ES · EU
Fusioa eta omenaldiak protagonista Musika Aitzaki Zikloaren datozen hitzorduetan

Ander Telleriak, Tetraphilla Ensemblek eta Anna Margulesek Juan Sebastian Elkanoren Munduaren inguruko lehenengo biraren 500. urteurrena oroituko dute.

Bere heriotzaren hamargarren urteurrena betetzen den honetan, Xabier Lete gogoan izango duen kontzertua hartuko du Urnietak Zikloari itxiera emateko.

Musika Aitzaki Zikloak aurrera darrai eta zenbait hitzordu aurreikusi ditu datozen egunetarako, bai Gipuzkoan, bai Araban. Proposamen bitxia aurkeztuko dute Abuztuaren 16an Agurain-en Pablo Mezzelani (musika-tresna multietnikoak), Pedro Aguinaga (biolina) eta Loreto Aramendi (organoa) musikariek osatzen duten hirukoteak. Organo Ziklora bertaratu zen entzulegoak programa bera entzuteko aukera izan zuen hilabete hasieran, izan ere, Deban eta Usurbilen aritu baiziren aipatu zikloaren baitan. Hala, programa eklektikoa aurkeztuko dute, “Vientos y Piedras” izenburua ere daramana. Batetik, Buxtehude, Nebra, Jiménez, Distler eta Martín i Coll egileen musika jorratuko dute, eta bestetik, instrumentu multietnikoak bitarteko, Armenia, Bolivia eta Afganistaneko doinuak ezagutzeko beta izango da. Doako hitzordua 19:30ean izango da Aguraingo Santa Maria Elizan.

Bi egun beranduago, “Horos”. Juan Sebastian Elkano: 500 urte Lurarren lehen zirkumnabegaziotik emanaldia hartuko du Getariak. Proiektuaren gidaritzan daude Ander Telleria eta bere akordeoi mesotonikoa: hots, aldi berean bi afinazio desberdinetan soinu egin dezakeen musika-tresna. Telleriaren esanetan, “tenperamentu mesotonikoa darionean, Errenazimentura mugitzen gaitu eta ñabardura, tentsio eta emozio ugari harrapa daitezke, erabateko zentzua ematen diotena garai hartako musikari”. Tetraphilla Ensemble ahots laukotea eta Anna Margules txirulariarekin batera, Telleriak obra garaikideak Errenazimentuko partitura zenbaitekin tartekatuko ditu, esaterako Antonio de Cabezón, Francisco Guerrero edota Juan de Anchietaren lanekin. Abuztuaren 18an jardungo dira 20:30ean Getariako San Salvador Elizan. (Gonbidapenarekin).

Musika Aitzaki Zikloaren hurrengo geltokia Arabako Oion herria izango da; ahotsa eta organoaren doinuak batzen dituen proposamena hartuko du abuztuaren 19an. Lucía Gómez mezzosopranoa eta Alize Mendizabal, Donostiako Koruko Andre Mariaren Basilikaren organista titularra, biok biotara jardun dira dagoeneko aurtengo Organo Zikloan, hain justu. Oraingo honetan, Erdialdeko Europako errepertorio barrokoaren soinua estimatzeko aukera emango duen programa landuko dute Arabako organorik gazteenean. Bach, Buxtehude eta Händel-en organorako obrak entzungo dira, Vivaldi, Händel eta Purcell-en aria batzuekin batera. Oiongo Andra Mariaren Elizak hartuko du kontzertua abuztuaren 19an, 20:00etan.

Ibilbidea Urnietan amaituko da abuztuaren 26an eta sarrerak jada agortu dira. Bere heriotzaren hamargarren urteurrena betetzen den honetan, omenaldi bero eta hunkigarria eskainiko zaio Xabier Lete-ri (1944-2010). Urnietan izango da, bere herri kuttunean, herri hartan bizi izan baizen nagusiki Oiartzunen jaiotako poeta. “Hor zaude nonbait” emanaldian, Antton Valverdek bere lagun minaren letra eta poema hautatuak musikatu ditu. Urteetan burutu du lan zorrotz hau, eta oraingoan Leteren beste musikari-lankide bat izango du alboan, Joxan Goikoetxea soinujole hernaniarra. Klara Mendizabal sopranoaren ahotsak eta Francisco Herrero biolinistak kolore berezia jarriko diote proposamen goxo honi. Ez dira faltako Neguaren zain, Joan zirenei edota Izarren hautsa, klasiko hilezkorrak. Urnietako Sarobe Arte Eszeniko Gunea. Abuztuak 26, 20:00. Sarrerak agortuta.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical