ES · EU
Mozart eta Haydn anaiak izango dira protagonista Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Andra Mari Abesbatzaren kontzertuan, Musika Hamabostaldiaren baitan

Mozart eta Haydn anaiak izango dira protagonista Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Andra Mari Abesbatzaren kontzertuan, Musika Hamabostaldiaren baitan

16.08.2018
ikusi
berri
guztiak
>

Christian Zacharias Musika Hamabostaldira itzuli da, oraingoan pianista eta zuzendari gisa, Mozarten musikaren eta Joseph eta Michael Haydn anaien musikaren arteko harremanak aztertzen dituen programa batekin

"Italiarra Aljerren" operaren bi emanaldietan parte hartu ondoren, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) protagonista izango da 79. edizio honetako programa sinfonikoaren kontzertuetako batean, Kursaaleko Auditorioan. Abuztuaren 18an izango da kontzertua, 20:00etatik aurrera. EOS funtsezko osagaia da Hamabostaldiaren historia berrian, izan ere, 1982an orkestra sortu zenetik, jaialdiaren edizio guztietan parte hartu baitu. Eta horietako askotan, gainera, jaialdian ohikoa den abesbatzatako batekin batera egin du, hain zuzen ere, Errenteriako Andra Mari Abesbatzarekin batera. Oraingoan ere bat egingo dute Michael Haydnen Requiema do minorrean interpretatzeko, kontzertuaren bigarren partean. Lan hori interpretatzeko, gainera, nazioartean garrantzizko karrera egiten ari diren Donostiako bi abeslarik bat egingo dute beraiekin: Alicia Amo sopranoa (Elena Sancho-Pereg donostiarraren ordez ariko dena programa honetan) eta Clara Mouriz mezzosopranoa, eta baita Martin Mitterrutzner tenorra eta Peter Harvey baritonoa ere.

Eta horiek guztiak zuzentzen, Christian Zacharias, germaniar errepertorio klasikoaren espezialista handienetako bat eta oso artista maitatua Hamabostaldian. Zacharias hainbatean itzuli da jaialdira azken bi hamarraldietan, eta 2000-2002 urteetako hiru edizioetan Mozarten pianorako 27 kontzertuen integrala interpretatu zuen, Eskoziako Ganbera Orkestrarekin eta Lausanneko Orkestrarekin. Jaialdiaren historiako mugarri hura ekarriko da aurten gogora, “24. kontzertua do minorrean” lanari esker. Zachariasek pianotik zuzenduko du orkestra, Mozartek berak egiten zuen moduan. Christian Zachariasek bakarlari gisa ireki zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 1999/2000 denboraldia, Gilbert Vargaren zuzendaritzapean; ia bi hamarkadaren buruan eszenatokia partekatuko dute berriz ere, oraingoan Zacharias zuzendari eta bakarlari dela. Kontzertu hau zuzentzeaz gain, Zachariasek bezperan maisu eskola bat emango du Musikenen.

24. Kontzertua 1784-1786 bitartean sortu zen, Mozartek pianorako hamabi kontzertu baino gehiago idatzi zituen garaian, hain zuzen ere. "Figaroren ezteiak" baino pixka bat lehenago amaituta, hainbat espezialistaren ustez, kontzertua inguratzen duen sentimendu tragikoan, pozaren eta tristuraren arteko joko harmoniko anbiguoetan eta pianoaren eta orkestraren arteko kontraste-harremanean dago oinarrituta kontzertuaren dramaren zentzua. Beethovenentzat Mozarten kontzertu hau bere kutunenetako bat zen, eta honela zioen hari buruz: "ez gara inoiz halakorik egiteko gai izango!".

Mozarten kontzertuaren aurretik, Joseph Haydnen “49. sinfonia fa minorrean” entzungo da. 1768an osatu zuen, Sturm un Drang izenez ezaguna den aldian (ekaitza eta kemena). Sinfonia hori, “La passione” azpititulua duena musikaren izaera kartsuagatik, 1760ko eta 1770eko hamarraldietan idatzitako sinfonia multzoaren adibide paradigmatikoa da. Sinfonia horietako gehienak modu minorrean idatzita daude eta erritmo biziez eta sentimendu kontrajarriez beteta. Eragin handia izan zuten garai hartako antzerki musikalean, baina baita lan erabat sinfonikoetan ere, hala nola Mozarten “24. Kontzertua”n.

Mozartek asko miresten zuen Joseph Haydn, eta harizko kuarteto multzo bat eskaini zion 1785ean; baina anaia izan zen musika idazteko moduan benetako eragina izan zuena. Michael Haydn. 1762. urtean iritsi zen hura Salzburgora, Mozarten jaioterrira, eta 360 konposizio baino gehiago ekoiztu zituen hurrengo berrogeita hiru urteetan. Michael Haydn Mozarten aitaren adiskide mina izan zen, eta oso txikitatik izan zuen hark Haydnen lana ezagutzeko aukera; are gehiago, Mozartek, bere bizitzaren azken urteetan azken hiru sinfoniak (1788) sortu zituenean, "Jupiter" ospetsuaz amaituak, Haydn salzburgotarraren partiturak arretaz aztertzen jarraitu zuen. Kontzertuaren bigarren partean, Michel Haydnen “Requiema do minorrean” entzungo da; 1771. urtean idatzi zuen, Schrattenbach Artzapezpikuaren heriotza zela-eta. Mozartek jo zuen (15 urte zituela) lana Salzburgon estreinatu zuen orkestrarekin batera, Italiatik itzuli berritan. Horrez gain, Mozart-en “Requiem” ospetsuarekin dituen antzekotasun ugariez gainera –seguru asko hainbat pasartetan eredu hartu zuen–, Haydnen lanak hildakoen mezaren erakusgarri musikal onenen artean egoteko duin egiten duten handitasuna eta noblezia ditu berez.

Sarreren salmenta



Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical