ES · EU
Stephen Hough pianista kontzertu berezi baten protagonista izango da Ganbera Musika Zikloan

Stephen Hough pianista kontzertu berezi baten protagonista izango da Ganbera Musika Zikloan

17.08.2021
ikusi
berri
guztiak
>
  • Pianista egungo musikari britainiar errespetatuenetariko bat da. Musika Hamabostaldian aurretiaz aritu da, 2013an.

  • Programa Frederic Mompou konpositorearen Música callada (Musika isila) obrari eskainiko dio osorik.

Donostiako Musika Hamabostaldiak hitzordu berezia du abuztuaren 18an, asteazkenarekin, San Telmon ospatu ohi den Ganbera Musika Zikloan. Egungo pianista britainiar miretsienetako baten eskutik helduko da, Stephen Hough, zeinak bakarkako errezitala emango duen, osorik Frederic Mompouren “Música callada” (“Musika isila”) obrari eskainia. Bere emanaldia 19:30ean hasiko da San Telmo Museoko klaustroan, introspekzioak eta espiritualtasunak markatutako lan hau entzuteko leku ezin hobean.

Stephen Hough Musika Hamabostaldira itzuliko da, 2013an jaialdian egindako debutaren ondoren. Aldi hartan Scottish Chamber Orchestra eta Robert Ticciati-rekin batera, kritika bikainak jaso zituen Felix Mendelssohnen Pianorako 1. kontzertuaren bertsio bat interpretatu zuen. Baina jaialdian parte hartu zuen azken alditik zortzi urte igaro badira ere, Houghek euskal bizitza musikalari lotuta jarraitu du interprete nahiz konpositore gisa. 2018an, Euskadiko Orkestrarekin Agata obra estreinatu zuen, txistu eta orkestrak interpretatzeko fantasia, Ageda Deunaren melodia ospetsuan oinarritua.

Stephen Hough Britainia Handiko bizitza musikalak ezkutatzen duen altxorretako bat da. Bere jardun pianistikoaz gain, debate artistikoan ere parte hartzen du, hedabide garrantzitsuenekin egin ohi dituen kolaborazioen bidez. Mundu mailan ere ezaguna da, eta esan daiteke Hough pianista berezia dela, teknika benetan landua duen birtuosoa izateaz gain, erlijioari nahiz homosexualitateari buruzko liburu eta artikuluak idatzi dituen intelektuala ere badelako, musikari buruzko saiakerak eta nobela bat ere kaleratu dituena. Agian oinarri intelektual sakon horrek eraginda, kritikariek esan izan dute bere jotzeko moduan badirudiela Houghek “badakiela musikaren edo edozein partituraren bidez zer bilatzen duen, bere eskuetan transzendente eta garrantzitsu bihurtzen dela musika”. Bere curriculumak baieztapen horiek indartzen ditu, Hough bakarlari aritu baita New York eta Londreseko filarmonikoekin, Viena, Cleveland eta Minnesotako sinfonikoekin, Tokio, Toronto, Singapur, Islandia eta Birmingham hiriko orkestrekin… Era berean, 60 CD baino gehiagoko diskografia du, eta sektoreko saririk garrantzitsuenak jaso ditu horiengatik.

Diskografia zabal horren barnean, Hyperios zigiluarentzat Frederic Mompouren obra pianistikoa biltzen duen diskoa sinatu zuen Houghek, konpositore kataluniarraren obra pianistikoaren zaleentzat grabazio garrantzitsu bilakatu dena. Mompouren obra biziki maite duen Houghentzat musika “introspektiboa eta pertsonala da, batzuetan kantu bat bezalakoa, batzuetan ukitu folkloriko bitxia duen dantza bat bezalakoa. Maiz tristuraz tindatua, ametsezko musika da, baina beti da melodikoa, koloretsua eta bikaina”.

1996an grabatu zuen disko hartatik maiz defendatu du Houghek kataluniarraren musika; azken aldia duela bi aste izan zen, uztailaren 30ean, Oxfordeko Christ Church Cathedralen, non Mompouren Música callada interpretatu zuen osorik. San Telmoko errezitala, hain zuzen, errepertorio pianistiko espainiarreko maisulan honi eskainiko dio Houghek. Música callada Frederic Mompouk konposatu zuen azken ziklo handia izan zen: lau koadernok osatzen dute eta ia bi hamarkadatan zehar argitaratu zuen konposositoreak, 1959 eta 1967 artean. Koadernook 28 miniatura liluragarri (eta maiz itzaltsu) dakartzate eta haietan kataluniarraren estilo delikatu eta inpresionista bere muineraino eramanda dago. 28 orrialde musikal laburrok idazteko, Mompouk San Juan de la Cruz poeta mistikoa izan zuen inspirazio iturri. Hark, Cántico izeneko bere poeman, honako bertsoak idatzi zituen: “musika isila, soinudun bakardadea”. Honek bultzatu zuen Mompou isiltasuna erdietsi nahi duen musika sortzera, non bakardadea konplexutasun formal nahiz kontrapuntu, garapen tematiko edo harmoniko ezaren bidez adierazten den. Gabezia hauek, ordea, pisu eta mami espirituala sortzeko gai dira. Piezen egitura, gehienetan, oso sinplea da, A-B-A formakoa. A, azalpena, orokorrean harmonia soilek osatzen dute; B-k molde horrekiko haustura dakar, intentsitate handiko disonantziekin; eta A zatien laburbiltzeak dagoeneko ezagun dugunaren mundura itzultzen gaituzte, baina mundu hori eraldatuta dago, lehenago izan denaren memoriak aberastuta.

Stephen Houghek Música callada lanari buruzko lerro batzuk idatzi ditu Musika Hamabostaldiarentzat, Mompouren maisulana nola ulertzen duen azalduz, ondoko hitzokin: “Musika guztia doa hitzetatik harago, baina 28 pieza labur hauek musikatik harago ere badoaz. Adimenaren eta emozioaren barau bat dira, Berpizkundetik hona mendebaldeko musika inspiratu eta harengan eragina izan duten bi faktoreenak. Garbiketa bat dira baina ez austeritate bat. Hemen ezkortasunik ez da. Baraua berez janariaren ospakizun den bezalaxe, dagokion leku eta neurrian, piezok gure belarriak harrapatu eta besarkatzen dituen aireko bibrazioak gordetzen dituzte. Hemen ez da zinismorik; ez da itxurakeriarik; ez da trikimailu minimalistarik. Baliteke datorren orduan zehar gosea nabaritzea eta arreta galtzea musikak beregandik harago gero eta sakonago erakartzen gaituen artean. Nolabait pieza hauetako bakoitza Ikerketa bat da, kontrol tonalari buruzkoa baina baita pazientzia eta begiruneari buruzkoa ere. Emaitza lasaitasun sakon, erne eta bizia da”.

 

BIOGRAFIA

Stephen Hough
Bere belaunaldiko pianista entzutetsuenetako bat da Stephen Hough, eta interprete aritzeaz gain konpositore eta idazle ere bada. Britainiar Inperioko Ordenako komandante izendatu zuten 2014an, eta lehen interprete klasikoa izan zen MacArthur Fellowship jasotzen, 2001ean. New York eta Londresko Orkestra Filarmonikoekin aritu da, Vienako, Cleveland eta Minnesotako sinfonikoekin, Tokio, Toronto, Singapur, Islandia Birmingham Hiria, eta abar. Azken denboraldian Oxford Piano Festival jaialdian jo du, baita Philharmonia, London Philharmonic, City of Birmingham Symphony, Bournemouth Symphony, Royal Liverpool Philharmonic, Royal Philharmonic, Seoul Philharmonic edo Sydney Symphony Orchestra orkestrekin ere. 60 CD baino gehiagoko diskografia du, eta Diapason d’Or de l’Année eta 8 Gramophone sari irabazi ditu. Bere “The Liszt Sonata” iPaderako aplikazioa 2013an argitaratu zuen. Konpositore bezala, Paris, Londres, Alemania, AEB eta Espainiako enkarguak jaso ditu. Idazle bezala argitaratutako lehen nobela, “The Final Retreat”, Sylph Editions argitaletxeak kaleratu zuen eta bere “Rough Ideas: Reflections on Music and More” saiakera bildumak, Faber argitaletxeak kaleratua, 2020ko Royal Philharmonic Societyren saria irabazi zuen, baita Financial Times egunkariak 2019. Urteko Liburu izendatu ere.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical