ES · EU
Musika espainiarra eta bertako talentuak Musika Hamabostaldiko Ganbera Musika Zikloan
  • Musikaz aire zabalean gozatzeko aukera ematen digun zikloa bost kontzertuz osatuta egongo da. Lehen mailako talde eta bakarlariek hartuko dute parte San Telmo Museoko klaustroko kontzertuetan, eta bertako talentuek izango dute protagonismoa.

 

San Telmo Museoaren eta Musika Hamabostaldiaren arteko kolaborazioa 2017an hasi zen, ostegunero museoko klaustroan formatu txikiko kontzertuez gozatzeko aukera ematen zuen egitarauarekin. Jaialdiaren eta museoaren arteko kolaborazioa hazi egin da ordutik, eta “Ostegun Musikalak San Telmon” izeneko hura Ganbera Musika Ziklo egonkorra bilakatu da, entzuleen artean arrakasta handia duena, kontzertu guztietarako sarrerak agortzen lehenengoetarikoa izaten baita. Aurten, Zikloa berriz ere bakarlari nahiz talde txikiak protagonista dituzten bost gaualdik osatuko dute abuztuaren 5, 12, 18, 24 eta 26an, 19:30ean.

Kontzertuak hartuko dituen leku paregabea San Telmo Museoko klaustroa izango da, beste behin. Azken urteetan, akustika bikaina izateagatik formatu txikiko musika hauek xehetasunez gozatzeko leku ezin hobea dela frogatu ahal izan dute entzuleek. Lekuak berak eta Zikloaren filosofiak, gainera, programazio mistoa bultzatzen dute, eta horrek ahalbidetu du duo, hirukote eta laukoteez gain, kantu errezitalak, tango ikuskizunak, musika garaikidea eta abar ere programatzea. Zikloak, era berean, bakarlari entzutetsuen arteko topaketa sustatzen du, elkarrekin ganberako musika egiteko, bertako eta espainiako musikarien talentuari arreta berezia eskainiz.

Inaugurazio kontzertua bihar, abuztuak 5 ostegunarekin, izango da, eta pianista donostiar kutunenetariko bat izango du protagonista, Judith Jáuregui. Jesús Reina biolinistak lagunduta iritsiko da, bi sonata erromantiko frantsesi eta Robert Schumannen miniaturei aurre egiteko. Astebete beranduago, abuztuaren 12ko ostegunean, kantu lirikoaren txanda izango da, ezagutzera ematen ari den Carmen Artaza donostiar sopranoak eta Frederic Jost baxu-baritono alemaniarrak partekatutako errezitalarekin. Lieder eta kantu italiarrak interpretatuko dituzte, baita Rossini eta Mozarten operetako ariak ere. Zikloko hirugarren kontzertuak (abuztuak 18) ongietorria egingo dio egungo pianista britainiar handienetako bati, Stephen Hough, zeinak Frederic Mompou konpositorearen Música callada interpretatuko duen osotasunean; ziklo luze hau konpositore kataluniarraren interpretatzaile onenetako baten eskutik entzuteko aukera bakar horietakoa izango da. Zikloko laugarren hitzordua abuztuaren 24an izango da, eta bakarlari gisa oraindik orain apur bat ezezaguna den instrumentuari, biolari jarriko dio arreta, Isabel Villanueva bakarlari nafarraren eskutik. XIX eta XX. mendeetan biolarako idatzitako partitura eta moldaketak joko ditu. Zikloa abuztuaren 26an amaituko da Seikilos laukotearen eskutik. Hari laukote gazte honek bidegabeki ahaztuak izan ziren XX. mende hasierako espainiar konpositoreen alde egingo du apustu, hala nola Conrado del Campo edo Julio Gómez, eta Turina edo Ravel bezalako konpositoreen obra ezagunagoak ere emango dituzte.

 

Honako 5 hauek dira Ganberako Musika Zikloa osatzen duten kontzertuak:

Judith Jáuregui / Jesús Reina – Abuztuak 5, 19:30ean

San Telmon 2018an azken aldiz egon ondoren, Judith Jáuregui pianista donostiarra Ganberako Musika Ziklora itzuliko da Jesús Reina biolinista bikainak lagunduta. Elkarrekin Erromantizismo frantseseko biolin eta pianorako sonata garrantzitsuenetako bi joko dituzte. Alde batetik, Camille Saint-Saënsen 1. biolinerako sonata (1885); bestetik, ia aldi berean (1886an) idatzia izan arren, erabat ezberdina den César Francken Biolinerako sonata paregabea. Bere aberastasun harmonikoarekin eta estruktura zikliko iraultzailearekin, biolin eta pianorako literaturako sonata garrantzitsuenetako bat da. Programa Judith Jáureguiren espezialitate handietako bat diren Schumannen miniaturek osatuko dute. 2010ean disko bat eskaini zien horiei Jáureguik. Zehazki, 1838an Schumannek konposatutako haurrentzako pieza zikloa interpretatuko du, Kinderszenen, op. 15.

Nortasunak, fintasunak eta argiak definitzen dute Judith Jáuregui donostiarra, uneko pianista liluragarrienetako bat. International Piano aldizkari ingelesak berriki deskribatu du “artista irudimentsua eta bere espresioaren heldutasunagatik zirrara eragiten duen interprete harrigarriro bakarra” dela esanez. Azken denboraldietan harrera beroa egin diote izen handiko aretoetan, hala nola Madrilgo Auditorio Nazionalean, Parisko Louvren, Berlingo Kozerthausen, Tokioko Suntory Hallen, Pekingo NCPAn, La Roque d’Anthéron Piano Jaialdian, Radio Franceren Montpellierreko Jaialdian, Schloss Elmaun, Murten Classicsen edo Klosters Musicen.

Jesús Reina “benetako musikaltasun, tenperamentu eta karismak bereizgarri egiten duten soinu ederreko biolinista” (El País) bezala deskribatu dute. Jesús Reinak bere aitona José Reinarekin eman zituen lehen pausoak verdiales (folklore malagarra) izenekoak jotzen, eta bere ikasketak Menuhin Eskolan (Londres) eta Reina Sofían (Madril) jarraitu zituen, New Yorkeko Manhattan School of Music eskolan bukatu zituen, Patinka Kopec eta Pinchas Zukermanekin. Malagako Orkestra Filarmonikoarekin, Bartzelonako Sinfonikoarekin, Arte Zentru Nazionaleko Orkestrarekin (Kanada) eta Mariinsky Antzokiko Orkestra Filarmonikoarekin jo du, Eiji Oue, Valery Gergiev eta Pinchas Zukerman bezalako zuzendariekin, eta Madrilgo Auditorio Nazionala, Bartzelonako Palau, Malagako Cervantes Antzokia, Wigmore Hall, Carnegie Halleko Weill Hall eta Glinka San Petersburgoko Filarmonikoa bezalako aretoetan.

 

Carmen Artaza / Frederic Jost / Hilko Dumno – Abuztuak 12, 19:30ean

Alemanian eta beste herrialde batzuetan ibilbide oparoa garatzen ari zen arren, Carmen Artaza mezzosoprano donostiarraren izena ezagun egin zen urtarrilean Tenor Viñas Kantu Lehiaketan lortu zuen arrakastagatik. Etorkizun oparoko beste abeslari gazte batek lagunduko du, Frederic Jost baritono-baxu alemaniarrak. Haydn, Schubert eta Rossini konpositoreen kantu eta duoz osatutako errepertorioa emango dute lehen zatian, eta Rossini eta Mozarten aria operistikoak bigarrenean, Sevillako bizargina Così fan tutte, Don Giovanni, La clemenza di Tito edo Figaroren ezteiak operetatik ateratakoak. Duo bokal gaztea Hilko Dumno pianistak lagunduko du, kantariak laguntzen ezaguna eta Lied irakaslea Frankfurteko Operan Studion.

Carmen Artaza mezzosoprano donostiarrak 2021ean Tenor Viñas Nazioarteko Kantu Lehiaketako Lehen Saria, Mozart Saria eta Publikoaren Saria eskuratu ditu. 2020an Felix Mendelssohn lehiaketa berlindarra irabazi zuen, baita Irungo Luis Mariano kantu txapelketa ere. Ekainean bere opera debuta egin zuen Hannoverreko Estatu Operan, Mozarten Così fan tutte obran Dorabellaren papera interpretatuz. 2019an Salzburgoko Festibalean debutatu zuen Bradamanteren paperarekin. Hainbat orkestrarekin lan egin du, besteak beste: Municheko Orkestra Sinfonikoa, Salzburgoko Mozarteum Orkestra, London Symphony Orchestra, Berlingo Konzerthausorchester edo Balear Uharteetako Orkestra Sinfonikoa.

Munichen jaio zen eta Michelle Breedt maisuarekin ikasi zuen Frederic Jostek, eta Hans-Jörg Albrecht, Antonello Manacorda, Oksana Lyniv, Kent Nagano, Kirill Petrenko bezalako zuzendariekin lan egin du, baita Brigitte Fassbaender eta Andreas Kriegenburg bezalako eszena zuzendariekin ere. 2018an Frankfurteko Operan debutatu zuen Ordulforen papera interpretatuz M. Trojahn konpositorearen Enricon, eta 2019an itzuli zen Bergen Wozzeck kantatzera. 2019/20 denboralditik Berlingo Staatsoper Unter den Linden-en kide da, bere Opera Studio-n parte hartuz, eta Mozarten Txirula Magikoa edo Straussen Ariadna Naxosen bezalako ekoizpenetan parte hartu du.

Hilko Dumnok lied akonpainamendua, ganbera musika eta pianoa ikasi zituen Detmold/Münster eta Frankfurteko kontserbatorioetan. Bartzelonako eta Schwarzenberg-eko Schubertiadetan parte hartu du, Graz-eko Styriarte jaialdian, Luzerna eta Schwetzinger-eko jaialdietan eta Dresdeko eta Bremengo Musika Festibaletan. Hedwig Fassbender, Julia Kleiter, Tanja Ariane Baumgartner, Katharina Magiera, Kateryna Kasper, Christoph Pregardien, Georg Poplutz, Holger Falk, Johannes Martin Kränzle eta Hans Christoph Begemann bezalako abeslariekin lan egin izan du urteetan zehar.

 

Stephen Hough – Abuztuak 18, 19:30ean

Stephen Hough pianista britainiarra Mompouren obra pianistikoa biltzen duen erreferentziazko disko baten arduraduna da, Hyperion zigiluarekin kaleratutakoa. Jaialdira itzuliko da, 2013an azken aldiz jaialdian izan ondoren, pianisten artean kultuzkoa den konpositore kataluiniarrak konposatutako azken ziklo handia osotasunean aurkeztera. Mompouk Música callada obraren lau koadernoak ia hamarkada batean zehar kaleratu zituen, 1959 eta 1967 artean. 28 miniatura liluragarrik (eta maiz itzaltsuk) osatuta daude. Pieza hauetan konpositorearen estilo delikatu eta inpresionista bere oinarriraino eramanda dago. Hough beraren hitzetan “Mompouren musika introspektiboa eta pertsonala da, batzuetan kantu bat bezalakoa, bestetan ukitu folkloriko berezia duen dantza bat bezalakoa. Maiz tristuraz josita dago, ametsezko musika da, baina melodikoa, koloretsua eta bikaina”.

New York eta Londresko Orkestra Filarmonikoekin aritu da bakarlari Stephen Hough, Vienako, Cleveland eta Minnesotako sinfonikoekin, Tokio, Toronto, Singapur, Islandia Birmingham Hiria, eta abar. 60 CD baino gehiagoko diskografia du, eta Diapason d’Or de l’Année eta zortzi Gramophone sari irabazi ditu. Konpositore bezala, Paris, Londres, Alemania, AEB eta Euskadiko enkarguak jaso ditu. Idazle bezala argitaratutako lehen nobela, The Final Retreat, Sylph Editions argitaletxeak kaleratu zuen eta bere Rough Ideas: Reflections on Music and More saiakera bildumak, Faber argitaletxeak kaleratua, 2020ko Royal Philharmonic Societyren saria irabazi zuen, baita Financial Times egunkariak 2019. Urteko Liburu izendatu ere. Stephen Houghek Wigmore Hallen jo zuen, Londresen, Britainia Handiko konfinamentu osteko zuzeneko lehen kontzertuan.

 

Isabel Villanueva / François Dumont – Abuztuak 24, 19:30

Isabel Villanueva biola-jotzaile nafar polifazetikoak Musika Hamabostaldiko Ganbera Musika Zikloan debutatuko du bere instrumentuaren bakarkako aukerak erakusteko. Horretarako askotariko programa prestatu du, Liszten Erromantza ahaztuarekin hasiko da, Reynaldo Hahnen Soliloquio y forlanarekin jarraituko du eta azkenik biola eta pianorako hiru sonata emango ditu, elkarren artean oso ezberdinak: Enrique Granadosena, originaletik biolinerako moldatua eta zapore bereziki espainiarra duena; Bohuslav Martinu konpositore txekiarraren 1. biolarako sonata, XX. mendeko biolarako sorkuntza garrantzitsuenetako bat, non folkloreak eta espiritualtasunak elkarri eskutik heltzen dioten; eta, azkenik, César Francken Biolinerako sonataren biolarako bertsioa, ziklo honetan bertan egun batzuk lehenago Jesús Reina eta Judith Jáureguik interpretatua.

Isabel Villanuevaren ibilbide nabarmenak Latinoamerikara, Errusiara, Ekialde Hurbilera, Txinara eta Europara eraman du. 2013an Iranen errezitalak ematen dituen nazioarteko lehen biola-jotzaile bilakatu zen. Sutsua, bizia eta irudimentsua da, kontzertuak ematen ditu, pedagogoa da, baita ikertzailea ere, obra garaikideak estreinatzen ditu eta berak sortutako festibala ere badauka. 14 urte zituen orkestrarekin debutatu zuenean Oviedoko Auditorioan eta 18 urterekin RTVE Orkestra Sinfonikoarekin eman zuen Bartók konpositorearen biola kontzertua. Ordutik orkestra entzutetsuekin aritu da, Moscow Soloists, Estoniako Orkestra Nazionala, Istanbuleko Estatuko Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Real Filharmonía, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Jaliskoko Orkestra Filarmonikoa eta Libanoko Orkestra Filarmonikoa, beste askoren artean.

1985ean jaio zen François Dumont eta 14 urterekin sartu zen Parisko Kontserbatorioan B. Riguttoren ikasgelan. Comoko aintzirako Nazioarteko Akademian perfekzionatu zituen ikasketak William Grant Naboré, Leon Fleisher, Murray Perahia, Menahem Pressler, Dmitri Bashkirov, Fou Ts’ong eta Andreas Staier irakasleekin. Chopin, Elisabeth Erregina, Clara Haskil eta Montecarloko lehiaketetan sariak jaso ditu. Clevelandeko Orkestra, Mariinsky Antzokiko Orkestra, Montecarloko Filarmonikoa, Varsoviako Filarmonikoa, Tokioko Sinfonikoa, Lausanako Ganbera Orkestra, Les Siècles… bezalako orkestrekin aritu da. Dumontek errezitalak eman ditu Toulouseko Piano aux Jacobins, La Roque d’Anthéron, Chopin en Nohant, Radio France Montpellier, Besançon, Bagatelleko Chopin, Canneseko Nuits du Suquet eta beste hainbat jaialditan.

 

Cuarteto Seikilos – Abuztuak 26, 19:30ean

Seikilos laukotea Musika Hamabostaldian aurkeztu zen FESTCLÁSICAren (Asociación Española de Festivales de Música Clásica) Talde Berri Onena 2021 sariaren irabazle bezala. Donostiako debuterako “La generación de los maestros” (“Maisuen belaunaldia”) programa osatu dute, XX. mendearen bigarren erdiko konpositore espainiar eta euskaldunen hari laukoteak biltzen dituena. Hala, eta Joaquín Turina edo Maurice Ravel autore ezagunekin batera, haien Serenata eta Laukotea fa maiorrean joko dituzte, Seikilosek ganberako musika deskubritzeko aukera ere emango du Conrado del Campo (10. laukotea, “Castellano”) edo Julio Gómez (Cuartetino sobre una danza popular montañesa) bezalako autoreekin.

Cuarteto Seikilos Madrilgo Errege Goi Kontserbatorioan ikasten ari zirela elkar ezagutu zuten lau musikarik osatzen dute. Espainiako Gazte Orkestra Nazionalaren babesean, 2011an egonkortu zen laukotea, Espainiako hainbat lekutan haien musika emanez eta JONDE ordezkatuz Le Touquet (Frantzia) festibalean. Ondoko urteetan lau musikariak Europako unibertsitate eta ikasketa zentru garrantzitsuenetan aritu dira: Düsseldorfeko Musik Hochschule, Leipzigeko HMT, Salzburgoko Universität Mozarteum eta Madrilgo Reina Sofia Goi Eskola. Eskola horietan Seikilos taldeko kideek banaka nahiz kolektiboan jasotzen dute prestakuntza ondokoen eskutik: Benewitz Laukotea, Hagen Laukotea, Quiroga Laukotea, Casals Laukotea, Trio di Parma, Emerson Laukotea eta Mosaiques Laukotea.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical