ES · EU
San Ignazio Loiolakoa, Tetraphilla Ensembleren eskutik
  • Ander Tellería buru duen taldea berriz ere Hamabostaldian ariko da iaz Getarian Elkanoren inguran aurkeztutako ikuskizunaren ostean.

  • Loiolako Santutegian emango dute kontzertua, Urte Ignaziotarrari lotuta antolatutako ekitaldien artean.


Musika Aitzaki, Donostiako Musika Hamabostaldiaren ziklo ibiltaria Loiolako Santutegira, Azpeitiara helduko da bihar, ostegunarekin (abuztuak 19). Ander Tellería buru duen Tetraphilla Ensemble taldeak San Ignazio Loiolakoaren ibilbidea oinarri duen kontzertua emango du, Urte Ignaziotarra dela-eta antolatutako ekitaldien artean.

Tetraphilla Ensemblek bigarren aldia du Musika Aitzaki zikloan, joan zen urtean Getarian egin baitzuen debuta, bertako Juan Sebastian Elkano hizpide zuen ikuskizunarekin. Tetraphilla Ensemble instrumentu eta ahots taldeak antzinako musika eta garaikidea lantzen ditu, ahots laukote mistoa eta akordeoi mesotonikoa uztartzeak eskaintzen dituen aukeretan sakondu asmoz. Antzinako musikari dagokionez, taldearen ezaugarriei esker, euren proposamenetan akordeoiak garaiko instrumentuak ordezten ditu, ikuspegi ireki eta diziplina aniztunetik abiatuta. Proiektu horren buru dira Ander Tellería eta bere akordeoi mesotonikoa: bi afinazio ezberdin baliatu ditzakeen instrumentua da eta, Telleríak berak nabarmendu bezala, “tenperamendu mesotonikoaren soinuak Berpizkundera eramaten gaitu eta garai hartako musikari zentzu osoa ematen dioten xehetasun, tentsio eta emozio asko entzun daitezke haren bidez”. Telleríaz gain, Tetraphilla Ensemble taldeko kide dira Anna Margules (flauta), Vanesa García (sopranoa), Elena Ruiz, (mezzosopranoa), César Polo (tenorra) eta Jorge Apodaca (baxua).

“Ad Maiorem Dei Gloriam” (“Jainkoaren Loria Handiagorako”) izenburupean, Tetraphilla Ensemblek Loiolako Santutegian aurkeztuko duen programak, San Ignazioren arrastoari jarraituz (1491-1556), XVI. mendeko lehen hamarkadetako autore europar garrantzitsuenen pasarteak biltzen ditu. Ander Telleríaren hitzetan, “San Ignazioren bizitza zeharkatzen du bere garaiko eta bere bizipenei lotutako musikaren bidez. Kontzertuaren izenburua Ignazio Loiolakoak bere idatzietan esamoldea erabiltzeko modutik dator, baita bere konpainian izenak hartu duen garrantzitik ere”.

Iturri historikoetatik abiatuz eta San Ignazioren ibilbidea ardatz, kontzertua Haurtxo txikia negarrez dago eta J. Anchietaren (1462 - 1523) Dos Ánades sehaska kantuekin hasiko da, bere jaiotza irudikatuz; C. Janequinen (1485 - 1558) La guerre txundigarriarekin jarraituko du, soldadu izan zeneko garaia irudikatuz, baita A. Valverderen (1943) Amaiur kantuarekin ere, Lauaxetaren (1905-1937) testuetan oinarritua, akordeoi mesotonikoaz jotzeko eta baritonoak kantatzeko moldatuta. Horrek Iruñera garamatza, bere bizitza Jainkoari eskaini aitzin Ignazio Loiolakoa zauritua izan zen azken aldira. Pelegria Naizela (XVI. mendea) piezak, akordeoi mesotonikorako eta txirula eztirako moldatutakoak erromes kontsakratzea erabaki zueneko misterio, alaitasun, malenkonia, bake… uneak erakusten dizkigu. Hortik aurrera, berak egindako bidaiekin lotutako obrak interpretatuko dituzte: J. Desprezen (1440-1521) Mille Regretz, Montserraten (XIV. mendea) Llibre Vermell edo J. Arcadelten (1507 - 1568) Quanta Belta, besteak beste.

Kontzertua 19:30ean hasiko da eta gonbidapena beharko da sartzeko.

Abuztuaren 19ko ostegunean Loiolan egingo den kontzertuaren ondoren, Musika Aitzaki zikloak 20an jarraituko du, Arantzazun, Carlos Nuñezekin; 21ean, Lantaronen, Dúo Cassadó ariko da; egun berean, Kanpezun, Josu Okiñena eta Liana Gourdjia; 22an, Chillida-Lekun (Hernani), Cuarteto Gerhard; 25ean, Kuartangon, Gorka Hermosa eta Silvia Márquez; 26an, Hondarribian, Antton Valverde; eta, bukatzeko, 27an, Zalduondon, “Soinuaren Bidaia” kontzertura joateko aukera izango dute entzuleek.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical