ES · EU
Lucía Lacarrak aurkezten du Fordlandia, itxialdian sortu zuen ikuskizuna
  • Dantza, musika eta arte bisuala uztartzen dituen proposamen hau ekoizle gisa burutzen duen lehen lana du Zumaiako artistak.

  • Musika Hamabostaldian zazpigarren aldia duen honetan, Lacarrak lagun izango du, halaber, ekoizle diharduen Matthew Golding kanadiar dantzaria.

  • Fordlandiako zine irudiak paraje ikusgarrietan grabatu dira, Zumaiako flyschean edo Herbeheretako baso batean, esaterako.

 

1995an, Marseillako Ballet Nazionaleko lehenengo dantzaria zela, Roland Petiten Coppélian protagonista zela, Donostiako Musika Hamabostaldian estreinakoz aritu zenetik, jaialdiak gertutik gertutik jarraitu du azken hogeita bost urte hauetan Lucía Lacarrak egindako ibilbide artistikoa. Dantza Sari Nazionala, Nijinsky eta Benois de la Danse – balleteko oscar saritzat jotzen dena- sariduna, dantzari zumaiarra bueltan da, eta ez dantzari gisa soilik, aurkeztuko duen Fordlandia ikuskizunaren ekoizle ere bada eta. Hitzordua da abuztuaren 17an, asteartearekin, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian.

Covid-19ak eragindako itxialdiak sortutako egiazko egoera abiapuntu hartuta, Lucía Lacarrak eta Matthew Goldingek ametsezko ikuskizun bat sortu zuten, eurak bikote gisa, artistikoki zein egunerokoan bizi zuten urruntzeaislatu asmoz. Lucíak Zumaian igaro zuen itxialdia eta, Matthew-k, aldiz, Amsterdamen. Horrela sortu zen Fordlandia, dantza, musika eta arte bisuala uztartzen dituen ikuskizuna. Dortmunden estreinatu zuten, 2020ko irailean.

Narrazio lineal batetik ihes eginda, ikuskizunak harreman bateko derrigorrezko urruntzeak maitasunez bizitzeko modu ezberdinak lantzen ditu. Izaera neoklasikodun sei dantza piezak osatzen dute hirurogeita hamar minutuko iraupena duen muntaia hau. Horien arteko trantsizio gisa, Altin Kaftira artista bisualak leku ikusgarrietan filmatutako laburmetraiak baliatu dituzte: Zumaiako flyschean, Herbeheretako Bergen Aan Zee herritik gertu dagoen baso batean edo Dortmunden, antzoki huts zirraragarri batean.

Koreografiari dagokionez, sei piezatatik bost sortu berriak dira. Horretarako, Lacarrak eta Goldingek euren proiektuan esku hartzeko gonbidapena luzatu zieten Anna Hop, Yuri Possokhov eta Juanjo Arqués koreografoei. Bere herrikide Chopinen musika oinarri hartuta, Anna Hop poloniarrak hasierako bi piezak sortu zituen, Stillness eta Close, hutsunean eta distantzian sakontzen dutenak. San Francisco Balleten Lucíaren bikotekide izandako Yuri Possokhov ukrainiarrak pas de deux edo bientzako dantza hunkigarria sortu zuen, elur-ekaitz baten gatik eskon ez daitezkeen soldaduaren eta neska gazte baten arteko istorio tristean oinarritua; Alexander Pushkinen Snow Storm ipuinean du sorburua eta proiekzioak eta zuzeneko dantza uztartzen ditu, Georgy Sviridoven musikaren gainean.

Juanjo Arqués koreografo murtziarrak egina da ikuskizunari izenburua ematen dion pieza, hots, Fordlandia. Izen horrek erreferentzia egiten dio joan zen mendeko hogeita hamarreko hamarkadan Henry Fordek Brasilen sortutako hiriari; enpresa-gizonaren helburua zen Ford autoentzako behar adina kautxo ekoiztea, hartara nagusi ziren monopolioak ekidin asmoz. Baina utopia hark hamar bat urte besterik ez zuen iraun, onddo batek Forden asmoak zapuztu zituen arte. Egun Amazonas erdian galdutako mamu hiria da Fordlandia. Arquésen bigarren pieza, Pile of Dust deritzonak itsasoa dakarkigu gogora, oihalen bidez sortutako uhinekin. Bi koreografia horietan Jóhann Jóhannssonen musika erabili du Arquések.

Fordlandia ikuskizunari amaiera bikaina ematen dio After The Rain bientzako dantzak, 2005. urtean Arvo Pärten musika erabilita Christopher Wheeldon koreografo ingelesak New York City Ballet konpainiarentzat sortua. Bi zatitan banatutako lana bada ere, ohikoa da bientzako dantza soilik interpretatzea; Wheeldonek berak aitortu zuenaren arabera, maitasun gutun bat bailitzan, bi artistentzako poema bat bezala sortu zuen pieza hori garai hartan NYCBko dantzari printzipalak ziren Wendy Whelan eta Jack Sotorentzat.

Solasaldia. Emanaldiaren bezperan, abuztuaren 16an, 19:30ean, Lucía Lacarrarekin solasaldia izango da Tabakaleran. Iratxe de Arantzibia kazetari eta dantza kritikoak moderatuko duen topaketarako sarrera doakoa da, baina ezinbesteako da aurrez izena ematea www.musikahamabostaldia.eus webgunean. Solasaldia streaming bidez jarraitu ahalko da www.musikahamabostaldia.eus webguneko Zuzenean atalean eta Tabakalera online plataforman.

 

BIOGRAFIAK

Lucía Lacarra
Lucía Lacarra Zumaian jaio zen eta Thalia dantza estudioan ikasi zuen, Mentxu Medelekin, eta baita Víctor Ullateren eskolan ere; izan ere, haren konpainian egin zuen debuta. Roland Petitek zuzentzen zuen Marseillako Balletean dantzari printzipal maila lortu zuen (1994-1997) eta ondoren San Franciscoko Balleteko izar nagusi bilakatu zen (1997-2002). Hamabost denboraldian Municheko Operako Balleteko kide izan ostean (2002-2016), egun gonbidatu iraunkorra da Dortmundeko Balletean eta, horretaz gain, bere proiektu propioak burutzen ditu nazioarteko hainbat konpainiatan. Dantzaren arloko sari nagusienak eskuratu ditu: Danza & Danza, Positano, Isadora Duncan, Nijinsky, Benois de la Danse, Dantza Sari Nazionala. 2007an, Vienako Urteberriko Kontzertuan dantza egiteko gonbidapena jaso zuen lehenbiziko dantzari espainiarra izan zen. 2010ean “Hamarkadako Dantzari” izendatu zuten Kremlin Jauregian. 2020ko irailean Fordlandia estreinatu zuen, Matthew Goldingekin batera sortu eta ekoitzitako ikuskizuna.

Matthew Golding
Saskatchewan-en (Kanada) jaioa, Matthew Goldingek Royal Winnipeg Ballet School delakoan ikasi zuen 14 urte zituenetik eta ondoren Universal Ballet Academy eskolan, en Washington D.C-n. 2002an, Youth America Grand Prix saria irabazi zuen eta Prix de Lausanne delakoak berka bat eman zion The Royal Ballet School delakoan ikasteko. 2003An graduatu eta American Ballet Theatre-eko kide bilakatu zen. Corella Ballet-Castilla León konpainiako kide izan ostean, 2009an Amsterdamgo Het Nationale Ballet konpainian sartu eta 2010ean dantzari printzipal izendatu zuten (dantzari gonbidatua da egun). 2014 eta 2017 urte bitartean The Royal Ballet konpainiako dantzari printzipal izan zen. Gerora honako hauetan aritu da lankidetzan: San Petersburgoko Mariinsky Antzokiko Balleta, Kanadako Ballet Nazionala, English National Ballet eta Hong Kong Ballet, besteak beste. Merezi izan dituen sarien artean, Herbeheretako Zwaan saria nabarmentzen da, eta baita Benois de la Danse sarietarako izendapena ere. 2020ko irailean Fordlandia estreinatu zuen, Lucía Lacarrarekin batera sortu eta ekoitzitako ikuskizuna.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical