ES · EU
Bihar asteazkena Hondarribin, Sigma Projectek Leonard Bernstein omenduko du Hiruzta upategian izango den kontzertuan

·  Gainera, bihar hilak 22 emanaldiak daude Mutrikun, Cosmos Quartet eta Noelia Rodilesekin eta  Ana Apika eta Intxixu Valbuenaren Kantu Kontariarekin; eta Deban Neonymusen “Historia inventada de la música inventada” saioarekin.

· Hilaren 23an Kukai Dantzak Arantzazun estreinatuko du “Adio” eta 24an  Kantu Kontari izango da Irunen Saioa Aizpuru eta Ane Artetxerekin.

Musika Aitzakia, Donostiako Musika Hamabostaldiaren ziklo ibiltariaren programazioaren baitan, aste honetan hainbat hitzordu izango dira.

Bihar asteazkena, hilak 22, Hondarribian, Sigma Project-ek Leonard Bernstein konposagile eta orkestra zuzendari ezagunari omenaldia egingo dio haren jaiotzaren mendeurrenean. Cecilia Bercovichen biolinak taldea lagunduko du, saxofoi eta biolin laukoterako moldatutako “West Side Story” famatuko dantza txispartatsuak interpretatzen. Kontzertua 20:00etan izango da Hiruzta Upategian, eta amaitu ondoren, 21:30ean, Hiruztari esker, afariarekin eta, bide batez, Aiako Harria Parke Naturala nagusi duen ikuspegiarekin gozatu ahal izango dute bertaratuek.

Bihar, halaber, bi emanaldi izango dira Mutrikun: batetik, Helena Satuék, Bernat Pratek, Lara Fernandezek eta Oriol Pratek osatutako Cosmos Quartet hari-laukoteak eta Noelia Rodiles pianista ariko dira Santa Katalina komentuan, 19:00etan; ganbera zein orkestra musikari eta bakarlari gisa nazioarteko ibilbidea duten bost musikari dira eta elkarrekin Schumann eta Shostakovich-en lanekin osatutako programa eskainiko dute, harirako nahiz pianorako idatzitako bi boskote zorrotzenetakoak interpretatuz. Bestetik, Haurren Hamabostaldi Ibiltariaren barnean, Mutrikuko Zabiel Plazan, txikienei zuzendutako “Inguru minguru” Kantu kontari emanaldia izango da; formatu txikiko ikuskizuna da, 4 eta 8 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta. Ana Apika ipuin-kontalariak eta Intxixu Valbuena gitarristak protagonizatuko dute, 18:00etan.

Eta bihar asteazkeneko Musika Aitzakiaren programazioa osatuz, Deban, Neonymus musikariak orotariko ikusleriarentzat egokia den kontzertu elkareragile eta didaktikoa aurkeztuko du: “Historia inventada de la música inventada”. Musika, fantasia eta birziklatutako instrumentu bitxi mordo bat bitarteko direla, kultur nahiz umorezko ukitu txundigarriekin asmatutako musikari buruzko historia bitxia kontatuko du Andra Mari elizan, 20:00etan hasita.

Abuztuaren 23 ostegunean, Kukai Dantzak “Adio” ikuskizuna estreinatuko du Arantzazun. Kukairen dantza izpiritualena, Arantzazuko espazio bakar eta berezira egokituta, eta Jon Maya-k (Espainako Dantza Sari Nazionalak), Marcos Morau-k eta Sharon Fridman-ek espreski egun horretarako sortutako lana, Arantzazun jaio eta bertan hiltzen dena. Abesbatza, piano eta poesia lagun, Bitoriano Gandiaga eta Iñaki Beristainen arrastotik bidaiatuko duen xenda artistikoa erakutsiko du Kukaik.

Abuztuaren 24 ostiralean, Saioa Aizpuru ipuin-kontalariak eta Ane Arteche harpistak, 2 eta 8 urte bitarteko umeek parte hartu ahal izango duten Kantu kontari ikuskizuna emango dute Irungo CBAn,  eguerdiko 12:00etan: “Kontaketa harpistikoak”, ipuinen eta musikaren bitartez txikien entzuteko gaitasuna garatzea helburu duen ikuskizuna.

 

 

 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical