneo, Die Zauberflöte, Ariodante, Giulio Cesare, Iphigénie en Tauride, Mireille eta Alceste zuzendu ditu, Parisko Opera Nazionalean; La Belle Hélène, La Grande-Duchesse de Gérolstein, Carmen eta Die Feen Théâtre du Châtelet-en eta La Dame blanche, Pelléas et Mélisande eta Die Fledermaus Opéra Comique-n, baita beste zenbait izenburu Salzburgo, Brusela, Zurich, Venezia, Mosku, Berlin, Amsterdan, Viena eta Aix-en-Provence-n. 2014tik, gainera, Londresko Royal Opera House eta Milango Teatro alla Scalan ohiko gonbidatua da. 

Grenobleko Minimoen Ordenaren Komentuan egoitza duen Les Musiciens du Louvree, Minkowskiren zuzendaritzapean, musika barroko frantsesa eta Handel aztertzen hasi zen, baina urteak igaro ahala beren errepertorioa zabaldu zuten Klasizismoko eta Erromantizismoko obrak ere gehituz, betiere garaiko instrumentuekin interpretatzeko eta mugimendu historizistako aurkikuntzei jarraiki. Hain zuzen, Frantziako mugimendu historizistan ezinbesteko eragilea izan da Les Musiciens du Louvre. Azken 30 urteetan egin dituzten Purcell, Rameau, Haydn, Mozart eta, berriki, Bach, Schubert eta XIX. mendeko konpositore frantsesen berrinterpretazioengatik nabarmendu dira: Berlioz, Bizet, Massenet, Offenbach eta beste.

Kontzertuko programa Mozarten azken sinfonietako bik osatuko dute, 39.ak eta 41.ak. 1788ko udan konposatu zituen biak, izatez neurtezina zen Mozarten sortzeko gaitasunaren jeinutasun garai kontzentratuenetako batean. Sinfonien amaierako trilogia hau idazteko arrazoia (haien artean da ospetsuena den 40.a ere) ez da inola ere argia: Mozartek ez zituen tamaina honetako piezak sortzen estreinaldi bat aurreikusita ez bazegoen. Hain zuzen, haietako baten, Jupiterren estreinaldia noiz eta non egin zen ezezaguna da oraindik. Ziurrenik, Mozartek sinfonia bilduma hau Vienan garai hartan zen krisi ekonomikoa igarotakoan aurkezteko idatziko zuen, eta gaur egun arte iraun duen mitoa gezurtatuz, baliteke bizi zen artean zuzenean entzun izana sinfoniok. Dena den, zalantzarik ez da Mozartek sinfoniok baliabide tekniko eta adierazpide berriekin esperimentatzeko baliatu zituela.

39. sinfonia ezohikoa da hainbat zentzutan, Mozartek helduaroan idatzi zituen sinfonietatik bakarra baita oboerik ez duena. Garaian oraindik berri samarrak ziren klarineteek haizeen ataleko protagonismoa bereganatzen dute. Sarrera geldoa ere badu, Mozarten obretan ezohiko ezaugarria, Allegro-a iritsi aurretik giro solemnea sortzen duena. Sinfoniako azken mugimendua ere ez da ohikoa Mozartengan, hainbat melodia baliatu beharrean, beste sinfonia batzuen amaieran egin zuen bezala: honetan konposizio bakarrari heltzen dio, baina Haydn eta, aurrerago, Beethovenek egin zuten bezala, gehiago sakonduz eta landuz.

41. sinfonia, Jupiter ere, muturreko proposamena izan zen sortu zuen unean. Lehen mugimenduak konposizio ia martzial bat eta moteltasun handiko beste bat aurrez aurre jartzen ditu. Baina egiaz harrigarriena hirugarren konposizioa da,”Un bacio di mano” ariaren melodia aipatzen baitu, opera bufoko pasarte bat. Laborategiak Andante cantabile-an jarraitzen du, ziurrenik Mozartek sekula idatzitako mugimendu emozionalki anbiguoena. Finale-an, fuga eta sonataren arteko mirarizko hibridoa darabil, Mozarten kontrapunturako gaitasuna Bach-enarekin berdinduz.

 

BIOGRAFIAK

Les Musiciens du Louvre

Marc Minkowski-k sortu zuen 1982an. Les Musiciens du Louvre-k errepertorio barroko, klasiko eta erromantikoak antzinako instrumentuekin interpretatzen ditu. Operari dagokionez, ondokoak izan dira bere azken arrakastak: Le Bourgeois Gentilhomme (Montpellier, Versailles, Pau), Orfeo ed Euridice (Salzburg, Paris, Grenoble), Hoffman-en ipuinak (Baden-Baden, Bremen), La Périchole (Bordele), Le Nozze di Figaro (Viena, Versailles), Don Giovanni (Versailles), Così fan tutte (Versailles), Alceste (Paris) o Der fliegende Höllander (Versailles, Grenoble, Viena). Dietsch / Wagner-en Flying Dutchman (Naïve, 2013) argitaratu ostean, eta Bach Johannes Passion (Erato, 2017), 2020an Pentatonek Mozarten Meza handia Do minorrean argitaratuko du. Auvergne-Rhône-Alpes eskualdeko eta Frantziako Kultura Ministerioaren (DRAC Auvergne-Rhône-Alpes) laguntzak jasotzen ditu, eta eskualdeko entzuleekin musika partekatzeko hainbat proiektu garatzen ditu.

 

Marc Minkowski

Marc Minkowski oso aktiboa da musika klasikoa sustatzen, bere zuzendari ibilbidearen bidez, nahiz kudeatzaile artistiko gisa. 2016an Bordeleko Opera Nazionaleko Zuzendari Nagusi izendatu zuten, 1982an Les Musiciens du Louvre sortu zuen eta 2011n Festival Ré Majeure Île de Ré-n (Frantziako kostalde atlantikoa). Era berean, Salzburgoko Mozartwoche-aren Zuzendari Artistiko izan da 2013tik 2017ra, eta 2018ko irailean Kanazawako Orkestraren (Japonia) aholkulari artistiko bihurtu zen. Opera areto garrantzitsuenetan zuzendari aritzen da maiz, eta kontzertu sinfonikoetako errepertorioa interpretatzeko sarritan eskatzen diote. BBC Symphony Orchestra, Orquesta Kanazawa, Tokioko Orkestra Sinfonikoa, DSO Berlin, Staatzkapelle Dresden, Berlingo Filarmonikoa, Vienako Filarmonikoa, Salzburg Mozarteun Orchestra, Mahler Chamber Orchestra, Clevelandeko Orkestra, Los Angeleseko Filarmonikoa, Suediako Irrati Orkestra, Finlandiako Irrati Orkestra, Toolosako Capitole Orkestra Nazionala eta Mariinsky Orkestra zuzendu ditu, besteak beste.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical