ES · EU
Euskal konpositoreen musikak eta Bartók-en “Bizar Urdin”-ek osatuko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Andra Mari Abesbatzaren kontzertua

Euskal konpositoreen musikak eta Bartók-en “Bizar Urdin”-ek osatuko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Andra Mari Abesbatzaren kontzertua

23.08.2019
ikusi
berri
guztiak
>

José Luis Ansorenari eskainiko diote gaualdia, Andra Mari Abesbatzaren sortzaileari.

Robert Treviño Euskadiko Orkestraren zuzendariak gidatuko ditu talde biak.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Musika Hamabostaldiaren historiako ezinbesteko osagaietako bat da. 1982an orkestra sortu zutenetik, jaialdiaren edizio guztietan hartu dute parte, eta 80. aldi honetan, protagonismo handia izaten ari dira, beste behin: lan bikaina egin dute fosotik “Madame Butterfly” operan, eta, formatu murriztuagoan, Angel Illarramendik Juan Sebastián Elkanori eskainitako obra berri bat estreinatu dute Getarian.

Abuztuaren 24ko ostiralean, EOS Kursaal Auditoriora itzuliko da, 80. edizioko programa sinfonikoetako bat eskaintzeko. 20:00etan hasiko den hitzordu honetan, jaialdian ohiko dugun Errenteriako Andra Mari Abesbatzak lagunduko du euskal orkestra, elkarrekin Pablo Sorozabalen “Suite Vasca” interpretatzeko. Kontzertuaren bigarren zatian, izen handiko bi bakarlariri egingo die ongietorria Euskadiko Orkestrak: Rinat Shaham mezzosopranoari eta Mikhail Petrenko baxuari. Béla Bartók konpositorearen opera bakarra interpretatuko dute, “Bizar Urdinen Gaztelua”. José Luis Ansorenarenaren oroimenezko kontzertua izango da. Ansorena euskal musikaren historiako izen handia dugu, joan den maiatzaren 1ean zendutakoa. Musikologo eta konpositore izandakoak hainbat erakunde eta talde koral sortu zituen bere bizitzan zehar, eta horien artean, Errenteriako Andra Mari Abesbatza eratu zuen 1966. urtean. 1973an Errenteriako Musikaste jaialdia sortu zuen euskal konpositoreen musika zabaltzeko, eta hurrengo urtean Eresbil sortu zuen, euskal musikaren artxiboa, euskal musikaren ondarea bildu eta gordetzeko.


Kontzertuaren lehen zatia Maurice Ravel eta Pablo Sorozal euskal konpositoreei eskainiko diete. Lehenengo “Gaspard de la nuit” entzungo dugu, Ravelek pianorako idatzi ondotik orkestrarako moldatu ez zuen obra gutxietako bat. Bere idazkera pianistikoaren idiomatismoarekin, Ravelek Aloysius Bertrand idazlearen poema onirikoetatik ateratako urezko, haizezko, urkamendizko eta gnomozko irudiak marrazten ditu. Horrek guztiak orkestrazioa erronka handi bilakatzen du: 1990ean egin zion aurre horri Marius Constant-ek. Ravelen musikaren orkestrazio horren ondoren, Sorozabalen “Suite vasca” entzungo dugu. Alemanian bizi zenean idatzi zuen, 1920an hara bizitzera joana baitzen bere ikasketak bukatzeko. Garai hartan, eragin handia izan zuen euskal abertzaletasunak Ravelen piezetan, eta “Suite Vasca”-ren (1923) kasuan, Emeterio Arreseren poesia hartu zuen oinarritzat bere triptiko bereizgarria egiteko: abesbatzak euskal iruditeria herrikoiko eszenei ahotsa ematen die, orkestraren lan bikain eta landuak jantzita.


Kontzertuaren bigarren zatian opera bat entzungo dugu kontzertu bertsioan. Gaztaroan idatzi zuen Béla Bartók-ek ere obra hori, 1911n idatzi baitzuen “Bizar Urdinen gaztelua”, soilik 30 urte zituenean. Hiru urte lehenago Hungariako eta Errumaniako baserri-giroa ezagutu zuen, eta magyar kantuak biltzen aritu zen. Doinu horiek erabat aldatu zuten berak ondoko uretetan konposatu zuen musika. “Bizar Urdinen gaztelua” lanak badauka dagoeneko lengoaia horren berri.


Operak bi pertsonaia ditu soilik: Bizar Urdin aristokrata misteriotsua eta bere gazteluraino jarraitu dion emazte berria, Judith. Bizar Urdinek bere gazteluaren giltzak emango dizkio Judithi, eta honek, jakinmin eutsiezinak jota, bere senarraren bizitzako alderdi zoragarriak eta beldurgarriak ezagutuko ditu. Maila psikologikoan, Bartóken Bizar Urdin pertsonaia tragikoa den gizona ordezkatzen du. “Bere naturari leial izateko, bere zoriontasun eta poza alde batera utzi behar du; sufritu egin behar du eta besteei sufriarazi behar die” dio Peter Bartók konpositorearen semeak.



BIOGRAFIAK


Euskadiko Orkestra Sinfonikoa


Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren ekimenez sortu zen 1982an, musika ondare partekatua eta ondasun aberatsa den gizarte batean. Ondare hori zaintzen du orkestrak, hura zabalduz eta haren garapena sustatzeko konpromisoa hartuta. Gaur egun, estatu mailan erreferentziazkoa den orkestra sinfoniko bat da, bere komunitatean oso sustrai sendoak dituena, 7.000 bazkiderekin, eta urtean, bataz beste, 150.000 ikuslerekin; gure garaiko orkestra bat da, oso eskakizun-maila altua duena, eta oso konprometitua garai guztietako musika sinfonikoaren zabalkundearekin. Arreta berezia ematen diote euskal musikaren sorkuntzari eta zabalkundeari. Ondo finkatu eta ondo egituraturiko jarduerari esker, modu iraunkorrean jarduten dute lau kontzertu-ziklotan, eta ganbera-musikako eta haurrentzako eta familientzako beste bi ziklo ere antolatzen dituzte. Era berean, oso politika diskografiko bizia bideratzen dute, batez ere euskal musikagileen ekoizpen sinfonikoan zentratua. Joan den urteko abenduan itzuli bat egin zuten Austria eta Alemanian, eta 2020ko urtarrilean Pariseko Champs-Elyséesko Antzokian egingo dute debuta.



Andra Mari Abesbatza


1966an sortu zuen José Luis Ansorenak, eta erreferentea da gaur egun Euskadiko eta Espainiako Estatuko panorama sinfoniko-koralean. José Manuel Tife azken zuzendariaren ondorengoa den Andoni Sierra da taldearen zuzendaria, eta era guztietako abesbatza-musika lantzen du, euskal musikan espezializatua badago ere. Hainbat lehiaketatan lortu ditu sariak, eta, besteak beste, Madril, Bartzelona, Sevilla, A Coruña eta Tenerifen eskaini ditu emanaldiak, eta baita Peralada, Santander, Granada eta Donostiako jaialdietan ere. Orkestra sinfoniko askorekin aritu da: Euskadi, Bilbo, Tenerife, Galizia eta Madrilgo Orkestra Sinfonikoak, Espainiako Nazionala, Regional Bayonne Côte-Basque, Scottish Chamber Orchestra, Buenos Airesko Filarmonikoa, Cadaquéseko Orkestra, Türingen Philharmonie, XVIII. mendeko Orkestra, etab. Maila handiko zuzendarien aginduetara aritu da, hala nola: F. Brüggen, J. López Cobos, J. J. Mena, A. Ros Marbá, A. Boreyko, A. Orozco-Estrada, V. Pablo Pérez, G. Neuhold, R. King, P. Pickett eta P. Rophé. Orain arte 18 disko grabatu ditu. Musikaren Euskal Artxiboaren sorreran egon zen (Eresbil), eta haren patronatuko kidea da. Errenteriako Musikaste Jaialdia sortu zuen, Eresbilekin batera.



Robert Treviño


EOS eta Malmö Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra da, eta egungo panoramako zuzendari interesgarrienetako bat bihurtu da denbora gutxian. 2013an egin zen nazioartean ezaguna, Bolshoi Antzokian Verdiren "Don Carlo" zuzendu zuelarik, Golden Mask sari baterako izendatu zutenean. D. Zinman-ekin trebatu zen, zuzendari elkartu gisa, Aspen Music Festival-en, eta ondoren Seiji Ozawaren zuzendari elkartua izan zen Tanglewood-en. Era berean, gonbidapen bat jaso zuen M. Tilson Thomas-ekin ikasteko, eta Leif Segerstam-i laguntzeko Helsinkiko Orkestra Filarmonikoan. Cincinnatiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari-laguntzailea izan da (2011-2015), eta, lehenago, New York City Operako zuzendari-laguntzailea izan zen (2009-2011). Azkeneko denboraldietan, orkestra aipagarrietan egin du debuta, nola diren Londresko Sinfonikoa, Municheko Filarmonikoa, Londreseko Filarmonikoa, Tonhalle Zurich, San Franciscoko Sinfonikoa, Leipzig Gewandhaus, Detroit-ko Sinfonikoa, Dresdengo Filarmonikoa… Bestalde, bere lehen diskoa grabatu du, Decca-rentzat. 2019/2020 denboraldian, RTW Symphony Orchestra, Antwerp Symphony Orchestra, Pariseko Orkestra, Royal Philharmonic Orchestra eta Oregongo Sinfonikoa zuzenduko ditu, EOSn eta Malmön dituen konpromisoak betetzeaz gainera.

 


Rinat Shaham


Azken denboraldi honetan Maddalenaren rolean egin du debuta Verdiren “Rigoletto” operan Bregenzeko Jaialdian, eta Masseneten “Errauskine” abestu du Nanteseko Operan, Ravelen “Shéhérazade” St. Louis Symphony Orchestra-rekin, Bizeten “Carmen” Leipzigeko Operan eta Bartoken “Bizar Urdinen gaztelua” Stavanger Symphony Orchestrarekin, Karina Canellakis-en zuzendaritzapean. “Carmen”en rol nagusiko interprete hoberenetako bat delako ospea du mundu osoan, eta 2004an Glyndebourneko Jaialdian paper horrekin debuta egin zuenetik 45 produkzio baino gehiagotan abestu du, Viena, Erroma, Berlin, Munich, Hanburgo, New York eta beste hirietako antzokietan. Errezitalean ere aritzen da, baita orkestrarekiko kontzertuan ere, eta lankidetzan jarduna da Rattle, Eschenbach, Elder, Christie, Previn, Slatkin eta Robertsonen mailako zuzendariekin, Bachen “Magnificat”etik hasita Stravinskiren “Ezteiak” arte abestuz. Lullyren operen zatiak grabatu ditu William Christierekin Eratorentzat, Geshwin eta Purcellen obrak dituen CD bat eta beste bat The Viol Group-ekin eta Benedetto Marcellorekin ATMArentzat. Antzezle gisa debutatu zuen István Száboren “Taking Sides” filmean Harvey Keitel-en ondoan, eta berebat grabatu du “Carmen”en DVD bat Australiako Operan.

 

Mikhail Petrenko


San Petersburgon jaio zen, eta bere sorterriko kontserbatorioan egin zuen ikasketak, Minzhilkiev irakaslearekin. Zenbait diploma eskuratu ditu nazioarteko lehiaketetan, nola diren Rimsky-Korsakov 1998an, Elena Obraztsova 1999an edota María Callas Lehiaketa 2000n. Mundu osoko opera eta opera-jaialdi ospetsuenetara gonbidatu dute, Gergiev, Rattle, Barenboim, Boulez, Mehta edota Maazelen mailako zuzendarien eskutik. Wagnerren interprete ezaguna da, eta maiz abesten ditu, besteak beste, “Lohengrin”, “Die Walküre”, “Jainkoen gainbehera” eta “Tristan eta Isolda”. Oso ahots-espektro zabala du, eta, hala, bestelako errepertorioak ere lantzen ditu. “Romeo eta Julieta”, “Sevillako bizargina”, “Il Trovatore” eta “Xirula miragarria”, besteak beste, ohiko tituluak dira Petrenkoren agendan. Azken emanaldiei dagokienez, aipagarriak ditu “The Fiery Angel” (Inkisidorea) Vienako Operan, Wagnerren Nibelungoaren eraztuna-ren zikloa San Petersburgoko Mariinsky Antzokian edo “Don Giovanni” (Leporello) Verbierreko Jaialdian, baita Suisse Romandeko Orkestrarekin edota Tokioko Sinfonikoarekin eskainitako kontzertuak ere. Zenbait CD grabatu ditu Mariinskyren disko-etxearentzat, Deutsche Grammophon eta EMIrentzat.

 

 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical