ES · EU
«Tabakalera Dantzan» zikloak egungo euskal sorkuntza ‘glokalaren’ berezitasunak azpimarratzen ditu

Tabakalera – Donostiako Musika Hamabostaldia kolaborazioaren aurkezpena

  • Zikloari hasiera emateko, Igor Urzelai Hernando beasaindarrak eta Moreno Solinas italiarrak (Igor x Moreno) «Idiot-Syncrasy» aurkeztuko dute, Britainia Handiko National Dance Awards sarietarako hautagai izan zen pieza bat.

  • Myriam Pérez Cazabón oiartzuarrak ─Herbehereetan ikasia eta trebatua─ isiltasunaren inguruan ardaztutako ikuskizun bat aurkeztuko du, 2016an berak sortutako konpainiaren eskutik.

  • Nazioarteko bira baten ondoren, Natalia de Miguel eta Jorge Jauregui Allue Bilbon topatu ziren berriro, eta Kanpai sortu zuten.

  • Matxalen Bilbao bermeotarraren ia hiru hamarkadako ibilbidea erresilientziarako gaitasunaren adibide on bat da nazioarteko proiekzioa duen euskal ekosistema sortzailearen barruan.

  • Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan ospatuko dira halaber Musika Hamabostaldiaren barruan Victoria Eugenian ikusi ahal izango diren dantza emanaldiei buruzko hitzaldiak, baita “Zinema belarrietara – Non dago Lekeitio?” Mikel Laboaren Lekeitioak protagonista izango dituzten entzunaldiak. 

Iaz Musika Hamabostaldiaren eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren artean aurrera eramandako proiektuak —Dantza KM 0 zikloaren inguruan ardaztua— izan zuen erantzun positiboa ikusita, indarrak batzea erabaki dute aurten berriro bi erakunde horiek. Horrela sortu da Tabakalera Dantzan zikloa, nazioarteko proiekzioa duten dantza garaikideko euskal sortzaileen ahotsak sustatzeko helburu duena.

Tabakalera Dantzan programaren barruan beren lerroetan euskal sortzaileak dituzten lau konpainia daude. Haien arteko ezaugarri komuna:'glokalizazioa' eta erresilientzia. Kasu guztietan, bai prestakuntza-aldian, bai interprete edo sortzaile gisa egindako ibilbidean, konpainia horietako kideek ezinbestekoa izan dute atzerrian finkatzea edo aldi baterako bizitzea artista gisa hazteko. Gehienak beren proiektuak bertan gauzatzeko asmoz bueltatu dira sorterrira, eta, gaur egun, Euskadiko dantza garaikidea eratzen duten euskal sortzaileen —ahots propioko egileen— ekosistema horren parte dira denak.

Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan egingo dira halaber Victoria Eugenia Antzokian ospatuko diren Musika Hamabostaldiko dantza emanaldiei buruzko hitzaldiak, Lucía Lacarra, Iratxe Ansa eta Igor Bacovich dantzarien eskutik. Mikel Laboaren Lekeitioak protagonista izango dituzten entzunaldiak ere ospatuko dira “Zinema belarrietara – Non dago Lekeitio?” saioetan.

Tabakalera Dantzan ziklorako sarreren prezioa 10,00 eurokoa da. Sarrerak gure webgunean bertan eskura daitezke, baita Kursaaleko eta Victoria Eugeniako leihatiletan ere. Ikuskizunaren egunean bertan, Tabakaleran ere egongo dira salgai, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik, aurretik agortu ez badira behintzat.

 

IGOR X MORENO: «Idiot-Syncrasy»
Beasaindik mundura jauzi

Gaztetatik datza tradizionaleko taldeetan ibilia zen arren (Ortzadar eta Aurtzaka taldeetan, adibidez), Igor Urzelai Hernando beasaindarrak medikuntza ikasteko asmoa zerabilen beti buruan, harik eta antzerki-ikastaro batek beste mundu profesional baterako ateak ireki zizkion arte. Madrilgo Goi Mailako Dantza Kontserbatorioan egin zituen ikasketak, eta Londresko The Placen ondoren, non Moreno Solinas italiarra ezagutu baitzuen. Hainbat talde eta proiektutan parte hartu ondoren, 2013an «Idiot-Syncrasy» obra ondu zuten bien artean, eta Igor x Moreno konpainia-izena hartuta hasi ziren emanaldiak eskaintzen. Jolasaren eta seriotasunaren arteko erdibidean, piezak gizakiaren irauteko gaitasunaz dihardu, eta etengabeko jauzia du leitmotiva, lurreko sustraiekin berriz konektatzeko ahalegin batean.

«Mundua emanaldi batekin aldatu nahian hasi ginen. Ergelak sentitzen ginen. Gero, dantzan ibili ginen, asko, eta jauzika ibili ginen. Sardiniako eta Euskadiko tradizioetara jo genuen. Jauzi gehiago. Konpromisoa hartu genuen. Orain elkarrekin jarraituko dugula hitz ematen dugu. Aurrera segituko dugula. Gure onena emango dugula», diote sortzaileek. «Idiot-Syncrasy» lanari esker, 2015ean, Britainia Handiko National Dance Awards sarietarako hautagai izan ziren, eta Edinburgoko Total Theatre Awards sarietarako ere bai, beste hainbat aitorpen jasotzeaz gain. Gaur egun, Igor x Moreno konpainiak Sardinian du egoitza, baina Italia, Espainia eta Britainia Handia artean ibiltzen da lanean. Hau izango da konpainiaren estreinako emanaldia Musika Hamabostaldian, eta Igor Urzelai Hernandoren lehen saioa Donostian profesional gisa. Hitzordua abuztuaren 6an, 19:30ean, Tabakalerako patioan izango da.

 

MYRIAM PÉREZ CAZABÓN | NERI(H)ARI: «Mutu»
Oiartzungo isiltasun hori

Lehen dantza-prestakuntza Irunen eta Donostian jaso ondoren, Myriam Pérez Cazabón oiartzuarrak, Rotterdamera joan, eta dantza garaikideko ikasketak egin zituen Codartsen. Handik bueltan, interpretazioa eta irakaskuntza uztartu behar izan zituen, eta sorkuntzari ekin zion, lehenik pieza motzetan, gero obra luzeagoetan. 2016an, bere koreografo-ahotsari zabaltasun handiagoa ematea erabaki, eta Neri(h)ari konpainia sortu zuen:«Mutu» (2018) izan zuen lehen lana. Victor Iriarteren «Invisible» (2012) filmean oinarrituta, isiltasun «trinko, lodi eta ez-hutsa» du ardatz lanak, harremanak eta bizikidetza nola aldatzen diren azaltzen duten bi dantza-interpretatzaileren bidez eta hiru ataletan emana. Karga emozional handiko lana da, eta pertsonen arteko harremanen bilakaera eta gainbehera ere ditu aztergai eta kontagai.

«Badira uneak non hitzak sobera dauden, badira ere hitzik gabe uzten gaituzten gertaerak, eta beste batzuk non jada ez dagoen ezer esatekorik», dio Perez Cazabonek. Haren ardurapean, Agurtzane Intxaurraga arduratu da dramaturgiaz, eta Maite Arroitajauregi musikaz. «Mutu» ikuskizuna Tabakalerako patioan eskainiko da, abuztuaren 8an, igandean, 19:30ean. 

 

KANPAI: «Lathe Biósas»
Epikuroren agindu bat

'Glokalizazioa' delakoa inplizitu dago Natalia de Miguelen eta Jorge Jauregui Allueren ibilbide profesionaletan. The Place London Contemporary Dance Schoolen gradua lortu ondoren, Natalia de Miguel bilbotarra Punchdrunk konpainian eta Londresko Antzoki Nazionalean hasi zen lanean. Jorge Jauregui plaentziarrak, bere aldetik, tokiko sortzaileen hainbat ekoizpenetan jardun zuen, harik eta Wim Vandekeybus koreografo belgikarra —'Flandriako dantza-olatuaren' adierazle nagusietako bat— bidean gurutzatu zitzaion arte. Hainbat urtetan hanka bat Euskadin eta bestea kanpoan ibili ondoren, 2016an, Jauregi eta Miguel berriro elkartu ziren, biak Bilbon finkatu zirelako, eta Kanpai konpainia sortzea erabaki zuten. Orain hemen aurkezten dugun lan hau konpainiaren azkena da: «LatheBiósas» (2020).

Piezak Epikuro greziar filosofoaren aipu batetik hartzen du izena: λάθε βιώσας (LatheBiósas), hau da, “oharkabean pasa”, edo “isilean bizi”. Lan hau kontzeptu filosofikoak sorkuntza eszenikora aplikatuz egindako ikerketa-lan bat da funtsean. Bertan, espazio-denboraren continuum horretan elkartzen diren bi pertsonen arteko topaketa aurkezten zaigu, eta, bizitzaren benetako zentzua aurkitu ahal izateko, behatzera gelditu beharra dagoela aldarrikatzen duen elkarrizketa intimo bat eskaintzen. «LatheBiósas» piezak —bizitzaren aitzineko jarrera gogorarazten duen poema bisuala— keinua baliatzen du milaka hitzen sinonimo gisa. Kanpai ikuskizuna abuztuaren 10ean eskainiko da, 19:30ean, Tabakalerako patioan.

 

MATXALEN BILBAO: «Serenity Suite»
Bermeotar baten erresilientzia

Matxalen Bilbao bermeotarrak ia hiru hamarkadako ibilbidea egina du dagoeneko dantzaren munduan. Interprete, koreografo eta pedagogo gisa jardun du, dantzaren inguruan beti, berak sortutako proiektuetan zein besterenetan, estatuan zein nazioartean. Gaur egun, erreferentziazko izena da Euskadiko dantza garaikidearen eremuan.

Ezagutza aberats horren ondorioz sortua da «Serenity Suite» (2018), heldutasun artistikoko pieza bat, Matxalen Bilbao beteranoaren eta Natalia García titulatu berriaren arteko elkarrizketa eskaintzen duena. Nostalgian erori gabe denboraren joanaz eta jakituriaren transmisioaz hitz egiten digun lan intimista bat da, adierazkortasun distiratsuz betea bere zuhurtasunean, eta bikote-lan hunkigarri baten bidez emana. Hitzordua abuztuaren 13an izango da, 19:30ean, Tabakalerako patioan.

 


SOLASALDIAK ARTISTEKIN

Dantza, protagonisten bitartez azalduta. Nola sortzen da dantza-pieza bat? Nondik harentzako koreografia asmatzeko inspirazioa? Posible al da, Euskadin, koreografo gisa karrera profesionala egitea? Musika Hamabostaldiak antolatutako solasaldietan parte hartuko duten interpreteek eta koreografoek galdera horiei eta gisako beste batzuei erantzungo diete. Iratxe Arantzibia kazetari eta dantza-kritikaria arituko da moderazio-lanetan. Gure protagonistek dantzaren munduan izan duten ibilbidea bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea izango da hau, baita jaialdi jada beterano honetan aurkeztuko diren ikuskizunen gakoak ezagutzeko ere.

Solasaldi hauek ikuskizunen bezperan egingo dira, Tabakaleran bertan, 19:30ean. Igor Urzelai Hernando eta Moreno Solinas interpreteek eta koreografoek emango diete hasiera topaketei, abuztuaren 5ean. Abuztuaren 10ean, toki eta ordu berean, Myriam Perez Cazabon sortzaile oiartzuarra —Neri(h)ari konpainiaren zuzendaria— izango da solasaldiko protagonista. Kanpai konpainiaren koreografo eta zuzendariek, Natalia de Miguel eta Jorge JaureguiAlluek, abuztuaren 9an egingo dentopaketan aurkeztuko dute beren proposamena. Azkenik, Matxalen Bilbao koreografo bermeotarrak abuztuaren 12ko solasaldian azalduko ditu bere ikuskizunaren gakoak. Lucía Lacarrak hartuko die lekukoa hitzaldietan Tabakalera Dantzan zikloko protagonistei, abuztuaren 16an, Victoria Eugenian 17an ikusi ahal izango den “Forlandia” dantza emanaldiari buruz hitz egiteko. Azken hitzaldia Iratxe Ansa eta Igor Bacovich dantzariek eskainiko dute abuztuaren 22an, “Elkarrizketa Ilunak”, Victoria Eugenian 23an emango duten ikuskizunari buruz.

Solasaldietarako sarrera doakoa da, baina izena eman beharko da aldez aurretik Musika Hamabostaldiaren webgunean. Hitzaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da Musika Hamabostaldiaren webgunean, baita Tabakalera online plataforman ere.

SOLASALDIAK ARTISTEKIN
Partaideak:
Igor Urzelai eta Moreno Solinas (abuztuak 5) | Myriam Pérez Cazabón (abuztuak 7) | Natalia de Miguel eta Jorge Jauregui Allue (abuztuak 9) | Matxalen Bilbao (abuztuak 12) | Lucía Lacarra (abuztuak 16) | Iratxe Ansa eta Igor Bacovich (abuztuak 22).
Moderatzailea: Iratxe de Arantzibia.
Non: Tabakalera.
Noiz: 2021eko abuztuko 5-7-9-12-16-22.
Ordua: 19:30ean.
Sarrera: doakoa, baina izena eman behar da aldez aurretik Musika Hamabostaldiaren webgunean.

 

BIOGRAFIA LABURRAK (Tabakalera Dantzan)

IGOR X MORENO. Igor Urzelai Hernando (Beasain) eta Moreno Solinas (Sardinia) artistek Londresen ikasten ari zirela ezagutu zuten elkar. 2009an, BLOOM! kolektiboaren sorreran parte hartu zuten. Kolektibo hori bere kideen jatorri kulturaletan eta diziplinetan sakontzen duen obra baten egilea da. Urte horretan bertan, Hiru Dance Org artista taldea sortu zuten, dantza bere kideen jatorrizko herrialdeetan ezagutzera emateko helburuarekin. 2013an «Idiot-Syncrasy» estreinatu zuten, Igor x Moreno izenarekin sortu zuten konpainiaren lehen ekoizpena. Lanak hainbat aitorpen jaso zituen, hala National Dance Awards eta Total Theatre Awards sarietarako izendapenak. Londresen hamarkada bat baino gehiago eman ondoren, Urzelai Hernando-Solinas tandema (Igor x Moreno konpainia) Sardiniara aldatu zen, eta Italia, Espainia eta Britainia Handiaren artean aritzen da lanean.

MYRIAM PÉREZ CAZABÓN | NERI(H)ARI. Oiartzunen jaioa, Myriam Pérez Cazabónek Donostian eta Irunen jaso zuen lehen dantza-prestakuntza. Gero, dantza garaikideko goi-mailako ikasketak egin zituen Codartsen (Rotterdam). 2004az geroztik, sorkuntza, interpretazioa eta pedagogia uztartzen ditu, dantzaren munduan betiere. Beste koreografo, konpainia eta hainbat diziplinatako artistentzat hainbat lan egin ondoren, 2016an bere konpainia sortzea erabaki zuen, Neri(h)ari, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza eta Gipuzkoako Dantzagunearen eta Donostia Kulturaren laguntza eta lankidetza jaso zuena. Lanak: «Hutsunea/Vacío» (2017), «Nerea azalean arrotz/Extrañaen mi piel» (2017), «Mutu» (2018), «Iceberg» (2019), eta «Hiru (3)» (2021). Koreografo gisa, 2004an egin zuen debuta, «Nosotras y la pieza» lana aurkeztuta, Nerea Urbieta eta Marta Ortegarekin batera.

KANPAI. Natalia de Miguel (Bilbo) eta Jorge Jauregui Allue (Plentzia) artistek, 2016an berriro elkarturik, Kanpai konpainia sortzea erabaki zuten. Madrilgo Conde Duque Kultur Etxean eta Donostiako San Telmo Museoan aurkeztu zuten beren lehen lan eszenikoa, «White Lies», eta Bilboko BAD Jaialdian estreinatu,2017an. Haien bigarren lana, «One Way Ticket», Aterpean programaren laguntzarekin moldatu zuten, eta 2017ko Dantza Hirian jaialdian estreinatu. Ondoren, beste bi lan etorri ziren: «Clara» (2018), Bilboko Azkuna Zentroaren eta Rotterdameko Dansateliersen arteko koprodukzio bat, eta «Sayonara Baby» (2018), Mikel Aristeguiren lankidetzarekin, eta Niko Hafkenscheidem zuzeneko musikarekin. Euskadiren eta Quebec-en arteko lankidetza-programa baten barruan, Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolan obra bat sortzera gonbidatu zuten Kanpai, eta «No Trace» (2019) izan zen lan horren emaitza. Konpainiaren azken lan eszenikoa «Lathe Biósas» da, Bilboko Arriaga Antzokian 2020an estreinatu zena.

MATXALEN BILBAO. Bermeotarra sortzez, Matxalen Bilbaok hiru hamarkada daramatza Bizkaiko hiriburuan bizitzen eta lanean, dantza-interpretatzaile, pedagogo eta sortzaile gisa. Euskal Herriko Unibertsitatean Oinarrizko Hezkuntzan diplomaduna da (Giza Zientzietan espezializatua), eta EHUko Arte eta Ikuskizun Zientzien Masterra lortu zuen 2008an. Sortzaile gisa egina duen ibilbide oparoan, haren lanek hainbat jaialditan, nazionaletan zein nazioartekoetan, hartu dute parte. Gainera, Koreografia Onenaren Saria jaso zuen Santanderreko La Espiral Contemporánea jaialdian, «Fugas» kaleko piezarengatik. Dantzari-interpretatzaile gisa, beste zenbait talderen ekoizpenetan parte hartu du, hala nola Matarile edo Miarritzeko Traversée konpainien lanetan; koreografo gonbidatu gisa, zenbait pieza sortu ditu Dantzaz Konpainiaren Atalak programaren barruan, edo Oportoko Cía Kalerentzat, besteak beste, bere ibilbide luzean eginak dituen kolaborazio ugariren artean. «Serenity Suite» (2018) lanean, Natalia García dantzari gaztearekin batera aritzen da agertokian. Natalia García dantza garaikidean graduatua da, eta SCAENA Carmen Roche Arte Eszenikoen Goi Mailako Zentroan eta Gaztela eta Leongo Dantza Eskola Profesionalean ikasten ibilitakoa.

 

“ZINEMA BELARRIETARA – NON DAGO LEKEITIO?”
2021eko uztailean eta abuztuan, bost saiotan, artista bana gonbidatuko dugu, Mikel Laboaren Lekeitioak hitzez komentatzera. Saiakera akademikoez gaindi, soinu piezak hauek utzitako arrasto intimoak ezagutzeko. Kultur arlo ezberdinetako artista ezagunak etorriko dira, bai eta ez hain ezagunak ere, bakoitza bere Lekeitioa ahotan hartuta.

Mikel Laboaren Lekeitio sailak leku berezia du Euskal Herriko musikagintzan. Ikonikoki indartsuak, sinbolikoki sentiberak, sonoroki arantzatsuak dira. Egilearentzat deserosoak bere momentuan eta deserosoak oraindik ere entzuleontzat. Garai baten soinugrafia eskaintzen dute. Bizitza pribatuan eta historia kolektiboan pilatutako minen erretratu fidelak dira.

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical