ES · EU
Interprete gazteentzako astea Donostiako Musika Hamabostaldian

Interprete gazteentzako astea Donostiako Musika Hamabostaldian

17.08.2018
ikusi
berri
guztiak
>

· Astelehenean hasiko da Interprete Gazteen Zikloa, eta abuztuak 24 arte luzatuko da. Bost kontzertu izango dira guztira.

· Ostegunean eta larunbatean Musikeler ekitaldiak izango dira, Convent Gardenen. Horietan aukera izango da musika zuzenean entzuteko, garagardo bat edan bitartean, giro informal eta lasaian.

Musika klasikoaren eremuan etorkizuna duten musikari berrien karrerak bultzatu nahian, Musika Hamabostaldiak beren burua ezagutzera eman dezaten agertoki bat jartzen du euren esku urtero. Hamarraldi bat bada helburu hori indartu egin dela, Musikenerekin (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia) lankidetza estuan. Bertako ikasleak jaialdiko hainbat kontzertutako protagonista dira edo lankidetzan jarduten dute. Horien artean, Interprete Gazteen Zikloa osatzen duten kontzertuak; ziklo hori abuztuaren 20an, astelehena, hasi eta abuztuaren 24ra arte luzatuko da. Bost kontzertu izango dira guztira, horietako lau zikloaren ohiko egoitzan, Miramar Jauregian, eta bat Musikeneko Auditorioan; iaz egin zuen agertoki horrek bat Musika Hamabostaldiaren agertokiekin. Kontzertu guztiak 19:00etan hasiko dira.

Zikloa astelehenean hasiko da Quinteto Morton taldearekin (abuztuak 20-19:00etan) eta Antonín Dvorák eta Erich Wolfgang Korngolden bi musikalanekin. Dvorákek 1887an egindako "2. Kintetoa pianoarekin" lanean, txekiar folklorean eta dumka eslaviar dantzan inspiratutako bere doinu nahastezinak lantzen ditu. Korngolden "Kintetoa pianoarekin mi maiorrean” lanari dagokionez, 1921ean osatu zuen, egileak 24 urte zituela; handik urte batzuetara Hollywooden musikagile ospetsu egingo zuten doinu distiratsuak atzeman zitezkeen ordurako.

Kontzertu horren ondoren, Gonzalo Manglano tenorraren eta Daniel Huertas pianistaren errezitala entzungo da (abuztuak 21-19:00etan). Bi gazteek Franz Schuberten lieder ziklo garrantzitsuenetako baten mundu poetikoa landuko dute, “Errotari ederra” lanean. 1823an osatua, Wilhelm Müllerrek idatzitako hogei poematatik abiatuta, "Errotari ederra" Erromantizismoaren garaiko lehenengo lieder ziklotzat hartzen da. Errotari eder batekin maitemintzen den gizon gazte baten gorabeherak, errotariarenganako sentimenduak eta erantzunik ez duen maitasunagatiko mina kontatzen dira bertan. 

Dúo Icaro bikotea, Manu Gaigne perkusionistak eta Adrián Carro saxofonistak osatua, izango da asteazkeneko kontzertuaren protagonista (abuztuak 22-19:00etan). Bere programa sorkuntza garaikideari eskainia izango da, José Manuel López López, Luis Naón, Andy Akiho eta Andrés Martínen lanekin. Horrez gainera, Goya sarien azken edizioan "Handia" filmeko musikarekin soinu-banda onenaren saria irabazi zuen Pascal Gaigneren bi lan interpretatuko dituzte. “Mnémophonia” eta “Alphabet” lanak izango dira, azken hori Ane Urbizu soinujolearekin lankidetzan.

Ostegunean iritsiko da Ander Marzana pianista entzuteko aukera (abuztuak 23-19:00etan), eta errezital horretan bilduko dira musika-tresna horren historian erreferentzia diren hiru egile. Chopinen "Nokturnoa, 1. zk. op. 48" lanarekin emango zaio hasiera, eta ondoren, Beethovenen sonata ospetsuenetako batek jarraituko dio, “Op. 53 sonata, Waldstein". Bigarren partean, XX. mendeari eskainia, Marzanak Maurice Ravelen "Bals nobleak eta sentimentalak" lan delikatuak joko ditu. Pianoaren hiru maisu horiekin, Marzanak XX. mendeko musikagile katalan handienetako bat hautatu du, Xavier Montsalvatge, haren “Sonatina Yvetterentzat" lanarekin.

Interprete Gazteen Zikloaren azken kontzertua Kahlo Ensemble taldearen kontura izango da (abuztuak 24-19:00etan). Laura Sánchez eta Alberto Cid (biolinak), Inés Moreno (biola), Nora López (biolontxeloa) eta Daniel Huertasek (klarinetea) osatzen dute kintetoa. Kinteto eta klarinete errepertorioan balio handien duten bi lan aurkeztuko dituzte: Mozarten "Kintetoa la maiorrean, Stadler", osagai komun asko dituena "Kontzertua klarineterako" lan ospetsuarekin; eta Brahmsen "Kintetoa si minorrean, op. 115". Izan ere, Brahmsek klarinetean aurkitu zuen, hain zuzen ere, inspirazio-iturri nagusia bere bizitzako azken urteetan. 

Aste horretan izango dira, halaber, eta laugarren urtez gainera, Musikeler gauak, publiko berriak musika klasikora hurbiltzea helburu harturik. Aurten Musikeler Convent Gardeneko Azoteara aldatu da: espazio aproposa da musika klasikoa zuzenean entzuteko, giro lasaian garagardo bat edan bitartean. Bi gau izango dira, Musikenen sortutako taldeen eskutik: abuztuaren 23 ostegunean 20:00etan Jone Martínezek (sopranoa), Gonzalo Manglanok (tenorra) eta Daniel Huertasek (klarinetea eta pianoa) osatutako Voz-ess taldeak vienar operetarako eta zarzuelarako Lehar, Offenbach, Guridi, Sorozabal, Chueca eta abarrek sortutako piezak interpretatuko ditute. Abuztuaren 25 larunbatean, 20:00etan, Bidaide taldeak aurkeztuko du zeltiar musika, euskal doinu herrikoiak eta jazzeko estandarrak nahasten dituen askotariko programa alaia ekarriko dute; Bidaide osatzen duten musikariak dira Itziar Vargas biolinista, Nora López biolontxelo-jotzailea eta Ane Urbizu akordeoilaria, eta lankide dute Manu Gaigne perkusionista.


INTERPRETE GAZTEEN ZIKLOA

QUINTETO MORTON
(abuztuak 20, 19:00etan. Miramar Jauregia)

GONZALO MANGLANO – DANIEL HUERTAS (abuztuak 21, 19:00. Miramar Jauregia)

DÚO ÍCARO (abuztuak 22, 19:00etan. Miramar Jauregia)

ANDER MARZANA (abuztuak 23, 19:00etan. Miramar jauregia)

KAHLO ENSEMBLE (Abuztuak 24, 19:00etan. Musikeneko Auditorioa)




Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical