ES · EU
Hiru kontzertuk osatuko dute Musika Garaikideko zikloa aurtengo Musika Hamabostaldian

Zikloa abuztuaren 6tik 22ra ospatuko da San Telmo Museoko gune ezberdinetan.

Euskal konpositoreen musikak leku nabarmena izango du programetan: Gabriel Erkoreka eta Gabriel Loidiren partiturak entzun ahal izango dira, baita Pablo Sorozabal Konposizio Lehiaketa irabazi duen obra ere.

 

Aurtengo Musika Hamabostaldiaren egoitza nagusietako bat bilakatu den San Telmo Museoak hartuko ditu bere murruen artean Musika Garaikideko zikloaren proposamenak. Musika Hamabostaldiak sorkuntza joera berrienei eskaintzen die ziklo hau, baita bilaketa beren nortasunaren ezaugarri behinena duten interpreteei ere. Abuztuaren 6ko ostegunetik hasita, jakin-min handieneko publikoak partitura berrienetatik XX. mendeko klasikoetarainoko obrekin gozatzeko aukera izango du, zikloko hiru proposamenen bidez. Kontzertuak San Telmoko Elizan eta Klaustroan emango dira, abuztuaren 6, 17 eta 22an, eta 20:30ean hasiko dira.

San Telmo agertoki arrunta baino askoz ere gehiago izango da zikloa inauguratuko duen ikuskizunean, Euskal Herriko musika esperimentaleko kolektibo ezagunenetarikoa den Laboratorio KLEM taldeak Museoko Elizarako berariaz diseinatutako proposamena aurkeztuko baitu, lekua bera, instrumentuak, musika elektronikoa, inprobisazioa, soinu instalazioak eta literatura uztartuz. Beste bi ikuskizunek ganberako musikako kontzertu tradizionalago baten antza izango dute, eta Espainiako bi hari laukote entzutetsuk emango dituzte: Cuarteto Gerhard eta Cuarteto Granados.

Bi taldeek berriki sortutako obrak joko dituzte, XX. mendean laukoterako idatzi ziren hainbat obra esanguratsurekin batera. Gerhard laukoteak, taldeari izena ematen dion Roberto Gerhard konpositoreak idatzitako harietarako bi laukote joko ditu, bere heriotzaren 50. urteurrena ospatuz, Gabriel Loidi konpositorearen pieza berri batekin batera. Granados laukoteak, berriz, Béla Bartók hungariarraren 1. harietarako laukotea joko du, Gabriel Erkoreka bilbotarraren laukoterako lan berrienarekin batera. Era berean, Cuarteto Granados taldeak Francisco Domínguez konpositorearen Tarab obraren erabateko estreinaldia egingo du, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako XI. “Pablo Sorozabal” Nazioarteko Konposizio Lehiaketa irabazi duen obra.

 

LABORATORIO KLEM – Abuztuak 6, 20:30 – San Telmo Museoko Eliza

Musika Garaikideko zikloa Cantos de la piedra San Telmo Museoko Elizarako berariaz moldatutako diziplina anitzeko ikuskizunarekin hasiko da. Sortu berri duten lan hau, Musika Hamabostaldiaren eta Laboratorio Klem taldearen arteko lankidetzaren emaitza da, bi tradizio zahar, “hargintza” eta “kanpaigintza”, uztartzen dituena. Artisautza lanok eskutik elkarri helduta ezin konta ahala entzute iratzarriko dituzte, eta lanbideon garairik onenak ekarriko dituzte gogora. San Telmo Elizako barrunbeetan bidaiatuko duen zentzumen anitzeko esperientzia izango da, publikoaren eta interpreteen arteko muga lausotuko duena, parte-hartzea erraztuz eta espazioak euren ohiko erabilera eta oihartzunez hustuz, aurreikusi ezin daitekeen soinu esperientzia berria sortzeko. Ikuskizunean parte hartuko duten artistak Iñigo Ibaibarriaga (saxofoia), Víctor Parra (biolina), Luis Tabuenca (perkusioa), Mikel Arce (soinu instalazioak eta sorkuntza eszenikoa), José López-Montes (konposizioa eta hedapen elektronikoa) eta Marina Hervás (testuak eta zuzendaritza artistikoa) izango dira.

Laboratorio Klem ikerketa bisualean, performancean eta soinu sorkuntzan oinarritutako nazioarteko proiektua da. Diziplina artistiko guztien (musika, performancea, videopmapping-a, ikus-entzunezko sorkuntza, soinu instalazioa, dantza, eta abar) arteko lankidetza ahalbidetzen duena. Horretarako diziplina horietako guztietako artistak gonbidatzen ditu, ensemble instrumental batean (Ensemble KLEM) parte hartu dezaten. KLEM taldeak Bilbon du egoitza, ZawpLab arteetarako espazioan. Han garatzen du bere sorkuntza ahalmena, aldi baterako ostatua eta lantokiak izateko pentsatuak diren kuboek osatutako espazio industrialean. Hiru lerro nagusitan garatzen ditu bere lanak Klem taldeak: ikerketa, prozesua eta ekoizpena, eta hiru lan lerroak hainbat proiektutan gauzatzen ditu.

 

CUARTETO GERHARD – Abuztuak 17, 20:30 – San Telmo Museoko Klaustroa

Beethovenen 250. jaiotza urteurrenak kultur hedabideen lerroburuak bereganatu dituen arren, 2020 XX. mendeko konpositore kataluniar garrantzitsuenaren 50. heriotza urteurrena ere bada, Roberto Gerhard konpositorearena, hain zuzen ere. Schödenberg-en ikasle eta Webern-en lagun izan zen, eta Espainian dodekafonismoaren aitzindarietako bat izateaz gain, fantasia eta misterio tekniko handiko obra corpus zabala osatu zuen. Kataluiniarraren musikarekiko mirespenez haren izena hartu zuen Cuarteto Gerhard delakoak Gerhard-ek berak 1955. eta 1961. urteetan konposatutako bi hari laukote aurkeztuko ditu, konpositorea Erresuma Batuan erbesteraturik egon zenekoak, estetika erabat atonala dutenak. Horiekin batera, Gerhard laukoteak Gabriel Loidiren harietarako laukote berriena aurkeztuko du, Segovian 2018an estreinatutakoa, eta Donostian lehen aldiz entzungo duguna. Konpositore donostiarraren musika maiz interpretatu izan dute Musika Hamabostaldian: aipatu harietarako laukotearen aurrekoa, 4. laukotea izenekoa jaialdiak berak enkargatu zion eta 2016. urteko Musika Garaikideko zikloan estreinatu zen.

Duela bederatzi urte sortu zen Cuarteto Gerhard Rainer Schmidt (Hagen laukotea) bezalako maisuen eskutik, Basilenean, Eberhard Feltz-en eskutik Berlinen eta Oliver Wille-ren eskutik Hannoverren. Gerhard laukotea izen entzutetsua da dagoeneko nazioartean eta Espainiako lehiaketa garrantzitsuenak irabazi ditu (Lehen Palau saria Bartzelonan, Catalunya Música-ren 25. urteurreneko saria eta Espainiako Musikari Gazteen Saria). Berlingo Irene Steel Stiftung Competition delakoan saritua izan da eta Hamburgoko ICMC lehiaketan finalista izan zen 2012an. Haien programetan laukoterako musikaren maisulanak eta haien ibilbide artistikoan garrantzia izan duten obra berriak uztartzen dituzte. Iazko udan izan ziren azken aldiz Musika Hamabostaldian, San Telmoko Ganberako Musika zikloan, eta kritika bikainak jaso zituzten.

 

CUARTETO GRANADOS – Abuztuak 22, 20:30 – San Telmo Museoko Klaustroa

Granados laukoteak iaz Madrilgo Reina Sofía museoan estreinatu zuen obra batekin egingo du Musika Hamabostaldiko debuta. Quadrupole da joko duten obra, Gabriel Erkoreka konpositore bilbotarrak konposatutako bigarren harietarako laukotea. Obra Einsteinen Erlatibitatearen Teoriak eta grabitazio-uhinen maiztasuna deskribatzen duen formulak inspiratua da. Jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Pablo Sorozabal nazioarteko konposizio lehiaketa irabazi zuen obra estreinatuko du Cuarteto Granados taldeak. Irabazlea Francisco Domínguez izan zen, Musikenen Erkorekaren ikasle izandako musikaria, zeinaren musika mundu osoan zehar interpretatzen hasi diren berriki. Domínguezen Tarab obrak (andalustar hizkuntzan “extasia” esan nahi du), andaluziako musika tradizionaleko ahotsaren inflexioak aztertzen ditu, konpositoreak bere katalogoko beste orrialde batzuetan egin izan duen bezala. Kontzertua Béla Bartók konpositorearen “1. harietarako laukotea” obrarekin amaituko dute. Bartókek 1909an konposatu zuen eta hungariarrak idatzi zituen sei laukoteetatik erromantikoena da, urte batzuk beranduago folklorean erabat murgildu aurreko obra bat baita.

Cuarteto Granados prestakuntza sendoa duten Espainiako lau interepretek osatzen dute: Madrilgo Reina Sofía Goi-Mailako Musika Eskolan, Vienako Hoschschule-n, Berlingo Hochschule Hanns Eisler-en, Torontoko Unibertsitatean eta Chicago Musical College-n ikasiak dira musikariak. Kideek interpretazio ibilbidea kontserbatorio eta orkestretako lanarekin uztartzen dute, eta nazioarteko nahiz estatu mailako hainbat ikastarotan eskolak ematen dituzte maiz. 2006 urtetik aurrera harietarako laukote errepertorioan sakontzea erabaki zuten eta hainbat ziklotan aritu dira, besteak beste, Juan March Fundazioan, Caja Madrid Fundazioan, Espainiako Musika Auditorio Nazionalean, Reina Sofía Museoan, baita hainbat jaialditan ere, Almagrokoan, Kordobako Nazioarteko Gitarra Jaialdian, Leongo Espainiar Musika Jaialdian eta Cuencaco Erlijio-Musikaren Astean. Bruno Dozza, Gustavo Díaz-Jerez eta Gabriel Erkorekaren obrak estreinatu dituzte, beste batzuenen artean.

 

 

Quincena Musical de San Sebastián
Donostiako Musika Hamabostaldia

Zurriola Hiribidea 1
20002 Donostia / San Sebastián

Tel.: 943 003 170

© Quincena Musical