ES · EU
Newman Sound eta Easo Abesbatza ahots-taldeek euskal baleontzien omenezko lau kontzertu eskainiko dituzte
  • Pasai San Pedro, Orio, Getaria eta Senpere dira itsas-herentzian inspiratutako musika-topaketa hauek egiteko aukeratu diren udalerriak.


  • Bi abesbatzek elkarrekin eskainiko duten egitarauan, Ternuako eta Euskal Herriko folklorean oinarritutako abesti tradizionalak aurkeztuko dituzte, eta abagune honetarako berariaz sortutako bi lan ere estreinatuko dituzte. 


 Abuztuak 23 - Pasai San Pedro (19:00, Albaola)
 Abuztuak 24 - Orio (20:30, San Nikolas Eliza)
 Abuztuak 25 - Getaria (20:30, San Salbador Eliza)
 Abuztuak 26 - Senpere (19:30, Saint Pierre Eliza)


“Ikara eta lilura. Aspaldidanik, baleek, sentipen kontrajarriak piztu zituzten beren tamaina eta jokaera misteriotsua zirela eta. Antzinako beldurrak gainditurik, gizakiek aurre egin zioten itsas-munstroari, haren gantz, haragi, bizar eta hezurretatik onura atera nahian. Lurreko izakirik handienari aurre egitera ausartu zirenen artean, Kantauri itsasoaren ekialdeko zerrendako arrantzale komunitateak nabarmendu ziren Erdi Aroaz geroztik, besoaren indarrez jaurtikitako arpoi soilak erabiltzen zituztela. Itsasgizon haiek izan ziren balea harrapatzea eta harengandik eratorritako produktuak lantzea eta merkaturatzea eskala handiko jarduera ekonomiko bihurtu zuten lehenak. Euskal baleazaleak ez ziren beren uretan lan egitera mugatu; izan ere, Kantauri itsasoan zehar, Asturias eta Galiziaraino iritsi ziren, eta, Ipar Atlantikoan zehar, Kanadako kostaldeetaraino”, gogorarazten digu Jose Maria Unsainek, Donostiako Untzi Museoko zuzendarikideak. 

Euskal arrantzaleek Labradorren gauzatutako balearen ehizari buruzko informazio asko dugu gaur egun; ongi dokumentatutako historia da, beraz. Jakin badakigu, euskal arrantzale haiek harremana izan zutela Ternuako eta Labradorreko biztanleekin, eta euskarak bere arrastoa utzi zuela herrialde urrun haietan. Itsas-herentzia hori da, hain zuzen ere, Labradorreko (Kanada) Newman Sound eta Easo Abesbatza ahots-taldeek -abuztuaren 23, 24, 25 eta 26an- eskainiko duten egitarauaren ardatza. Abestalde bakoitzak bere zuzendariaren aginduetara jardungo du: Jennifer Hart eta Xalba Rallo dira, hurrenez hurren, zuzendari horiek. Elkarrekin, bi herrialdeak batzen dituen harreman historikoa ekarriko dute gogora; XVI. mendean sortu eta gaur egunera arte dirauen lotura da aipatutako herrialdeak elkartzen dituena. Xalba Rallok honela azaldu zigun: “Duela bi urte, Kanadako Newman Sound gizonezkoen abesbatzako ordezkarien bisita jaso genuen. Gure folklorearekiko eta gure musikarekiko interesa erakutsi zuten, eta elkarlana aberasgarria izan zitekeela pentsatu genuen. Berehala ohartu ginen zerk batzen gintuen: iragan denboretan euskal baleazaleek Kanadan utzitako arrastoaren bila joan ginen”. Hortik dator bi abesbatzek -Musika Aitzaki zikloaren baitan- aurkeztuko duten egitasmoaren izenburua: “Itsas-abestiak. Euskal baleontziak Ternuan”, zeina, batik bat, bi herrialdeon itsas-tradizioa islatzen duten izaera folklorikoko lanek osatzen duten.   
     
Bi taldeen abesteko modua eta errepertorioak ezberdinak diren arren, zera proposatu zioten elkarri: abesbatza bakoitzak, itsasoari eta baleari buruzko abestiak kantatzeaz gain, partitura bat estreinatuko zuela elkarrekin eskaintzen zituzten kontzertuetan. Izan ere, Kanadako abesbatzaren zuzendariak, Jennifer Hartek, adierazi zigun bezala, “joan-etorriko ibilbidea egingo duen proiektua da”, datorren urtean, Easo Abesbatza izango baita Ternuara bisitan joango dena. Hamabostaldiaren baitan eskainiko dituzten kontzertuetan, abesbatza bakoitzak itsasoan inspiratutako abestiak interpretatuko ditu, norberak bere tradiziotik, betiere. Gainera, bi taldeak elkarrekin ariko dira, eta hainbat abesti eskaintzeaz gain, bi obra berri aurkeztuko dituzte: In the Heart of the Sea lana, Kathleen Allan Kanadako musikagilearena, eta Ternua, Angel Illarramendi euskal konpositoreak sortutakoa, 1798an Lapurdin jasotako testu anonimo batzuk (“Partiada tristea Ternuarat”) oinarri dituena. Egitasmoaren sustatzaileek azaldu digutenez, “obra a cappella izatea ere eskatu zitzaion, bakarlarien, bikoteen, hirukoteen eta abarren parte-hartzearekin. Nolabait, baleontzi bateko eskifaiaren ahotsak islatu nahi genituen era horretan”. Emaitza gisa, hiru mugimenduz osatutako partitura bat sortu du Illarramendik: Irteera Ternuarantz, Itsasoko arriskuak eta Ternuako penak.

Bi abesbatzek eskainiko duten lehenengo kontzertua (abuztuak 23, 19:00, Albaola - Pasai San Pedro), Albaola Itsas Kultur Faktoriak -DSS2016ren lankidetzarekin (Itsasgileak proiektua)- antolatu duena, Albaola Faktoriaren egoitzan izango da, hain justu ere, non gure lurraldeko ontziolen tradizioa berreskuratzen ari diren; XVI. mendeko jardunbideak errespetatuz eraikitzen baitira bertan ontziak. Aldi berean, Albaolan, kultura- eta pedagogia-jarduera asko egiten dituzte, itsasoari lotutako ondarea ezagutzera emateko. Kontzertu honetara joan ahal izateko gonbidapenak, Albaolaren egoitzan (Ondartxo, 1) eta DSS2016renean (Easo Kalea, 43) eskura daitezke (gonbidapenak agortu arte).

Kontzertu hau berebat eskainiko da kostako beste bi herritan: Orion eta Getarian. Batak zein besteak sustrai luzeko itsas-tradizioa dute; oso ezagunak dira, esaterako, Orion, 1901ean azken balea nola harrapatu zuten kontatzen duten bertsoak. Orioko kontzerturako sarrera (abuztuak 24, 20:30, San Nikolas Eliza) doakoa izango da, jarlekuak bete arte. Getarian eskainiko den kontzerturako, berriz (abuztuak 25, 20:30, San Salbador Eliza), gonbidapena eskuratu beharko da (agortu dira dagoeneko).   


Newman Sound eta Easo Abesbatza ahots-taldeek elkarrekin eskainiko duten azken kontzertua Senpere lapurtar udalerrian (abuztuak 26, 19:30, Saint Pierre Eliza) izango da. Garai batean, Senperen ere ontziolak izan ziren; hori dela eta, esanahi berezia hartuko du kontzertuak. Sarrerak, Senpereko Turismo Bulegoan daude salgai, 10 euroren truke (3 €ren truke 14 urtez azpikoentzat).

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical